Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GASKOINIAKO EGILEAK ETA OBRAK

GARCIA, ESTEBAN(Stephanus Garcia, Stephanus Garcia Placidus) (Saint Sever, ca. 1028-1072).

Karguak eta lanbideak

 Irudiztatzaile edo miniaturista eta, segur aski, Saint Severko Beatoaren kopista

Ibilbidea

Stephanus García izan zitekeen gaskoia edo izan zitekeen, jatorriz, Iruñeko erresumakoa ere. Ez dago haren bizitzari buruzko daturik, baina egile batzuen susmoa da 1060. urtean Oloroeko gotzain izan zen pertsona bera zela. Esteban Garcíak sinatu zituen, egile gisa, Iberiar penintsulako mugetatik kanpo sortutako Beato edo kodex irudiztatu bakarreko miniaturak (6r fol.), baina pentsatzekoa da Saint Severko scriptoriumeko kide ziren kopista eta irudiztatzaile talde batek sortuko zuela kodexa. Beato terminoa sinplifikazio bat da, Beato Liebanakoa izenez ezaguna den fraideak bere egunean moldatu zuen kodexaren kopia guztiak izendatzeko. Kodex irudiztatu hori 786an bukatu zuen, baina lehen bertsioa 776koa da, eta bada beste bat 784koa. Lan horretan, San Joanen Apokalipsiari buruzko Iruzkinak deiturikoak jaso zituzten, eta horri irudi miniatu ugari gehitu zizkioten. Horiei guztiei esker, kodex horiek egiazko artelanak dira. Nolanahi dela ere, Beato esaten zaien liburuak Iberiar penintsulan baino ez ziren ekoitzi, gai oso jakin bati loturik. Hortik Gaskoiniako Saint-Severko abadian sortutako Beato horren balio erantsia.

Gaur egun, Beatoa Frantziako Liburutegi Nazionalean gorderik dago, 8878 Eskbu. lat. katalogo-zenbakiarekin. Egile batzuen iritzian, 1038 ingurukoa da, baina ez da erabat ziurra noiz bukatu zuten, eta, beraz, egokiagoa da xi. mendeko bigarren erdialdean datatzea. Obra Saint-Severko abade Gregorio Montanerri eskainia dago, lehen folioko ex libris zigiluan aipatzen denez. Montanerri buruz ere ez dugu erreferentzia askorik, baina uste da lurraldeko kondeen familiarekin zuela lotura, eta, era berean, Dax eta Leskarreko apezpiku-aulkiak bete zituela.

Saint-Severko abadia 988. urtean sortu zuen Gillen Antsok, Gaskoiniako kondeak. Iruñeko Urraka printzesarekin ezkonduta zegoen kondea, Gartzea I.a Santxezen alaba eta Antso Gartzez II.aren arrebarekin, hain zuzen ere. Antso Gillen dux edo kondearen aginteak iraun zuen denboran (1010-1032), indarrean izan ziren Iruñeko errege-familiarekiko adiskidetasun- eta senidetasun-erlazio biziak; areago, Antso Gartzez III.a Nagusiaren gortera ere bertaratzen ziren, aldian behin, gaskoiak. Hortik uler liteke bete-beteko obra hispaniar bat Gaskoiniako lurretan izatea, kontuan izanda, gainera, Esteban García bera, jatorriz, gaskoia edo iruindarra bide zela.

Gaur egun 27 Beato edo kodex irudiztatu baino ez dira gordetzen, eta horietatik 24k dituzte miniaturak. Esteban Garcíak eginiko kodexak 292 folio ditu pergaminoan, letra bisigotikoan eta letra xehe karolingioan idatziak. Horrek erakusten du argi obra honen mestizajea. Beato gehienak oparo irudiztatuak daude, eta Garcíarena ez da salbuespena, ehun miniaturatik gora ageri baitira; nolanahi ere, gehiago izango ziren, gutxienez 20 folio ebakita baitaude. Hala ere, Saint-Severko Beatoa aurrez egindako kopien eboluzioa izateagatik nabarmentzen da. Arestian esan dugunez, Iruñeko erresumarekin lotura estua izan arren, Penintsulatik kanpoko abadia batean landu zen, eta horren ondorioz, ordura arteko bertsioen miszelanea bat sortu zuten Saint-Severren (ez dakigu zer kodex erabili zuten kopiatzeko eredu gisa), eta ondu zuten tokiko gustuko elementuak gehitu zizkioten. Hala, horri guztiari esker, obra berezia eta parerik gabea da.

Kopiatutako Iruzkinei dagokienez, aditu gehienek onartzen dute 776. urtean egindako testuaren —hau da, bertsio edo familia zaharrenaren edo aurrenekoaren— erreprodukzio bat dela. Dena den, obra horretan, Apokalipsiari eginiko Iruzkinez gain, beste hauek ere gehitu zituzten: San Jeronimok Daniel profetari eginiko Iruzkina eta 784. urteko bertsiotik zetorren testu bat. Horrenbestez, Beatoen bigarren familiarekin lotutako elementu bat gehitu zioten. Bestalde, miniaturak ere 784ko Beatoaren gainean eginiko kopietatik datoz, folio batzuetan hildakoak biluzik ageri dira; xehetasun hori oso ohikoa zen 776ko bertsio mozarabiarra edo prerromanikoa eredutzat harturik eginiko Beatoetan. Horrek erakusten du Stephanus edo Esteban Garcíak jakin zuela egokitzen, eta ordura arte Beatoak irudiztatzeko lanean izan ziren korronteak bere egiten, nahasten eta birmoldatzen.

Azpimarratzekoa da, era berean, mapamundi bat ere badela, eskuizkribu gehienetan ohikoa zenez. Apokalipsiaren iruzkinak kopiatu izan dituzten hainbat kodexetan 13 mapa gorde dira guztira, baina Saint-Severkoa oso berezia da, bakarra ez esateagatik. Mapamundiaren egitura orokorrean, munduaren adierazpenak beste Beato batzuen tradizioari jarraitzen dio, eta, alde horretatik, garai hartan ezagutzen ziren hiru kontinenteak T eran daude banatuta edo antolatuta. Alabaina, bada alde nabarmen bat beste Beatoekiko: maparen mendebaldean (hau da, miniaturaren beheko aldean), Saint-Severko eliza eta Gaskoiniako kondeen jauregia ageri dira irudikatuta, ia Erromako hiriaren irudiaren neurri berean. Areago, egileak neurriz kanpoko Uuasconia idazkuna ere adierazi zuen, kodexa jatorriz non egina izan zen erakusteko, eta, bide batez, lurralde hartan agintzen zuen konde-etxearen ospeari ohore egiteko.

Miniaturan txertatutako Uuasconia termino horrek nolabaiteko eztabaida sortu izan du; izan ere, egile batzuen iritziz, Vasconiari edo Baskoniari egiten dio erreferentzia, euskaraz hitz egiten zen lurralde-eremu osoari alegia, Pirinioez hegoaldeko lurraldeak barne. Beraz, egile horien ustez Euskal Herriaren alegiazko lehen adierazpena litzateke Uuasconia. Alabaina, historialari gehienen iritziz, terminoak, berez, Gaskoinia adierazten du (Wasconia iturri frankoen arabera); izan ere, Pirinioak sinbolizatzen dituen lerro menditsuaz harago Cantabria izena ageri da idatzita, eta kultismo horrek, seguru asko, euskaraz hitz egiten zen hegoaldeko lurralde-eremua adierazten zuen, bereziki Iruñeko erresuma.

Parerik ez duen obra da, zentzu askotan, Esteban Garcíaren kodexa. Berez, Pirinioez harago sortutako aro erromanikoko lehen Beatoa eta bakarra da (Beato mozarabiarren edo prerromanikoen ondorengoa). Osaerari erreparatuta, x. mendean agertutako Beatoen sormenezko etapen nahasketa antzeman liteke irudietan, eta, beraz, osoenetako bat dela esan daiteke. Alde horretatik lan zinez berritzailea da. Nabarmena da xii.–xiii. mendeetako ondorengo kodexen iruditerian etaErdi Aro beteko beste adar artistiko askotan izan zuen eragina.

Egile batzuek areago ere azpimarratu dute kodexaren eragina, eta Saint- Severko Beatoan margotutako irudien zantzu argiak ikusi dituzte xx. mendeko zenbait obratan eta egile garaikide batzuen lanetan. Alde horretatik, egile horiek diote badirela zenbait antzekotasun 84r folioko Uholdeko Itoen eta Pablo Picassoren Gernika margolaneko zenbait aurpegiren artean. Era berean, antzekotasunak antzeman dituzte bigarren aingeruak turuta jo eta sutan den mendi bat itsasora jaustean ontzi batetik eroritako pertsonak ageri diren orriaren eta Henry Matisseren 1910eko La Danse obraren artean

Obrak

Beato de Saint-Sever. García, E. (arg.), Beato de Saint-Sever. Edición facsímil del códice de la abadía de Saint-Sever, conservado en la Biblioteca Nacional de París bajo la signatura Ms. lat. 8878, Madrid: Edilan, 1984

Bibliografia

Besga, A., «La “Wasconia” del mapa del Beato de Saint-Sever y el problema del nombre (o la existencia) del País Vasco en el siglo xi», in Letras de Deusto, 105 (2004), 9.-42. or.

Goyhenetche, M., «El País Vasco norte en época de Sancho “el Mayor”», in Vasconia en el siglo xi: reinado de Sancho III «el Mayor» rey de Pamplona (1004-1035), Iruñea: Pamiela, 2004, 87.-136. or.

Klein, P. K., El Beato de Saint Sever y su influencia en el Guernica de Picasso, Valencia: Patrimonio, 2012.

Aipamen bibliografikoa

Pescador Medrano, A., “Garcia , Esteban”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 277-280.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP