Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

HENNINGSEN, Charles Frederick (Brusela, 1815 – 1877ko ekainak).

Karguak eta lanbideak

Militarra eta idazlea

Ibilbidea

John Henningsen daniarraren (1775-1859) eta Louisa Burke irlandarraren (1789-1842) seme Charles Frederik Bruselan jaio zen. Familia holandarren alde zegoenez, Belgikako Iraultza hasi zenean, bertatik alde egin behar izan zuen, lehenik Parisera, eta ondoren Londresera. Abenturak maite zituen, Lord Byronen literatura, eta 19 urterekin karlisten alde borrokatzeko boluntario aurkeztu zuen bere burua. Lehen Karlistaldian aritu zen, eta arin bihurtu zen Tomas de Zumalakarregi jeneral karlistaren eskolta-kapitain.

Hainbat gudatan parte hartu eta gero, 1835eko apirilean, Lord Ellioten Konbentzioaren sinadura ekitaldian izan zen. Henningsen Ingalaterrara itzuli zen, baina handik gutxira Espainiara bueltatzea erabaki zuen, teniente koronel bezala, eta bat egin zuen Aragoitik Madril mehatxatzen zuen espedizio karlistarekin. Villar de los Navarrosko gudan borrokatu zuen (1837ko abuztuak 24), eta karlisten garaipen horri esker koronel izendatu zuten. Lantzari karlisten buru izan zen, indar liberalek Madril inguruan eraso egin zioten, eta horien aurka zuzendu zuen zutabearekin Madrilgo kanpoaldeko gotorlekuak bereganatu zituen. Hainbat orduz atxiki zituen, Don Karlosek ezin ziola errefortzurik bidali jakinarazi zioten arte.

Tomas de Zumalakarregi hil zenean, Ingalaterrara itzuli zen, eta bizitakoa, Lord Ellioti eskainitako liburuan jaso zuen: The most Striking events of a Twelvemonth’s campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces. Hala, Zumalakarregiren lehen biografoa izan zen. Bretainia handian eztabaida handia sortu zen liburu horren inguruan, karlistekin bat egiten zuelako, eta handik urte batzuetara Francis John Baconen erantzuna jaso zuen. Henningsenen liburuaren arrakasta nabaria da, alemanera, frantsesera, italie- rara eta gaztelerara itzuli baitzen.

Henningsenek azaltzen zuenez, bi urte joan ziren euskal probintzietan matxinada hasi zenetik, eta alderdi indartsu bihurtu zen «azkenekotan zegoen hondarreko taldea», hala esaten baitzitzaion erbesteratutako Printzearen kausarekin bat egin zutenei. Don Karlosen gudariak itsu eta fanatiko gutxi batzuk zirela esan ohi zen, legerik gabeko pertsonaiak, arpilatzaileak eta handinahiak, eta euren ahalegina gehiago zela zigorra saihesteagatik, irabazteko itxaropena zutelako baino. Ideia hori behin eta berriz ageri zen Frantziako eta Ingalaterrako aldizkarietan, eta, horrez gain, azken talde karlistak dispertsatu zirela eta buruzagiak muga igarotzekotan zeudela esaten zuten. Aitzitik, gerrak hartutako norabidea zela-eta, hedabide horiek beharturik ikusi zuten beren burua Don Karlosek hainbat garaipen ere lortu zituela esatera. Ez hori bakarrik, euskal probintzietan matxinada geldiezina zela esan behar izan zuten. Henningsen Hego Euskal Herriko testuinguru sozio-politikoa lau ataletan azaltzen saiatu zen. Deskribapen belikoaz haratago, karlismoaren balioak azpimarratu zituen, eta euskaran, noblezia unibertsalean, foru eta pribilegioetan eta ohituretan sakondu zuen.

Lehen Karlistaldian bizitakoaren ondoren, Henningsenek beste hainbat gerratan parte hartu zuen Errusian eta Hungarian, eta Walker piratarekin elkarlanean aritu zen Erdialdeko Amerikan estatu esklabista bat sortzeko.

Obrak

The most Striking events of a Twelvemonth’s campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces, Londres, 1836.

Bibliografia

ZUMALAKARREGI MUSEOA. https://www.zumalakarregimuseoa.eus/es/actividades/investigacion-y-documentacion/historia-del-siglo-xix-en-el-pais-vasco/biografias/charles-frederick-henningsen-1815-1877 (kontsulta: 2019ko abenduak 20).

YOUNG, M., The reminiscences of Amelia de Henningsen, Londres: Maskew Miller Longman, 1989.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP