Karguak eta lanbideak
Eskribaua, kazetaria, politikaria
Ibilbidea
Merkatari familia batean jaio zen. Bere aita, Felipe Benito Gaminde, Bilboko artile merkatari handienetako bat zen; errege azienda sustatzeko sortutako Abeltzainen Errege Batzarreko batzordekide ere bazen, eta Madrilen argitaratu zuen Memoria sobre el estado de las lanas españolas y su cotejo con las extranjeras, causa de la decadencia de las primeras y remedio para mejorarlas (1827). Amaz den bezainbatean, Maria Antonia izena zuen, eta Juan Rafael de Mazarredoren alaba naturala zen (aitak onartua), merkataria, maiorazkoa, Bizkaiko diputatu nagusia eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide sortzaileetako bat.
Victor Luis Gamindek Legea ikasi zuen, eta Ingalaterran aberastu zuen bere heziketa. Aliantza bidez berearen antzeko ibilbidea zuten hainbat familiarekin zegoen harremanetan, eta denek, ia aldi berean, jo zuten lehen libera- lismorantz. Joera horrekin loturik, Victor Luis Gamindek gaztetatik erakutsi zuen sistema konstituzionala babesteko konpromiso militantea. Bere seme- alabei utzitako Confesiones izeneko eskuizkribu batean jaso zuenez, Hirurteko Liberalean ez zen bakarrik Bilboko Milizia Nazionalean ibili, baizik eta, erregimen konstituzionala kolokan jartzea helburu zuten talde errealistei au- rre egiteko ere, armak hartu zituen, «nire zoriontasun gorenaren iturri zirela uste nuen instituzio libreak babesteko». Garai hartan, liberalismoaren aldeko atxikimenduaren eraginez, istiluren bat edo beste izan zuen; adibidez, 1822ko apirilean, Bilboko gazte errealista batzuen probokazioa jasan behar izan zuen, beste zenbait milizianorekin batera.
1823an, laguntza ekonomikorik gabe, armada konstituzionalaren zalditerian aritu zen, Angulemako Dukearen inbasio legitimistari aurre egiteko. Laster, amore eman eta Coruñara joan zen, eta handik erbestera 1831. urtera arte. Frantziara Bruselatik sartu zen 1824an. Militante liberal ezaguna zenez, Frantziako poliziak zorrozki zelatatu zituen bera eta baita Francisco eta Mariano anaiak ere. Erbestean zeudelarik, hiru anaiak ardo eta artile salerosketan aritu ziren, eta Victor Luisek negozio etxea jarri zuen Bruselan. Garai hartan, batez ere Francisco, erbesteraturik zeuden liberal espainiarrekin el- kartzen ziren.
Frantziako poliziaren txostenetan Gaminde anaiak merkatari aberatsak zirela jasotzen zen arren, Victor Luisek bere aitorpenetan idatzi zuenez, bere senipartearen zati handi bat erbestean gastatu zuen. Bilbora itzuli zirenean, Eloisa Gaminde Lafont lehengusinarekin ezkondu (1830), eta bere familia mantentzeko adinako diru sarrerak izatea lortu zuen. Bere amak, 1839an ida- tzi zuen testamentuan, bere anaiei baino ondasun gehiago utzi zizkion, agian, bere egoera ekonomikoa okerragoa zelako.
Bilbotik alde egin behar izan zuen, Ingalaterrako marinelak bezala jantzita, eta erbestean egon zen karlisten altxamenduak arrakasta izan zuenetik, Sarsfield jeneralak, 1833. urte bukaeran, Bilbo okupatu zuen arte. Liberalekin zuen konpromisoari eutsiz, Hiri Milizian aritu zen gerrak iraun bitartean. 1835ean karlistek Bilbo inguratu zutenean, Larrinagako gotorlekuko milizianoen agintea bere esku zegoen, artilleria sarjentu baitzen. Setio hartan, Granadarien Konpainiarekin izandako parte-hartzeagatik, komandante izendatu zuten.
1837ko irailean, inprentara eraman zuen izenburu adierazgarria duen Intereses de Bilbao. Ecsamen de lo perjudicial que sería la permanencia del sistema foral liburuxka: nazio gobernuaren kontrola aurrerakoien esku zegoela balia- tuz eginiko proposamena. Errege Estatutuaren ordez, ekainean aldarrikatutako Konstituzioak testuingurua aldatzea ekarri zuen. Guztiarekin ere, sek- tore foruzale moderatuek egoera berrira egokitzeko gaitasun handia erakutsi zuten, eta konstituzio aldaketaren eragina mugatzeko adinakoa izango zela zirudien. Egoera horretan, Gamindek gogor salatu zuen foru sistemak Bilbori zekarkion kaltea, eta hiria defendatzeko «Bizkaiko foru, usadio eta ohiturei gerra deklaratu beharko litzaiekeela» adierazi zuen. Banan-banan, foruzaleek foru sistemari egozten zizkioten merkataritza eta industria onuren aurka egin zuen, kontsumitzailearen defentsatik hasi eta merkataritza txikizkarira; mahai gainean jarriz, egiazki, herrialdearen pribilegioek Bilboko ahalmen merkata- riari oztopo egin ziotela. Argudio horren harira, bere lanaren ildo nabarmenetako bat Bilbok Bizkaia utzi eta nazio proiektuarekin, harako «Espainia bizi- berrituaren moduarekin», bat egitea zen.
Gaminderen ustez, foru egiturak indarrean jarraitzeak oligarkia immobilistaren nagusitasuna bermatzen zuen, eta horrek kontra egiten zion bere eredu zen eta hainbeste miresten zuen merkataritza-gizarteari. Bestalde, Bilbo liberala izan arren, Bizkaia funtsean, eta ezinbestean, iraultzaren kontrakoa zela («funtsean matxinatua»). Foru erakundeak berez ziren atzerakoiak. Oro har, bere ustez, Forua legedi zaharkitua, barbaroa, aristokratikoa, obskurantista, baserrikoa eta abarkaduna zen bitartean, Espainiako nazio proiektuarekin bat egitekotan, eta politikoki «ezagutzaren eta gizalegezko bertuteen (…) aristokrazia» baten menpe, Bilbo konstituzional distiratsuak bere merkataritza zabaltzen ahalko luke, Gaztelako bihia eta euskal burdina itsasoz haraindi edo garai batean Koroak Amerikan zuen lurraldeetara eramateko. Beretzat, foru sistemaren baitan Bizkaia liberal bat sortzea kimera hutsa zen. Gamin- dek sistemari onartzen zion gauza bakarra Bizkaiko administrazioa mantentzea zen, haren eraginkortasuna begi bistakoa baitzen, are eredugarria zerga-bilketari zegokionez, baina argi zioen, Espainiako Konstituzioa indarrean egonik, ez zela egokia Forua defendatzea.
Baliteke amaren familiaren joera ilustratuak bere pentsatzeko moduan eragin izana. Bere amak zituen liburu gutxien artean zeuden Benito Jerónimo Feijooren Teatro Crítico Universal, Aita Florezen Clave Historial (1739) eta, erregistro erradikalagoa duten eta Hirurteko Liberalean gaztelaniaz argitaratu ziren, d’Holbach baroiaren La Moral Universal o deberes del hombre fundados en su naturalezaren hiru liburukiak. Antzeman daiteke, hortaz, zergatik den Gaminderen luma, garai hartan, Euskal Herrian, Foruaren intolerantzia erli- jiosoa kritikatu, eta apaizen nagusitasuna arbuiatu zuen gutxienetakoa.
1838an Francis Baconen Sei urte Bizkaian itzuli zuen. Aurrerago, bere ildo ideologikoari eusteko, El Vizcaíno Originario egunkaria sortu zuen (1841), El Vascongado kontserbadore-foruzalearen kontrakoa. El Vizcaíno Originarioren inguruan, Bidebarrietako Elkarte Konstituzionaleko aurrerakoiak biltzen ziren. Era berean, Madrilgo El Eco del Comercio egunkari progresistaren Bilboko korrespontsala zen.
1839an, guda zibila bukatu eta hurrengo urteetan, aurrerakoiak liberal kontserbatzaile eta foruzaleen aurka izandako konfrontazioan nabarmendu zela esan liteke. Foru Aldundiaren ordez ezarri nahi zen Batzorde Ekonomikoko idazkari aritu zen (1841). Esparteroren agintearen kontrako konspira- zioa salatu zuen, haren defendatzaile sutsua eta lagun mina baitzen. Aginte horren kontrako 1841eko altxamenduan, probintzia-diputazioko idazkaritzaren ardura bere gain hartu zuen. Denbora tarte horretan, bigarren aldiz ezkondu zen, Francisca Alzuyetarekin (1842), eta, pixkanaka, herrialdeko sis- tema pribatibora hurbiltzen ari zelako zantzuak erakusten hasi zen. Bere printzipio aurrerakoiei uko egin gabe, Forua eraldatzeko proiektu bat idatzi zuen bere lagun Pedro de Lemonauriarekin, eta, 1842ko urtarrilean, Bizkaiko Batzorde Ekonomikoak onartu zuen. Proiektu horren arabera, berezitasun fo- rala nazioaren sistema orokorrarekin uztar zitekeen, behin aduanak lekualdaturik eta egitura judizial berria ezarri ondoan, aldaketa horiekin funtsezkoena eginda geratuko litzatekeelako. Era berean, moldaketa horrek zenbait propo- samen biltzen zituen: Batzar Nagusiak desegitea; ordainduz, soldadutza eki- din ahal izatea; eta, zergei zegokienez, Bizkaia sistema orokorrera aldatzea, nazio-Ogasunari kupo bat ordainduz.
1843an erbestera jo behar izan zuen berriro, moderatuek boterea eskuratu zutelako. 1846an itzuli zen Bizkaira eta Begoñako udaleko idazkari plaza bereganatu zuen. 1848az geroztik, Foru erakundeetan parte hartzen hasi zen, Batzar Nagusietan, Begoñako barrutiko apoderatu (1848, 1850, 1852, 1858) eta justizia idazkari bezala. Batzarren komisio berezi askotan parte hartu zuen, besteak beste, botere azterketen batzordeetan (1848, 1850, 1852); bideratze publikoan eta bide eta trenbideetan (1858).
Bere izaera aurrerakoiari muzin egin gabe, bere garapen politikoarekin aurrera egin zuen Bizkaiko administrazioaren berezko sistemaren alde. Argi ikus daiteke Impugnación al proyecto llamado arreglo de los Fueros de las Provincias Bascongadas (1853) idatzian. Bertan, Bravo Murilloren bulegoak aur- keztutako Foruen aldaketarako proiektua xeheki aztertzen du. Dokumentu horrek, baina, talka egiten du Intereses de Bilbao eskuorrian jasotakoarekin, Gamindek bizkaitartzat jotzen duenetik hasi (garai hartan ez zuen onartzen) eta 1526ko Foruaren baloraziora arte (Bizkaiaren eta nazioaren arteko arlo- tekeriaren erakusgarri izatera igaro zen, kontratuaren bitartez, 1839ko urria- ren 25eko legearekin batera). Nabarmendu beharra dago, bere ustez, euskal probintziak estatu izateak ez ziola, bere horretan, espainiar nazioaren kalitate konstituzionalari inolako kalterik eragiten. Foru pasea subiranotasun atribututzat hartu zuen. Bere arrazoibidean espainiar aurrerakoien garapen federa- lista aurreikus daitekeela esan liteke.
1854ko uztailaren 31n, «Bilboko aurrerakoiek Euskal Herriari» izeneko manifestua sinatu zuen, Jose Antonio Elizagaraterekin batera. Bertan, Baldomero Espartero berriro lehen maila politikora ekarri zuten altxamendu militarra eta hamarkada moderatuari amaiera eman zion herri mugimendua de- fendatzen dira. Bere konpromiso aurrerakoia ez zen oztopo izan, goi-mailako funtzionario bezala, ariel eta bidesarien administrazioan aritzeko, 1858tik aurrera. Administrazio hori Bizkaiko Aldundia indartzeko sortu zen, zuzenean bere esku uzten baitzuen zerga horien kudeaketa. Hurrengo urteetan, geroz eta gutxiago nabarmendu zen publikoki eta bere jarduera politikoak ere beheranzko joera hartu zuen.
Obrak
Intereses de Bilbao. Ecsamen de lo perjudicial que sería la permanencia del sistema foral, Bilbo: Adolfo Deponten moldiztegia, 1837ko iraila.
Impugnación al proyecto llamado arreglo de los fueros de las Provincias Bascongadas, presentado por la comisión del Gobierno a las mismas provincias, Bilbo: Juan E. Delmas, 1853. Berred. LEMONAURIA, Pedro, Costumbre democrática. Debates libera- les sobre fueros vascos, 1837-1868, PORTILLO VALDÉS, J. M.ª (arg.), Textos Clásicos del Pensamiento Político y Social del País Vasco, Bilbo: UPV/EHU, 2014.
Traducción parcial del inglés de BACON, F., Seis años en Vizcaya: descripción de los Si- tios de Bilbao en junio de 1835, de los de octubre hasta diciembre de 1836, y de los sucesos más notables ocurridos tanto en aquella villa como en las cuatro provincias Vascongadas desde 1830 hasta el año de 1837, Bilbo: Cenón de Garayoaren moldiz- tegia, 1838. Berred. Donostia: Txertoa, 1973; URQUIJO GOITIA, J. R. eta URQUIJO GOI- TIA, M. (arg.), Azterketa Historikoak / Zumalakarregi Museoa-Estudios Históricos / Museo Zumalakarregi, III (1994).
Bibliografia
ALCORTA, E., La burguesía mercantil en el Bilbao del siglo XVIII. Los Gómez de la Torre y Mazarredo, Donostia-San Sebastián: Txertoa, 2003.
AGIRREAZKUENAGA, J., «Gaminde Mazarredo, Víctor Luis», Agirreazkuenaga, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los Diputados Generales, burócratas y patricios de Biz- kaia, Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak/Juntas Generales de Bizkaia, 1995, 218-
221. orr.
DELMAS, J. E., Diccionario biográfico claros varones de Vizcaya, hitzaurrea, notak eta aurkibidea A. Rodríguez Herrerorenak, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970.
FERNÁNDEZ SEBASTIÁN, J., La génesis del fuerismo. Prensa e ideas políticas en la crisis del Antiguo Régimen (País Vasco, 1750-1840), Madril: Siglo XXI, 1991.
PORTILLO VALDÉS, J. M.ª, «Pedro de Lemonauria y la “costumbre democrática” del fue- rismo progresista. Estudio preliminar», LEMONAURIA, P., Costumbre democrática. Debates liberales sobre fueros vascos, 1837-1868, Bilbo: Universidad País Vasco/Eus- kal Herriko Unibertsitatea, 2014.
RUBIO POBES, C., Fueros y Constitución: la lucha por el control del poder. País Vasco, 1808-1868, Bilbao: Universidad País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, 1997.
ITURRIAK
ARCHIVES NATIONALES (Paris, Frantzia), Police Générale, F7 12051, Dossiers de réfugiés espagnols (1822-1835).
BIZKAIKO FORU AGIRITEGIA (Bilbo), JCR1949/5, María Josefa de Mazarredoren testamentua, Benito Felipe de Gaminde jaunaren alarguna (1839).
BIZKAIKO FORU AGIRITEGIA (Bilbo), JCR4314/3, Alkateak eta Bilboko Hiribilduko Epaile arruntak ofizioz eragindako auto kriminalak, Somera kaleko etxe batean abesti errealista bat abesten ari ziren hainbat lagunen eta miliziano boluntario batzuen artean gertatutako istiluak zirela-eta.
BIZKAIKO ELIZAREN HISTORI ARTXIBOA, Bilbo, Ezkontzak, sig. 0611-002-00, 236ro (Sakramentuen erregistroak biltzen dituen datu basean kontsultatua https://dokuklik.euskadi.eus).
BIZKAIKO ELIZAREN HISTORI ARTXIBOA, Galdakao, Bataiatuak, sig. 2146-002-00, 39ro (Sakramentuen erregistroak biltzen dituen datu basean kontsultatua https://dokuklik.euskadi.eus).
GIPUZKOAKO ELIZAREN HISTORI ARTXIBOA, Hondarribia, Ezkontzak, sig. digitala 237700201-0226, 236ro (Sakramentuen erregistroak biltzen dituen datu basean kontsultatua https://dokuklik.euskadi.eus).





