Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

HARISTOY HARISPURU, Pierre [HARIZTOI HARIZPURU, Pierra] (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1833ko martxoak 1 – Ziburu, Lapurdi, 1901eko otsailak 23).

Karguak eta lanbideak

Historialaria eta apaiza

Ibilbidea

Pierre Haristoy, Aiherra Bordan sortu zen, laborari familia batetan. Xurietarik ziren eta Iraultza garaietan, Haristoiek ongi ezagutu zuen Londaitz apeza, etxe horrretan gorde zen behin baino gehiagotan. Eskolan abiatu zelarik, aitari batere ez zitzaion eder iduritu errientak L’Ariel Xahoren astekaria irakurtzea, nahiz elizan xantre zen!

13 urtetan «freren» eskolan sartu zen Haparnen, Lasaletiarren eskutan zen ikastetxean. Bigarren urtetik, fraile bat eskas zelarik, Haristoiek ordezkatzen zuen bere lagunen zaindari. Euskaldun intelektual gehienak formatu zituen Larresoroko seminarioan sartu zen 17 urtetan. Frantses tutik ez zekiela erran izan du bainan dudaxka bat bezala badugu horretaz. Ez zela trebeenetaraik ukertu behar daiteke Bordaleko fakultatean sartu zen lehiaketa baten ondotik, Teologia batxilergoa eskuratzen zuela. 1858an apeztu zen Baionan.

Larresoron ematen zuten ongi baliatu zitzaion «Arkeologia» ikasketa bat: denetan hoberena zen.

Bikario izendatu zuten lehenik, erretora parlesiatua zen Beskoitzerat, 1859an. Eliza goratzeko eta luzatzeko planak egin zituen. Bikariorik ez zen Hazparnerat joan zen 1861an, bien lana egiten zuela, hainbestetaradino non bi lansari eman baitzizkion herriko etxeak.

1864an lehen erretor postua Zalgizen. Ordua arte patar guziak ordoki izan baldin bazituen, hor ezagutuko ditu lehen nahigabeak: sorginkerietan emana zelakotz egonaldi bat presondegian egina zuen apez bat bazen. Hain polliki jokatu zen Haristoy non gizona urrikitan sartu baitzen. Geroago, apez hori hil zorian zela jakinik, zaldiz joan zen Irisarritik Zalgizerat (50 km) azken kofesioa entzuteko.

Bainan Zalgizeko egonaldi hori bere biziko bihurgune bat izanen zen, sail berri bati interesatuko baitzizaion. Iruriko jauregian bizi zen de Menditte aspaldiko familia eta artxiboz tole bazuten. Nahi zuelarik joaten zen horien miatzerat. Hor zuen gustu hartu historioan. Hor zen hasi Recherches Historiques liburuen idazten (1.100 orrialdez goiti). Arkeologia ikasketen lehen loreak hor agertuko dira.

Apez-sorginarekin hoin esku zabal izan zenak, kurioski, ez zitzakeen begiko zikina baino gehiago jasan Iraultzako urteetan beren bidetik baztertu ziren apeza. Ez dezake bat aipa «apez arnegatu» edo horrelako zerbait gehitu gabe.

1873an Zalgizetik Irisarrirat izan zuen aldaira. Hemen orainartekoaz besterik izanen zuen: auzapeza gorri errabiatua zen! Haristoiek eskola giristinoa ideki nahi izan baitzuen zazpi egin ahalak egin zituen auzapezak honen kontra, hala nola erran zuen, hilherriak, bidearen bestaldean izanez, handik airerat joan bafadak lanjerosa izan zirela haurren osagarriarentzat. Auzia Parisera arte joan zen, apezak irbazten zuela.

Azkenik Zibururat igorri zuten, herri bat osoki katolikoa, jende eta auzapez. Obrak egin zituen elizan eta Napoleonen gerlek desegin Bordagaineko kapera berrantolatu.

Ohiko lanen gainerat, beti eta denetan San Frantsesen Heren Ordena zabaldu zuen. Nesketaz zeukan arrangurak eraman zuen Serorak jin arazterat Zalgize, Irisarri eta Zibururat.

Bestalde, jendekina zen eta beharrean zenaren laguntzerat ekarria. Gizon gogorra zen eta otoitzekoa: goizetan lauk, lauak eterditan jeikitzen zen, meza eta otoitzeri behar zen denbora emaiteko, gaineratiko eguna bederatzitan hasten zuela. Egun asko eman dizkie bere historio ikerketei, bainan ez apez lanaren kaltetan. Ikerketak egiteko behin baino gehiagotan joan da Pabeko artxiboetarat eta Dubarat apez lagunarekin, egunak pasatu zituzten artxibo batzuen kopiatzen. Artxiboetan sua izanik 1908an, Iraultza garaiko dokumentu batzu ez ditugu ezagutzen ez bada Hariztoiek egin kopiei esker.

Zenbaitek diote alderdikaria zela. Zein zeukan alderdia nabari da. Bainan ez zaiku iduritzen hala ez zenik erran zuenik. Iparraldeko Elizaren historioari interesatu direnetan zenbat ote dira Haristoyen lanak ongi baliatu ez zaizkienak?

Bere lanetan gehiengo handiena frantsesez da; mendea halakoa zen zoritxarrez. Bainan nahiko zuen Seminario handian sortu zezaten euskal ikasketa katedra bat.

Nahiz xuria, beste artikulu batetan aipatu dugun Puyolen adiskidea zen. Duvoisin kapitaina ere adiskide zuen eta Hariztoyeri utzi zizkion honek bere paper eta liburuak.

Gauza guti utzi du euskaraz, nahiz euskaltzalea izan eta nahiko zukeen euskara katedra bat sortua izan zedien seminario handian. Hona bere obra gehienak: Jesus Kristoren imitazionea, 1896an; Eskualdun zuhur hitzak 1895 Oihenarten berargitalpena; Murde Dovoisin. Ebanjelio saindua eskuaraz, 1898an, Duvoisinen itzulpena, zuzenketa zenbaitekin eta Frantziako Erreboluzione egunetako irakaspen balios batzu (50 or.).

Frantsesez, bi lan nagusiak izan dira:

Recherches historiques sur le Pays basque (1883 eta 1884. Gai asko hunkitzen dute hala nola Euskalherriko historioa orokorki edo Euskal Elizakoa, hiru probintzien antolaketa zaharra, herri eta jaun guzien armeria. Herri guzietako noble eta infanzonen zerrenda bakoitzarentzat, lerro zenbatekin batzurentzat, bainan orrialde osoak beste batzurentzat. Bigarren liburukian Iparraldeko 60 bat euskaldun famatuen biziaren laburpena.

Les Paroisses du Pays Basque pendant la Période révolutionnaire: (1895-1899-1982). Lehen bi tomoak, Lapurdi eta Baxenabarre, Harriet etxeak berargitaratuak 1981an, denbora berean plazaratzen zuela lehen aldikotz hirugarren tomoa, Xiberoari doakiona.

Iparraldeko herri guziek txosten bat badaukate: herri horretarik atera apezak, hor egon zirenak, zein izan ziren zinegileak, zein hegoalderat joan zirenak, preso emanak, erailak bai eta Iraultza garaietako gertakariak herri bakoitzean. Lapurtarren Landesetarako deportazioa aipatzen du frango xeheki, Capbretonen ziren 227 Lapurtarren izenak ematen, 162 azkaindarrenak, bakoitza bere adinarekin. Azken tomoko lehen 60 orrialdeetan kondatzen du Xiberoko historioa.

Etudes Historiques du Diocèse de Bayonne, Dubarat kalonjearekin sortu zuen 1891an 13 urte iraunen zuen hilabatekari hau. Baionako elizbarrutia osoko historioa hunkitzen zuen, Euskal Herri eta Biarno. Hilebete oroz 50 bat orrialde. Erdiek nonbait han Biarnoa hunkitzen dute. Heleburua: aurkespenean idatzia den bezala: Elizaren dokumentu, ohidura eta instituzieon berri emaitea. Leon XIII aita sainduak Vatikanoko artxiboak ideki berriak zituen erranez «Ez dugu dokumentuen zabaltzeko beldurrik».

Aldizkari izanez, denetarik aurkitzen da hemen: Etxepareren olerki zenbait, Iraultzaren historioa egiten duen 120 koplatako epopeia, herri guzien izenak beren erran-nahiarekin, Hazparneko harri erromatarraren historioa eta beste gai asko. Les paroisses du Pays Basque liburuan agertua, hilabetez hilabete hemen agertu zuen lehenik.

Jadanik erran dugu arkeologiaz zerbait ikasia zuela urte batez seminarioan. Bainan horretan geldi. Ez zaio beraz XXI. mendean historio tesia bat Sorbonan edo Salamankan egina lukeen baten maila eskatu behar. Kondutan hartuz nork egina den, erran daiteke utzi daukun lana, oraino ere oso baliosa eta aberatsa dela. Gaur egun oraino historioan ari direnetan, zenbatek ez diote begiratzen, eta frango hurbiletik?

Obrak

«L’origine de Saint François-Xavier», Revue des Questions Historiques, XXVIII (1880), 214-235 or.

Recherches historiques sur le Pays basque, Baiona: E. Laserre / Paris: Champion, 1883, 537 or.; 1884, 568 or. Bi hauk bigarren edizio bat izan zuten 1977an «Lafitte Reprints» etxean.

Revue d’Etudes Historiques du Diocèse de Bayonne, 1891-1914.

Monographie de l’antique abbaye de Sainte-Engrace, Baiona: L. Lasserre, 12 or.

Documents et Études sur le Pays Basque, Pau: Vignancour, 1893, 43 or.

Correspondance de C. A. Le Quien de la Neuville dernier êveque de Dax, et de J. B. Bidegaray, vicaire de Béguios (ère révolutionnaire), Pau: Vignancour, 1894, 11 or.

Le Martyre d’un peuple ou Internement des Basques sous la Terreur suivi des chans antirévolutionnaires, Pau: Vignancour, 1894, 57 or.

Les Paroisses du Pays Basque pendant la Période révolutionnaire, Pau: Vignancour, I, 1895, 556 or.; II, 1899, 441 or., berarg. Hariet, 1981; Paris: Hachette-BNF, 2018.

St-Jean-Pied-de Port. Souvenirs historiques et religieux, Pau: Vignancour, 1897, 63 or.

La Noblesse bas-navarraise, Pau: Vignancour, 1899, 22 or.

Pelerinage de Saint-Jacques-de-Compostelle. Les voies romaines, les chemins romaines et les etablissements hospitaliers dans de Pays Basque, Pau: G. Lescher-Moutoué, 1900, 103 or.

Bibliografia

CHARRITTON, P., «Pierra Haristoy (1833-1901), in ZENBAITEN ARTEAN, Pierre Haristoy. Historia Jardunaldia-Journée d’Histoire, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2005.

DUBARAT, V., «Notice biographique sur M. l’Abbé P. Haristoy. Curé de Cibure, fondateur des Études Historiques et Religieuses du Diocèse de Bayonne» in Etudes Historiques et religieuses du Diocèse de Bayonne, Pau: Imp. Catholique, 1901, 145-180 or.

GOÑI, P., «L’abbé Haristoy (1833-1901): le père de l’historiographie conservatrice basque sur la Révolution», in ZENBAITEN ARTEAN, Pierre Haristoy. Historia Jardunaldia-Journée d’Histoire, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2005.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP