Karguak eta lanbideak
Politikaria, legelaria eta akademikoa
Ibilbidea
Iruñean jaio zen, familia aristokratiko baten barrenean. Ama Nafarroako Manuela Elio y Mencos zen, Vesollako markesen alaba. Aita, Teran jaioa, Sorian, Pedro Gonzalez de Castejon y Castejon zen, Vadilloko markesa; geroago semeak hartuko zuen izena, titulu hori jaso baitzuen 1879an. Beranduago, Beorlegiko baroi eta Arberoako bizkonde tituluak ere hartu zituen oinordetzan. Batxilergoa ikasi zuen Iruñeko institutuan, eta 1864an lortu zuen batxiler-titulua. Ondoren, Madrilgo unibertsitatean, Lege eta Zuzenbide Kanoniko ikasketak egin zituen. Lizentziatura 1870eko uztailean lortu zuen eta doktoretza 1872ko urtarrilean. Madrilgo San Lorentzo elizan ezkondu zen 1874ko urtarrilaren 15ean, Maria Ignacia Entrala Lennoyrekin. Bost seme-alaba izan zituzten: Pedro, Manuel, Hortensia, Francisco Javier eta Maria Dolores. Bere bizitzan, akademikotzat eta, batez ere, politikaritzat nabarmendu zen.
Lehenengoari dagokionez, 1876ko apirilaren 30ean hasi zen unibertsitateko irakasle, egun horretan hartu baitzuen lanpostua unibertsitate zentraleko Notariotza-eskolako irakasle laguntzaile gisa, eta bertan geratu zen bere irakaskuntza-ibilbide osoan zehar. 1876an Zuzenbide Fakultateko irakasle laguntzaile izendatu zuten. 1881ean katedradun supernumerario izatera iritsi zen. 1885ean, Zuzenbide Naturaleko elementuak irakasgaiko katedradun numerario izendatu zuten. Titulu akademiko horiez gain Jurisprudentziaren eta Legeriaren Errege Akademiako bazkide numerario, 1869tik, eta Zientzia Moral eta Politikoen Akademiako kide, 1904ko maiatzaren 15etik, ere izan zen. Gobernuan izan zituen goi-kargu guztiak gorabehera, inoiz ez zuen alde batera utzi bere irakaskuntza-lana, eta unean-unean bete zituen bere unibertsitate-betebeharrak.
Garaiko testuinguru intelektuala, zuzenbide naturalari dagokionez, hiru pentsamendu-korronte handik osatzen zuten: Krausismoa, irakaskuntza-erakunde askeari eta Francisco Giner de los Rios jaunari lotua; eskola historikoa eta neoeskolastika tomista, garai hartan Espainiako unibertsitatean nagusi zena. Gonzalez Castejon izan zen azken horren ordezkari nagusietako bat. Adibidez, aita santuen botere mundutarra defendatu zuen, pontifikatuaren askatasuna eta elizaren eskubideak bermatzen zituela uste baitzuen. Elizak hezkuntza publikoan parte hartzearen alde egin zuen, eta, oro har, izaera katolikoko iusnaturalismo nabarmena mantendu zuen, Espainian modu apalean sartzen hasi ziren tesi positibisten aurka. 1898an, Zuzenbide naturalari buruzko eskuliburu bat idatzi zuen. Eskuliburu hori, Mendizabal Martin eta Rodriguez de Cepedaren eskuliburuekin batera, garaiko garrantzitsuenetako bat izan daiteke, eta, beraz, eragin handiena izan zutenetako bat.
Haatik, ospe handiagoa izan zuen jarduera politikoagatik akademikoagatik baino. Ideia ultrakontserbadorekoa, figura politiko garrantzitsuenetako bat izan zen Maria Cristina de Habsburgoren erregeordetzan eta Alfontso XIII.aren erregealdiaren lehen urteetan. Alejandro Pidal y Monengandik oso hurbil zegoen eta elkarrekin Canovasen kontserbadoreen eskuinaldean kokatuko zen alderdi katoliko bat sortzen saiatu ziren. Proiektuaren ondorioz batasun katolikoa besterik ez zen sortu. Batasun katolikoa alderdi bat baino ongintzako elkarte bat izan zen, proiektutik hurbil zeuden pertsona politiko ospetsuak topo egin zezaketen elkartea (moderatuak eta karlistak, funtsean). Proiektuak ez zuen aurrera egin, 1884an Leon XIII.a aita santuak ideia bertan behera utzi eta Canovasen kontserbadoreekin bat egiteko agindu baitzien. Ondorioz, alderdi horretan sartu ziren.
Saiakera hori Vadilloko markesaren ibilbide politikoaren lehen urteetan gertatu zen. Behin talde kontserbadorean, gobernuaren eta erresumako administrazioaren kargu garrantzitsuenetako batzuk beteko zituen. Grazia eta Justiziako ministro, Nekazaritza, Industria, Merkataritza eta Herri Lanetako ministro eta Gobernazio ministro izan zen, hori guztia garaiko lau gobernutan. Gainera, kargu politiko ugari bete zituen, eta boteretik oso hurbil egon zen une oro, hori dela eta, garai hartako politikari kontserbadore garrantzitsuenetako bat bilakatu zen.
Eragin nazional horrek Nafarroan zuen oinarria, Iruñeko barrutian. Garai hartan, Nafarroa biztanlerian ia berdinak ziren zazpi hauteskunde-barrutitan banatzen zen. Iruñekoa ez zen hiriburura bakarrik mugatzen, probintziako ipar-ekialdeko zati handi bat hartzen zuen, esaterako, Altsasu eta Elizondo ere hartzen baitzituen. Bertan, Vadilloko markesa 12 aldiz hautatu zuten Gorteetako diputatua izateko: 1879-1881, 1884-1886, 1886-1890, 1891-1893, 1893-1896, 1896-1898, 1898-1899, 1899-1901, 1901-1903, 1903-1905, 1905-1907, 1914-1916. 1914an Alfonso XIII-ak biziarteko senatari izendatu zuen.
Vadillo markesaren hauteskunde-oinarria barrutiko herriek elikatu zuten Iruñeak berak baino gehiago. Hauteskundeetako garaipenak, neurri handi batean, alde liberaleko kontserbatzaileen eta karlisten artean babesa sortzeagatik gertatu ziren, katolizismoagatik bozkatzen baitzuten. Amalgama horrek «Carlo-Vadillismo» izena hartu zuen. Markesa etengabe goraipatzen zuten antzeko prentsan —Diario de Navarra eta El Eco de Navarra, bereziki— eta Iruñera iritsi izana gertaera handia izan zen. Probintziako ezagunak bertara joaten ziren Madrilen izan zezakeen eraginaren bila, eta funtsezko gizon bihurtu ziren nafarren zati baten ahotsa erresumako hiriburura eramateko.
Nafarroan eragin handia izan zuen. Probintziako barruti judizialak zatitzeaz arduratzen zen batzordeko kide izan zen; Iruñean lurrak saltzeaz arduratzen zen batzordean parte hartu zuen, eta desamortizazio-legeak aplikatzearen ondorioz Nafarroan sortutako gatazkak ebazteaz arduratu zen batzordeko presidentea izan zen. Esku hartu zuen Nafarroak 1903ko alkoholen gaineko zerga ezarri ez zezan eta mendiei buruzko foru legeriari euts ziezaion. Maila materialagoan, elizako eraikinak berreraikitzeko diru-kopuru handiak lortu zituen, hala nola Irurtzungo tenpluak, Iruñeko San Lorentzo eliza eta Iruñeko gotzain-jauregia. Era berean, «La conciliación» elkartearen alde egin zuen, eta hiriburuan nekazaritza-institutu bat sortzeko finantzaketa lortu zuen.
Obrak
Discurso leído al recibir el grado de Doctor en la facultad de Derecho (sección de civil y canónico) en la Universidad Central, Madrid: J. Antonio García, 1871.
Los Fueros y su defensa, Bilbo, 1877.
Mis ensayos poéticos o el álbum de mis recuerdos, 1885.
Hitzaurrea: Legislación foral de España, derecho civil vigente en Navarra, Madrid: Pedro Núñez, 1888.
El principio de autoridad en la vida social. Discurso leído en la Universidad Central en la solemne inauguración del curso académico de 1896 á 97, Francisco Javier González Castejón, Madrid: Imp. colonial., 1896.
Lecciones de Derecho Natural, Madrid: Hijos de M. G. Hernández, 1898 (2. ed., 1913).
Sobre el sentido y criterio que deben inspirar la reforma de las leyes e instituciones judiciales: Discurso doctor D. Francisco Javier González Castejón, ministro de Gracia y Justicia en la […] apertura de los tribunales […] 15 de septiembre de 1900, Madrid: Hijos de M. G. Hernández, 1900.
El principio secularizador en las sociedades modernas y su origen: Discurso leído ante la Real Academia de Ciencias Morales y Políticas el 15 de mayo de 1904, y contestación de D. Alejandro Pidal y Mon, Madrid: Imp. del Asilo de Huérfanos del Sagrado Corazón de Jesús, 1904.
Discurso pronunciado en el debate sobre la ley del «Candado» el día 18 de noviembre de 1910 en el Congreso de diputados, Madrid: Imp. de la Revista de Archivos, 1910.
Bibliografia
IBARRA, J., Biografías de los ilustres navarros del siglo XIX y parte del XX, Iruñea: Jesús Garcíaren inp., 1953.
LAYANA ILUNDÁIN, C., Comportamientos políticos en Navarra durante la Restauración: las elecciones generales entre 1876 y 1890, Doktoretza-tesia, Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 1997.
LLANO TORRES, A., Una aproximación a la Neoescolástica jurídica española de finales del siglo XIX: Francisco Javier González Castejón Elio, 1848-1919, Madrid: Madrilgo Complutense Unibertsitateko argitalpen zerbitzua, Zuzenbide Fakultatea, 2000.
OLABARRI GORTÁZAR, I., «Notas sobre la implantación, la estructura organizativa y el ideario de los partidos del turno en Navarra, 1901-1923», PV, 10. eranskina (1988), 317-330. or.
VÁZQUEZ DE PRADA TIFFE, M., «El marqués del Vadillo: figura clave del partido conservador en Navarra», Estudios de historia moderna y contemporánea: homenaje a Federico Suárez Verdeguer, Barcelona: Espasa-Calpe, 1991, 469-480. or.





