Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

GONZALEZ, Tomas (Monforte de la Sierra, Salamanca, 1780 – Madril, 1833ko martxoak 16)

Karguak eta lanbideak

Artxibozaina eta historialaria

Ibilbidea

Plasenciako katedraleko kalonje eta Salamancako Unibertsitateko Erretorikako katedraduna izateaz gain, Rotako Auzitegiko epaile auditore eta Errege Kontseiluko kide izan zen. Historiaren Errege Akademiako kide urgazlea ere izan zen 1815. urtetik, eta bere lan nabarmenenak Simancas Artxiboaren ingurukoak dira. Koroak aginduta, artxiboa berrantolatu eta atontzen aritu zen, Independentzia gerraren eta tropa frantsesak igarotzearen ondorioz, biziki kalteturik geratu baitzen. Hala, Frantziara eramandako hainbat dokumentu jasotzeko ardura izan zuen. Simancas Artxiboak zuen dokumentazioa antolatzen aritu zen, eta hainbat aurkibide sortu zituen. Bere ezagutza dokumental sakonari esker, hainbat dokumentu historiko editatu zituen; besteak beste, inprentara eraman zuen Censo de población de las provincias y partidos de la Corona de Castilla en el siglo XVI.

Dokumentuak hain ongi ezagutzen zituenez, Simancas Artxiboan Koroaren euskal foruak ulertzeko modua babestuko zuten dokumentuak biltzeko eskatu zitzaion. Bilaketa horren helburu politiko-juridikoak Juan Antonio Llorentek zituenekin bat zetozen, eta elizgizonen arteko gutunetan jasota geratu ziren, esan baitzitzaien Koroak euskal lurraldeen «aurkaritza eta erreklamazio etengabeei» «dike bat jarri» nahi ziela, eta, bide batez, «foruen mugak» aztertu. Tomas Gonzalezek dokumentu historiko-juridikoak bilatu zituen, fo- ruzaleek foruak ulertzeko zuten moduaren aurka jotzeko, teoria erregezaleen mesedetan. Bilaketa lanak burutu zituelarik, argitara eman zuen Colección de cédulas, cartas-patentes, provisiones, reales órdenes y otros documentos concernientes a las provincias vascongadas, copiados de orden de S.M. de los registros, minutos y escrituras existentes en el Real Archivo de Simancas, y en los de las secretarías de Estado y del Despacho y otras oficinas de la corte. Konpilazioak lau liburuki ditu: lehendabiziko biak «Bizkaiko Konderri eta Jaurerriari» eskainiak, hirugarrena Gipuzkoako probintziari eta laugarrena Arabako pro- bintziari eta bere ermandadeei. Erdi Aroko dokumentuetatik hasi eta Euskal Probintzietan Errege Ogasunari Egindako Gehiegikerien Erreforma Batzordearen ebazpen garaikidera arteko dokumentazioa aurki daiteke bilduma horretan (zatika transkribatua II. liburukiko 402-419 orrialdeetan). Tomas Gonzalezek aukeraketa partzial eta zatikatua egin zuen, erregeak botere gehiago zuela irudi zezan, Chinchillaren ordenamenduan egin bezala. Gainera, hainbat autorek geroago salatu zutenez, transkribatutako testu askotan aldaketak egin zituen.

Ondoren, errege aginduz berriro ere, beste bi liburuki argitaratu zituen privilegios concedidos a varios pueblos y corporaciones de Castilla, Documentos que también obtuvo en el Archivo de Simancas izenburupean. Izenburuan argi adierazi bezala, euskal probintziei eskainitako lau liburukien jarraipena ziren. Bilduma horren helburua euskal lurraldeen pribilegioak Gaztelako Koroaren barnean lausotzea zen. Hala ageri da idatzirik Tomas Gonzalezek jasotako errege aginduan, bertan adierazi baitzitzaion euskal lurraldeei eskainitako dokumentuen «osagarri, gehigarri eta argigarri» izan behar zirela. Hau da, Mañaricuak adierazi bezala, Koroak eta historialariak Gaztelako eta euskal lurraldeetako dokumentuak batera argitaratu nahi izan zituzten, hala, «euren antzekotasunengatik pentsa baitzitekeen euskal foru erregimenak ez zuela deus berezirik».

Bilduma hori oinarrizkoa izan zen XIX. mendeko foruen kontrako autore liberalentzat, adibidez, Rafael de Navascuesentzat eta Manuel Sanchez Silvarentzat. Nolanahi ere, hemeretzigarren mendeko autore askok aurka egin zioten, Tomas Gonzalezek zatikako hautaketa egin zuelako eta testu originaletan ere manipulazioak egin zituelako. Horrekin loturik, Antonio Truebak salatu zuen, «jaso zituen isilpeko jarraibideetan, [Tomas Gonzalezi] dokumentuetan salbuetsitako probintzien aurka zihoazen hitz eta klausulak azpimarratzea eskatu» zitzaiola. Bestalde, Cayetano Manriquek ironikoki aipatu zituen Tomas Gonzalezen bihurrikeriak, kanonigoaren zehaztugabetasunak eta egindako aldaketak.

Obrak

Censo de población de las provincias y partidos de la Corona de Castilla en el siglo XVI, Madril: Errege moldiztegia, 1829.

Colección de cédulas, cartas-patentes, provisiones, reales órdenes y otros documentos concernientes a las provincias vascongadas, copiados de orden de S.M. de los registros, minutos y escrituras existentes en el Real Archivo de Simancas, y en los de las secretarías de Estado y del Despacho y otras oficinas de la corte, Madril: Errege moldiztegia, 1829-1830. 4 libk.

Colección de privilegios, franquezas, exenciones y fueros concedidos a varios pueblos y corporaciones de la Corona de Castilla, copiados de orden de S.M. de los registros del Real Archivo de Simancas. Sirve de continuación a la colección de documentos concernientes a las provincias vascongadas, V. libk., Madril: Errege moldiztegia, 1830;

VI. libk., Madril: D. M. de Burgosen moldiztegia, 1833.

Bibliografia

MANRIQUE, C., Tres rectificaciones forales a los discursos pronunciados por el señor Sánchez Silva en los días 28 y 29 de mayo, Madril: Gasset, Loma eta besteren moldiztegia, 1867.

MAÑARICÚA Y NUERE, A. E., Historiografía de Vizcaya, desde Lope García de Salazar a Labayru, Bilbo: Deustoko Unibertsitatea, 2012.

VIVANCOS GÓMEZ, M. C., «Tomás González», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/26749/ tomas-gonzalez (Kontsulta: 2019ko uztailak 15).

ITURRIAK

ESPAINIAKO LIBURUTEGI NAZIONALA, Papeles de Tomás González, comisionado regio en el Archivo de Simancas, 1827-1831, MSS/13201.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP