Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

GOROSTIDI GUELBENZU [GOROSTIDI GELBENTZU], Angel (Madril, 1878ko otsailak 1 – Logroño, 1923).

Karguak eta lanbideak

Jurista, magistratua eta historialaria

Ibilbidea

Aitaren aldeko familia liberala eta foruzalea zen, eta hartan baziren jurista eta gizon publiko gipuzkoarrak, familia jatorriz getariarra baitzen, baina Angel jaio zenean, Madrilen kokatua zegoen. Hala ere, jaioterriarekiko loturari eutsi zion (familiak, izan ere, udak Getarian ematen zituen, Gorostidienea etxean). Angel de Gorostidi, zehazki, Francisco Gorostidi Albeniz (Madril, 1849ko urriak 12 – Getaria, 1919ko irailak 8) eta Maria Gelbentzu Etxart (Baiona – Getaria, 1920ko maiatzak 26) senar-emazteen seme zaharrena izan zen.

Aitak, Francisco Gorostidi Albenizek, Zuzenbidea ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Zentralean. Gorteetarako diputatu hautatu zuten Azpeitiko barrutian, 1876ko hauteskundeetan. Bere jarduera parlamentarioak foru erakundeen defentsa izan zuen ardatz, Canovas del Castilloren gobernuaren politika abolizionistaren aurka (horren adibidea da 1876ko uztailaren 18an foruen alde emaniko hitzaldia, Los Fueros y sus defensas lanaren V. tomoan bilduta). 1884an, barruti berean hautaturik, Diputatuen Kongresura itzuli zen hautagai kontserbadore gisa, gobernuaren gehiengoaren taldean sarturik. 1886ko bozetan, berriz ere hautatu zuten Gorteetarako diputatu, harako hartan Zumaiako barruti sortu berrian; barruti hura gehiengo kontserbadoreak onetsi zuen, Gorostidik hautatua izateko aukera handiagoa izan zezan. Legealdi hartan, Sagastaren gobernuaren oposizio kontserbadorearen taldean sartu zen. 1891n, Kongresuko eserlekua berritzeko saiakerak huts eginik, Parlamentura itzuli zen 1896an, sasiko parlamentari gisa. Senatari hautatu zuten Pontevedran. 1898an parlamentario postutik kargugabetu ondoren, Senatura itzultzen saiatu zen 1903an, hautetsi gisa edo biziarteko senatari gisa; bere gestioek, ordea, ez zuten fruiturik eman eta Parlamentuko bizitza alde batera utzi zuen.

Aitonak, Jose Maria de Gorostidi Bordagaraik (Getarian 1820an jaioa), Zuzenbidea ikasi zuen Oñatin eta Valladoliden. Maria Angela Albeniz Amestoirekin ezkondu zen, hau da, Pedro Albenizen konpositorearen alabarekin. 1845ean karrera judizialean sarturik, Justizia Auzitegi Goreneko fiskal kargua erdietsi zuen. 1868ko Iraultzaren ondorioz, kargutik kendu zuten, isabeldarra zelako. Alfontso XII.aren kausaren alde agertu izanaren ondorioz, Seiurteko osoan egoera berean iraun zuen. Alfontso tronuratu ondoren, ez zuen epailetzara itzuli nahi izan, foru erakundeak mantentzearen aldeko jarreraren eta Alfontso XII.a erregeari emandako babesaren artean aukeratu behar ez izateko.

Angel de Gorostidi Dolores Alonso Soto hogei urteko neskarekin ezkondu zen 1907an. Epaile gisa izandako lehen lantokian ezagutu zuen, Moguerren (Huelva). Herri horretan, alarguna bizi izan zen, senar-emazteen ondorengo bakarrarekin, hots, Juan Gorostidi Alonsorekin (Moguer, 1909 – Moguer, 2002). Semea abokatu ospetsua izan zen (Huelvako Abokatuen Elkargoko dekanoa), bai eta familia sustraitu zen herriko alkatea ere 1952an eta 1964an, Diputazio probintzialeko presidenteordea izateaz gainera.

Angel de Gorostidik Zuzenbide ikasketak Madrilgo Unibertsitate Zentralean egin eta 1897an bukatu zituen, bikain notarekin; hurrengo urtean, gainera, doktore gradua eskuratu zuen. 1899ko ekainean, Madrilgo Abokatuen Elkargoan kidetu eta abokatutzan jardun zuen, lanbide hura 1905an alde batera utzi zuen arte. 1906an, oposizio bidez, karrera judizialean sartu zen (anaia Jose Mariak ere bide bera hartu zuen eta, zendu zenean, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaile zebilen Sausen. 1920ko urriaren 26an Maria Blanca de Larrunbide Lepez de Samaniegorekin ezkondua, seme bat izan zuen, Francisco. Beste anaia bat, Juan Maria, Naufragoak Salbatzeko Espainiako Elkarteko ikuskaria izan zen). 1906tik 1923ra, destinoz destino ibili zen Espainian barrena, justizia administrazioarekin loturiko hainbat kargu beteta, hala nola lehen auzialdiko epailea Moguerren, Logrosánen, Frenegal de la Sierran, Montalbánen, Balaguerren eta Calahorran; fiskala, Valentzian eta, teniente fiskala, Gironan, Bilbon, Huescan eta Zaragozan; magistratua Badajozen, Huescan, Teruelen eta Logroñon, harik eta 45 urte zituela zendu zen arte, Logroñoko probintzia-entzutegiko magistratua zela.

Angel de Gorostidik dozenaka artikulu idatzi zituen askotariko gaiez; batez ere, Gipuzkoaz eta Getariaz, bai eta ontzigintza-historiaz ere. Halaber, paisaia, literatura eta artea jorratu zituen («Origen de la música vascongada», Euskalerriaren Alde aldizkarian). Artikulu gehienak Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zituen, berrogeita hamar lan baino gehiago 1901etik 1917ra; halaber, Geografia Elkartearen eta Naufragoak Salbatzeko Elkartearen buletinetan («D. Julián de Salazar y Garaigordia (medalla de oro)». Prentsan ere lanak idatzi zituen, Donostiako egunkari hauetan, hain zuzen: La Voz, El Liberal Guipuzcoano eta El Pueblo Vasco; orobat, Madrilgo Diario de La Marina eta Huelvako La Justicia bai eta Buenos Airesko La Baskonia ere (Argentina). Jurisprudentzia eta Legegintzaren Errege Akademian parte hartu zuen; eta 1918an, Historiaren Errege Akademiako kide urgazle hautatu zuten, Arabako probintziaren izenean. 

Idoia Arrieta historialariak Angel de Gorostidi y Guelbenzuren Getariako albisteak ele biko liburuan jasoak ditu bai Gorostidik Getariarekin loturik ondutako argitalpenak, bai ¡Guetaria! izenburuko bostehun orrialdetik gorako eskuizkribu argitaragabea ere. Egileak, gainera, getariarraren azterlan biografiko bat ere bildu du. Liburu horretako Sarrerako lerro batzuk ekarriko ditugu hona Gorostidiren lanaz: «Angel de Gorostidi y Guelbenzu Getariari buruzko lehen kronista da. […] Foru kontuez, Gipuzkoako historiaz eta itsas historiaz idatzi zuen, baina, batez ere, Getariako historia izan zuen hizpide. […] Bere lana oso ondo dokumentatuta dago, izan ere, Gipuzkoako artxibo ugari, Espainiako artxibo garrantzitsuenak nahiz artxibo pribatuak miatu zituen».


Obrak

Discurso acerca del tema ejercicio de la gracia de indulto leído por el licenciado Don Ángel de Gorostidi y Guelbenzu… el día 14 de diciembre de 1898 en el solemne acto de recibir la investidura de doctor en la Facultad de Derecho, Madrid: Litografía de la Viuda de Rodríguez, 1899.

Discurso del Sr. D. Ángel de Gorostidi y Guelbenzu pronunciado en la reunión extraordinaria y sesión pública celebrada el día 20 de marzo de 1906 en honra y memoria del Excmo. Sr. D. Jose Gómez de Arteche. Madrid: Imp. de Eduardo Arias, 1906.

¡Guetaria! (eskuizkribua). Julio de Urquijo funtsa. Koldo Mitxelena Liburutegia. Getariako Artxibo Historikoaren inbetarioa, 1906.

Oharra: ez dira hona ekarri aldizkari eta egunkarietan argitaratutako artikulu ugariak. Haien azaleko aipamena egin dugu artikuluaren mamian.

Bibliografia

ARRIETA ELIZALDE, I., Angel de Gorostidi y Guelbenzuren Getariako albisteak = Crónica de Getaria: Ángel de Gorostidi y Guelbenzu, Getaria: Getariako Udala, 2005.

IZETA, J. de eta BILBAO, J., Francisco Manuel de Egaña y Manterola y su tiempo: Zarauz 1816-1890, [s.l.: s.n.], 2009.

ITURRIAK

BENGOECHEA, J., «D. Ángel de Gorostidi y Guelbenzu», Euskal-Erria, 78 (1918), 338-341. or. 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP