Karguak eta lanbideak
Teologoa eta historialaria
Ibilbidea
Valladoliden sortu zen 1611ko uztailaren 20an, goi-funtzionarioen familia batean; haren aita, hura ere Gabriel izenekoa, poeta eta bibliofiloa zen. Gabriel Henao semea bera ere poeta izan zen gaztetan. Jesusen konpainiakoa 1627tik, irakasle aritu zen Bilbon, Humanitateak irakatsiz 1635 eta 1639 bitartean. Akademia bat fundatu zuen, eta Euskal Herriko historia ikertu eta Vizcaya illustranda (1637) liburuan jaso zuen. Ikasteko dohain egokiak izanik, Oviedora joan zen, Teologia ikastera. Ondoren, Teologia eta Eskritura Santuen katedretako irakaslea izan zen Jesusen Konpainiako Errege Ikastetxe Gorenean, tarteko hiru urtetan izan ezik, Medina del Campoko errektorea izan baitzen 1654-1657 bitartean. Salamancan hil zen 1704ko otsailaren 13an, laurogeita hamar urte zituela.
Haren obran aurkitzen ditugu disertazio filosofikoak, esaterako Empyreología, seu philosophia christiana de Empyreo Caelo (1652) eta teologikoak, adibidez, De Eucharistiae Sacramento Venerabili, atque Sanctissimo, tractio Theologica Scholaris diffussa et moralis concisior (1655), Scientia Media historice propugnata (1655) eta De Missae Sacrificio Divino atque Tremendo (1658, 1659 y 1661). Azpimarragarria da, batez ere, haren lan historikoa. Lehenbiziko lana, Vizcaya illustranda ab Academia Humaniorum litterarum Bilbaensis Scholae Societatis Jesu, 1637an argitaratu zuen, etagarai hartan ohikoa zen kantabrismoaren bidetik egin zuen. Liburu hori osatuagoa emateko egin zuen De las Antigüedades de Cantabria lana, non erudizio handiz egin zuen gogoeta Kantabriaren sorrerari buruz, lehenbiziko biztanle Tubal eta haren bilakaera azalduz. Euskaldunak, Henaoren ustez, erromatarrengandik independenteak izan ziren, eta horregatik gorde zuten hizkuntza. Idolatrak baziren ere, azkenean kristautasunera bildu ziren. Bestalde, datu ugari eskaini zituen Bizkaiko jaunei buruz, Jaun Zuriatik hasi eta Juan Nuñez Lara jaunarenganaino. Interesgarria da, baita ere, tokiko historiaren ikuspegitik, hiribildu anitzen historia azaltzen duelako, bestak beste Bermeo, Bilbo, Gernika eta Urduña, eta Enkartazioen eskualdea ere bai. Bere lana San Ignazio Loiolakoari eskaini zion, «cántabro de padre y madre». Bi liburukitan eman zuen, eta hirugarrena ere prestatu zuen, gaur galdua bada ere, eta historiaren jarraipena jasotzen zuen hartan, Gaztelarekin bat egin arte. Dirudienez, liburuki horrek eranskin bat zuen, Libro de la Genealogía de San Ignacio de Loyola, Fundador de la Compañía de Jesús. Beste eskuizkribu bat ere utzi zuen, Defensa histórica de Guipúzcoa, izenburukoa, 1702an datatua.
Obrak
Vizcaya illustranda ab Academicis Humaniorum litterarum Bilbaensis Scholae Societatis Iesu,Zaragoza: Joannes á la Naxa, 1637.
Empyriologia seu Philosophia christiana de Empyreo Coelo, Lyon, 1652.
De Eucharistiae Sacramento Tractatio Theologica Scholaris diffusa […], Lyon: Philippe Borde, Lavrentii Arnaud y Clavdii Rigavd, 1655.
Scientia media historice propugnata […], Lyon, 1655.
De Misae Sacrificio, Salamanca, Sebastián Pérez, 1658; Scientia media historice defensata, Lyon: Laurentii Arnaud y Petri Borde, 1674-1676.
Averiguaciones de las Antigüedades de Cantabria […], Salamanca: Eugenio Antonio García, 1689-1691. Berrag. handitua J. I. Arana eta M. Villalta-ren kargu, Tolosa: Imprenta y Encuadernación de Eusebio López, 1894-1895, 7 libk. 1894-1895eko edizioaren faksimileen erreprod., Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1980.
Bibliografia
Arana, J. I., «Noticia biográfica y bibliográfica del R. P. M. Gabriel de Henao de la Compañía de Jesús», in Arana, J. I., eta Villalta, M. (argk.), Averiguaciones de las Antigüedades de Cantabria, Tolosa: Imprenta y Encuadernación de Eusebio López, 1894, 2. libk., 9.-47. or.
Asarta Epenza, U., «Henao, Gabriel de», in Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/henao-gabriel-de/ar-58706/ (2018ko urriaren 28an egindako kontsulta).
Basas, M., «G. de Henao, historiador ignaciano», Caro Baroja, J. (zuz.) eta Beristain, A. (biltz.), in Ignacio de Loyola, magister artium en París (1528-1535), Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1991, 67.-84. or.
Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea, 1973, 2. argit. Berrarg. handitua, Bilbo: Universidad de Deusto, 2012.
Martínez de la Escalera, J., «Gabriel de Henao», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/20402/gabriel-de-henao (2018ko urriaren 28an egindako kontsulta).
Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A., Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 101.-102. or.
Aipamen bibliografikoa
Intxaustegi Jauregi, N.J., “Henao, Gabriel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 650-652.





