Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

GARTZI LOPEZ ORREAGAKOA(s. l., d. g. – Iruñea, 1437).

Karguak eta lanbideak

 Nafarroako Erresumako diruzaina eta erromantzean idatzitako Nafarroako errege-erreginen kronika baten egilea

Ibilbidea

Gartzi Lopez Orreagakoaren bizitza eta obraren azterketa monografikoa egin zuen M.ª Carmen Orkastegik, haren kronikaren 1977ko edizio kritikoaren bidez. Crónica del Príncipe de Viana lanaren iturri nagusitzat jotzen du Gartzia Lopezena, eta hortik egilearekiko interesa. Nolanahi dela ere, Gartzi Lopezek idatziriko Nafarroako historiak Jesu Kristorengandik 1405. urtera hartzen du kronologikoki, eta berebiziko garrantzia du, Karlos printzearen inguruan idatziriko kronika historikoaren oinarria izateaz harago.

Gartzi Lopez Orreagakoa, 1403ko abenduaren 4an izendatu zuten errege-etxeko diruzain, Bordelen sinatutako errege-aginduaren bidez, eta eginkizun horretan aritu zen 1437ko uztailaren 25ean hil zen arte. Iruñeko San Saturnino edo San Zernin burguko merkatari leinu bateko kidea zen. Lope aita Iruñeko Mesede Etxeko diru-biltzailea izan zen (1393), eta beste hainbat senide koroaren zerbitzura arituak ziren, hala nola Pedro Lopez Orreagakoa, seguru asko anaia, armadan (1390-1442) eta ostatuan (1415) egona, eta Salvador, erregearen zigiluzaina Iruñean (1411-1414) eta burguko alkatea (1424). Maria Motzarekin ezkondu zen, eta oso litekeena da bat-egite horrek zabaltzea monarkiaren burokrazia-zirkuluetarako sarbidea; izan ere, emaztearen aita, Pascual, San Nikolas herriko burges nagusietako bat zen, Kontuen Ganberako entzulea eta errege-aholkularia. Hala, Gartzi Lopez, besteak beste, aitaginarrebaren ordezko zen 1386rako, Mendialdeko merindadeko zerga-biltzaile eginkizunetan. Mariarekin ezkondu izanak berresten du ez zela fraidea izan. Alaba bat izan zuten, Maria Gartzia Motza, Oriz jauregiaren oinordekoa. Aitak erregearen konfiantzari esker eskuratu zuen jabetza hori, baita beste batzuk ere Zilegietan, Izkon eta Mugetan, eta ustez bizi zela besterendu zituen (1414). Iruñeko San Saturnino parrokian gorde diren dokumentu-lekukotzen arabera, litekeena da bertako parrokian lurperatua izatea.

Kronika-testua, Kontuen Ganberaren 1404ko liburukiaren hitzaurrea, Gartzi Lopezek diruzain-eginkizunean idatzitako lehen liburua da. Kronikak, hasiera batean, oihartzun eskasa izan zuen, errege-administrazioko kargudunen esparrutik kanpo, eta, beraz, boterearen zirkuluetatik harago; izan ere, Kontuen Ganberako entzuleen eta errege-ofizialen eskura baino ez zen egon liburua. Horren erakusle, kronikaren aurkezpena Pascual Motza, Juan Athaondo eta Pedro Gartzia Egirior epaileen aurrean egin zen, 1409ko apirilaren 30ean. Funtsezko hiru alderdiren berri ematen digu horrek. Lehena, egiletza; izan ere, ez da inolako zantzurik ageri kronika erregearen eskariz egin zela berresteko, baina nolanahi dela ere, erregearekiko hurbiltasunari esker izan bide zuen egileak lan horri heltzeko aukera, eta ez horrenbeste bere gaitasun intelektualei esker. Bigarrena, kronikaren data, 1404 eta 1409 artean osatu zela adierazten baitu. Narrazioaren beraren azken mugarria 1405ekoa da, liburukian bertan jasotzen denez (77. eta 80. kap.), baina horrek ez du esan nahi lau urteren buruan aurkeztu aurretik ez zenik moldatu eta osatu, dokumentaturik geratu denez. Hirugarrena, kronikaren hedapen-eremua; izan ere, xvi. mendera arte ez zitzaion arretarik jarri. Joan Sada, Nafarroako Diruzaintza Nagusiko burua eta administratzailea eta Kontuen Ganberako entzulea (1540-1575) izan zen, seguru asko, testua eskuratu eta 1404ko liburukitik bereizi zuena. Ondoren, kopiatzera eman zuen, mende horren erdialdera, gorde diren lau eskuizkribuen (B, B1, C eta D eskbu.) hitzaurreetan berresten denez. Hain zuzen, kronikaren zazpi ale ezagutzen dira gaur egun; xvi.  eta xix. mendeen artekoak dira aleak, eta liburutegi hauetako funtsen artean gorderik daude: Madrilgo Liburutegi Nazionala (A eta R eskbu.), Nafarroako Liburutegi Nagusia (B eskbu.), Nafarroako Errege Artxibo Nagusia (B1 eskbu.), Historiaren Madrilgo Errege Akademia (C eta D eskbu.) eta El Escorialeko Liburutegia (F eskbu.).

Kronikaren epigrafeetako batek berresten duenez (85.-87. kap.), egileak hainbat iturri erabili zituen idazteko. Teobaldo I.aren erregealdiaren aurreko narrazioaren oinarrian Nafarroako errege-erreginen albisteak daude, Ximenez Radakoak idatzitako De Rebus Hispaniae lanetik jasoak. Erdi Aro Berantiarreko Penintsulako historiografian eragin handikoa izan zen aipatutako lan hori. Iruñeko katedraletik etorrita, Bartolome de Lucca edo Ptolomeo de Fiadonibus (ca. 1236-1327) domingotarraren Historia Eclesiástica Nova erabil zezakeen, baita Crónicas de los Sanctos Padres los Papas kronika ere. Azken hori lehenaren laburpena da, ondorengo bildumariek egina. Vicente de Beauvaisen (ca. 1190-ca. 1267) Speculum Historiale lana ere baliatu zuen; obra horren azken sei liburuetan Frantziako erresumaren xii. eta xii. mendeetako historia jasotzen da, San Luisen lehen gurutzadara arte. C. Orkastegiren arabera, Nafarroako historiari buruzko idatziak ere erabili zituen; esate baterako, Nafarroako Foru Nagusiaren bi bertsio, Corónicas Navarras deiturikoak, Juan Athaondok utzitako kronika bat eta Simon Etxarrik utzitako beste batzuk, Gilen Anelier Tolosakoak (?-1291) Iruñeko gerra zibilari buruz idatzitako Kantua edo Poema, erresumako artxiboko dokumentazioa, ahozko albisteak eta tradizioak, Actas de San Saturnino lana, Liber Regum ezaguna eta, beharbada, identifikatzeko zailak diren beste iturri historiko batzuk.

Nafarroako geroztiko historiografiak nabarmendu duenez, bai kronika horrek bai Gartzia Eugikoaren aurrekoak, hutsune bat betetzen dute Nafarroako lan historikoen ekoizpenean; izan ere, xii. eta xiv. mendeen artean genealogia eta analisi arloko albiste urri batzuk baino ez ziren idatzi. Orobat, aztergai dugun kronikak Karlos II.aren (1349-1387) eta haren seme Karlos III.aren (1387-1404) erregealdiak izan zituen argumentuaren ardatz. Erresumako koroaren titularrek hainbat belaunaldi egin zituzten tronutik kanpo, Champagneko dinastiak (1234-1274) eta Frantziakoak (1274-1328) agintea hartu zutenetik, hain zuzen; hori dela eta, Evreuxko errege-erreginak Nafarroako oinetxean berriro finkatu zirenetik, Joana II.az geroztik, beharrezkoa zen memoria bat sortzea boterearen zerbitzura, memoria auliko bat Evreux etxearen eta, zehazki, Karlos III.aren proiektu politikoaren mesedetan. Errege-etxeak, diruzainetako baten eskutik eta gobernuaren organo nagusitik —Kontuen Ganbera— bere historia sortu, babestu eta landu zuen, eduki eta erreferentzia dinastikoz eta politikoz osaturiko koadro baten moduan, dinastiaren helburu eta jomugen zentzua eta funtzionaltasuna finkatzeko. Hain zuzen, kronikaren barne egiturak berak, eduki itxuraz heterogeneoarekin, horrela islatzen du hein batean. Hala, egileak, eduki-multzo itxuraz askotarikoa eta desberdina biltzen du zazpi atal edo kapitulutan, baina osotasunak erabateko zentzu ideologikoa eta kontzeptuala du. C. Orkastegiren edizio kritikoari jarraituz, hauxe da kronikaren antolaketa (A eskbu.): 1. Obra justifikatzeko sarrera (1.-4. kap.). 2. Nafarroako Erresumaren kronika historikoa Jesu Kristorengandik Karlos III.aren erregealdira (5.-84. kap.). 3. Erabilitako iturrien aipamena (85.-87. kap.). 4. Karlos III.aren koroatze-akta (88. kap.). 5. Bi eranskin, Frantziaren batasuna eta zatiketa eta Karlos III.aren jatorria (San Luis erregeraino) aztergai (89.-92. kap.). 6. Gartzi Lopez diruzainaren izendapenaren kopia, Bordelen 1403ko abenduaren 4an emana, erregeak Frantziara eginiko bidaiaren atarian (93. kap.). 7. Erregeak emazteari, Leonor erreginari, emaniko prokurazio-gutunaren kopia; 1403ko azaroaren 22an Donapaleun, aipatutako bidaiaren hasieran eman zion gutun hori (94. kap.).

Kronikaren argumentuaren muina, Karlos III.aren errege-irudia eta gobernua da, kontakizunak eta azken zatian biltzen dituen bi eranskinek agerian uzten dutenez. Beraz, Europa mendebaldeko testuinguru politiko korapilatsuan erregearen proiektu subiranoa eta familia-jatorria legitimatzea da testuaren xedea (89.-92. kap.): et como Navarra fue a la corona de Francia et después como Navarra fue sepparada de Francia, el escripvano lo ha puesto aquí, empues la iura del rey, somariament la manera, porque beilla cosa es de lo saber a qui no lo ha leydo. Item será puesta la manera como los reyes de Navarra son descendidos de Sant Loys de Francia de ambas partes. Kronika 1404. urte inguruan idatzia da, Karlosek Frantziara bigarren bidaia egin zuen garaitsuan (1403ko azarotik 1406ko martxora); Frantziako Karlos VI.arekin Parisko Ituna sinatuta amaitu zen bidaia hura (1404ko ekainaren 9an). Beraz, testua zer testuinguru politikotan sortu eta idatzi zen aintzat hartuta, tesi legitimatzaile horrek indar hartzen du. Gogoan izan behar da, itun horren bidez, errege nafarrak konponbidea eman ziola Valoisko etxearekin urte luzez izan zuen gatazkari. Erregeak, Champagne, Evreux eta Avranches konderrietako feudo frantsesei uko egin zien, baita Sena ibarraren eta Normandiaren artean zituen beste jabetza batzuei ere, trukean diru-konpentsazio bat jasota. Era berean, eta aparteko agiri batean, Cherbourgeko plaza estrategikoa ere (hiribildua, gaztelua eta gaztelu-lurraldea) Frantziaren esku utzi zuen, trukean 200.000 libera tornes jasota. Entregatutako lur horien konpentsazio gisa, halaber, han eta hemen sakabanatutako lurralde batzuen jabetza eskuratu zuen. Nemoursko dukerria osatu zuten lurralde horiek, eta erregearen leinuak Zuria Nafarroakoa hil zen arte (1441) eutsi zion jabetza horri.

Erregearen asmoa, Nafarroarako memoria propio bat osatzekoa, noiz eta erregealdiaren funtsezko une hartan, agerikoa da monarkak abiatu baino hilabete batzuk lehenago emandako testamentu-xedapenetan ere (1403ko ekainaren 11n abiatu zen Frantzia aldera). Xedapen horien arabera, bere mandatuan preso har zezaketela aurreikusi zuen erregeak, eta, horrela gertatuz gero, Cherbourgeko hiribildu eta gaztelu normandiarrarekin negoziatzeko agindu zuen. Hari beretik ulertu behar da erregeak Leonor emazteari 1403ko azaroaren 22an —bidaiaren hasieran, beraz— Donapaleun emandako prokurazio-gutuna. Horren bidez, bera kanpoan zen artean, ordura arteko gobernu-eredua bermatu nahi izan zuen. Laburbilduz, Gartzi Lopez Orreagakoaren lanaren muina eta ardatza Nafarroako errege-erreginen berri ematea da (quales et quantos han seydo reyes en Navarra, 4. kap), eta xede nagusia, berriz, erregearen boterea legitimatzea ez ezik Europako testuinguruan Nafarroaren identitatea nabarmentzea.

Jesu Kristoren gizon-egitea eta haren askapen-lana azaletik berrikusi ondoren (4. kap.), eta lan historikoaren mamian sarturik, kontakizunak Done Jakue eta San Saturnino partaide izan zituen hedapen apostolikoaren berri ematen du (5.-9. kap.). baita musulmanen sarreraren eta kristauen zenbait ekintzaren berri ere, Eneko Aritzaren erregealdira arte (10.-15. kap.). Azken horri buruz, honela dio kronikak: levantaron por rey veyendo la grant valentía que en él hera en armas, y quien descendió de las sierras et fizo grandes conquistas sobre moros en las planas de Pamplona et otras partes de Navarra. Hala, memoria historikoaren argumentu-harian barneraturik, kronikak berak narrazio-multzo oso azalekoa egiten du, harik eta Karlos II.aren (16.-48. kap.) eta haren seme eta oinordekoaren (49.-84. kap.) erregealdiak aztergai hartzen dituen arte. Egileak, behin eta berriro aipatzen eta justifikatzen ditu iturriak eta haien balio historikoa, eta ohartarazten du jakinean ari dela sintesi-lana egiten. Ez du deus aipatzen antzinaroan eta Erdi Aro goiztiarrean Baskoniako lurretan jazo ziren gertakariei buruz (erabili zituen iturri batzuek, modu generikoan, horrela esaten zieten lur horiei); izan ere, ez zuen aparteko interesik agertu gai horietan.

Idazkeraren soiltasuna gorabehera, eta datazio-akats eta jauzi kronologiko batzuk eta gertakarien hautaketa interesatua alde batera utzita, espezialisten iritziz hauxe da Nafarroako Erresumaren berezko lehen kronika. Izan ere, Penintsulako eta kontinenteko subiranotasunen sare hartan eta bereziki Frantziakoaren aurrean, Karlos III.a Evreuxkoaren errege-leinua duintzeko sortu eta egituratutako kronika da. Erregeak, une historiko hura zeinen konplexua zen jakitun —Frantzia eta Ingalaterraren arteko gatazka indarrean zen bete-betean—, erakundea eta gobernua finkatzeko jardun zuen eginahalean, eta horretarako, memoria historiko eta lekukotza legitimatzaile bat eskatu eta gauzatu zuen. Memoria eta lekukotza horren zutabe, birkonkistaren garaian Islamaren aurrean sortutako erresumaren tradizioak paratu zituen erregeak, baita familiaren geruza eta adarren aldarrikapenezko diskurtsoa ere.

Obrak

Duvergé, S., «La Chronique de Garci López de Roncesvalles», in Bulletin Hispanique, 37/4 (1935), 437.-453. or.

Orcástegui Gros, C., Crónica de Garci López de Roncesvalles. Estudio y edición crítica, Iruñea: Nafarroako Unibertsitatea, 1977.

Bibliografia

Castro, J. R., Carlos III el Noble, rey de Navarra, Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1967.

Lucía Megías, J. M., «Garci López de Roncesvalles: Crónica», in Alvar, C., eta Lucía Megías, J. M., Diccionario filológico de la literatura medieval española: textos y transmisión, Madrid: Castalia, 2002, 575.-578. or.

Orcástegui Gros, C., «La memoria histórica de Navarra a fines de la Edad Media: la historiografía nacional», in Homenaje a José María Lacarra, Príncipe de Viana, 47. urtea, 2. eranskina, I. libk. (1986), 591.-606. or.

Pizarro Rivas, J., «La Crónica de los reyes de Navarra de García López de Roncesvalles», in Estudios medievales hispánicos, 1 (2012), 221.-242. or.

Aipamen bibliografikoa

Pavón Benito, J., “Garci Lopez Orreagakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 260-264

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP