Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

HERRERO GARCIA, Miguel (Ronda, Málaga, 1895eko abenduak 25 – Madril, 1961eko azaroak 15).

Karguak eta lanbideak

 Kazetaria, filologoa, irakaslea, bibliofiloa eta pentsamoldeen historialaria

Ibilbidea

Batxilergoa Sevillan ikasi zuen, Filosofia eta Letretako lizentziatura egin zuen Granadako Unibertsitatean, eta doktoregoa Madrilgo Unibertsitate Zentralean 1930ean. Institutuko katedraduna izan zen 1917az geroztik, eta pentsio bat jaso zuen Ikasketak Zabaltzeko Juntatik 1919 eta 1921 bitartean bere heziketa Frantzian, Belgikan eta Suitzan osatzeko. 1917az geroztik ere bai, Ramon Menendez Pidalek zuzendutako Ikasketa Historikoen Zentroko kide izan zen, eta eragin handia izan zuen bertan. 1925 eta 1928 bitartean, gaztelania-klaseak eman zituen Cambridgeko Unibertsitatean eta Middelbury Collegen (Estatu Batuak). 1936ra arte, katedradun izan zen Cartagena eta Cuencako institutuetan eta Madrilgo Ikasketa-Institutuan (Instituto-Estudio de Madrid). Gerran bi urte eman zituen espetxean eta, gerra amaitu ondoren, Madrilgo Lope de Vega Institutuko katedran berrezarri zuten. 1939 eta 1942 bitartean, aldi berean, Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Pedagogiako katedran aritu zen. 1939an, Liburuaren Institutu Nazionala sortu zenean, Bibliografia Antolamenduko buru izendatu zuten. 1945ean, Liburu-saltzaileen eta Liburuaren Lagunen Elkartea sortu zuen. Era berean, Madrilgo Bibliofiloen Elkarte zaharra biziberritzen lagundu zuen. Kazetari gisa, etengabe aritu zen lankidetzan hainbat egunkari eta aldizkarirekin: El Debate, El Correo Español, Acción Española, El Correo de Andalucía, Ya, Revista de Estudios Hispánicos, Revista de Filología Española, Revista de Indias, Revista Internacional de Estudios Vascos, Hispania, Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, eta abar.

Miguel Herrero Garcia Miguel Herrero y Rodriguez de Miñon legelariaren aita izan zen.

Herrerok Espainiako XVII. mendean jarri zuen interesa, batez ere literaturan, baina bai eta folklorean eta predikuan ere. Cervanteszale amorratua izan zen, baina mende horretako beste egile garrantzitsu batzuk ere aztertu zituen: Lope de Vega, Calderon, Garcilaso, Gongora, eta abar. Hemen, haren lanaren alderdi bat interesatzen zaigu gehien: kulturaren historialari-lana, gero Pentsamoldeen (Mentalitateen) Historia deituko zena landuz. Haren lanik ezagunena, Ideas de los españoles del siglo XVII, lau liburukiko proiektu handi baten zati zen. Aldiz, liburu horietatik lehena bakarrik agertu zen. Proiektuan, mende horretako espainiarrek beren buruaz, atzerritarrez eta Monarkia osatzen zuten lurraldeez zituzten ideiak ezagutu nahi ziren, batez ere, material literarioetan oinarrituta. Lan horren baliagarritasun, gaurkotasun eta interesari buruz, esan behar da beste bi aldiz berrargitaratu dela, behin 1966an eta, hurrena, 2020an bertan. Gogorarazi behar da, nolanahi ere, lan batzuetan, literatura-materialez gain, historialariaren ofizioan klasikoagoak diren beste dokumentu batzuk erabili zituela, inbentarioak, esaterako. 

Bere ekoizpenaren barruan euskaldunei eskainitako orri batzuk daude. Interesgarriena jada aipatu Ideas de los españoles del siglo XVII lanean Baskoniari eskainitako kapitulua da. Ondoren, Revista Internacional de los Estudios Vascos-erako artikulu batean landu zuen berriz. Euskaldunei buruz zebiltzan ideiak xehatu zituen (leinu-noblezia, aiurri motza, aldarte suminbera, etab.), Antonio de Solis, Lope de Vega, Cervantes, Alarcon, Tirso de Molinaren testuetan oinarrituta. Arabaren eta Gipuzkoaren arteko Lizarrateko pasabidearen berri ere eman zuen, Juan de Padilla El Cartujano-ren poema batean oinarrituz. Ildo beretik, klasikoek Iruñeaz egiten dituzten aipamenei buruzko artikulu labur bat idatzi zuen. Gainerakoan, Telesforo Aranzadik, Hugo Schuchardtek eta Julio Urkixok RIEV-en tortolosen jolasa Baskonian gaiari buruz argitaratu artikulu baten ondoren, Urkixok Herrero gonbidatu zuen artikulua XVII. mendeko klasikoen ikuspegitik osa zezan, ohiko trebeziaz egin zuena.


Obrak

«Nota al Cartujano», RIEV, XV (1924), 589-591. or. «Juego de la taba», RIEV, XVI (1925-1), 86-93. or.

El Madrid de Calderón: Textos y comentarios, Madrid, 1926.

«Ideología Española del siglo XVII. Concepto de los Vascos», RIEV, XVIII (1927-4), 549-569. or.

Ideas de los españoles del siglo XVII, Madril: Voluntad, 1927 (Los Vascongados, 251-278. or.) (2. arg., Madrid: Gredos, 1966; 3. arg., Madril: CEEH-Centro de Estudios Europa Hispánica, 2020).

Estimaciones literarias del siglo XVII, Madrid: Voluntad, 1930.

La vida española del siglo XVII: I Las bebidas, Madrid: Gráfica universal, 1933.

«Referencias de los clásicos a Pamplona», Correo Erudito, Madril, 1940, IV (1944), 70-72. or.

Sermonario clásico. Ensayo sobre la oratoria sagrada en los siglos XVI y XVII, Madrid: Escelicer, 1942.

Vida de Cervantes, Madrid: Editora Nacional, 1948.

Estudios de indumentaria española de la época de los Austrias, Madrid: Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Instituto Jerónimo Zurita, 1953.

Oficios populares en la sociedad de Lope de Vega, Madrid: Castalia, 1977.

Bibliografia

ASENSIO, E., «Prólogo» a Herrero García, M., Oficios populares en la sociedad de Lope de Vega, Madrid: Castalia, 1977, 7-19. or.

GARRIDO GALLARDO, M. A., Miguel Herrero García, Real Academia de la Historia, biografiak, http://dbe.rah.es/biografias/11957/miguel-herrero-garcia (2020ko abenduak 8).

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP