Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

GUTIERREZ Y FERNANDEZ, Benito (Burgos, 1826ko urtarrilak 12 – Madril, 1885eko irailak 7).

Karguak eta lanbideak

Jurista, irakaslea, lege-kodetzailea eta politikaria

Ibilbidea

Benito Gutierrez, Unibertsitate Zentraleko katedradun eta Códigos o estudios fundamentales sobre el Derecho Civil español lanaren egile, Kodeen Batzordeko kidea izan zen 1875etik hil zen arte, 1885eko irailaren 7an gertatua. Merkataritza Kodearen idazketan ere esku hartu zuen. Kode Zibilaren oinarriak ebazteaz arduratzen zen Senatuko Batzordeko kide aritu zen, eta Senatuko eztabaidetan parte hartu. Garai bereko Concha Castañeda, Canalejas, Santos Isasa eta German Gamazo autoreen testigantzek berretsi egiten dute 1889ko Kode Zibilaren zati handi bat idatzi zuela. Haren nortasunari dagokionez, nabarmendu behar da jarrera atsegin eta esker onekoa zuela, eta ideologiaz kontserbadorea zela, fedez katolikoa; gainera, ezaugarri zuen beti aurkitzen zuela babesle bat, bai bere jatorri umilak zekarzkion neke ekonomikoei aurre egiteko, bai bizi izan zuen garai nahasian politikaren gorabeherei aurre egiteko.

Teologia egin zuen Burgosko Apaiztegian eta, ondoren, Zuzenbide eta Jurisprudentziako ikasketak egin zituen Unibertsitate Zentralean, eta horiek soldadutzarekin txandakatu. Bikaintasunez doktoratu zen 1853an, Discurso acerca del origen, desarrollo y estado actual de la Ciencia del Derecho hitzaldiaren bidez. Horri esker, hain zuzen, Madrilgo Unibertsitateko irakasleen artean sartu ahal izan zen, ordezko katedradun gisa.

1858an, ezabatu egin zen Zibileko, Merkataritzako eta Penaleko Kodearen Zabalpen katedra. Berak betetzen zuen postu hori 1853tik, Juan Montalban maisuaren ordezko lanetan. Beharbada harengandik zetorkion Gutierrezi bere obra zientifikoak zuen isuri historikoa. Nolanahi ere, Códigos o Estudios fundamentales sobre el Derecho Civil español bere tratatua argitaratzen jarraitu zuen. Tratatu hori 1862tik 1878ra agertu zen, zazpi liburukitan, azken biak foru-zuzenbideei buruzkoak. Lanak hedapen handia izan zuen, eta zazpi edizio ere ezagutu zituen. Guilarte Zapaterok 1988an berrargitaratu zuen, eta idazlan horretan «mendearen bigarren erdian bizi izandako eskubidearen testigantza eta kode historikoen irakurketa» ikusi zuen.

Bere tratatua argitaratzean, Benito Gutierrezek ohartarazi zuen Espainia «kode zaharrei azken adioa emateko zorian» zela. Gutierrezen obra «haien oroimenez altxatutako monumentua» izango zen, baina kode modernoak aztertzeko abiapuntua ere adieraz zezakeen; izan ere, erreformak oso nahitaezkoak izanagatik, «zientzian badira aldaezinak eta finkoak diren printzipioak, legegilearen gogoaz gainekoak». Konbentzituta zegoen Zuzenbide Erromatarrak Frantziako Kode Zibilaren iruzkin gisa balio izan zuen bezala, espainiar kode ohoragarriak, bere diskurtsoaren hizpide, garai hartan espero zen Kodearen azalpen izan zitezkeela. Nahiz eta gaztelar zuzenbidean trebatuta egon, Gutierrez gero eta miretsiago agertu zen foru-zuzenbideekin, eta arreta berezia eskaini zien bere Códigos o Estudios Fundamentales, «Examen comparado de las legislaciones especiales» VI eta VII. liburukietan (1878an arg.). Zuzenbide bereziari buruzko azterketa axolagabekeriak jota zegoen seinale, autore honek idazlan eta iruzkin ospetsuenak kontsultatu nahi izan zituenean «liburu-dendetan eta liburutegi publikoetan ez nituen horietako batzuk aurkitu». Kode Zibilaren proiektuari buruzko eztabaidetan parte hartu zuenean beharbada, Gutierrez jaunak jakin zuen foru-zuzenbideak, modu batera edo bestera, bizirik iraungo zuela, Kode Zibilaren barruan edo horren eranskin gisa, edo salbuespen bidez. Bada, haren irudiko, foru-legeriak ez ziren «zuzenbide zaharkitu bat, bitxikeria arkeologikoen gisa museo batean bildu beharrekoak, erudituen jakin-minaren asegarri soila. Aldiz, probintzia aberats eta jendetsuetan indarrean zen zuzenbidea dira, lege bereziak, baina horien ezagutza guztioi axola behar zaigu. Izan ere, batasun nazionalak harreman komunak sortzen ditu eta, ondorioz, guztiok dugu interesa horiek aplikatzeko». Zuzenbide horiek goraipatu zituen, ideia bati uko egin gabe, betiere: Kodearen eraikina Gaztelako Zuzenbidearen inguruan eraiki behar zela. Zuzenbide erkidea, «espainiarra», izan behar zen eraikinaren egitura, eta euskarri horretan kokatuko zituen Gutierrezek foru-piezak. Hala ere, honako hau dio: «Bateratzera iristeko jarraitzen den metodoa edozein dela ere, ziurta daiteke ez direla foru zaharrak oso-osorik kondenatu behar; hori ahaztura barkaezina izango litzateke» (Códigos…, VI. libk., IX. or.).

Bai bere garaian, bai geroago, haren Tratatuari buruzko askotariko balorazioei eta garrantziari erreparatuz gero, ondorioztatzen da ez dutela berdin interpretatu batzuek eta besteek, Espainia lege-azpigarapenetik ateratzen saiatu arren, ikuspegi zientifikoz jarrera ideologikoak gaindituz eta elementu historizista eta arrazionala integratuz. Tratatuak berehala deitu zuen Gomez de la Sernaren arreta; horrek, ideologikoki harengandik urrun, «ikasleentzako erabilera-eskuliburutzat» hartu zuen, «didaktikoa, prosa soilekoa, doktrina eta jurisprudentzia ugarikoa» zelakoan. Beste ikuspegi batetik, 1885eko Oinarrien Legearen proiektua Senatuan eztabaidatu zenean, Modesto Falcon senatariak —Exposición doctrinal del Derecho Civil Español, común y foral, según las leyes escritas, la jurisprudencia de los tribunales y las opiniones de los escritores lanaren egilea— Gutierrezen Tratatua kritikatu zuen, proposamen hori doktrina zibilaren batasuna lortuko ez zuen metodo bat gehiago zelakoan, Gutierrez jaunak azaldu zituen foru-zuzenbideak gogora ekarriz; izan ere, Falconen ustez, gehiegizko protagonismoa eman zien. Geroago, Perez Prendesek zalantzan jarri zuen Gutierrez autoreak bere lanean erabili zuen metodologiak balio berritzailea zuenik, baina Falcon autoreak azaldu zituen arrazoien kontrako bidetik. Perez Prendesek ikusi zuen Gutierrezek oso gogoko zuela interpretatzea Napoleonen Kodearen eta horrek oinarri duen Erromatar Zuzenbidearen arabera, eta horixe zela haren interpretazioaren gakoa, «eta ez gaitu nahastu behar Aro Modernoko tratadista espainiarrak ezagutzeak eta erabiltzeak; izan ere, haiek, haren Códigos o Estudios… egituratzen duen legeriarekin batera, osatzen dute masa juridikoa, eta masa hori adierazitako erromatar eta frantses ereduen arabera interpretatuz moldekatzen du». Gure garaian, Rafael Gibertek goretsi egin du Gutierrezen ahalegina, «erromatarren eta Kode Zibilaren arteko zuzenbide pribatuaren monumentutzat» hartuz, « XIX. mendeari arreta berezia jartzen diona». «Zuzenbidearen benetako historialari» deitu dio, eta haren itzala nabarmendu. Aurrekoak bezainbeste laudatu ez arren, Petiten ustez, Gutierrezen bilduma Espainiako ikasgeletatik ateratzen zen onena da, ia zuzenbidearen historiografia profesionalik ez eta erromanistika-zientziarik ez zegoen garai hartan: «Gutxi dira salbuespenak kodetzearekin konpromiso handiena izan duten zirkuluetan: Gutierrez eta Gomez de la Serna, non-nahi dagoen figura».

Aipatu idazlan nagusi horrez gain, Benito Gutierrez jaunak ekoitzitako gainerako ekoizpen zientifikoan, dozena bat monografia eta artikulu pasa zituen moldiztegitik. Esan behar da Benito Gutierrez doktore-graduaren inbestidura jaso zuen ekitaldi ospetsuan irakurri zuela Discurso acerca del origen, desarrollo y estado actual de la Ciencia del Derecho hitzaldia, 1853an. Berehala erakutsi zuen Zuzenbidearen Historia gustuko zuela Cujasi eta mos gallicus delakoari eskainitako azterlan luze batean: «Estudios sobre las obras del jurisconsulto Cujas», zenbaki desberdinetan argitaratua 1858tik 1859ra. Hain zuzen, haien aldezlea eta zalea zen. 1866an, Examen histórico del Derecho penal liburua argitaratu zuen, aldi baterako bete zuen zuzenbide penalaren katedra testuliburu batez hornitzearren.

Jurisprudentzia eta Legegintzaren Madrilgo Errege Akademiako kidea izan zen, bai eta Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademia kontserbadoreagoarena ere. Bi foro akademiko horietan, jarduera nabarmena izan zuen. Bigarren akademian, hitzaldi bat eman zuen 1879ko urtarrilaren 14an: Influencia que en todos los tiempos ha ejercido el derecho de propiedad, y fines importantes que hoy está llamado a cumplir. Hitzaldian, historikoki jabetza bete izan duen eragin eta gizarte-helburuak aztertu ziren, sozialismoaren garai horretako ikusmoldeak kritikatuz. Hitzaldi horrek lotura estua du aurreko urtean 1876-1877 ikasturte akademikoaren irekiera zela-eta emandako hitzaldiarekin, zeinaren izenburua Influencia del principio democrático sobre el Derecho izan baitzen. Bi kasuetan ere argi geratzen da jabetza-eskubidearen arloko espezialista zela, eta ideologiaz oso kontserbadorea. «Influencia del principio democrático sobre el derecho privado» hitzaldian, Gutierrezek, Napoleonen miresle kodegintzaren gaian, honako galdera hau egiten zuen: «Kode horiek inposizioa izan ziren ala demokraziaren inspirazio natural eta espontaneoa?». Eskola historikoaren eta filosofiko edo iusnaturalistaren arteko erdibidean, kodetu beharraren defendatzaile irmoa zen, baina lege propioen funtsari uko egin gabe. 1879an, Italiako Erresumako Zigor Kodearen proiektuari buruzko lan garrantzitsua irakurri zuen: «Observaciones al estudio de M. Víctor Molinier sobre el proyecto de Código Penal para el Reino de Italia». 1881ean, aitatasunari buruzko ikerketa judizialari buruzko beste bat irakurri zuen, eta, 1884an, dibortzioaz arduratu zen, berrikuspen kritiko baten bidez. Berrikuspen hori, aldi berean, ezkontzari buruzko legeria konparatuaren azterlan oso bat zen.

Akademiko eta irakasleaz gain, azken hori izanik bere dedikazio lehena eta nagusia, Gutierrez bere garaiko politikan konprometitu zen, betiere urruneko edo «irakasle» jarrera batez, Fabiek Senatuan Kodeaz eztabaidatu zenean leporatu zion bezala. Burgosko Gorteetako diputatu hautatu zuten 1865eko abenduko hauteskundeetan, gutxiengo moderatuan lerrokatuta. 1867ko hurrengo legegintzaldian, Alderdi Kontserbadorean aukeratu zuten. 1868ko Iraultzak amaiera eman zion haren ibilbide politikoari, eta Unibertsitatera itzuli zen, harik eta Berrezarkuntzako lehen gobernuak biziarteko senatari gisa jardun zezan erreklamatu zuen arte, 1879an hautatuta. Hain zuzen ere, bere senatari-ibilbidean Prozedura Zibilaren Legea erreformatzeko batzordean eta Merkataritza Kodea erreformatzeko proiektuan parte hartu zuen. Senatuan egoteari utzi eta Kodegintzaren Batzorde Nagusian sartu zen buru-belarri. Orduan, 1884ko hauteskundeetan, Goi Ganberara itzuli zen, Silvela ministroak 1885eko urtarrilean aurkeztu Kode Zibilaren Oinarrien Legearen proiektuaren eztabaidan parte hartzeko eta, egin zuen bezala, hura defendatzeko. Gertaera historiko horregatik gogoratzen zaio batez ere.

1885eko urtarrilaren 7ko Errege Dekretuak, baldintza eta oinarri batzuen arabera Kode Zibila argitaratzeko Gobernuari ahalmena ematen zion lege-egitasmoak, senatari-lanetan hitza hartzera eraman zuen Benito Gutierrez. Horixe egin zuen otsailaren 19tik apirilaren 29ra bitartean egindako hamaika bilkuratan, zehazki. Eztabaidan, Gutierrezek eraman zuen egitasmoaren zuzenketei erantzuna emateko pisu nagusia. Beste senatari batzuek kodegintza-eredu hari eraso egin zioten, «inprobisatua» zelakoan, eta lurralde-eskubide historikoei amore eman zielakoan; bera, ordea, beharrezkotzat jo zuen kodegintzaren alde agertzea, Zuzenbidearen Historian konstante bat zelakoan. Halaxe jazo baitzen Justinianorekin, Fuero Juzgon eta Partidetan. Haatik, eutsi egiten zion foru-zuzenbideak errespetatzeko hartu zuen formulari, lehenago Bugallalek 1880an eta Alonso Martinezek 1882an proposatu bezala, eta ez zuen onartu Gaztelako Zuzenbidea eta foru-zuzenbidea lege-gorputz bakarrean bateratu ahal izatea, ez eta tratatuka gehigarri bereziak eransteko metodoa ere. Horren ordez, gehigarri orokorren sistema aldeztu zuen, noiz eta Espainiako eskualdeetako ordezkariek idatzitako txostenak onespena aho batez lortu ez zuten unean eta eztabaidatzen ari zirenean. Bada, orduan, nola egin kodetzea? Bazen bide bat: askatasunarena, bizirik zeuden eta gordetzea interesgarri ikusten ziren instituzioak kodera transkribatuz, hala nola Bizkaiak, Nafarroak, Kataluniak eta Aragoik berezko zuten testamentua egiteko askatasuna. Haatik, askatasun hori nekez onar zitekeen Gaztelan. Beste bide bat instituzio komuna jartzea izango litzateke, eta eranskin bidez, erreformak. Esate baterako, Gaztelako enfiteusia Kataluniakoa zen; erregulazio komunari rabassa morta eta Galiziako foroak gehituko genizkioke, baina hortik ez litzateke batasuna sortuko, nahasmendua baizik. Salbuespenek erregelak baino munta gehiago izateko arriskua zegoen. Hirugarrenik, tratatuei gehigarriak erants zekizkiokeen, baina hori ez zen zientifikoa izango. Geroago, eztabaidan, Gutierrezek kodearen izaera laburbilduko zuen, honako hitz hauen bidez: «Egungo legeriaren funtsari eusten bazaio eta berrikuntza arriskutsurik sartzen ez bada, metodoa, sinpletasuna eta argitasuna oso lagungarriak izango dira eraikina denek nahi bezala altxatzeko». 1885eko maiatzean, Senatuan Oinarrien Legea onartu zenetik, utzi egin zion parte hartzeari hainbeste ahalegin egin zuen gainerako izapideetan. Eztabaida gertatu zen hilabeteetan gaixotasunak ahulduta, urte bereko irailean hil zen.

Lassok eta Barok beren idazlanetan zehaztu dute Gutierrezek Kodearen proiektua idazten parte hartu zuela: «talde-lana izan zen, baina [Unibertsitate] Zentraleko irakasleak protagonismo handia hartu zuen». Ikuspuntu materialetik, Gutierrezen parte-hartzea erabakigarria izan zen hura egiten eta itxuratzen, lau liburutan egituratzea baldintzatu baitzuen; gainera, artikulu askoren egilea izan zen. Gogora ekarri behar da haren Códigos idazlanak hedapen handia izan zuela eta, hain zuzen, 1889ko Kodea idatzi zuen batzordea haren metodoari lotu zitzaiola: lau liburutan, Justinianoren modura. Gutierrezen inspirazioaren ondorioz, Alonso Martinezek Kongresuan gogoraraziko zuen bezala, erromatarren sistema edo indizea hobetsi zen beste edozeinen gainetik. Gauzak horrela, Instituta-ren plana jarraitu zen, «foru-herrialdeak, izan ere, harekin ohituta daude, zuzenbide erromatarra ordezkoa baitute», arreta jarriz herrialde haietan Kode Zibilak berak beteko zuen ordezko eginkizunari. Material juridikoen antolaketaren alderdi horrexeri dagokionez, Gutierrezi zor zaio, halaber, dohaintzaren titulua III. liburuan sartzea, jabetza eskuratzeko moduen artean. Izan ere, besteak beste, «mortis causa dohaintzek inoiz ez lukete izango benetako kontratu baten edukia». Gutierrezek Tratatuan baztertu zuen aukera Senatuan defendatu zuen, eta horixe gogorarazi zioten Senatuko eztabaidan; berak, berriz, apaltasunez erantzun zion okertu egin zela. Kode-proiektuaren artikuluetan parte hartzeari dagokionez, Benito Gutierrez izan zen aktiboenetako bat, eta honako txosten hauek idatzi zituen: absentzia, seme-alaba ez-legitimoen filiazioa, ondasun-erkidegoa, gozamena, erabilera eta biztantzea. Geroagoko eztabaidetan, bere ekimenez, bertakoen eta atzerritarren arteko berdintasun-printzipioa sartu zen; aldiz, 1851ko proiektuak elkarrekikotasuna aldeztu zuen. III. eta IV. liburuak 1882ko urtarriletik hara egin ziren. Fase horretan, Gutierrez arduratu zen III. liburuko txostengile-lanetan, oinordetza-zuzenbidearen hainbat alderdiri buruz, hala nola ondasun erreserbagarriak, gehiagotzeko eskubidea, jaraunspenaren onarpena eta arbuioa, inbentario-onura, inbentarioa eta hartzekodunek hala eskatutako banantzea. 1884ko azaroan, ataleko presidenteak Gutierrez proposatu zuen foru-probintzietako senatarien oharrak azter zitzan, bai eta idatzitako lehenengo bi liburuak berrikus zitzan ere. Hori guztia ataleko kide guztiek aztertu aurretik.

Kode Zibilaren proiektua idazten parte hartuz eta Gorteetan hura defendatuz, haren izena gure garaiko liburu juridiko nagusiari loturik geratu zen.

Obrak

Discurso acerca del origen, desarrollo y estado actual de la Ciencia del Derecho, por D. Benito Gutiérrez y Fernández, abogado del Ilustre Colegio de esta Corte, Madrid: Imp. a cargo de D. Antonio Perez Dubrull, 1853, 14 or.

«Estudios sobre las obras del jurisconsulto Cujas», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 12 (1858-1859), 450-463. or.; 13. zk., 25-31. or.; 14. zk, 128-142. or.

«De la prohibición de testar por incapacidad mental», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 15 (1859), 249-260. or.

«Del depósito de la mujer soltera por causa de matrimonio», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 16 (1860), 395-403. or.

«Penas correccionales», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 18 (1861), 647-659. or.

Examen histórico del Derecho penal, Madrid: Imp. de Antonio Peñuelas, 1866.

Códigos o Estudios fundamentales sobre el Derecho civil español, Madrid: Libª. de Sánchez, 1862-1875 (azken edizioa, Madrid, 1884-1886), 7. libk.

«Del pacto de retro», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 52 (1878), 609-615. or.

Influencia que en todos los tiempos ha ejercido el derecho de propiedad, y fines importantes que hoy está llamado a cumplir, Discurso leído en la Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, Madrid: Tip. Viuda e Hija de A. Peñuelas, 1879.

«Influencias del principio democrático en el Derecho privado. Discurso de apertura del curso académico 1876-1877», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, XLIX, 1876, eta in Antología de los discursos de ingreso en la Real Academia de Ciencias Morales y Políticas en su primer centenario, I. libk., Madrid, 1958.

«Observaciones al estudio de M. Víctor Molinier sobre el proyecto de Código Penal para el Reino de Italia», Memorias de la Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, IV. libk., Madrid, 1883.

«Investigación judicial de la paternidad», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 51 (1881).

«El divorcio», Revista General de Legislación y Jurisprudencia, 1885, eta Memorias de la Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, V-VI. libk., Madrid, 1884-1889.

Bibliografia

DOMÍNGUEZ NAFRÍA, J. C., El jurisconsulto Benito Gutiérrez, entre la Historia y la Razón, Madrid: Colegio de Registradores de la Propiedad y Mercantiles de España, 1997.

GIBERT, R., «Benito Gutiérrez: redactor y orador del Código civil», Centenario del Código civil, Madrid, 1993, 133-213. or.

ITURRIAK

CARVAJAL, J. «Elogio póstumo en la Real Academia de Jurisprudencia y Legislación, el 7 de diciembre de 1885. El discurso se recogió como “apéndice cuarto”», Memoria leída en la Real Academia de Jurisprudencia y Legislación, en la Sesión inaugural del curso 1886 a 1887, Madrid, 1887, 59-80. or.

DE LA CONCHA CASTAÑEDA, J. «Necrología de D. Benito Gutiérrez Fernández. Real Academia de Ciencias Morales y Políticas el 23 de marzo de 1886», Necrologías de los señores académicos de número, fallecidos desde 1º de julio de 1885, 17-35. zk., Madrid, 1898.

LORENTE, R., «Necrología. Don Benito Gutiérrez y Fernández», La Crónica Legislativa, 2 (1885), 309-313. or.

UREÑA Y SMENJAUD, R., «Benito Gutiérrez Fernández», Jurisconsultos españoles. Biografías de los Presidentes de la Academia y de los jurisconsultos anteriores al siglo XX inscritos en sus lápidas, I, Madrid, 1911, 243-251. or.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP