Karguak eta lanbideak
Iruñeko apezpiku hautatua eta kanonista
Ibilbidea
Azkoienen sortu zen 1481ean, eta gurasoak Tirapu eta Liberriko jaun Martin Goñi eta Maria Gurpide zituen. Batxiler titulua lortu zuen Zuzenbide kanonikoan eta Zuzenbide Zibilean Cahorseko Unibertsitatean (Frantzia, 1502), non, dirudienez, irakasle aritu zen. Nafarroara itzuli eta Jaitz (1503) eta Azkoien (1505) herrietako onuradun izendatu zuten, haren aitak jauregi bana baitzuen herri haietan. Nafarroako Errege Kontseiluko kide izendatu zuen Katalina Albretekoak (1509), eta bere etxeko zerbitzaria ere izendatu zuen. Albret etxearekiko leial izan zen beti. 1509aren amaieran doktoretza egin zuen Zuzenbide kanonikoan eta Zibilean Toulouseko Unibertsitatean, eta irakasle ere aritu zen han.
Iruñeko katedraleko kabildoko kidea izan zen 1510 eta 1511n, kanonigo eta diruzain gisa, eta lau ordena txikiak eta diakono-ordetza lortu zituen. Gaztelak Nafarroa konkistatu ondorengo urte istilutsuetan, erregearen anaia Amaneo Albret apezpikua falta zenez, elizbarrutiko bikario nagusia izan zen Remiro Goñi (1518). Urte hartan berean izendatu zuten taulako artxidiakono, eta 1519an aldatu zuen diruzain kargua Usungo artxidiakono izateko. Amaneo Albreten heriotzaren ondoren, katedraleko kabildoak, kanonigo beaumondar anitz falta zirela, Iruñeko apezpiku izendatu zuen (1520). Hautaketa hari betoa jarri zion Karlos I.ak (Nafarroako IV.a), Iruñeko prelatuak aurkezteko eskubidea aldarrikatuta. Enperadoreak Alessandro Cesarini kardinal erromatarra aukeratu zuen, eta hark administratu zuen elizbarrutia 1520 eta 1538 bitartean.
Remiro Goñik parte hartu zuen Asparrosko jaun Andres Foixek erresuma berreskuratzeko antolatu zuen kanpaina militarrean. Erresumaren berreskurapen saioak porrot egin izanak erbestera eraman zuen, Biarnora. Karlos I.ak barkatu eta indultua eman zion, 1524ko apirilaren 29an, eta Nafarroara itzuli zen. Prozesu judizial eklesiastiko nahiz sekular anitzetan parte hartu zuen. Cesarini apezpiku administratzaileak deitutako sinodoaren estatutuen egilea izan zen. Frantzisko Xabierkoaren familiarra izanik, bere eragina erabili zuen hark Iruñeko kalonjetza bat lor zezan. Haren eskuzabaltasuna Iruñeko Errukiko Andre Mariaren Ospitale Orokorra sortuta gauzatu zen (1525). Haren erabakiari men eginez, ospitale hori abandonatutako umeak jasotzen hasi zen Nafarroan, eta horregatik, xix. mendera arte, abandonatutako ume guztiek Goñi abizena eramaten zuten, haien ongilearen omenez.
1528an eskuratu zuen taulako artxidiakono kargua, Iruñeko katedraleko kabildoko kargurik aberatsena. Handik hamar urtera apezpikutza betegabearen errenten administratzailea izan zen (1538) eta azkenean bikario orokor, bisitatzaile eta epaile apostoliko izendatu zuten (1540).
Bere tratatu ospetsuena zigorgabetasun eklesiastikoari eskaini zion (De immvnitate ecclesiarvm, 1549). Gai horri buruzko klasikoa eta bakarra da, eta Martin Azpilkuetak laburtu zuen bere Enchiridion lanean. Haren beste lan bat De charitatiuo subsidio tractatus doctus, iuxta ac elegans (1550) izenburukoa izan zen, orduan karitatezko subsidioa deitzen zenari buruzko gogoeta egiten zuena, batez ere autoritate zibilek ezarritako zergen salbuespen eklesiastikoari buruzkoa. Argitaratu gabe gordetzen dira lege-testuen inguruko zenbait laudorio eta «aholku» jasotzen dituzten sei koaderno.
Obrak
De immvnitate ecclesiarvm quoad personas confugientes ad eas Tractatus Aureus, consuetudinique quotidianae perutilis, Toulouse, 1549. Berrargk. Toulouse, 1550; Barcelona, 1574; Casalemaggiore, 1582; Salamanca, 1589.
De charitatiuo subsidio tractatus doctus, iuxta ac elegans, Lyon, 1550. Berrarg. Lyon, 1551.
Bibliografia
García Barberena, T., Un canonista español: el doctor Don Remiro de Goñi. Su vida, su obra científica (1481-1554), Iruñea: Elizbarrutiko Apaiztegia, 1947.
Goñi Gaztambide, J., Historia de los obispos de Pamplona III. Siglo xvi, Iruñea: Nafarroako Gobernua-Eunsa, 1985.
Jimeno Aranguren, R., «Goñi Peralta, Remiro o Remigio de (1481-1554)», in Peláez, M. J., eta Sánchez-Bayón, A. (zuzk.), Diccionario de canonistas y eclesiasticistas europeos y americanos (I). 1369 semblanzas del año 1000 al 2015, Saarbrücken: Editorial Académica Española-AV Akademikerverlag GMBH & Co. KG, 2012, 199.-200. or.
Martínez de Aguirre, J., «Remiro de Goñi», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online Edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/34156/remiro-de-goni (2018ko irailaren 23an egindako kontsulta).
Núñez de Cepeda, M., La beneficencia en Navarra a través de los siglos, Iruñea: Salestarren Lanbide Eskolak, 1940, 180.-185. or.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Goñi Peralta, Remiro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 492-494.





