Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

HERMIDA MALDONADO, Benito Ramon de (Santiago de Compostela, 1736ko urriak 1 – Madril, 1814ko otsailak 1).

Karguak eta lanbideak

Gaztelako Ganberako fiskala, Estatu aholkularia, Galiziako diputatua Cadizko Gorteetan

Ibilbidea

Benito Ramon de Hermida Santiago de Compostelan jaio zen 1736an «nabarmenki noblea eta ospetsua» zen familia batean, eta Galiziako kapare familia garrantzitsuen ahaidea zen, esaterako, Figueiroarrena edota Verea y Aguiarrena. Bere aita Manuel Hermida y Porras zen, Coruñako Auzitegiko epaile eta alkate nagusi izandakoa; ama, aldiz, Josefa Antonia Bermudez Maldonado y Figueroa, bruselar jatorriko Wander Roer familiako oinordea. Benito Ramon de Hermidak Santiago de Compostelako Unibertsitatean ikasi zuen, eta bertan lortu zuen Lege (1750ko otsailak 23) eta Kanonetako batxilergoa (1756ko otsailak 23) eta baita Kanonetako lizentziatura (1756ko irailak 4) eta doktoregoa (1756ko irailak 5). Bere heziketaren osagarri, hizkuntzak ere ikasi zituen: dirudienez, frantsesez, ingelesez, italieraz, alemanez, latinez, eta grekoz aritzeko gai zen. Fonsecako Ikastetxe Nagusiko apopilo izan zen eta, berak zioenez, bertako errektore izatera iritsi zen (agian, 1764 eta 1767 artean). Unibertsitate horretan irakasle izan zen Dekretuen katedran eta Legeen goiz eta arratsaldekoan, eta abokatu Galiziako Errege Entzutegian. Carlos III.ak Madrilgo Bost Gremioen merkataritzarako mailegu interesdunak baimentzeko Dekretuaren harira, defentsa kanoniko-kritikoa idatzi zuen 1764. urtean, kutsu erregalistaz. 1767an Conclusiones canónico-eclesiásticas sobre la usura aurkeztu zuen Unibertsitatean. 1760tik aurrera, Erresumako Moldiztegi eta Liburu-denden Galiziako ordezkariorde izan zen, eta, besteren artean, bere esku egon zen Santiago hiritik 1767an kanporatutako jesuiten liburu eta paperak prestatu eta aztertzea. Errege erresoluzio bidez, 1768ko urtarrilaren 16ko Ganbera kontsulta bidez, Granadako Kantzelaritzako Krimenaren alkate izendatu zuten, eta 1774ko azaroaren 25ean bertako epaile. 1775 eta 1781artean, Almeriako apezpikutzako eliza, ospitale eta fundazio guztietako epaile bisitari nagusia izan zen (1774ko urriaren 6ko Errege Zedula bidezko izendapenari esker). Izendapen horrek hamarrenak jasotzeko modua hobetzeaz gain, elizak eraikitzeko eta zaharberritzeko asmo handiko programa ekarri zuen. 1785ean Sevillako Entzutegiko buru izendatu zuten, eta, bertan bizi zela, Sevillako Herrialdearen Lagunen Errege Elkarte Patriotikoko zuzendari izatera iritsi zen. 1792ko abuztuaren 19ko Dekretuaren bitartez Gaztelako Aholkulari eta Ganberako Fiskal izendatu zuten, eta zinezko plaza 1799ko urtarrilaren 22ko Dekretu bidez eskuratu zuen. Gorabeherak izan zituen Manuel Godoyrekin, haren politika erregearen botere pertsonala indartzeari begirakoa zelako —zehazki, Hermidak Elizaren pribilegioen eta immunitatearen alde egin zuen—, eta 1802ko abuztuaren 15eko Dekretuaren aginduz erretiroa hartzera behartu eta Aragoira erbesteratu zuten. Bertan izan zen Fernando VII.ak tronua eskuratu arte. Santa Colomako Markesaren etxean bizi izan zen, Maria Josefa Hermida y Marin alabaren senarra baitzen. 1802 eta 1807 urteen artean John Miltonen Paradise Lost poemaren lehendabiziko itzulpen osoa egin zuen errimadun bertsoz, eta bere alabak argitaratu zuen bera hil ondoan (1814). Palafox jeneralaren agindupean, Zaragozako hiria frantsesen aurka al- txatu zenean, bertan jarraitzen zuen. Aranjuezen Erresumako Gobernu Batzar Nagusi Gorena sortu zenean, Estatuko eta Barkamen eta Justizia Bule- goko idazkari izendatu zuten (1808ko urriak 15). Hermidak harremana zuen Floridablancako Kondearekin, Batzar Nagusiko lehen presidentea, eta baita Jovellanosekin ere, bere «lagun duin» bezala aurkezten baitzuen. Bere ardura ziren egitekoez gain, Hermidari egozten zaio Pensamientos militares de un paisano lan anonimoa, 1809an «agindu goren bitartez» argitaratua. Bere karguan izan zen 1810eko otsailaren 6ra arte, orduan, Batzorde Nagusiaren ordez ezarritako Errege Kontseiluak ministro kargua kendu, eta Estatu Aholkulari izendatu zuelako.

Ondoren, Cadizera aldatu baino lehen, 1810eko irailaren 24an Leon irlan elkartu ziren Ohiko eta Ezohiko Gorte Nagusietan Galiziako Erresumako diputatu jabe izateko hautatu zuten. Botereen ikuskaritzarako komisioko bost kideetako bat izan zen, eta bere adinagatik, Gorteetako lehen ordezko presidentea. Gutxigatik galdu zituen, Ramon Lazaro de Douren aurka, Gorteetako lehen presidente izateko hauteskundeak (45 eta 50 boto hurrenez hurren). Partehartze aktiboa izan zuen batzarraren zereginetan eta, batez ere, zuzenean bere jakintza esparruari zegozkienetan. Bere hitzaldien tonuak despotismoaren aurkako eta erregearen aldeko nahasketa erakusten zuen. Diputatu gazteen presa eta ezinegona kritikatzen zuen, bere iritziz, atzerriko berrikuntzek liluratuta aritzen zirelako maiz, batez ere Frantziatik iritsitakoak. Konstituzioaren Komisioaren proiektuari buruzko eztabaidan protagonismorik eskuratu ez arren, konstituzioaren auziarekin loturik, Breve noticia de las Cortes, Gobierno, ó llámese Constitución del Reino de Navarra en obsequio de las Cortes Generales y Extraordinarias juntas en Cádiz, con algunas ligeras reflexiones argitaratu zuen 1811. urtean.

Inprenta askatasun politikoaz eztabaidatuko zuen prestaketa-batzordeko hamaika diputatuetako bat izan zen, eta aurka agertu zen. Carlota infantaren, Brasilgo printzesa, oinordetzarako eskubideak aitortzeko Portugalgo ministro guztiahaldunak egindako eskaerak babestu zituen, eta horretarako saio sekretuan irakurri ziren ohar batzuk idatzi zituen (1811ko urtarrilak 27), eta, urte hartan bertan, liburuxka batean argitaratu zituzten. Espainiako lege ohituren aurka, Frantziako Lege salikoa sartu izana baliogabekotzat jo zuen. 1811ko otsailean, Gorteetako Epaitegiko kide izendatu zuten. Justizia Batzordeak abokatu kopurua eta elkargoen kontrola mugatzen zituen txosten bat aurkeztu zuen, nazio subiranoaren interesen kontrakotzat hartzen baitzituen. Horren aurrean, Hermidak Carlos III.aren gobernu ilustratuan «erresumako Epaitegi, kontseilu eta elkargoetako abokatu ospetsu guztiak kontsultatu» eta gero hartutako neurriaren alde egin zuen (1811ko apirilak 10), Carlos IV.aren gobernu despotikoaren aurrekoa izan arren. Tortura edo oinaze judiziala in- dargabetzeak ere hausnarketa handia behar zuela uste zuen, frogak lortzeko sistema bezala oso eraginkorra zelako. Adierazi zuenaren arabera, berez, ez zegoen indargabetzearen aurka, baina, hala ere, Dekretuaren hitzaurrea atzera bota zuen (1811ko apirilak 21). Handik gutxira, «Erregearen autoritatea gauzatzera etorri gara» esan zuen berriro, botere judizialaren araudiari buruzko eztabaida batean, eta ez zuen nahi legeak Gaztelako Kontseiluaren aurreko txostenik gabe egiterik (1811ko apirilak 26). Era berean, Polizia Araudiari buruzko eztabaidan, txostenak eskatu zizkien bertako autoritateei (1811ko ekainak 23). Koroari kendutako ondasun eta jaurerriak nazioan berrezartzeari buruzkoan, Hermidak erregearen «subiranotasunaren botere pribatibo eta eratzailea» babestu zuen, eskubide bera baitzuen «bere menpekoei on egiteko» eta bere jarraitzaile leialak saritzeko. Gainera, nabarmendu zuen ez zuela sekula ondasun eta eskubide besterenezinik utzi (1811ko ekai- nak 28). Inkisizioaren erabilgarritasun eta legezkotasunaren alde egin zuen defentsak Argüellesek «hilobiaren ertzean» zegoen diputatu bati emandako erantzun ironikoa ekarri zuen, gaztaro eta zahartzaroaren arteko izaera aldaketari buruz (1813ko urtarrilak 8/9). Bere azken hitzaldiak1813ko martxoa eta ekainaren artean eman zituen, Galiziako Manuel Ros y Medrano, ideologia antiliberala zuen diputatu eta apaiza, defendatzeko. Haren aurkako auzia zabaldu zuten Gorteen aurkako gaitzespen gutun baten egiletzat hartu zute- lako. Hermidak esaten zuena entzuteko zeuden arazoen berri eman zuten Bilkuretako Egunkariek, eta 1813ko maiatzean jaso zutenez, «ezin izan zuen ber- taratu bere adin handia —ia hirurogeita zazpi urte— eta ondoeza zirela-eta». Jose Bonapartek atzera egitean aldatu zutelako-edo, hil zen egunean Madrilen zegoen, 1814ko otsailaren lehenengoan. Momentu hartan ondasun gutxi eta arazo ekonomikoak zituen.

Hermidak, magistratu erreformista ilustratuak, lotura bikoitza du Nafarroarekin. Gaztelako Ganberako Fiskaltzari dagokionez, Nafarroako instituzio eta foruak ezagutu ahal izan zituen, erresumak Gortean zituen negozioetan auzitegi pribatiboaren lekua hartzen zutelako, eta erregearen Estatu kontseiluaren lanak egiten zituztelako (Errege Kontseilua Iruñean zegoen bitartean). Eskarmentu horri esker ikusi ahal izan zuen bertako «Konstituzio antzeko» horrek zer nolako eusteko gaitasuna zuen «Godoy kutunaren botere tiranikoaren eta apetaren» aurrean, Euskal Herriaren eskubideak indargabetzen saiatu zenean, hain zuzen. 1811. urtean, gorago aipatu dugun Breve noticia de las Cortes, Gobierno, ó llámese Constitución del Reino de Navarra argitaratu zuen. Opuskulu horrek aspaldiko ikuspegi baten gaineko hausnarketak biltzen zituen: Ilustrazio erreformista moderatuak (horrez gain erradikalago bat egon zen) espainiar nazio eta konstitu- zioaren izaeraz eta edukiaz zuena.

Argitaratu eta berehala, Monarkiaren krisialdia iritsi zen, 1808ko ordezkapen dinastikoaren ondorioz, eta, bereziki, eztabaida konstituzionalaren eraginez, Jose Bonapartek uztailaren 6an ezarritako Baionako konstituzioaren izateak piztuta. Egoera horretan, falta zen erregea ordezkatuko zuen autoritatea konstituzionalki eratzeko arrazoibide praktiko baten premia sortu zen. Hermidak Nafarroan bilatu zuen «gure arbasoen […] Konstituzio zaharra». Bere ustez, Pirinioetako erresuma zen azken gotorlekua Espainiari ze- gokion eta arrazoiak eta denborak hobetu zuten gobernu moduarentzat: itun bidezko monarkia moderatua. Beste batzuek Aragoiko, Valentziako edo Gaztelako Erdi Aroan konstituzio aske baten ezaugarriak bilatzen zituzten bitartean, Hermidak Nafarroan aurkitu zuen, eta, gainera, indarrean zegoen oraindik. Ez zen atzerrira eredu bila jotzeko beharrik, are gutxiago, erresumaren askatasuna ingelesen Gutun Handia baino lehenagokoa zenean. Baieztapen horri eutsi zion Nafarroako foruen hitzaurrean, eta, bere ustez, musulmanei aurre egiteko jarri ziren indarrean, penintsula iparraldeko erakunde kristauak berrantolatu zirenean. Bilatzen zuena ez zen berez edo funtsean nafarra zen ondare kultural eta politiko bat aurkeztea, ez eta antzinako eskubide eta aska- tasun berezi bezala ulertzen ziren Nafarroaren berezko pribilegiotzat hartuak ziren foru eta praktika instituzionalak defendatzea. Batzuek —ez hala Hermidak— «Espainiako iraultza» deitu zutenak eragindako eztabaida konstituzionala kultura jurisdikzionalaren tradizioa asmatzeko prozesu baten antzera garatzen ari zen. Iraganean bilatzen ziren orainaldian erabili ahal izateko moduko elementuak, zuzenbidea eskura ez zegoen ordena katoliko baten antzera birformulatuz. Iraultza anglo-amerikarraren eta frantsesaren lege boluntarismoaren aurka egiten zen. Hermidak bere hiztegia berritu zuen «Konstituzio antzeko» baten izaera onartzeko, baina, argi utziz, soilik modako termino batzuk erabiltzeko egiten zuela. Uko egin zien akats modernotzat zuen botere banaketari eta frantziarren Sans Culottes delakoen berdintasunak eragindako klase nahasmenari. Egiazki, erresumaren politeia bat deskribatu zuen, eta bertan, gizartearen interes antagonikoen oreka egonkorra ezarrita, egoera egokia sortu zen kristau armoniak eta antzinako askatasun zibilen ikusmoldeak iraun zezaten.

Badirudi, Nafarroako instituzioak deskribatzeko, Hermidak Nafarroako Konstituzioari buruz legelari nafar batek idatzitako memoria bat baliatu zuela. 1808an, Alejandro Dolarea Pascal de Nievak (Iruñea, 1758-Iruñea, 1829), 1793tik erresumako sindikoa zenak, Nafarroako instituzioei buruzko txosten bat prestatu zuen Baionako Espainiarren Diputazio Nagusira bidali zituzten diputatuek Napoleonen aurrean defenda zitzaten. 1809an, Dolarea Sevillan erbesteraturik zegoen, eta Batzorde Nagusiarentzako egiten zuen lan, legegintza eta Gorteen zeremonialen ordezko batzordeetan. Gorteetarako deialdiaren prozesuak iraun bitartean, berriro aurkeztu zituen instituzio nafarrak, eta Hermidak esan zuen berak bultzatu zuela hartara. Orduko hartan idatzitako memoriatik Gorteen Batzordeko ordenazio eta idazketa batzarrarentzat prestatutako zati bat besterik ez da geratzen Batzorde Nagusiko artxiboetan. Litekeena da Hermidak bere Breve noticiako atalak osatzeko dokumentua erabili izana. Lan horretan honakoak deskribatzen ditu: Nafarroako Gorteen funtzionamendua eta osaera, erresumako Diputazioa eta bere egitekoak eta Nafarroako Gorteen eta Epaitegien helburu nagusia. Horren alde egiten du Hermidak egiten duen deskribapena hain zehatza izateak, eta ez da harritzekoa, Dolarea Iruñeko (1794-1797) eta Erriberriko (1801) Gorteetan izan baitzen. Arreta ematen du deskribapenaren xehetasun mailak, oso ongi egokitzen baitu 1809ko maiatzaren 22an dekretatutako kontsultaren aurreko galdetegirako.

Hermidarentzat Nafarroako Konstituzioa monarkia moderatu batentzat erabilgarria zen, erregearen eta erresumaren arteko harreman adostua zelako. Ez zen mugatutako monarkia bat, ahalguztiduna zelako erregearen eta Gorteetan elkartutako adarren arteko akordioa. Erregeak foruak errespetatzea zin egiten zuen eta subiranotasunaren funtsezko ezaugarri guztiak biltzen zituen, baina, funtsean, bere boterea justizia egitean eta eskerrak banatzean zetzan. Gorteetan hiru adar nagusi zeuden (Elizarena, Militarra eta Unibertsitatekoa), eta bakoitzak bere kabuz hartzen zituen erabakiak. Horrela aurkeztutako erresuma lege berrien ekimenaren jabe zen, eta Estatuak behar zituen zergak eta ordainarazpenak onartu behar zituen. Gorterik ezean, erresumako Diputazioak bere gain hartzen zuen foruen errespetuaren ardura eta uko egin ziezaiokeen, kontraforuen prozeduraren bitartez, onartu gabeko edozein berrikuntzari. Hala, errege maiestateak errespetua zuen eta erresumaren aska- tasuna babesteko zeuden —hots, bere eskubide propioak— instituzioak, beren zeremonialak eta botere gehiegikeriaren aurkako ekintzak. Erresumaren Epaitegi propioak garrantzitsuak ziren, batez ere monarkia konposatu baten baitan, auziak erresuman bertan hasi eta buka zitezen ahalbidetzen baitzuten.

Breve noticia izan zen publikoari Nafarroako erakunde tradizionalak Espainia osoko eredu bezala aurkezteko saiakerarik handiena, penintsulan eman ziren Cadizkoaren aurreko, eta Cadizeko eztabaida konstituzionale- tan. Erregimen Zaharraren erorikoaren aurreko nafar erakundeen deskribapen xehea eskaintzen zuen. Nafarroako instituzio libreak goraipatzeak, ordea, ez zuen esan nahi Nafarroa defendatzen zuenik. Hala izan zen ere Cadizko Gorteei Konstituzio proiektua aurkeztu aurreko hitzaldian Nafarroako Gorteak aipatu zituztenean, nahiz eta aipu horiek Monarkiaren Konstituzio orokorrarentzat kontuan hartzekoak izan. Independentzia Gerrako urteetan emandako diskurtso eta praktika politikoen aldaketa azkarraren aurrean, Hermida belaunaldi hartako politikari ospetsu eta monarkia erregalistaren zerbitzari ilustratuen adibide ezin hobea da: Carlos IV.ak eta bere Godoy baliotsuak boterea kendu zieten, eta haien praktikak despotikoak zirela salatzen zuten, baina, guztiarekin ere, beldurra zieten ideia berriei eta kulturalki frantsestua izatea leporatzen zitzaion gazteriaren presa eta ezinegonari. Gizon horietako batzuek Jose erregearen esanetara egon baziren ere —Urkijo bizkaitarra, esaterako— beste batzuek legeekiko eta Fernandoren legitimitate dinastikoarekiko leialtasunari eutsi zioten. Jovellanos ezagunago eta zertxobait gazteagoaren jarreratik oso gertu kokatu zen Hermida. Cadizko Gorteetan izan zuen parte hartzeak, agure zela, historikoki «morroi» dei- tutakoen artean jarri zuen. «Nafarroako erresumako Konstituzio antzeko» hortaz den bezainbatean, Monarkia espainiarraren Konstituzio politikoaz hausnartzeko baliagarri suertatu zitzaien. Espainiar nazio subirano definitu berriak monopolio politikoa erreibindikatzen zuen, eta erresumaren autonomia politikoaren aurka zegoen (bere buruari bere lege propioak emateko gaitasunari zegokionez). Ordurako, ordea, soilik œkonomia delakoaren alorra zuen bere esku, probintzia diputazioen bitartez. Espainia liberalak askatasun foral tradizionalen funtsezko alderdi bati mehatxu egiten zion, baina Nafarroak ez zuen bere erresistentzia gaitasuna galdu; eta horregatik beragatik miresten zuen Hermidak.

Obrak

Autorearen obrak eta hari egotzitakoak. 

Espíritu de el Derecho Divino, Eclesiástico, Natural y de Gentes. Verdadera tradición de la Iglesia acerca de la Usura. Demostra- ción canónico-crítica de la legitimación de los intereses en el Préstamo de Comercio y de la Justicia de el Decreto de S. M. de 10 de Julio de este año de 1764 que autoriza los Contratos que se hacen con los Gremios de esta Corte, estipulando una cantidad cierta de intereses por el dinero que se les presta para Comerciar. Don …-ren eskutik, 387 orri eskuizkribatu, Santiago de Compostelako Unibertsitatea, Kopia digitala Biblioteca Dixital de Galician: http://biblioteca.galiciana.gal/es/consulta/registro. cmdid=2823.

Discurso político, que en la junta pública general de la Real Sociedad Patriótica de Ami- gos del País de Sevilla, bere zuzendari eta Errege Epaitegiko buru Benito Ramon de Hermida jaunak esana, Elkarteak argitaratua, Sevilla: Vázquez, Hidalgo eta Beste- ren Bulegoa, 1787.

Discurso pronunciado en la solemne abertura de la Real Audiencia de Sevilla el día 7 de enero de 1789, [anonimoa] in El Espíritu de los mejores diarios literarios que se pu- blican en Europa, 1789ko abuztuak 3 eta 10, VI. libk., 330-340 eta 352-358. orr.

Pensamientos militares de un paisano, [anonimoa], Sevilla: Vázquezen Alarguna eta Beste, 1809.

Breve noticia de las Cortes, Gobierno, ó llamese Constitucion del Reyno de Navarra, pu- blicada en obsequio de las Cortes Generales y Extraordinarias juntas en Cádiz, con algunas ligeras reflexiones, bertako Santiago probintziako diputatuak, Benito Ra- mon de Hermida jaunak, Estatu Aholkularia, Cádiz: Nielen moldiztegia, semea, 1811. Santiagon berrargitaratua, Fonsekako Ikastetxe Nagusiaren eskutik, auto- rea bertako kide izan baitzen, Ignacio Aguayoren moldiztegia, 1812. BUSAALL, J. B., Las institutiones del Reino de Navarra, cit. infra, 185-212. orr.

Conversación entre un forastero y un vecino de la Isla de León sobre los derechos de la Princesa del Brasil, Infante de España, Doña Carlota Joaquina de Borbón a la suce- sión eventual del trono de España, bere autorea Benito Ramón de Hermida jaun txit gorena, Santiago probintziako diputatua, Santiagon berrargitaratua Fonseca ikastetxearen eskutik: Manuel Antonio Rey jaunaren bulegoa, Santiago, 1811.

Observaciones encaminadas a desengañar e instruir a los diputados de las Cortes extraor- dinarias, 1812 (hainbat biografiatan aipatua).

Último recurso de la nación española para conservar una existencia política, deducido de la historia de nuestras regencias, Cádiz: Concordia moldiztegia, 1813. (A. Palauren Manual del libro hispano-americanok egotzia, baina estiloa ez dirudi Hermidarena denik).

El paraíso perdido de J. Milton. Poema inglés traducido al castellano Benito Ramón de Hermidak idatzia eta bere alaba Santa Colomako markesak argitara emana, Ma- dril: Ibarra, 1814, 2 libk.

Bibliografia

Autorearen obrak eta hari egotzitakoak. Espíritu de el Derecho Divino, Eclesiástico, Natural y de Gentes. Verdadera tradición de la Iglesia acerca de la Usura. Demostra- ción canónico-crítica de la legitimación de los intereses en el Préstamo de Comercio y de la Justicia de el Decreto de S. M. de 10 de Julio de este año de 1764 que autoriza los Contratos que se hacen con los Gremios de esta Corte, estipulando una cantidad cierta de intereses por el dinero que se les presta para Comerciar. Don …-ren eskutik, 387 orri eskuizkribatu, Santiago de Compostelako Unibertsitatea, Kopia digitala Biblioteca Dixital de Galician: http://biblioteca.galiciana.gal/es/consulta/registro.cmd?id=2823.

Discurso político, que en la junta pública general de la Real Sociedad Patriótica de Amigos del País de Sevilla, bere zuzendari eta Errege Epaitegiko buru Benito Ramon de Hermida jaunak esana, Elkarteak argitaratua, Sevilla: Vázquez, Hidalgo eta Besteren Bulegoa, 1787.

Discurso pronunciado en la solemne abertura de la Real Audiencia de Sevilla el día 7 de enero de 1789, [anonimoa] in El Espíritu de los mejores diarios literarios que se publican en Europa, 1789ko abuztuak 3 eta 10, VI. libk., 330-340 eta 352-358. orr.

Pensamientos militares de un paisano, [anonimoa], Sevilla: Vázquezen Alarguna eta Beste, 1809.

Breve noticia de las Cortes, Gobierno, ó llamese Constitucion del Reyno de Navarra, publicada en obsequio de las Cortes Generales y Extraordinarias juntas en Cádiz, con algunas ligeras reflexiones, bertako Santiago probintziako diputatuak, Benito Ramon de Hermida jaunak, Estatu Aholkularia, Cádiz: Nielen moldiztegia, semea, 1811. Santiagon berrargitaratua, Fonsekako Ikastetxe Nagusiaren eskutik, autorea bertako kide izan baitzen, Ignacio Aguayoren moldiztegia, 1812. BUSAALL, J. B., Las institutiones del Reino de Navarra, cit. infra, 185-212. orr.

Conversación entre un forastero y un vecino de la Isla de León sobre los derechos de la Princesa del Brasil, Infante de España, Doña Carlota Joaquina de Borbón a la sucesión eventual del trono de España, bere autorea Benito Ramón de Hermida jaun txit gorena, Santiago probintziako diputatua, Santiagon berrargitaratua Fonseca ikastetxearen eskutik: Manuel Antonio Rey jaunaren bulegoa, Santiago, 1811.

Observaciones encaminadas a desengañar e instruir a los diputados de las Cortes extraordinarias, 1812 (hainbat biografiatan aipatua).

Último recurso de la nación española para conservar una existencia política, deducido de la historia de nuestras regencias, Cádiz: Concordia moldiztegia, 1813. (A. Palauren Manual del libro hispano-americanok egotzia, baina estiloa ez dirudi Hermidarena denik).

El paraíso perdido de J. Milton. Poema inglés traducido al castellano Benito Ramón de Hermidak idatzia eta bere alaba Santa Colomako markesak argitara emana, Madril: Ibarra, 1814, 2 libk.

Aipamen bibliografikoa

BARREIRO FERNÁNDEZ, X. R. (koord.), Parlamentarios de Galicia. Biografías de deputados e senadores (1810-2001), Santiago de Compostela: Galiciako Par- lamentua eta Real Academia Galega, 2003, 2. ed., 1. libk, 345-346. orr. 

BUSAALL, J. B., Las instituciones del Reino de Navarra en el debate histórico jurídico de la Revolución liberal, L. de EGIBAR URRUTIAren laguntzaz, Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2005.

GIL ALBARRACÍN, A., Ilustración e Iglesia. La visita de Benito Ramón de Hermida al Obispado de Almería, Bartzelona: GBG, 2007.

GÓMEZ-RIVERO, R., El Ministerio de Justicia en España (1714-1812), Madril: CEPC, 1999.

GONZÁLEZ FERNÁNDEZ, M., «Auto de fe. Filosofía e Inquisición en Galicia, 1700-1770», BARREIRO BARREIRO, X. L. (koord.), Ilustración e Modernidade. Os avatares da Razón, Santiago de Compostela: Santiagoko Unibertsitatea, 2001, 15-105. orr., eta Hermidari buruz 69-71. orr.

MACIÁ, M., «Benito Ramón Hermida Maldonado», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia. On-line edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/15062/benito-ramon-hermida-maldonado (Kontsulta: 2019ko abuztuak 10).

MIKELARENA PEÑA, F., «Sobre un documento de descripción de la Constitución de Navarra de 1808. Un intento temprano de marketing político-institucional», Príncipe de Viana, 252 (2011), 253-294. orr.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP