Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

GOICOECHEA ALDAMA, Sotero (Sotero Goikoetxea Aldama) (Bilbo, 1789ko apirilak 22 – ?).

Karguak eta lanbideak

 Merkataria, politikari lokala

Ibilbidea

Bilboko merkataria, Francisco Javier Goicoechea Dupuy eta Francisca Antonia Aldamaren semea. J. E. Delmasen arabera, txikitatik erakutsi zuen letrekiko zaletasuna, eta, dirudienez, Ingalaterrara bidali zuten ikastera. 1815ean, Maria Jacinta Ugarte Herrerarekin ezkondu zen, eta ezkontza hark beste bat ekarri zuen: 1816an bere anaia, Donato Goicoechea, bere koinata zen Micaela Ugarterekin ezkondu zen. Familia horrekiko loturak lehendabiziko liberalismoarekin konpromisorik handiena zuen Bilboko merkataritza sektorera hurbildu zuen. Ugartetarren anaia bat Tomas de Ganaren alabarekin ezkondu- rik zegoen, ontzi-alferez erretiratua, Bilboko alkate konstituzionala (1813) eta Bilboko Nazio Milizia Boluntarioaren komandantea hirurteko konstituzionalean. Bestalde, Sotero Goicoechearen arreba bat, Mauricia, Jose Maria Gaminde Mazarredorekin ezkondu zen, Victor Luisen anaia, liberal aurrerakoi ezaguna.

Sotero bera Milizia Nazionaleko kide izan zen, kabo bigarrena, hain zuzen ere, 1821eko apirileko altxamendu errealistari aurre egitera atera zen zutabean. Geroago, Bilboko erregidore eta bertako Kontsulatuko batzordekide izan zen. Estatus ekonomikoari dagokionez, bere jarduera komertzialetik ja- sotako diru-sarreraz gain, hainbat jabetza zituen Durangaldean —zehazki, bi etxalde Mañarian—, nahiz eta, 1833ko guda zibilean bertatik jasotako errenta xumea bahitu zioten.

Aditu batzuen arabera, Guia de la conversación en español e inglés (1834) argitaratu zuen, baina ezin izan dugu egiaztatu. Lehen karlistaldian gertatutako Bilboko setioei buruz idatzitako lan ugariak baitezpadakoak dira, eskaintzen duten informazio zehatzagatik. 1835ean, inprentara bidali zituen Bilboko setioari buruzko lehendabiziko Reseña eta gai beraren inguruan Bizkaiko komandante militarrari, Mirasolgo kondeari, eskainitako Memoria histórica. Reseña histórica del tercero para siempre memorable sitio (1836) lanak arazoak ekarri zizkion Francisco de Hormaeche foruzale moderatuarekin. Bilboko Defentsa Batzordeko idazkaria zen, eta saltzea debekatu zuen bere tesiak partzialegiak eta aurrerakoiegiak zirelakoan. Konstituzioak ematen zion eskubidea baliatuz, erreseina Historia de los dos últimos sitios de Bilbao (1837) lanean sartu zuen.

Liskarrak iraun bitartean, Compilador militar de Vizcaya: periódico militar, político, literario y comercial egunkaria sortu zuen, bera erredaktore bakarra izanik. Euskal lurraldean karlisten aurka borrokatu zen legio ingelesaretzat gida interesgarri bat ere idatzi zuen (A luminous guide for the British cooperative forces in Spain). Liburutxo horretan, Bizkaiko deskribapen geografiko eta etnografikoaz gain, ingeles-gaztelera-euskara hiztegi bat aurki daiteke, Markinako aldaera biltzen duena, autorearen ustez, hori baita dagoen garbiena.

Sotero Goicoechearen ustez, 1833-1839ko guda zibila bateraezinak ziren bi proiekturen arteko talkaren ondorio zen. Gatazkaren ikuspegi dikotomiko hori aise antzeman daiteke bere obra guztian zehar. Berarentzat, Bilbon ba- bes hartzen zuen polo liberal eta ilustratuak zibilizazioa zekarren, eta, garai hartan, Bizkaiko baserri giro basatiaren indarkeria bidezko oposizio latzena bizi zen. Bere iritziz, Carlos jaunaren jarraitzaileak, tartean bere oinarri soziala ziren baserritarrak eta lidergoan aritzen ziren handikiak, gaizkile, lapur, alproja, fanatiko eta ezjakin talde iluna ziren. Aitzitik, haur erreginarenak nazioko ilustratuak, maila aberatsetakoak, merkatariak eta antzetsuak ziren, Europa zibilizatuaren begikoak. Aurkakotasun bitar hori hain da konponezina, non, irtenbide bakarra karlisten kontrako biolentzia zen. Hala planteatu zuen A Luminous guiden, horrela deuseztatuko baitzituzten «Espainiako lau probintzia zoriontsuenetakoak suntsitu eta desohoratu dituzten munstroak».


Obrak

Reseña histórica del memorable Sitio de Bilbao. Leída en la sesión celebrada el día 20 de julio de 1835, Bilbo: N. Delmas, 1835. Ziurrenik berreditatua, bigarren edizio gehituan, Memoria histórica de los hechos ocurridos durante el memorable Sitio de Bilbao desde el 10 de junio hasta el 4 de julio izenburupean, Bilbo: Nicolás Delmas jaunaren moldiztegia, 1835.


Reseña histórica del tercero para siempre memorable sitio y ataque contra Bilbao: acom- pañada de notas ilustrativas, Bilbo: Nicolás Delmas jaunaren moldiztegia, 1836.


A luminous guide for the British cooperative forces in Spain on the principal subjects connected with particular information relative to the Basque Provinces, Baiona: La- maignère, 1836.


Reseña histórica del último sitio y defensa de Bilbao: con pormenores muy interesantes sobre los memorables acontecimientos ocurridos en los dos meses que ha durado, Madril: Yenesen moldiztegia, 1837.


Historia de los dos últimos sitios de Bilbao, durante los meses de octubre, noviembre y di- ciembre de 1836, Bilbo: Nicolás Delmas jaunaren moldiztegia, 1837.

 

Bibliografia

AUÑAMENDI, «Sotero Goicoechea», Auñamendi Euskal Entziklopedia, online  edizioa:  http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/goicoechea-sotero/ ar-66661/ (2019ko irailak 10ean kontsultatua).


DELMAS, J. E., Diccionario biográfico claros varones de Vizcaya, hitzaurrea, oharrak eta aurkibidea A. Rodríguez Herrerorenak, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970.


FERNÁNDEZ SEBASTIÁN, J., La génesis del fuerismo. Prensa e ideas políticas en la crisis del Antiguo Régimen (País Vasco, 1750-1840), Madril: Siglo XXI, 1991.


GUIARD LARRAURI, T., Historia de la Noble Villa de Bilbao, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1974 [1905], ed. faksimilea, aurkezpena eta oharrak A. Rodríguez Herrero- renak, 5 libk.


URQUIJO, J. R., «Los sitios de Bilbao», Cuadernos de Sección. Historia-Geografía, 10 (1988), 11-35. orr.


ITURRIAK


BIZKAIKO FORU AGIRITEGIA, Administrazioa, Gobernua eta Eliz Aferak, AJ02880/001. Durangoko distrituan bahitutako ondasunen administrazioa jaso- tzen duen liburua.


BIZKAIKO ELIZAREN HISTORI ARTXIBOA, Bilbo, Bataioak, sig. 0644-003-00, 136-137 (Sakramentuen erregistroak biltzen dituen datu basean kontsultatua https://dokuklik.euskadi.eus, signatura digitala ez dago eskuragarri).


BIZKAIKO ELIZAREN HISTORI ARTXIBOA, Bilbo, Ezkontzak, sig. 0648-002-00, 205-206; 232-233; 364, 421 (Sakramentuen erregistroak biltzen dituen datu basean kontsul- tatua https://dokuklik.euskadi.eus, signatura digitala ez dago eskuragarri).


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP