Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

HERGUETA Y MARTIN, Narciso (Recuerda, Soria, 1846ko urriak 29 – Sobrongo bainuetxea, Araba, 1907ko abuztuak 28).

Karguak eta lanbideak

Apaiza, historialaria eta Logroñoko kronista ofiziala

Ibilbidea

Logroñoko eta Burgo de Osmako elizbarrutietako apaiztegietan ikasi zuen eta, 1873. urte inguruan, ordena sakratuak hartu zituen Argentinan, Buenos Airesko katedralean. Espainiara itzuli eta Sigüenzako katedralean benefiziadu gisa sartu zen oposizio bidez, 1882ko azaroan; aldiz, uko egin zion karguari 1886ko otsailean. Ondoren, hil arte, aldareko eta koruko kapilau aritu zen Madrilgo Errege Kaperan, baxu-ahots bikain eta tinbratua baitzuen. Aldi berean, posizio erosoari, aiurri kementsuari eta behaketarako zuen zolitasunari esker, ikerketa historikoan jardun ahal izan zuen.

Madrilen egindako egonaldi luzeak ikerketa-giro ilustratu eta biziagoa aurkitzeko modua eman zion. Hartara, bere garaiko eruditu nagusiekin harremanetan jarri ahal izan zen: Fernandez Guerra, Fita Colome, Toribio Minguella, Hipolito Casas edo Antonio Blazquez. Gainera, garai hartako joera historizista berriak ezagutu ahal izan zituen, osoki jatorrizko dokumentuari atxikitzea bilatzen zuten joerak, artxiboak ikertuz. Hain zuzen ere, historiari buruzko interesa zuenez eta erresumako artxibo handietako batzuk eskura zituenez, kronika, istorio, kodize eta eskuizkribu ugari irakurri zituen, bai eta artxibo-iturrietako albiste eta dokumentu baliagarriak kopiatu ere. Domingo haren anaiak esan zuenez, bere eskuaz bakarrik 1896rako 1.130 agiri kopiatu zituen. Hori guztia kontuan hartuta, alde emozionaletik hurbilen zuenari heldu zion: Errioxako historia, noiz eta Errioxako probintziazaleek lurralde-aldarrikapen ugari egiten zituzten unean. Hala, berrogeita hamar izenburu inguru ondu zituen, horietako batzuk argitaratu gabe geratuak, eta beste egile batzuen izenean argitaratu ziren testuetan modu anonimoan lagundu zuen. Gainera, kulturarekin interes orokorra zuenez, argazki-bildumazaletasunera lerratu zen, bereziki Espainiako lanbideen erretratu arketipikoetara edo Pradoko Museoko pintura-erreprodukzioetara.

Nahiz eta haren sorkuntza, oro har, Errioxan zentratuta egon, haren interesak, batzuetan, gainditu egiten zuen hertsiki tokikoa zena, agian Errioxako erakunde batzuek, hala nola Calahorrako elizbarrutiak edo Logroñoko foruak, beste eremu batzuetan utzitako arrastoari segika. Ahaztu gabe doa haren obraren zati handi batean Araba, Burgos eta Nafarroako lurralde auzoetara hedatu zela, horietako pertsonaia eta gertakari historikoetara, bai eta jaso zituen leku-izenetara ere. Leku-izen horiek, hain zuzen, lagungarri izan zaizkie euskal jatorriko toponimia historikoa ikertu duten autore askori. Esate baterako, «Noticias históricas de Don Jerónimo Aznar, obispo de Calahorra» gaiari buruzko argitalpen luze eta deskribatzailean, «XIII. mendeko [1257. urteko] agiri geografikoa» argitaratzeko probestu zuen. Dokumentu horrek exhaustiboki biltzen du Calahorrako elizbarrutiaren jurisdikzioa, Ebro ibaiaz hegoaldera zein iparraldera. Laburbilduz, haren ekarpenak Araba, Naiara, Cameros eta Berberiegoko artxidiakono-barrutiak hartzen ditu kontuan (ez, ordea, Bizkaikoa, ez baitirudi aztertu zuen iturrian agertzen denik), tartean direla horien artzapez-barrutiak eta jurisdikziopeko udalerriak. Toki horietako bakoitzean, datu historikoak gehitu zituen, «ahal den neurrian, Probintzia Baskongadoetako eta Errioxako hiztegi geografiko-historikoek dakartzatenak [errepikatu] gabe». Bestalde, bere ohar idatzi batzuetan, «El fuero de Logroño. Su extensión á otras poblaciones», Logroñoko hiri-gutuneko testua jaso zuten hiribildu batzuen adibideak aipatu zituen. Gainera, «Retazos históricos de la familia Manso de Zúñiga» lanean, Hergetak lotura egiten du leinu horren eta Lope edo Jaun Zuria Bizkaiko lehen jaunaren artean eta, Canillas de Río Tuerton zuten orubearen bitartez, haren ondorengotzat jo zituen zenbait pertsonaia: Santo Domingo de Silos, Juan Manso, Calatravako Ordenako klaberoa, eta Alonso Manso, Puerto Ricoko lehendabiziko apezpikua.

Bere lana kulturaren eta historiografiaren aldaketa-une batean kokatzen da. Hori dela eta, gertaerak jazo ziren bezala azaldu nahi izan zituen uneoro. Ondorioz, hizkera egiati eta argitsuko, ongi dokumentatutako pertsonaren ospea eman zion, gertakarien segida kronologikoetatik eta funtsik gabeko tradizioetatik ihes egiten zuena. Gainera, behatzeko gaitasunak balio izan zion historia arkeologikoa artxiboko datuekin uztartzeko. Ondorioz, ez zetorren bat hainbat historialari garaikideren jarrerekin.

Haren ekoizpenaren zati handi bat argitaratu gabe geratu zen, eta Errioxako Ikasketen Institutuan dago; aldiz, argitaratu zuen ia guztia Boletín de la Real Academia de la Historia (BRAH) edo Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos (RABM) aldizkarietan argitaratu zen.

Obrak

«Fueros inéditos de tres pueblos de la Rioja en el siglo XII», BRAH, 26 (1895), 55-58. or.

«La judería de Haro en el siglo XV», BRAH, 26 (1895), 467-475. or.

«Fueros inéditos de Cirueña en el año 972», BRAH, 29 (1896), 345-354. or.

«La judería de San Millán de la Cogolla y la batalla de Nájera», BRAH, 29 (1896), 254-255. or.

«Los judíos de Albelda en el siglo XIII», BRAH, 28 (1896), 480-487. or.

«Fueros y cartas pueblas de Alesón, Torrecilla de Cameros, San Andrés de Ambrosero, Oriemo, etc.», BRAH, 33 (1898), 122-140. or.

«Fueros inéditos de Viguera y de Val de Funes otorgados por Don Alfonso el Batallador», BRAH, 37 (1900), 368-430 eta 449-458. or.

«Publicación y notas de los Fueros de Nave de Albura declarados y confirmados en tiempos de don Sancho, conde de Castilla, era 1050 (año 1012)», RABM, 4 (1900), 248-250. or.

«Apuntes para la biografía de don Martín García o González, secretario de don Sancho el Bravo y obispo de Calahorra y Astorga», RABM, 9 (1903), 328-338. or.

«Rodrigo Alfonso y sus hijos Juan de Cardona, arzobispo de Arlés, Alfonso de Robles, obispo de Ciudad Rodrigo, y Rodrigo Alfonso, Comendador de la Orden de San Juan de Navarrete, Vallejo é Irunia», RABM, 11 (1904), 361-368; 12 (1905), 51-54 eta 438-445. or.

«Transcripción de documentos referentes a Gonzalo de Berceo», RABM, 10 (1904), 178-179. or.

«La Inquisición de Logroño. Nuevos datos históricos», BRAH, 45 (1904), 422-439. or.

«Noticias históricas del maestre Diego del Villar, médico de los reyes Alfonso VIII, doña Berenguela y San Fernando, de los hospitales y hospederías que hubo en La Rioja en los siglos XII y XIII, y de la villa de Villar de Torre», RABM, 10 (1904), 423-433; 11 (1904), 126-131. or.

«Transcripción de las cartas y estudio de notas diplomáticas de Felipe II acerca del canto-llano, misales, breviarios y demás libros litúrgicos», RABM, 13 (1905), 39-50. or.

«Autenticidad de la lauda sepulcral de don Juan, obispo de Calahorra, que murió el año 1346 en Santo Domingo de la Calzada», RABM, 14 (1906), 89-94. or.

«Noticias históricas de la Imagen, Real Divisa e Iglesia de Santa María de la Piscina», RABM, 6 (1906), 467-509. or.

«Retazos históricos de la familia Manso de Zúñiga. Torremontalbo, Somalo y Cenicero», Academia Heráldica, Madril, 1906ko ekaina, 4-7. or.

«El Fuero de Logroño. Su extensión á otras poblaciones», BRAH, 50 (1907), 321-322 eta 325-336. or.

«Fuero de Cuevacardiel y Villalmundar», RABM, 16 (1907), 410-422. or.

«Noticias históricas de don Jerónimo Aznar, obispo de Calahorra, y de su notable documento geográfico del siglo XIII», RABM, 17 (1907), 411-432. or.; 18 (1908), 37-59. or.; 19 (1908), 402-416. or., eta 20 (1909), 98-116. or.

Bibliografia

MARTÍNEZ MARTÍNEZ, M., «Martín González», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/34338/martin-gonzalez (2020ko urriak 24).

OLEA ÁLVAREZ, P., «El cabildo catedral de Sigüenza durante el siglo XIX (II)», Anales Seguntinos, 10 (1994), 89-128. or.

TEIXIDOR CADENAS, C., «La exposición de Laurent», Madrid Histórico, 81 (2019), 50-56. or.

ITURRIAK

HERGUETA MARTÍN, D., «La labor histórica de D. Narciso Hergueta y Martín», RABM, 17 (1907), 272-275. or.

SEGURA, R. G., Las tres parroquias de Logroño, Logroño: Imp. Artes Gráficas, 1930.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP