Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

GAMON ECHEVERRIA, Juan Ignacio (Juan Ignacio Gamon Etxeberria) (Errenteria, Gipuzkoa, 1733ko uztailaren 29a – Errenteria, 1814ko otsailaren 4a).

Karguak eta lanbideak

 Elizgizona eta Errenteriako hiribilduaren kronikaria

Ibilbidea

1793an, Frantziako Konbentzioko indar militarrak Gipuzkoan zehar aurrera zihoazela ikusirik, Errenteriako Jasokundeko Amaren parrokiako presbiteroa Kantabriaraino joan zen, gainean ekipaje berezia zeramala: udal artxiboko dokumentuak eta elizako bitxiak. Zertarako eta ekipaje hura Frantziako armadaren eskuetan ez erortzeko eta eduki hura ez suntsitzeko. Balentriaren protagonista Juan Ignacio Gamon izan zen. Handik urte batzuetara, zaintzapean izaniko paperak baliatu zituen Noticias históricas de Rentería izenburuko lan txukuna ontzeko, hau da, bere herriko eta bertako semerik ospetsuenen kronika eruditua idazteko.

Lanaren bidez ez zuen Errenteriari buruzko berririk eman nahi. Hiribilduaren antzinatasuna, jatorria eta balioa aztertu eta erakutsi nahi zituen, artxiboan zegoen edukiarekin bat. Kronikaren xedea, beraz, huraxe idaztea era- gin zuten inguruabarren emaitza izan zen.

Kontua da Errenteriako Udalak, 1785ean, Historiako Errege Akademiak bidalitako inkestari erantzun ziola, Diccionario geográfico-histórico bat egiteko. Akademiak, galdetegiaren bitartez, Nafarroari, Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari eskainitako atal bat dokumentatu nahi zuen obra hartarako. Horrela, 1802an, Diccionario geográfico-histórico de España. Sección I: comprehende el Reyno de Navarra, Señoría de Vizcaya y Provincias de Álava y Guipúzcoa argitaratu zen, Madrilgo «Viuda de Joaquín Ibarra» inprimategian.

Errenteriako Udalak ikusi zuen liburu hartan gauza gutxi aipatzen zirela herriari buruz. Udalaren iritziz, oker larriak zituen eta, gainera, moztu egin zuten hiribilduaren jatorria azaltzeko bidali zitzaien informazioa. Zine- gotziek, beraz, hiribilduaren iraganari egindako mespretxu hura zuzentzea erabaki zuten, Jose Manuel de Gamoni (alkatearen ahaidea) hiribilduaren historia egokia idazteko enkargua emanez, betiere artxiboko paperak eta pribilegioak baliaturik, gero lana Jose Vargas Ponceri eman ziezaion. Hain zuzen ere, garai hartan, Vargas Ponce Probintzian barna zebilen artxiboz artxibo historia berri bat ontzeko.

Lana, ordea, Jose Ignacio Gamonek hasi eta bukatu zuen. Hark berak prestatu zituen, anaia Miguel Manuelekin batera, Akademiak hiribildura 1785ean bidalitako galdetegiaren erantzunak Diccionario hura egiteko. Ez dakigu zer dela-eta enkargatu zion alkateak lana bere ahaideari, baina egokia da pentsatzea hiribilduaren historia dokumentatzeko lehen enkargua egin zuenari eman zitzaiola laidoa zuzentzeko eginkizun hura. Juan Ignacio Gamonek 1804an bukatu zuen lana. Eskuizkribuak, dena den, argitara eman gabe iraun zuen Gamonek salbatutako artxiboko paper-sorten artean, harik eta 1930ean Errenteriako Udalak babesturik argitaratu zen arte. Edizioa Serapio Mugi- kak eta Fausto Arozenak prestatu zuten. Dena den, egia da, aurretik, Carmelo Echegaraik kronika horretaz eta egileaz idatzi zuela 1893an plazaratutako In- vestigaciones históricas referentes a Guipúzcoa azterlanean.

 Jose Ignacio Gamonek, lanaren bidez, erakutsi nahi izan zuen bai berak, bai udaleko zinegotziek herriaren historiatzat jotzen zuten huraxe guztia, hots, Errenteriaren noblezia-izaera eragin zuten pribilegioen kronika bat egitea. Legitimazio bat eman nahi izan zion hiribilduaren historiari Errenteriaren izena Historiako Errege Akademiaren obra batean berrezartzeko. Gamonek, ordea, kontakizunaren bidez, bere herriaren historia erakutsi eta birgaitu nahi izan zuen, Errenteriak bere merituak argudiatzeko bidea izan zezan, zertarako eta herri mugakideetatik (Oiartzun, Irun eta Donostia) mendez mende jasotako aurreiritzi eta desohoreei kontra egiteko. Izan ere, hainbat kontu izan ziren liskargai, hala nola bizilagun ospetsuen jatorria eta lurralde-jurisdikzioa, baina, batez ere, Pasaiako portuaren gaineko jurisdikzioa, Gamonek gai horri heldu baitzion, bereziki. Portua Donostiako jurisdikzioan egon zen, nahiz eta, Gamonen arabera, Errenteriatik hurbil zegoen. Portua norena ote zen, beraz, tirabira, liskar eta auzi iturri izan zen eta, ordura arteko ebazpenek beti jo zuten Donostiako interesen alde.

Hasteko eta bat, Gamonek Baskoniako egiazko lurraldean kokatu zuen hiribilduaren jatorria. Kokapen hori argudiatzeko, sakon ekarri zituen gogora Estrabonek, Pliniok, Ptolomeok, Ponponio Melak eta Martziano Capellak esandakoak, bai eta Aita Riscok, Jose Moret jesuitak, Arnaut Oihenartek, Jeronimo Zuritak, Hipolito Ozaetak, Gabriel Henao eta Manuel Larramendi jesuitek eta Enrique Florez agustindarrak egindako ikerketak ere. Ikerlan horretarako, Gamonek, funtsean, Riscoren eta Florezen ikerlanak baliatu zituen.

Behin jatorria kokaturik, Gamonek bere nahierara erabili zuen dokumentazioa hiribilduaren dohainak grinaz eta handikeriaz sutsu aldarrikatzeko. bai eta, haren ustez, auza herriek eragindako laidoen bidegabekeria nabarmentzeko ere. Kontakizuna hiribilduaren iraganaren benetako apologia da haren ospea zuzentzeko eta haren eskubideak aldarrikatzeko; Pasaiako portuari buruzko eskubideak bereziki, beti Donostiak monopolizatu baitzuen hura, eta Gamonek horren kontra jo zuen begiramenik gabe. Hain zuzen ere, 1802ko Diccionario geográfico-histórico lanean Donostiaz argitaratutako sarrerak izugarri sumindu zuen Gamon, haren iritziz Errenteria laidotu zuelako eta Donostiari behar baino maila handiagoa eman ziolako. Gainera, Diccionario lanak bi herriei buruz argitaratu zuen bertsioan, Doctor Camino Donostiako kronikariaren eskua sumatzen zuen.

Serapio Mugikaren arabera, Gamonen lanak eragina izan omen zuen Vargas Poncek egindako txosten batean. Garai hartako gobernuak, izan ere, Pasaiako portua herri guztietako merkataritzarako irekitzea erabaki zuen, Donostiako monopolioari amaiera emanda. Vargas Poncek gutun-trukea izan zuen Gamonekin eta, Vargas Probintzian ibili zen bitartean, harekin ere mintzatu omen zen. 1804an Gamonengandik jasotako eskuizkribua atal berrien bidez osatu zuen Vargas Poncek 1801era arte. Mugikak eta Arozenak, bestalde, bi atalen bidez osatu zuten Errenteriako artxiboan agertutako opuskulua. Opuskuluan Historiako Errege Akademian gordetako obraren kopia bat zegoen.

Osasunez makaldurik, azken atalak kopiatzaile bati diktaturik bukatu behar izan zuen bere obra Gamonek. Kronika hura izan zela medio, eta Vargas Poncerekin izaniko harremanari esker, Gamoni aitortza egin zitzaion, Historiako Errege Akademiako urgazle izendatu baitzuten.

Obrak

Noticias históricas de Rentería. Hitzaurre eta oharrak Serapio Mugikarenak. Errenteriari buruzko aipamen historikoaren egileak, Serapio Mugika eta Fausto Arozena. Donostia: Nueva Editorial, 1930.

Bibliografia

ECHEGARAY, C., Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa, Donos- tia: Imprenta de la Provincia, 1893.

LACUNZA, J. M., «Juan Ignacio Gamón. A los 200 años de su muerte», Oarso, 50 (2015), 145-148. orr.

TELLECHEA IDÍGORAS, J. I., «Rentería a fines del siglo XVIII. Dos documentos de J. I. Ga- món», Boletín de Estudios Históricos de San Sebastián, 8 (1974), 267-318. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP