Karguak eta lanbideak
Historialaria, artxibozaina eta Bilboko Udal liburuzaina
Ibilbidea
Alphonse Guiard eta Juliana Larrauri senar-emazteentzat Teofilo Salvador Guiard hamaikagarren haurra izan zen, zortzigarren semea. Alphonse Frantziako St. Beat herribilduan jaio zen, Garona Garaiaren departamentuan eta bere aita, harakina izateaz gain, ostalaritzan aritzen omen zen. Ekonomikoki bizimodu erosoa zuten. Alphonse argazkilari ibiltari bezala hasi zen lanean, Pontevedra eta Donostian lan egiten zuten anaien ereduari jarraituz, eta Bilbora joan zen 1857an Plaza Barriko lokal batean optika bat irekitzeko. Negozio hori Kapelagile kaleko 1. zenbakira aldatu zuen 1860 aldera. Bere lokaletan gertatutako suteek hasiera zaildu zioten arren, azkenean nolabaiteko ospea lortu zuen Hiribilduan, eta horri esker familia Posta kaleko etxebizitza batean ezarri ahal izan zen. Bere negozioan ez zituen soilik produktu optikoak saltzen (betaurrekoak edo lupak), horiez gain, irin fabriketako galbaheentzako orrazi eta oihalekin bitartekari lanak egiten zituen bere anaiekin batera.
Teofilok 1893an burutu zuen batxilergoa Bilboko Eskola-Institutuan. Handik Salamancara joan zen unibertsitate ikasketak egiteko. 1900. urtean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, eta bi urte beranduago Madrilgo Unibertsitate Zentralean doktoretza eskuratu zuen. Bere aita hil ondotik, ama eta Blanca eta Maria arrebak laguntzen aritu zen, optika eta argazkilaritza negozioa baliatuta. Ezkongabea izan zen eta Posta kaleko 25. zenbakiko familia etxean bizi izan zen 1945ean bronkitisak jota hil zen arte. Ezagutu zutenek sakonki erlijiotsua, eskuzabala eta onbera zela esaten zuten.
Bere heziketa akademikoa bukatu eta gero, ikerketa lanari ekin zion Bilboko Udal Artxiboan. Bere obra nagusiak hiribilduko historiari eta bertako erakunde nagusiei buruzkoak dira. Bildumaren lehen lana Historia de la Noble Villa de Bilbao lan mardula izan zen, 1905 eta 1912 urteen artean argitaratu ziren lau liburukiz osatua. Lehen liburukiaren argitalpen kostuak autoreak berak ordaindu zituen, eta hiribilduaren historia bildu zuen bertan, 1300. urtean sortu zenetik 1600.era.
1906an bigarren liburukia argitaratu zuen, hiribilduan XVII. mendean gertatutakoa jasoz. 1908an XVIII. mendea lantzen zuen hirugarren liburukia aurkeztu zuen eta 1912an laugarren eta azkena. Bertan XIX. mendeaz aritu zen, baina Lehen Karlistaldiaren hasierara arte iritsi zen soilik, 1836ra arte. Guztiarekin ere, berak osatutako jarraipen laburtuago bat kontsulta daiteke Geografía General del País Vasco-Navarro lanean Bilbori buruz egin zuen ekarpenean. Francesc Carreras Candi geografo katalanak zuzendutako lana da, Bartzelonan 1911 eta 1921 artean argitaratua. Guiardek Bizkaiari buruzko liburukian egindako ekarpena, Carmelo de Echegarayk idatzia, XX. mende hasieran bukatzen da. Argi dago, ordea, horrek ez duela Historia de la noble villa de Bilbao laneko liburuki batek edo batzuek eman zezaketen maila erdiesten. Guiardek Udal Artxiboan eta Bizkaiko Aldundikoan gordetako dokumentazio aberatsa jaso zuen lau liburuki horietan.
1913 eta 1914 artean Historia del Consulado y Casa de Contratación de Bilbao y del Comercio de la Villa argitaratu zuen. Bi liburukitan, Bilboko Kontsulatuak bere bizitza luzean zehar (1511-1830) jasandako aldaketak eta egindako ibilbidea deskribatu eta aztertu zituen. Lan xehea eta zehatza da eta, gaur egun ere, ezin utzizkoa da hiribilduaren eta are herrialdearen historia ezagutzeko. Autoreak berak hitzaurrean adierazten duenez, Bilbok beste herri batzuekin izandako itsas- eta merkataritza-harremanen gaineko zirriborro bat da, artxiboetan gordetako lekukotasunak aztertuz egindakoa —ia guztiak argitaragabeak—. 1830. urtean bukatzen da Kontsulatuaren desagerpenarekin eta hura ordeztu zuen Merkataritza Batzordearen sorrerarekin. Bigarren horrek ibilbide laburra egin zuen, hainbat esperientzia laburren ondoren, 1886an Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberak bere lekua hartu baitzuen.
Erabilitako dokumentazioa antolatu eta gordetzeko kudeaketetan ere parte hartu zuen historialariak. Egiteko garrantzitsua izan zen, Kontsulatuaren, Merkataritza Epaitegiaren eta Merkataritza Batzordearen funtsetako dokumentuak Udalaren esku geratu baitziren 1897an, Sustapen Ministerioak hala aginduta.
Guiarden hirugarren lan esanguratsuena La industria naval vizcaína (Anotaciones históricas y estadísticas) da, 1917an argitaratua. Euskalduna ontziolaren sortzaileak eskatu zion lan hori egitea, Ramón de la Sota y Llanok. Enpresak berak ordaindu zuen luxuzko edizio hura, bere anaiaren irudiak eta grabatuak ere biltzen zituena. Alfonso Guiard margolari ezaguna aurreko urtean hila zen. Liburu hori berrogeita hamar urte beranduago berrargitaratu zuen Villar liburu-dendak.
Aipatu ditugun lan monografikoez gain, Guiardek parte hartze nabarmena izan zuen hainbat konferentzia-ziklotan, idatzizko hedabidetan eta baita instituzio organoetan ere. 1918an Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren lehen Biltzarrean parte hartu zuen Bizkaiaren itsas historiari buruzko lan batekin. Bilboko Kontsulatuaren Ordenantzak bertan behera uztearen ehungarren urteurrenaren harira, Bilboko Zuzenbide eta Gizarte Zientzien Akademiak konferentzia ziklo bat antolatu zuen, eta Teofilo ere bertan izan zen. «Noticias de la fundación, desenvolvimiento y extinción del consulado de Bilbao» izenburua zuen lana 1930eko abenduaren 3an irakurri zuen, eta aurrerago argitaratu egin zuten.
Guiarden kazetaritza ekoizpen oparoa Bilboko egunkari eta aldizkarietan agertu zen batez ere. Bertako historiari, ohiturei eta abarri buruzko hainbat gai landu zituen bere artikulu eta kolaborazio ugarietan. Arazo nagusia da askotan ez dela bere izena ageri, eta soilik zeharkako erreferentzien bidez egotz dakizkiokeela honako edo halako artikuluak. Horren adibide da, esaterako, bera hil ondoren, 1966an, argitaratutako Escudo y toponimia de Bilbao lana. Antonio de Guezala margolari ospetsu eta Euskal Artisten Elkarteko sortzaileak hiribilduko armarriari buruzko ekarpena egin zuen, baina ikerketa heraldikoan Guiardek lagundu zuela aipatzen zen.
Bere azken urteetan, historialari bilbotarrak herrialdearen toponimia eta onomastika aztertzeko ekimen handi bat bultzatu zuen. Egun galdua da, baina bera hil ondotik argitaratutako bilduma batean material horietako batzuk jaso ziren, sinadurarik gabe zeuden zenbait lanekin batera.
Historia de Bilbao lanari esker lortutako meritu eta oihartzunak zirela medio, 1911. urtean Historiaren Errege Akademiako kide urgazle izendatu zuten, eta horrekin loturik, Bizkaiko Monumentuen Batzordeko kide egin zuten, 1908. urteaz geroztik berrantolatua izan baitzen. Bertan idazkari lanak egin zituen lehendabizi eta, gerora, presidente izatera iritsi zen. Erakundearen Buletinean zenbait lan eta proposamen argitaratu zituen, besteak beste, Bilboko Kontsulatuaren artxiboa gordetzeari buruzko bat. Eskuhartze aktiboa izan zuen Batzordeak bere jardueragatik jasotzen zituen materialak gordeko behar zuen lokala aurkitzeko lanetan. Hala, 1921ean inauguratu zen Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoaren oinarria ezarri zuela esan liteke.
Bere lanaren aintzatespen bezala, eta hiribilduko Artxibo Historikoa antolatzeko zegoen beharragatik, Guiard Bilboko ohorezko kronikari izendatu zuten 1912an, eta artxibozain-liburuzain lanetan hasi zen. Kargua 1919an bereganatu zuen eta horretan aritu zen 1944an erretiratu zen arte —ez hala nahi zuelako, halabeharrez baizik, ikusmena eta entzumena galtzen ari zelako—. Urte horietan guztietan katalogazio eta inbentario lan xehea egin zuen udal espediente guztiekin eta Gernikako korregidorearen epaiketa funtsak katalogatzen eta antolatzen ere lagundu zuen.
Bere jarduera politikoaz den bezainbatean, Guiardek lehen euskal abertzaletasunarekin bat egin zuen. Hala ere, alderdiarekin harreman korapilatsua izan zuen eta soilik momentu zehatzetan gauzatu zen. 1895ean Bilboko Euskeldun Batzokiko kide zen, baina desadostasun nabarmenak izan zituen Arana anaiekin, Bizkai Buru Batzarrak antolaketa irekia izan behar zuela defendatzen baitzuen. Bi urte geroago, Salamancan lizentziatura bukatu eta berehala, Sabino Aranak birgaitutzat jo zuen, Loiolan gogo-jardunak egin ondoren agertutako aldaketagatik, eta Baserrittarra astekariko zuzendari izendatu zuen, karlismoari aurre egiteko helburuz. Aranak zentsura gainditu nahi zuen horrela, Bizkaitarra aurretik itxia baitzioten, lehen aldizkari abertzalea. Nolanahi ere zen, Guiardek kargua utzi zuen lehendabiziko sei zenbakiak argitaratu eta gero, 1897ko ekainean. Dirudienez, erabaki horren atzean Arana anaien eta Euskalerria Elkartekoen (horiek liberalak eta espainolistak) arteko ezadostasun politikoak egon ziren. Ematen du Teofilok harreman ona zuela azken talde horrekin eta Arana anaiek, Baserrittarra baliatuta, beren erasoen jomugan jarri zituzten, karlistak alde batera utzita, gutxienez uda hartan.
1897a eta gero, Guiardek EAJrekin harremanetan jarraitu zuen, zeharka bazen ere. 1904an Angel Zabalak, Sabino Aranaren ordezkoak, barne araudi bat sortzeko saiakera egin zuen espetxetik, eta Guiard hartu zuen, beste batzuekin batera, marko orokorra idazteko. 1912an, alderdiko kide izan ez arren, Melequiades Alvarezen errepublikanoekin harremanetan jartzen saiatu zen batzorde nazionalistan parte hartu zuen Eduardo de Landeta eta Francisco de Ulaciarekin batera. Haien asmoa Euskal Herriarentzat autonomia zabala lortzeko plataforma amankomun bat sortzea zen. Orduz geroztik politika alde batera utzi zuela ematen du, 1945ean hil zen arte militante abertzalea izan bazen ere.
Guiard pertsona gogoangarri bezala ageri da Bilboko historiografiaren historian. Bere nahas-mahasa eta estilo astuna kritikatuak izan dira. Andres de Mañaricuak Bilboko hiribilduko historiaren berrargitalpeneko hitzaurrean adierazi bezala: «ez dago lekurik irakurterraztasunarentzat historialari bilbotarraren lanean, are gutxiago hiribildu nobleari eskainitako liburukietan. Dena galtzen da dokumentazioaren eta datu historikoaren hobe beharrez, eta bere horretan uzten du dokumentuen transkripzio osoa, dela testuetan edo oharretan». Orrialde kopuru handiko kapituluek ez dute epigraferik ez buruan eta ezta testuan ere. Ez du aurkibiderik ematen, bai, ordea, geroago argitaratu zituen lanetan. Hala ere, bere garaiko historia idatzi zuen, garai hartan egin ohi zen bezala eta bere belaunaldiko arau historiografikoei atxikiz: interpretazio urria egin eta gertakariari eta dokumentuari erabat lotu. Guiarden obrak balio instrumental handia du, bildu zuen dokumentazio kopuru erraldoiagatik, Udal Artxiboan kontsultatzeko zaila izanik.
Balio hori agerian uzten dute 1968 eta 1974 artean egin ziren bere hiru monografia lan handienen berrargitalpenek. Historia de Bilbao y la Historia del Consulado de Bilbao lana La Gran Enciclopedia Vasca-k argitaratu zuen, hainbat sarrera interesgarri gehituta. Historia de la noble villa de Bilbao lanari V. liburuki bat gehitu zioten, gorago aipatu dugun Carreras Candiren Geografía General del País Vasco-Navarro bildumaren Bizkaiko liburukian argitaratutako Bilbori buruzko testua gaineratuz. Azkenik, La Industria naval vizcaína Villar liburu-dendak argitaratu zuen. Era berean, horren erakusle da Bizkaiko Kultura Batzordeak Historia de la Villa de Bilbao lanean kontsultak egitea errazteko asmoz aurkibide toponimiko eta onomastikoak gehitu eta lana berriro argitaratu izana, jatorrizko lanak ez baitzuen aurkibiderik. Pedro de Garmendia Goyetche hasi zen 1954an Jose Simon Diaz historialariak argitaratu zituen aurkibide horiek egiten. Garmendia Guiarden ordezko izan zen Udal Artxibo eta Liburutegian, aurretik Guiarden laguntzaile aritua baitzen bertan, eta 1945. urtearen hondarrean bat-batean hil zen. Haren hitzetan, Guiard «XVI. mendeko bilbotarra zen; hobeki, zehatzago, ezagutzen baitzuen 1400. urteko Bilbo bere garaikoa baino, eta hiribildua bere tradiziozko erdigunetik lekualdatu zuenetik, ez zen zabalgunean agertu ere egin». Hil ondoren, bere material eta zirriborro ugari geratu ziren Udalaren lokaletan. Bere etxean utzitakoak Manuel Basas artxibozain berriaren eskuetara pasa ziren, Guiarden oinordekoek hori nolatan gertatu zen oso ongi jakin gabe. Udalaren jabetza, beraz, eztabaidagai izan zen.
Obrak
«La estufa», Centenario, II (1900), 17-18. or.
Historia de la Noble Villa de Bilbao, Bilbo: José Astuy, 1905-1908, 3 libk.
«De la costumbre de los chacolíes», Novedades, I, 22 (1909ko azaroak 21).
«Informe de P. Alzola y T. Guiard sobre la lauda de Urízar en la iglesia de San Pedro de Dima», BCMV, IV (1912), 81-84. or.
«Lauda de Pero López de Vitoria», BCMV, IV (1912), 90-104. or.
Historia de la Noble Villa de Bilbao, Bilbo: José Astuy, 1912, IV. libk.
«Correspondencia entre los consulados de Nantes y Bilbao», BCMV, IV (1912), 127- 140. or., 237-243; V (1913), 63-. or., 59-. or. eta VI (1914), 61-70. or.
Historia del Consulado y Casa de Contratación de Bilbao y del Comercio de la Villa, Bilbo: José Astuy, 1913, I. libk.
Historia del Consulado y Casa de Contratación de Bilbao y del Comercio de la Villa, Bilbo: José Astuy, 1914. II. libk.
«Escrituras y cartas de pago en razón del Retablo del altar mayor de la iglesia de Santiago de Bilbao, retablo del maestro Guiot de Baugrant», BCMV, V (1913), 33-46. or, eta VI (1914), 105-112. or.
«Moción de los Sres. San pelayo y Guiard solicitando el archivo del consulado y casa de contratación, para que sea ordenado y custodiado», BCMV, VI (1914), 9-11. or.
«Las pesquerías de Terranova y los vascos», Euzkadi, XII (1915), 315-318. or.
«Los vascos de los historiadores griegos y romanos y los vascongados», Euzkadi, XII (1915), 242-256. or.
La industria naval vizcaína (Anotaciones históricas y estadísticas desde sus orígenes hasta 1917), Bilbo: Bilbaína de Artes Gráficas, 1917.
«Historia marítima de Vizcaya [resumen de conferencia]», Primer Congreso de Estudios Vascos, Bilbo: J. J. Rochelt, 1919, 618. or.
«La villa de Bilbao», in CARRERAS CANDI, F., Geografía General del País Vasco-Navarro, V. libk, Vizcaya, Barcelona: Alberto Martín, 1921. Berrarg. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1980, V. libk, 411-670. or.
«Noticia de la fundación, desenvolvimiento y extensión del consulado de Bilbao. Conferencia leída por D. Teófilo Guiard y Larrauri en la Academia de Derecho y Ciencias Sociales de Bilbao en la noche del 3 de diciembre de 1930», in ACADEMIA DE DERECHO Y CIENCIAS SOCIALES DE BILBAO, Las Ordenanzas del Consulado de Bilbao. Tres conferencias con motivo de su derogación, Bilbo: Casa de Misericordia, 1931, 9-44. or.
«La Villa de Bilbao», Jornadas de la Semana Pedagógica de Vizcaya, 1933ko maiatzaren 28tik ekainaren 4ra, Bilbo: Casa de Misericordia, 1934.
«La Villa de Bilbao», Vida Vasca. Industria, Comercio, Arte, Literatura, XX (1943), 233-248. or.
SIMÓN DÍAZ, J. (arg.) eta GARMENDIA GOYECHE, P., Índices de la historia de la noble villa de Bilbao: 1300-1836, Bilbo: Junta de Cultura de Vizcaya, 1954.
GUEZALA, A.-rekin, Escudo de Bilbao. Toponimia de Bilbao, Bilbo: Libª. Villar, 1966.
La industria naval vizcaína (Anotaciones históricas y estadísticas desde sus orígenes hasta 1917), 2. arg., Bilbo: Biblioteca Bascongada Villar, 1968.
Historia de la Noble Villa de Bilbao, 2. arg., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1971-1974.
Historia del Consulado y Casa de Contratación de la villa de Bilbao, 2. arg., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972.
Bibliografia
ALONSO OLEA, E., «Teofilo Salvador Guiard y Larrauri (1876-1945)», Bidebarrieta, 1 (1996), 211-233. or.
CORCUERA, J., Orígenes, ideología y organización del nacionalismo vasco, 1876-1904, Madrid: Siglo XXI, 1979, 438 or.
GÓMEZ TEJEDOR, J., Remembranzas de un viejo bilbaíno, Bilbo: BBK, 1993.
MEES, L., Nacionalismo vasco, movimiento obrero y cuestión social (1903-1923), Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 1992, 134. or.
OLÁBARRI GORTÁZAR, I., eta ARANA PÉREZ, I., «Bilbao, 1839-1936: Estado de la cuestión y perspectivas de investigación», Bidebarrieta, 13 (2003), 11-147. or.





