Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

GUERRA BARRENA [GERRA BARRENA], Juan Carlos (Donostia, 1860ko abenduak 27 – Arrasate, Gipuzkoa, 1941eko urriak 2).

Karguak eta lanbideak

 Historialaria, genealogista eta abokatua

Ibilbidea

Arrasateko Juan Carlos de Guerra (1802-1864) medikuaren eta Justiniana de [Ezeiza-]Barrena (1824-1896) andrearen seme bakarra izan zen (bi arrebak umetan hil ziren). Txiki-txikitan, aita hil zitzaion. Guerratarrak herriko burgesia hasiberriko familia haietako bat izan ziren, gehienbat lanbide liberalei lotutakoak, XIX. mendean zehar probintzian boterea eta omena hartuz joandakoak eta, zenbaitetan, Gorteraino bertaraino iritsitako sare bat osatu zutena; horren adibidea da Gorosabel familia, hau da, guerratarren ahaide eta herrikideak.

Juan Carlos Guerrak Madrilen bukatu zituen Zuzenbide ikasketak 1883an eta, 1884az geroztik, abokatu jardun zuen Arrasaten. Eta hantxe bizi izan zen beti, familiaren Gerraenea izeneko etxean.

Madrilen ikasi zuen bitartean, artxibo asko bisitatu, testuak kopiatu eta bildu, eta ezin konta ahala ohar idatzi zituen. Badirudi orduantxe hasi zela pentsatzen eta programatzen —eta, hein handian, baita burutu ere— bizitzan luzaro landuko zituen edizioak eta lanak. Ikerlana, batez ere, Liburutegi Nazionaleko eskuidatzien atalean eta Historiaren Errege Akademian egin zuen. Maiz joaten zenez, eta, gaztetan agertu zuen erudizioa zela eta, Akademiako kide urgazle egin zuten gazte-gaztea zelarik (1887), 27 urte soilik zituela, hain zuzen ere.

Arrasaten kokatua, Felisa de Palacios Lopetedi andrearekin ezkondu zen 1891ko ekainaren 5ean, hau da, Bidaniako Iriarte Jauregiko oinordekoaren alabarekin. Guerra bera bezala, Felisa lurraldeko familia «berri» (baina antzinako) horietakoa zen. Emazteak, bere koinatua eta ilobak (lizasoaindarrak) ekartzeaz gain, eusko-nafar aristokraziako familia ezagunez osaturiko ahaide-sarea ekarri zuen (Elio, Kortazar, etab.), eta hori, zalantzarik gabe, Guerraren oso gustukoa izan zen.

Guerraren garaian aldaketa handiak gertatu ziren bizitzako arlo guztietan. Bada, kultura arloan aritzea nolabaiteko zeharkakotasun sozialaren agerpenetako bat izan zen. Kultura, izan ere, errentadunen, elizgizonen eta lanbide liberalen topagunea zen, eta euskaltzaletasun literarioa eta historikoa hedatzen ahalegintzea izan zuen ezaugarri, besteak beste. Haien artean, pertsona ospetsuak aritu ziren, hala nola Serapio Muxika (1854-1941), Julio Urkixo (1871-1950), Domingo Agirre (1864-1920), Carmelo Etxegarai (1865-1925) edo Arturo Campion (1854-1937). Espiritu zientifiko berritzaile batek bultzaturik, eta azterlanak zorroztasun handiz eginik, adituen mugimendu hori Eusko Ikaskuntzaren ernamuinetako bat izan zen. 1918an, Guerrak txosten bat aurkeztu zuen Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzarrean (Oñati), hau da, Eusko Ikaskuntza bera sortu zuen biltzar hartan, «Lecciones de Genealogía y Heráldica» gaiari buruz.

Juan Carlos Guerrak, bere lanbidean aritzeaz gain, jarduera eruditu etengabea, zehatza eta nekagaitza egin zuen Historiaren, Genealogiaren eta Heraldikaren alorretan, eta horrexek eman dio ospea. Horrez gain, esaten zen atsegina zela euskaraz hizketan eta idazketan. Euskarazko testu zaharrak aztertu eta argitaratu zituen, eta Euskaltzaindiko kidea izan zen.

Euskal gizarteak beti izan du interesa familiaren historian eta genealogian, historien, usadioen eta ohituren ahozko transmisioaren euskarri gisa ulertua, bai eta hura esanahi identitario kolektibo gisa ulertua ere. «Erabilera genealogikoa» gizartean oso zabaldua zegoen, baina hura letratuen eta elizgizonen eskuetan zegoen. Juan Carlos Guerra lehena izan zen ulertzen erabilera sozial hori profesionalizatu beharra zegoela, eta horixe bera egin zuen, garai hartan Europan indarrean zeuden parametro zorrotzekin bat. Europako tradizio baten parte izan zen, hots, «antiquarians» (ezin termino aproposagoa) direlakoak Bretainia Handian, genealogiaren azterketa artxiboen ikerketan oinarriturik egin zedin ahalegindu zena. Eta, gainera, erabilera heraldikoen azterlanari lotua. Belaunaldi hartan, baziren filologoak, artxibozain profesionalak eta abokatuak, bai eta zenbait aristokrata ere, estamentuak galdutako omena kulturaren arloan berrezarri nahirik. Guerra Euskal Herriko genealogia modernoaren «aita»tzat jo daiteke, baina, ospe handiko pertsonak izan zituen ahalegin-kide, hala nola Jean de Jaurgain (1842-1920).

Ez dugu ahaztu behar erudizio genealogikoa izan zela XIX. mendearen bukaerako berrikuntza historiografikoaren eragileetako bat. Jarduera hura, izan ere, asegaitza izan zen artxiboak eta agiriak argira ateratzen, oso metodologia kritikoa sustatu zuen eta, paradoxikoa izan badaiteke ere, huraxe ere izan zenez harrokeria eta aisialdi hutsal aristokratikoen gune, jarduera hartan aritutako askoren jatorri sozialari eta ospe profesionalari esker, artxiboak irekitzeaz gain, balio handiko iturri eta lanen edizioak babestu ziren.

Garai hartako ikerketa bidean zailtasun handiak baziren ere, adituek sare-lanean ziharduten eta xehetasun historikoz, artxibo-erreferentziaz eta ohar erudituz beteriko gutun-truke nekagaitzean aritzen ziren, eta halaber, aldizkari jasoetan parte hartzen zuten —edota sustatzen zituzten—, haietako batzuk hedapen handikoak: ezagunenak Euskal-Erria eta Euskalerriaren Alde izan ziren, bai eta Revista Internacional de Estudios Vascos ere. Guerrak, halaber, hainbat artikulu Revista de Historia y genealogía española eta Rivista Araldica (Erroma) aldizkarietan argitaratu zituen.

Guerraren gutun sorta oso aberatsa da eta bere artxiboan dago gordea. Hiru ataletan saila daiteke: (1) Guerra eta Palacios familien gutunak, eta ahaide-sarearenak eta lagunenak; (2) Guerrari bere iritzi eruditua edo ikerlanetarako (ia beti, genealogikoak) datuak eskatzen dizkioten lagunen eta pertsonen gutunak; (3) bere adiskide historialari eta erudituekiko gutunak. Haien artean daude Estanislao J. Labairu, Arturo Campion, Carmelo eta Bonifacio Etxegarai, Serapio eta Gregorio Muxika, Fernando del Valle Lersundi, Francisco R. Uhagon, Jose Adriano Lizarralde, Gregorio Lopez de Bikuña; Luis Enrique Azarola eta Ramon Lafuente Machain amerikarrak; edota Alfontso XIII.aren Arma Erregea, Jose de Rujula, Ciadonchako markesa; gutun-trukea ere izan zuen Jose Manterola, Antonio Artzak, Resurreccion Maria Azkue, Edward S. Dodgson, Julio Urkixo eta Justo Garate euskaltzaleekin.

Juan Carlos Guerrak, dena dela, jarrera zertxobait anbiguoa hartu zuen. Europako mugimendu berritzaile hark ideologia demokratiko baten ernamuina zekarren berekin, «guztientzako genealogia» gisako bat, huraxe izaki haren arrakasta ulertzeko funtsezko osagaia. Guerrak, berriz, euskal eliteen eta maiorazko gailenen genealogia izan zuen beti nahiago, eta arrakastaz ibili zen bere auzokideen —eta, denborarekin, lagunen— artxiboetan. Haien artean zeuden Villafranca de Gaytango kondeak, Valleko kondeak, Monterrongo kondeak, etab.

Dena dela, 1928an hiztegi orokor bat argitaratu zuen, eta horrexek eman dio osperik handiena, Ensayo de un padrón histórico de Guipúzcoa según el orden de sus familias pobladoras, 3.400etik gora familiari buruzko erreferentziak jasota. Gipuzkoako fresko genealogiko izugarria da, hiztegi familiarraren moldean ondua. Lana aztertzen bada, ikusten da Deba garaiko familiak direla nagusi (Arrasate, Bergara, Leintz, Oñati, Legazpi…) eta, gehienetan, probintziak onartutako kaparetasunen aurkibide alfabetikoa dela —oso erabilgarria, artetik esateko—, Batzar Nagusiek 1773an inprimarazitako liburutik hartua.

Juan Carlos Guerra erreferente zientifikoa izan zen belaunaldi baterako. Horra, beraz, haren merituetako bat. Belaunaldi hartan, hainbat pertsona nabarmendu ziren, hala nola Antonio Gaytan de Ayala, Tolako markesa (1878-1960), Amadeo Delaunet Esnaola (1885-1958), genealogista eta bibliofiloa, Gonzalo Manso de Zuñiga (1902-1982) Donostiako San Telmo Museoko zuzendaria, edo Fernando del Valle Lersundi (1881-1970), izugarri ongi informatutako diletantea. Baina, haiekin batera, poliki-poliki, beste ikerlari batzuen izena eta obra ezagutu ziren, argitaratu gabea baitzegoen, baina interés handikoa; haien artean aipatzekoak dira Roman Lizarriturri (1886-1945) donostiarra, Vastameroliko konde ezkontidea eta Jose M.ª Diaz de Mendibil (1879-1967) gasteiztarra.

Bizitza osoan ikerlan zorrotza egitearekin batera, liburutegi oparoa osatu zuen bere intereseko arloetan. Biak ere, hau da, artxiboa eta liburutegia, Euskaltzaindian gordeak daude (Azkue Biblioteka).

Bere ohiko irizpide onarekin, Guerrak interes genealogiko eta heraldikoko agiriak erosi zituen, betiere bere ingurunerik hurbilenean, hau da, Arrasaten, Oñatin eta Leintz ibarrean. Bitxi dokumentalak berreskuratu izanaren meritua izan zuen; izan ere, Guerraren ekimenik ezean, ziur aski galduko ziren. Altxorrik preziatuena Arrasateko Bañez de Artazubiaga familiaren artxiboa da. Gipuzkoako Erdi Aroko familia-artxiborik onenetako bat da, dokumentuak 1403az geroztikoak baitira. Bere lanaren ordainsaritzat eskuratu zuen Guerrak artxibo hura, jada ahaztua dagoen leinu baten azken oinordekoetako batek ordainetan emana. Antzeko moduan ere eskuratu zuen Aramaioko Ibarrako Altzarte-Garai familiaren paper-sorta preziatu bat, eta Oro familiaren artxiboaren zati bat ere bai.

Guerra hil zenean, artxiboa eta liburutegia eskuz esku ibili ziren, harik eta Euskaltzaindiari dohaintzan eman zitzaizkion arte (1982), mugarik gabe zaindu eta kontserbatu zitzan. 1987-88an, Irargi. Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroak mikrofilmatu zuen (Eusko Jaurlaritza). 2005ean, kopiak digitalizatu ziren, eta funtsa «Badator» Euskadiko artxibo-sistemaren webgunean dago kontsultagai.

Obrak

(Hautaketa). 

«Euskaldunes ilustres. Los Iturralde de Oro (Leniz)», Euskal-Erria, XI (1884), 375-377, 384-390. or.

Ama Birjiña Aranzazu-koaren kondaira- On Juan Karlos Gerra-koak izkribatua, Donostia: Baroja, 1890, 34 or.

LIZASO, D. de, Nobiliario de los palacios, casas solares y linajes nobles de la M.N. y M.L. Guipúzcoa. Con una introducción de J. C. Guerra, Donostia: Imp. de la Provincia, 1901.

«La heráldica de San Ignacio de Loyola», Rivista Araldica, Roma, V (1907), 259-264, 322-338. or.

Estudios de heráldica vasca; comprende: el Diccionario heráldico de la nobleza guipuzcoana. La heráldica entre los Euskaldunas y las Lecciones de genealogía y heráldica, Donostia: J. Baroja e hijos, 1910, 356 or., 14 ; eta 3. edizioa zuzendua eta zabaldua. Donostia: Libª. Internacional, Imp. Casa Baroja, 1927, 489 or., 17 irudi.

«Las coplas de San Nicolás», Euskalerriaren Alde, I, 3 (1911), 65-69. or.

«Gaytán de Ayala», Rivista Araldica, Roma, X (1912).

«Linajes guipuzcoanos. La casa de Olasso», Revista de Historia y Genealogía Española, II (1913), 475-483. or.

«Documentos inéditos referentes a la villa de Segura y que se conservan en su Archivo Municipal», Revista de Historia y Genealogía Española, IV (1915), 267-273. or. Halaber in Euskal-Erria, LXXIII (1915), 90-98. or.

«Fruslerías vascas: un juego infantil», Euskalerriaren Alde, V, 97-98 (1915), 16-17. or.

MENDIETA, Fr. de, La Quarta y la Quinta parte de los annales de Vizcaya, J. C. de Guerra (arg.), Donostia: Hijos de J. Baroja, 1915.

«El mayorazgo de Oñate: escritura fundacional del mayorazgo de la villa de Oñate en el año de 1149 de la Encarnación del Señor», Euskalerriaren Alde, VIII, 169 (1918), 26-27. or.

«Armorial de linajes conocidos en el solar eúskaro», in CARRERAS CANDI, F., Geografía general del País Vasco-Navarro, VI. libk.: Provincias Vascongadas, [d.g.] [1918], 271-458. or.

«Lecciones de Genealogía y heráldica», Primer Congreso de Estudios Vascos, 1919, 688-714. or.

Viejos textos del idioma. Los cantares antiguos del Euskera, Donostia: Martín y Mena, 1924, 292. or.

Ensayo de un padrón histórico de Guipúzcoa según el orden de sus familias pobladoras, Donostia: Joaquín Muñoz-Baroja, 1928, 689. or.

«De los nobles hijos-dalgos. Hidalguías de nuestros archivos. Índice de las existentes en los archivos municipales de Oñate, Segura, Mondragón y Salinas de Leniz», Euskalerriaren Alde, 1929, XIX, 7, 331, 408 eta 472. or.

Oñacinos y Gamboinos, rol de banderizos vascos, con la memoria de las familias pobladoras de Bilbao en los siglos XIV y XV, Donostia: J. Muñoz y Baroja, 1930, 234. or., ilustr.

Ilustraciones genealógicas de Garibay referentes a los solares vascos. Donostia: Nueva Editorial, 1933, 235. or. 

Memorias documentales por vez primera publicadas en la Revista Internacional de Estudios Vascos, Donostia: [s.n.], 1935, 55 or. RIEVen aparteko tirada, 28. urtea, XXV. libk., 4 (1934) eta 39. urtea, XXVI. libk., 4 (1935). Edukia: «A propósito de las Juntas Generales de Guipúzcoa»; «Oñacinos y gamboinos: algunos documentos inéditos referentes a la época de los bandos en el País Vasco».


Bibliografia

BILBAO, J., Eusko Bibliographia, 3. libk., Bilbo, 1976, sub voce «Guerra Barrena, Juan Carlos».

ITURRIAK

ARRASATEKO UDALA, «Juan Carlos Guerraren funts dokumentala». https://www.arrasate.eus/eu/web/biblioteka/biblioteka-erabili/Helduen%20Biblioteka/tokiko-bilduma/juan-carlos-guerraren-funts-dokumentalak?set_language=eu (2023ko uztailak 24).

JUAN CARLOS GUERRAREN ARTXIBOA ETA LIBURUTEGIA. Euskaltzaindia (Bilbo). https://dokuklik.euskadi.eus/badator (2023ko uztailak 24).


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP