Karguak eta lanbideak
Kazetaria, saiakeragilea, eleberrigilea eta literatur kritikaria
Ibilbidea
Haren gurasoak Javier Grandmontagne bearnotarra eta Benita Otaegi zegamarra izan ziren. Aita arotza zen lanbidez, Barbadillo de Herrerosera lan bila joan eta, Francisco han jaio zen. Hamahiru urte zituela, Hondarribira bizitzera joan zen Klaudio Otaegi osaba idazle, musikari eta filologoarekin eta, hari esker, euskal kulturako zenbait pertsona ospetsu ezagutu zituen.
1888an, aita hil ondoren, Argentinara emigratu eta, han, Franciscok berak esanik, lan egin, izerdia bota, sufritu eta odola ere isuri zuen, denetariko lanbideetan arituta; hala nola, morroi, artzain, segalari, euskal gautxo, geltoki-mutil, igeltsero, aduana-zerbitzari, eta, azkenik, idazle.
1890ean, eta kontulari publiko titulua eskuratu eta gero, hiriburuan kokatu, Laurak Bat elkartearen inguruko euskaldunen artean barneratu, eta izen bereko organo sozialean hasi zen elkarlanean.
1893an, La Vasconia aldizkaria sortu zuen, Jose Rufo Uriarte bermeotarrarekin batera. Dena den, urteen joan-etorrian, mespretxu sakona sentitu zuen harenganako, Unamunori 1901ean kontatu zion bezala: «Uriarte ezjakintasun entziklopedikodun tipografoa da, labe garaia bezain egoskorra; gainera, bizkaitar dotorea da, alegia, erori ondoko Espainia gorrotatzen duten horietakoa».
Miguel de Unamunoren laguna baitzen, haren defentsan atera zen Buenos Airestik, Unamunok euskara gaitzetsi zuenean Bilboko lore-jokoetako hitzaldi entzutetsu hartan, hauxe adierazi baitzuen: «euskara ezgai da kultura modernorako».
1904an, Madrila bizitzera joan eta La Noche, Euskal-Erria, El Pueblo Vasco, El Tiempo, Caras y Caretas eta PBT hedabideetan idatzi zuen. 1910ean, Donostian kokatu ondoren, Jeronima Etxeberria zizurkildarrarekin ezkondu zen. Urte hartan bertan, Donostiako Prentsa Elkarteko lehen presidente izendatu zuten. 1906tik aurrera, La Prensa egunkariko berriemailea izan zen eta, geroago, La Nación egunkarikoa, biak ere Buenos Aireskoak.
Errepublikano liberal, federalista eta antizentralista izan zen, euskal nazionalismoaren aurkakoa, eta Primo de Riveraren diktadura txalotu zuen. Hala eta guztiz ere, uko egin zion Espainiak Argentinan zuen enbaxada bere gain hartzeko eskaintzari: «¿Ikusten al nauzu, dendari ohi martinfierrista naizen nerau, enbaxadore uniformez jantzita Gobernuaren Jauregitik ateratzen?».
98ko Belaunaldiko kide batzuek omenaldi bikaina egin zioten 1921eko ekainean, Franciscoren omena jendaurrean aitortzeko. Haien artean, Azorin, Eugenio D’Ors, Francisco Camba, Mariano Benlliure, Manuel Azaña, Jose Ortega y Gasset, Machado anaiak, Carlos Arniches, Juan Ramon Jimenez, Julio Romero de Torres eta Ramon Gomez de la Serna zeuden.
1930ean, Luis Torres kazetariaren Náufragos eleberriaren hitzaurrea idatzi zuen. Torres Heraldo de Aragón eta El Pueblo Vasco egunkarietan aritua zen lanean.
Beste goitizen batzuen artean, «Luis de Jaizquibel» erabili zuen; batetik, Luis Bonaparte filologoaren omenez, osaba Klaudio harekin aritu zelako lankidetzan; eta, bestetik, Jaizkibel, Donostia mendi horren magalean kokatua dagoelako.
Obrak
Teodoro Foronda: evoluciones de la sociedad argentina, Buenos Aires: Tip. La Vasconia, 1896.
La Maldonada: costumbres criollas, Buenos Aires: Imp. artística Buenos Aires, 1898.
Vivos, tilingos y locos lindos, (ilustrazioak: Giménez), Buenos Aires: Casa editora «Revista Nacional», 1901 (Buenos Aires: Biblioteca Nacional de España, Ediciones Colihue, 2005).
El avión, 1902. Antzezlan argitaragabea.
El ultraproteccionismo: conferencias dadas por Francisco Grandmontagne en Haro, Logroño y Valladolid los días 19, 20 y 27 de septiembre de 1908, 1908.
Paisajes de España: Galicia y Navarra, Buenos Aires: Comp. gráfica argentina de L. Montmasson, 1922.
Origen del progreso argentino: Una gran potencia en esbozo, Madrid: Artes gráficas, 1928.
Los inmigrantes prósperos, Madrid: Ed. Aguilar, 1933.
Los inmigrantes prósperos, Madrid: Editorial Aguilar, 1944 (1960).
Una gran potencia en esbozo: Origen del progreso argentino, Buenos Aires: Instituto Cultural Argentino, 1944. (Buenos Aires: El Elefante Blanco. Centro Cultural de España en Buenos Aires, 2002.)
La muerte del paganismo y otros ensayos, Madrid: Cultura Hispánica, 1977.
Ecos de la memoria: artículos burgaleses de Francisco Grandmontagne, Burgos: Edición de Juan Carlos Estébanez Gil, 2006.
Bibliografia
AGUIRRE SORONDO, J., «Francisco Grandmontagne Otaegui o el desarraigo de ida y vuelta», Euskonews, 2005. Online arg.: http://www.euskonews.eus/zbk/285/francisco-grandmontagne-otaegui-o-el-desarraigo-de-ida-y-vuelta/ar-0285015001C/ (2020ko irailak 8).
ARES, P., Grandmontagne: El escritor vascoespañol que se inició en la Pampa a fines del siglo XIX (1866-1936), Buenos Aires: Editorial Mainz, 2004.
ESTÉBANEZ GIL, J. C., Francisco Grandmontagne y la generación del 98: su aventura biográfica y literaria, Burgos: La Olmeda, 1998.
PÉREZ, F., Burgos y Grandmontagne: homenaje al escritor burgalés de la Generación del 98, en el cincuentenario de su muerte (1936-1986), Barbadillo de Herreros: Ayuntamiento, 1988.
RUBIO VELAZCO, C., «Francisco Grandmontagne. Nota biográfica», Burgense: Collectanea Scientifica, 28. libk., 2 (1987), 547-560. or.
SÁENZ HAYES, R., Páginas Escogidas (1920-1935), Madrid: Aguilar argitaletxea, 1966.
SIERRA GIL DE LA CUESTA, J., Francisco Grandmontagne: (un entorno olvidado del 98), Burgos: Diputación Provincial, 1983.
TELLECHEA IDIGORAS, J. I., El vasco Francisco de Grandmontagne: sus cartas a Miguel de Unamuno, Donostia: Camino Doktorearen taldea, 1990.
TORRY MENDIOROZ, E., «Figuras argentinas: A propósito de ‘Vivos, tilingos y locos lindos’ de Grandmontagne», Guregandik, 4. zk., Centro de Estudios Arturo Campión, Laprida, 2008. Online arg.: http://arturocampion.com.ar/libros/Guregandiks/gure4/lalo.15.pdf (2020ko irailak 20).
ZABALA AGUIRRE, J. R. eta ADURIZ OYARBIDE, I., «Francisco Grandmontagne (1866-1936) biografía y obra periodística», Mundaiz, 31 (1986), 101-116. or.





