Karguak eta lanbideak
Urgelleko gotzaina eta Andorrako printzekidea. Kanonista
Ibilbidea
Zaraitzu ibarreko Espartzan jaio zen (1659). Zuzenbide ikasketak Salamancako Santa Cruz ikastetxean egin zituen, eta han bertan lortu zuen Zuzenbide kanonikoko doktoretza. Orreagako kalonje izendatu zuten 1688an. Ezaguna da Aldude mendiko mugako gatazka konpontzeko agindua zuen prokuradorea zelarik egin zuen lana. Baztan, Erroibar, Luzaide eta Orreagako Ordezkarien Batzarrak izendatu zuen eginkizun horretarako 1703an, eta hari buruzko txostena idatzi zen 1708ko uztailean. Urte hartan Nafarroatik alde egin zuen, Leongo San Isidoro Kolegiatako abade-kargua hartzeko, eta han egon zen 1714an Urgelleko gotzain eta Andorrako printzekide izendatu zuten arte. Han agintean zelarik sinodo diozesiar bat antolatu zuen eta Urgelleko katedraleko teologia-lektoretzako kalonjetza sortu zuen, bere iloba Jose Carlos Apeztegi Guindari eman ziona. Gainera, mojen komentu bat sortu eta diruz hornitu zuen, neska gazteen hezkuntzarako. San Julián de Loira (Andorra) hirian hil zen, 1737ko abuztuaren 27an. Haren idatziak, Aldudeko gatazkari buruzko txostena alde batera utzita, doktrina kristauaren bilduma batean zentratu ziren.
Obrak
Breu Compendi de la doctrine christiana que per beneficie de ses subdits, Barcelona, d.g. Berrarg. Barcelona: Pere Escuder, 1750.
Bibliografia
Arvizu Galarraga, F., El conflicto de los Alduides (Pirineo navarro). Estudio institucional de los problemas de límites, pastos y facerías según documentación inédita de los archivos franceses (siglos xvii-xix), Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1992.
Jimeno Aranguren, R., «Guinda Apéztegui, Simeón (1659-1737)», in Peláez, M. J., eta Sánchez-Bayón, A. (zuzk). Diccionario de canonistas y eclesiasticistas europeos y americanos (I). 1369 semblanzas del año 1000 al 2015, Saarbrücken: Editorial Académica Española-AV Akademikerverlag GMBH & Co. KG, 2012, 210. or.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Guinda Apeztegui, Simeon”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 557-558.





