Karguak eta lanbideak
Enpresaburua eta politikari errepublikanoa
Ibilbidea
Aita, Domingo Goitia, Gipuzkoako burdingintzaren aitzindaria eta Beasaingo Fábrica de hierros de San Martín lantegiaren sortzailea eta akziodun nagusia izan zen; beraz, probintziako lehen labe garaia ezarri zuen. Francisco Goitiak Zuzenbide eta Ekonomia ikasketak egin eta, Bigarren Karlistaldia bukatzean, familiaren enpresa hartu zuen oinordetzan, hurrengo hamarkadetan bultzada handia emanda. Ingalaterrara joan zen burdingintzaren aurrerapen teknologikoak ezagutzeko eta, han, Siemens enpresaren patenteak eta makinak erosi zituen bere lantegirako. Langile galesak Beasainera joan ziren bertako beharginak prestatzeko eta, Calderería Guipuzcoana izenarekin, hura Espainiako lehen latorri-lantegia izan zen. 1887an, enpresa Sestaora lekualdatu zuen, beste enpresaburu batzuekin elkarturik, hala nola Etxeberria eta Ajuria anaiekin, eta bere negozioak hazten eta aurrera egiten joan ziren. 1890ean, La Iberia sozietate anonimoa sortu zuten eta, handik urte batzuetara (1902), enpresa hura Bizkaiko Labe Garaiak sozietate berrian sartu zen beste batzuekin batera, hau da, Espainiako erraldoi siderurgikoan.
Bitartean, urkixotarrekin kideturik, Beasaingo lantegia ere berrabiatu zuen; lehenik, La Maquinista Guipuzcoana izenarekin eta, 1901az geroztik, Fábrica de Vagones de Beasain izenpean. Lantegi hura, gainera, Goitiak berak bultzaturiko Sociedad Española de Construcciones Metálicas sozietatean sarturik egon zen, beste enpresa batzuekin batera, Espainiako enpresa metalikorik handienetako batzuk bilduta. Tren-materiala eginik, Beasaingo lantegiak, handik urte batzuetara, 1917an, Construcción Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) izena hartu zuen, eta Espainiako trenbide-eraikuntzako liderra izan zen, bai eta probintziako industria-enpresarik garrantzitsuena ere.
Guztiarekin ere, Sociedad Española de Piedra-Vidrio y Construcciones Garchey enpresa-proiektu berriaren porrotak erreka joarazirik, Francisco Goitia bizitza publikotik baztertu zen hil aurreko azken urteetan.
Enpresa-jardueran aritzearekin batera eta, hein handian, enpresaburu gisa zituen interesei loturik, Goitiak eginkizun nabarmena izan zuen politikagintzan, bi arlotan. Lehenik, enpresaburuek —katalanek eta euskaldunek, batez ere— bultzaturiko mugimendu protekzionistan sustatzaile saiatua izan zen, muga-zergen politikan gobernua presionatzeko. Horrela, 1891ko muga-zergaren onespena ondorio izan zuten aldarrikapenetan parte hartu zuen, Espainiako politika librekanbistari amaiera emateko; Bizkaiko Ekoizleen Ligaren sorreran aritzeaz gain, Gipuzkoako eite bereko erakundea sustatu eta liga-burua izan zen, eta Ekoizleen Liga Nazionaleko zuzendaria ere izan zen, probintzian zehar mitin jendetsuak antolatuta. Bigarrenik, Gipuzkoako errepublikanismo moderatuan izan zen kide. 1885ean Gipuzkoako errepublikanismo liberalaren La Voz de Guipúzcoa egunkariaren sorreran parte hartu zuen, eta, 1903an, Nicolas Salmeronek gidatutako Unión Republicana taldea sortzeko batzarrean, eta hartan alderdikide saiatua izan zen. Hurrengo urtean, 1904an, Liga Foral Autonomistaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Hura Gipuzkoako hainbat alderdi politikoren arteko batasun laburra izan zen, Alkoholen Legearen aurkako protesten giroan eta Kontzertu Ekonomikoaren kupoa berritzeko negoziazioen inguruan sortutakoa. Goitia Ligako Batzorde Kudeatzaileko kidea izateaz gain, haren ordezkaria izan zen Madrilen, eta hantxe bizi izan zen hainbat urtez. Halaber, Francisco Gaskuerekin batera, Ligaren manifestuen idazle nagusia izan zen, La Región Vasca prentsa-organoan artikulu asko argitaratuta.
Jarduera politikoak dira, hain zuzen, bere lan idatziaren oinarri. Prentsa errepublikazalean maiz idazteaz gain, Goitiak hainbat lan argitaratu zituen, haietako batzuk muga-zergen arloko politika protekzionistaren defentsari zuzenean lotuak; bereziki, tren-sektoreari zegozkionak, horrek interes handia baitzuen bere negozioetarako. Beste idazlan batzuetan, berriz, bere pentsamolde politikoa isuri zuen. Azken horiek agerian uzten dute nagusiki zer eragin jaso zituen. Eragin ingelesa, maiz joan baitzen herrialde hartara, harreman estua izanda; adibidez, gutun bidez, William Gladstone politikari liberalarekin. Hark, Britainia Handiko lehen ministroa zelarik, porrot egindako Home Rule delakoa sustatu zuen, Irlandako autonomia bultzatze aldera. Goitiak, hain zuzen ere, Irlandako eta Euskal Herriko kasuak alderatu eta aztertu zituen liburu batean, bien arteko alde argiak adierazita; izan ere, euskal kasuari zegokionez, ez zegoen erlijioaren auzirik, ezta Irlandak pairatutako menderatze ekonomikorik ere. Hala ere, britainiar uhartea adibidetzat hartu zuen euskaldunentzat, irmotasunez eta sendotasunez defenditzen baitzuten beharrezkoa zela erabateko autonomia administratiboa, eta Goitiak horren alde egin zuen sutsu bere idazlan guztietan.
Joaquín Costaren erregenerazionismoaren eraginak ere jaso zituen, biak ere Ekoizleen Liga Nazionalean egokitu baitziren, bai eta Kataluniako erregionalismo autonomistarenak ere. Goitiaren iritziz, Kataluniako mugimendu hura euskal foruzaletasunaren berpizkundearen bultzatzaile nagusia izan zen, ildo horrekin bat eginda.
Foruari buruz, Goitiak ez zuen onartzen hura jarrera atzerakoiekin lotzea, botere zibilaren nagusitasuna nabarmenduta eta Foruak klerikalismoarekin inolako loturarik ez zuela azpimarratuta, bat eginik bere jarrera antiklerikal garbiarekin. Goitiaren iritziz, Forua legedi jakintsua eta demokratikoa zen, giza berdintasunaren sustatzailea. Lege hura ez zen, ez zurruna, ez aldagaitza, errealitatera egokitzen joan baitzen, eta gaizki-ulertu bikoitz batek bakarrik eragin zuen Foruaren abolizioa ekarri zuen gerra zibila, hots, batetik, atzerakoiek haren defentsa egiteak, eta, bestetik, liberal isabeldarrak kontra egoteak, eta klerikalak ere egiten zuen horren errudun.
Ideia horiek hobekien irudikatzen dituen lana «autonomia mundiala» aztertzeari eskainitako huraxe izan zen. Liburuan, izan ere, Europako eta Amerikako politika autonomiko batzuen adibideak aztertu zituen eta, berriz ere Ingalaterrako adibideaz baliaturik (haren ustez, herrialde hura tradizioa eta aurrerabidea uztartzeko gauza baitzen), hitzez hitz «zorigaiztoko mania zentralistaren» amaiera aldarrikatu zuen, hura beharrezkoa baitzen, euskal foruak beharrezkoa zen autonomia administratibo horrekin parekatuta.
Goitiaren lana foruzaletasun liberal errepublikanoaren ildoaren adibide ona da, jarrera horrek leku garrantzitsua izan baitzuen Gipuzkoan XX. mendearen hasieran, erabateko autonomia administratiboa aldarrikatuta, betiere nazio espainiarrari leialtasun osoa erakutsita eta nazionalismo separatista errefusatuta. Gainera, beharrezkotzat jotzen zuten deszentralizazio administratibo horren defentsa, Euskal Probintzietarako ez ezik, Espainiako nazio osoarentzat ere egin zuten. Euskal Herrirako aldarrikatzen zuten foru berreskurapen hura, beraz, egiazko aukera zen Espainia bere onera ekartzeko ezinbestekoa zen autonomia administratiboaren aldeko politika hura gauzatzeko.
Obrak
La cuestión de Irlanda y la Bascongada, Donostia: Imp. de La Voz de Guipúzcoa, 1891.
Cuestión arancelaria: el material para ferrocarriles y la industria del país, Madrid: Fortanet, 1892.
et al., Moret como Ministro de Estado, Bilbo: Imp. de la Casa de Misericordia, 1893.
Revisión arancelaria: colección de artículos publicados en el periódico «España», Bilbo: Sociedad Bilbaína de Artes Gráficas, 1904.
Los Tratados de Comercio, Bilbo: Imp. de la Casa de Misericordia, 1905.
Autonomía Mundial. Concepto moderno de la autonomía y su aplicación a las regiones españolas, Barcelona: Tip. El Anuario de la Exportación, 1910.
Bibliografia
ARANA, I., La Liga Vizcaína de Productores y la política económica de la Restauración. 1894-1914. Relaciones entre el empresariado y el poder político, Bilbo: Caja de Ahorros Vizcaína, 1988.
CASTELLS, L., Fueros y Conciertos Económicos. La Liga Foral Autonomista de Guipúzcoa (1904-1906), Donostia: L. Haranburu, 1980.
GOITIA, T., Recordando mi vida, Barcelona: La Gaya Ciencia, 1979.
LEGORBURU, E., «Francisco Cándido de Goitia y Ostolaza (1850-1914)», in TORRES, E. (zuz.), Cien empresarios vascos, Madrid: Lid Editorial Empresarial, 2005.
— «Goitia y Ostolaza, Francisco Cándido», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg. http://dbe.rah.es/biografias/47312/francisco-candido-de-goitia-ostolaza (2020ko irailak 15).





