Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

HIRIART [HIRIARTE], Leon (Baiona, 1829 – Baiona, 1915).

Karguak eta lanbideak

Liburuzaina eta artxibozaina

Ibilbidea

Gutxienez 1874tik, Leon Hiriart ageri da Baionako liburuzain laguntzaile gisa. P Cazals Baionako inprimatzaile eta liburu saltzailearen hitzetan, Hiriart «liburuzain apal eta jakintsua» zen. 1880an Baionako liburuzain-artxibozain eta Museoaren kontserbatzaile kargua iritsi zuen Hiriartek, eta postu horri eutsi zion 1908an erretreta hartu zuen arte; beti izan zuen laguntzaile Edouard Ducere, eta kargua utzi ondoren hark ordeztu zuen.

1889ko abenduaren 31n, Baionako Liburutegiak eta Museoak sute bat jasan zuten, ia erabat hondatu zituena, eta udal-artxiboan kalte handiak eragin zituena. Société des Sciencies et des Arts elkarteak Udalari proposatu zion dokumentaziotik geratzen zena salbatzeko, gutxienez, dokumenturik garrantzitsuenak argitara eman zitzan. Horretarako, Udal Kontseiluak, 1890eko maiatzean, eginkizun horretaz arduratuko zen batzorde bat sortzea erabaki zuen. Leon Hiriart batzorde horretako kide izan zen, Edouard Ducere, Henry Poydenot, Charles Bernadou eta Pierre Iturbiderekin batera.

Ohorezko aipamenik ere jaso zuen. 1899ko maiatzaren 11n Hiriart Officier d’Académie izendatu zuten; Napoleonek sortutako titulua zen, unibertsitateko kide nabarmenak ohoratzeko asmoz eratua.

Leon Hiriarten izaeraren alderdietako bat euskaltzaletasuna da. Miguel Unamunok 1901eko Bilboko Lore Jokoetan bere herrikideak euskarari bizkar ematera animatuz eman zuen hitzaldi ospetsutik egun gutxira, Pirinioez bi aldeetako 31 intelektualez osatutako talde bat bildu zen Hendaian, kontrako helburuarekin: euskara eta euskal kultura berreskuratzea eta suspertzea. 1902ko irailean, Hondarribian, Euskaltzaleen Biltzarra eratu zen, eta 2003 arte iraun zuen elkarte hark. Hiriart hasieratik izan zen elkarteko kide; izan ere, Batzorde iraunkorreko diruzain gisa ageri da, Adema kalonjea zelarik Batzordeko buru, Arturo Campion eta Sabino Arana buruordeak, Martin Gilbeau idazkaria, Jean-Baptiste Daranatz idazkariaren laguntzailea, eta kideak Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Carlos Guerra eta Serapio Muxika.

Historiari egin zion ekarpenik handiena dokumentu-biltzaile gisa egindako lana da, baina historiografia-lan apal bat ere idatzi zuen, Une Page de la Révolution à Bayonne izenburukoa.

Obrak

«Bayonne sous la Révolution. Histoire documentaire I787-1800», BSSLAB, X (1889), 171-302. or.; XII (1891), 1-128. or.

Une page de la Révolution à Bayonne, Pau: Vignancour, 1894, 23 or. Honen gehigarria] «Manuscrits de la Bibliothèque de Bayonne par L. Cadier», en Catalogue géneral des manuscrits des Bibliothèques publiques de France: Departaments, Paris, 1902, XL. libk., 544-549. or.

Ville de Bayonne. Inventaire sommaire des Archives Communales antérieures á 1790..., Baiona: Imp. du Courrier, 1932, 173 or.

Bibliografia

XARRITON, P., Euskatzaleen Biltzarraren historia laburra (1901-2003), Baiona: Euskaltzaleen Biltzarra, 2003, 16 or.

ITURRIAK

«Distinctions honorifiques [mesure de nomination, promotion, retraite]», Bulletin administratif de l’instruction publique, 45-853 (1889), 345-378. or., 366. or. On-line arg.: https://education.persee.fr/doc/baip_1254-0714_1889_num_45_853_126075 (2021eko apirilak 21).


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP