Karguak eta lanbideak
Agintari eta pentsalari abertzalea
OHARRA: Elias (Eli) (batez ere Gudari goitizena erabili zuen, baina baita beste batzuk ere: Baltzuri, Errementari, Luki Ibañeta, Peli Askazibar, Usune Irugara, Zuriñe, Albokari, Arrantzale, Ander Garaya edo Gogorr)
Ibilbidea
XX. mendearen lehen erdiko politikari abertzalea, ezker abertzalearen sortzailea eta iraultza armatuaren inspiratzailea, Irlandako borroka eredu hartuta. «Gudari» bezala ezaguna, izen horrekin sinatzen baitzituen bere idazki politikoak. Gehienetan gazteria independentistaren aldizkarietan argitaratzen zuen, hala nola, Aberrin edo Jagi-Jagin, Euzko Gastediren eta Euzko Mendigoxale Batzaren (EMB) argitalpen ofizialak hurrenez hurren. Bere artikuluak Por la libertad vasca (Verdes, 1934) izenburua daraman liburu batean bildu zituzten.
Euskal nazionalismoaren lehen urratsen garaikidea izaki, Gallastegik sortzailearen, esan nahi baita Sabino Aranaren, jarraitzaile batzuengandik jaso zuen bere eragin politikoa. Bilbon jaio zen familia abertzale batean, bere senide gehienak lehen EAJko afiliatuak baitziren. Giro abertzalean barneratu zituen Aranaren edo Campionen ideiak. Gazterik hasi zen euskara ikasten, eta Azkueren eta Kirikiñoren ikasle izan zen. Bilboko institutuan ikasketak burututa, merkataritza-peritazioa ikasten zuen militantzia politikoan hasi zen garai berean. Euzko Gastediko afiliatu egin zen, eta bertako presidente izatera iritsi zen.
Hogei urte zituela (1912), postu bat eskaini zioten Euzkadi Buru Batzarraren bulegoan, eta bertan Luis Arana Goiri ezagutu eta harekin ondoz ondo elkarlanean aritzeko aukera izan zuen. Urte luzez iraun zuen harreman horrek zehaztu zuen Gudariren izaera politikoa, eta 1919an Euzko Gastediko presidente izateko hautatu zuten. Militantzia postu horretatik, garai berria ireki zen Gallastegiren jarduera politikoaz eta abertzaleen gazte militantziaz den bezainbatean; nabarmen, eusko abertzaletasunaren sortzailearen aktibismo eta erradikaltasunaren eraginaren pean.
Kronologiari begiratuta, Gudari erreformista eta birgenerazionisten belaunaldikoa dela esan liteke, XIX. mendetik XX.erako aldaketa bultzatu zuena, hain zuzen ere. Bere jaioterrian, euskal abertzaletasunaren sorlekua zen Bilbo hirian, gizarte axolagabe batekin egin zuen topo. Gazteria norabidea galduta zebilen, baldarrarena eginez ondo pasatzea besterik ez zuen buruan eta mende hasierako Bilbo zoriontsuaren ohitura alkoholiko eta gastronomikoen atzaparretan eroria zen. Orduan, Gudarik «alkohola zapaltzailearen laguntzailerik zintzoena da» esan zuen, eta eragina izan zuen Sabino Aranak 1893az geroztik aldarrikatzen zuen independentismoari eta nazio berreskurapenari entzungor egiten zion belaunaldiaren gorputz eta izpirituetan.
Egoera hori izanik ere, Eli Gallastegiren obra politikoaren ardatz nagusietako bat gazteen aukeretan duen konfiantza da, ezbairik gabe. Bere ustez, garai guztietako gazteek hartu behar dute euskal aberriaren lekukoa. Nagikeria, erosotasuna eta utzikeria eragin dizkie Espainiako giro kulturalean murgildurik egoteak, Euskadiren errealitatea gaizki azaltzen duen hezkuntza informazio okerrak eta beren arazoek, eta ezer baino lehen horietatik guztietatik askatu behar dira. Hori dela eta, bere liburu bakarra, Por la libertad vasca, «zuri, hemezortzi urteko gazteari» eskainia da zentzuz eta generikoki.
Aldi berean, mezu horren hartzaile horietako asko militante abertzale gazteak ziren dagoeneko. Gudarik ondoan izan zituen Manu Eguileor edo Ceferino Jemein Euzko Gastediko aktibismoan eta lehen urrats politikoetan. Belaunaldi gazte horrek suzko bataioa izan zuen Francesc Cambo agintari katalanak 1917an Bilbora egindako bisitaldian. Orduko hartan, Sota bankaria buru zuen talde autonomistak Cambo gonbidatu zuen Bilbon mitin bat emateko. Bertan hainbat afiliatu egoteaz gain, euskal nazionalismoaren agintari gazteak izan ziren. EAJko sotistek lidergo politikoaren eredu bezala aurkeztu nahi izan zuten erregionalista katalanak, ordea, gazteen itxaropenak zapuztu zituen. Ez zuen inolako adierazpen independentistarik egin, eta horren ordez Cambok Kataluniako moderazio erregionalari gorazarre egin eta Estatu federala defendatzen zuen bere proiektu proposamena aurkeztu zuen. Aranaren jarraitzaile ziren euskaldunak kritikatu zituen bere asmo «separatistengatik», beren erradikaltasunagatik eta Espainiaren kontrako iritziengatik. «Per Catalunya i la España gran» leloa probokaziotzat hartu zuten Euzko Gastediko kideek eta momentuan bertan erantzutea erabaki zuten. Haietako batzuek mitina gelditu zuten besaulki patiora salto eginez. Els segadors kantatu zuten lehenik eta EMBren Itxarkundia ondoren. Horrela, ekitaldia antolatu zuten sotisten asmo propagandistikoa eta eredu politikoa bertan behera geratu ziren. Zalantzarik gabe, gazteria abertzalearen baitan ematen ari zen bereizketa politikoaren eszenifikazio publikoa izan zen.
Aranaren heriotzaren ondoren, Sotak ezkutuan zuzentzen zuen taldeak isilean eta finantzazioaren bitartez EAJren agintea hartu zuen. Horiek horrela, abertzaleen estrategia nagusia aldatu zuten, eta alderdiaren izena ere bai. EAJ, horrela, Euzko JEL-Batza (Comunión Nacionalista Vasca) izatera pasa zen eta 1915ean, Luis Arana alderditik kanporatu zuten, alderdiaren sortzailearen anaia eta sortzezko idealen inspiratzaile nagusietakoa. Camboren porrota eta gero, gazteak sektore iraultzaile arriskutsua bihurtu ziren CNVko ideologoentzat, eta horiek ziren Sotak finantzatutako Euzkadi egunkariaren orrialdeak betetzen zituztenak. Sektore hori errotik ateratzeko beharra zuten.
Garai horietan hasi zen Aranaren ondarearen interpretazio doktrinalaren gaineko eztabaida. Eztabaida garratza izan zen aberriar eta komunionisten artean, nor bere hedabidea baliatuta (Aberri eta Euzkadi). Abertzaleak bereizten hasi ziren, eta bereizketa horren aztarna gaur egun ere sumatzen da. Alde batetik, Espainiarekin merkataritza lotura mantentzearen aldeko sotistak geratu ziren, kontzertuen eta kupoen sistema fiskalarekin pozik geratu zirenak. Bestalde, Gallastegiren aberriarrak zeuden, Jemein, Errazti, Eguileor, Gaztañaga eta beste batzuk, Luis Aranaren babesa zutenak, eta horien estrategia aldaezina euskal nazioaren erabateko independentzia zen.
Abertzaleek jarraitu beharreko bideari buruzko eztabaida pil-pilean zegoenean, CNVko ideologo nagusia zen Kizkitzak Sabino Aranaren gertaera «espainolista» jarri zuen mahai gainean. Garai hartan esan zuenaren arabera, ezinbestekoa balitz eta behar taktikoei erantzunez, euskal nazionalismoak aurrera egin eta Estatu espainolaren barnean sartzea onartu beharko luke.
Sotismo eboluzionistak Sabino Aranari egotzi nahi zion nazio ukatzearen izpiritua, haientzat beharrezkoa baitzen euskal estrategia Camboren unionismoaren antzekoa izatea. Aberri baliatuta, Gallastegi haien aurkari nagusietakoa izan zen. Hipotetikoki izanik ere, bere nazio printzipioei egindako ukatze larria ezkutatu gabe, Gudarik gertaera onartu zuen, baina Sabino Aranak 1902an bizi izan zuen egoeraren ondorio bezala. Espetxean zegoen eta, hori gutxi balitz, handik gutxira heriotzera eraman zuen gaixotasunak jota.
Gallastegiren ustez, Arana atsekabeturik eta bakarturik zegoen, eta bere berpizte nazionalaren proiektua porrot egiten ari zela sinetsi zuen. Hala ere, azken orduko ahultasun politiko hori ez zen nahikoa sortze garaiko distira eta aurreko hamar urteetan Aranak eta bere jarraitzaileek egindako bide guztia iluntzeko. Gogoan betirako geratu ziren bere askatasunaren eta patuaren jabe izan nahi zuen herriaren arrazoiak, pultsuak eta itxaropenak. Barne oposizio sotistak zerabilen Aranaren «gertaera espainolista» delakoa, sortzezko obrak zuen funts doktrinala berretsi besterik ez zuen egiten Gallastegi eta bere kideen ustez.
Eztabaida doktrinala hainbat alternatibarekin hedatu zen hurrengo urteetan. 1921eko udan, EBBk Aberri astekaria auzi-iheslari deklaratu zuen, eta Euzko Gastediko zuzendaritza batzorde berria CNVtik kanporatu zuen. Hilabete beranduago, 1921eko iraila hasieran, Gallastegi, Eguileor etab. buru zituen batzar batek beste alderdi bat sortzea erabaki zuen Bilbon. Sorrera hori, berez, EAJren birsortze moduko bat izan zen, eta horixe izan zen alderdi berriari eman zioten izena.
EAJ eraberrituak hedabide aberriarrak erabiltzen jarraitu zuen eta Aranaren funtsezko iturri politikoak berreskuratzea proposatu zuen bere programan, sotistek egindako eransketak alde batera utzita. Gallastegik CNVren sektarismoa salatu zuen, eta benetako Euzko Alderdi Jeltzalearen printzipioetara itzuliko zirela aldarrikatu. Gazte birsortzaileek ez zituzten komunionismo sotistak zituen merkataritza interesak eta haien egitasmoaren ardatz bakarra sortzezko abertzaletasuna zen, eguneratuta, hori bai, Marokoko gerraren aurkako jarrera defendatuz eta gainerako independentismoekiko elkartasuna adieraziz, hala nola katalana edo galiziarra. Horrekin batera, langileek gizartean jokatzen zuten zeregina kontuan hartu zuten abertzaletasun berriak, etorkinak ere barne hartuz.
Zentzu horretan, aberriarren programak agerian utzi zuen abertzaletasun interklasista faltsua, ustezko nazio anaitasun batean oinarritua, militanteen gizarte maila edozein izanik ere. Maila sindikalean, abertzale berriek etsaitzat hartu zituzten Espainiako sozialistak eta UGTko kideak, ez baitzituzten beren euskal eskubide nazionalak onartzen. Alor politikoan Sotaren komunionistak zituzten etsai, haien esplotazio laborala gauzatzeko anaitasun etnikoa erabiltzen zuten bitartean unionismo espainiarra praktikatzen zutelako eta euren bokazio federalista ez zelako aldeko kupo baten ordainketaz haratago iristen. Eta horrek argi erakusten zuen haien itxurazko abertzaletasun faltsua.
EAJ berriaren birsortzean edo doktrina eztabaidan izan zuen zereginaz gain, Eli Gallastegi izan zen euskal politikagintzan klase banaketa soziala aintzatetsi zuen lehena, eta baita horrek zekarren interes politiko eta sozialen aldeaz jabetu zena ere. Berak zuzenean egin zuen, Aberrin «Fiesta de Sangre» izeneko artikulu bat idatzita (1923ko abuztuak 24). Gertakari batzuen gaineko hausnarketa zen: aurreko egunean poliziak Alderdi Komunistaren egoitza hartu zuen Bilbon, eta horren harira, abertzaleen artean klase antagonismoen eta gizarte auziaren gaiari buruzko eztabaida piztu zen. Gainera, abertzaletasunak eta bere militanteek horien aurrean hartu beharreko jokabideari buruzko hausnarketa ere eragin zuen.
Ordura arte, bazegoen halako idatzi gabeko arau bat: euskal abertzaleek ez zuten lan munduarekin lotutako gizarte gatazketan parte hartuko, ez zuten horiez jardungo eta ez ziren haiengatik arduratuko. Salbu eta Aranak sindikatu propio bat sortzeko sustatu zuen ekimen taktikoaren kasuan, beren lan interesak defendatzeko euskal langileek sindikatzeko zuten beharraz ohartu zenean adierazitakoa. Helburua langile espainiarrekin ez nahastea eta interes disfuntzioa edo partekatzea ekiditea zen. Iradokizun hori baino lehen, abertzaleen baitako inork ez zuen gai horren inguruko aipamenik egin.
Hainbat gertakarik Gudariren eskuhartzea eskatu zuten, gizarte arazoekin lotuta: lehena meatzarien greba bat izan zen; Alderdi Komunistak greba orokorra eta piketeak deitu zituen Bilbo inguruko fabrika eta industria nagusietan. Agintari komunistak bilduta zeuden Herriko Etxean, eta polizia su eta gar sartu zen bertara, bi militante hil eta beste hainbat zaurituz, eta 40 pertsona atxilotu zituen.
Gai horri buruz idatzi zuen artikuluan, Gallastegik bat egin zuen erasoa jasan zuten Alderdi Komunistako kideekin eta greba egiten ari ziren langileekin. Idatzia ezohikoa, inoiz ikusi gabea eta are harrigarria izan zen garai hartako abertzaleentzat. Gazte komunistei, «etengabe borrokatu eta sufritzen duten ameslariei», elkartasuna adierazi zien eta era berean burgesiaren axolagabetasun erakustaldiaren aurrean haserrea agertu zuen, lehendabizi zezenketetan eta gero Bilboko Kale Nagusian luxuzko kotxeetan zebiltzalako, poliziaren oldarraldi neurrigabeak eragindako «dolu eta odolaren espektakulutik» metro gutxira. Gudarik agur eta ohore egin zien hildakoei eta haien sufrimendua bere egin zuen. Doluminak eman zizkien biktimen kideei. Bien bitartean, CNVren Euzkadi egunkariak ez zuen txintik ere esan eta La Gaceta del Norte, boterearen interesen bozeramaleak honakoa idatzi zuen: gatazka honetan eta beste batzuetan, «edozer gertatuta ere, Guardia Zibilak beti du arrazoia». Bestalde, sektore sotistak eta bere Euzkadi hedabideak, Kizkitzaren idazlumaren menpe, garrazki egin zion kontra Gudariren artikuluari. Hark langile komunistei egindako omenaldia gaitzetsi zuten, abertzale batentzat lotsagarria zelakoan.
Hurrengo asteetan eztabaida sutsua piztu zen, erantzunak eta erantzunen erantzunak bata bestearen atzetik nahasiz, eta azkenean Euzkadi Buru Batzarrak ere berariaz eta ofizialki esku hartu behar izan zuen. Eztabaida horretan Gudarik argi adierazi zuen bere «anaiek» esplotatutako ezein langilek ezin zuela haien aberri berbera izan. Aldi berean, aberastutako ugazabak agerian utzi eta salatu zituen, euren langile eta enplegatu abertzaleei xantaia egiten zietelako aberriaren handitasunaren izenean, egiazki axola zitzaien bakarra bertako eta kanpokoak esplotatuz aberastea zen bitartean.
Gudarik klase arteko antikapitalismoa erakutsi zuen eztabaida horretan, abertzaleen baitako sektore sotistaren «kapitalismo gorri eta horiaren» aurrean. Arana desagertuz gero, katalanen moduko erregionalismo hutsa bilakatu baitzen, eta bere interes bakarra espainiar Estatuan mantentzea zen, krisi garaian desberdintasun soziala mantentzeko helburuz. Gallastegiren klaseartekotasuna, ondorengo abertzaletasun iraultzailearen aurrekari nabarmena, solidarioa zen, independentista, eta Kapitalaren eta Lanaren artean berdintasunean oinarritutako elkarrizketa proposatzen zuen. Bere hausnarketetan langileen arazoak txertatu zituen lehen mugimendu abertzalea zen. Gakoa izan zen Mundu Gerraren ondoko urteetan.
Gudarik sortutako pentsamendu aberriar berriak eta bere kutsu sozialak euskal gazteria independentistarengan eragin handia izan zuen eta bertan egonkortzea lortu zuen. Jagi-Jagi argitalpenari esker indar handia eskuratu zuen Gallastegiren jarraitzaile baten antikapitalismo abertzalea baliatuta: Trifon Etxebarria «Etarte».
Aurreko mendeko hogeigarren hamarkadan, Gudarik beste ekimen abertzale batean ere parte hartu zuen, maila eta hedadura handiagokoa, eta Kataluniako eta Galiziako nazionalismo independentistek sustatuta, hurrenez hurren Francesc Macia eta Castelao buru. Estatua eta espainiar Monarkia krisialdi politiko sakonean murgildurik zeuden. Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako nazionalistek Bartzelonan bat egin zuten eta iraultza eta altxamenduak deitzeko manifestu bat sinatu zuten. Ekimen horren buru nagusiak aipatutako Macia eta Castelaoz gain, Gallastegi, Manu Egileor, Telesforo Uribe-Etxebarria eta Manu Robles de Arangiz izan ziren. Ekitaldia erregimen espainiarra salatzen zuen manifestu baten sinadura izan zen, zapaldutako herrien burujabetza eta autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatuz. Gudarik Espainiako indar inbasoreen aurka borrokan ari ziren Marokoko matxinoak gehitzea proposatu zuen.
Hiruko Aliantza horren helburu nagusiak independentismo erradikala eta dokumentu publiko ofizial batean, lehen aldiz, «apelazio heroikoa» delakoa txertatzea ziren, askapenerako armadak sortzea iradokiz eta oso litekeena zen independentziaren aldeko odol isurketa idatziz jasoz. Lehen aldia zen agintari abertzale batek okupatzaileen aurkako borroka armatua beharrezko eta gertagarria zela esan zuela.
Guztiarekin ere, independentisten arteko aliantzarako gogo biziak ordu gutxi batzuk baino ez zituen iraun. Bartzelonan biltzarra egin zen egunetik, Irailaren 11tik, 13ra besterik ez, orduan Primo de Rivera jeneralak estatu kolpea eman baitzuen. Boterea eskuratu zuenean, legez kanpo utzi zituen mugimendu nazionalistak. Maciak eta Gallastegik erbestera joan behar izan zuten eta ez zuten aliantzarako eta iraultzarako ekimena berriro martxan jartzerik izan.
Hala ere, 1923ko irailaren 11n Bartzelonan egiten saiatu zirena aurrekari mitiko bilakatu zen etorriko ziren aliantzarako urratsetan. Gallastegiren testu eta artikuluetan etengabeko erreferentzia izan zen, bai erbestealdian eta baita hogeita hamargarren hamarkadan berreditatu zenean, Galeuzkarekin, etab.
Gallastegi bi aldiz joan behar izan zen erbestera; lehena Donibane Lohizunera, eta bertan Euskal Independentziaren Aldeko Batzorde bat sortu zuen; eta bigarrena Torreonera (Mexiko) hamabi urteko espetxe zigorra ezarriko zion gerra kontseilu bati ihes egiteko. 1928 eta 1931 arteko urte horietan Patria Vasca aldizkaria sortu zuen Mexikon, eta diasporako euskaldunen artean banatu zuen. Bost zenbaki argitaratu zituen Mexikon eta seigarrena Bilbon, itzuli ondotik, 1932. urtean.
Gudariren parte hartze nabarmena izan zuen beste ekimen berritzaileetako bat euskal preso politikoek egindako lehen gose greba izan zen, 1931n. Errepublikako gobernadore zibilaren aginduz Bilbon preso zeuden Euzko Gastediko hamalau militantek parte hartu zuten. Gallastegi buru zela, hiru egun iraun zituen gose grebak, euskal presoak aske geratu ziren arte. Ekimen honen eredua Mac Swiney, Corkeko alkateak egindako gose greba izan zen. Hark hirurogeita hamalau egun egin zituen gose greban eta 1920an hil egin zen. Gertakari horrek eragin handia izan zuen euskal abertzaleen artean, gazteen artean bereziki, iraultzaile irlandarren ereduari gertutik jarraitzen ziotelako.
Zenbait historialariren ustez, Bilboko Larrinaga espetxean grebak iraun zituen hiru egun eskasetan, bertan ziren gazteek aldizkari bat egitea adostu zuten, garai bateko Aberriren ildo eta estilo politiko eta informatiboa jarraituko zuena. Handik urtebetera, 1932ko irailean, Jagi-Jagiren lehen zenbakia argitaratu zen. Bere izenak, ziurrenik, euskal abesti herrikoi batean zuen jatorria.
Jagi-Jagi mugimendu mendigoxalearen argitalpen nagusi bihurtu zen. Ez zuen alderdiaren diziplinarekiko inolako gatazkarik (CNVk eta EAJk 1930ean bat egin baitzuten), baina berezko hitz eta irizpideak jarraitzen zituen. Nolanahi ere, Euzkadi komunionistaren oso ezberdina zen, bereziki autonomia-independentzia oposizioari zegokionez.
Gallastegik inspiratutako Jagi-Jagi astekaria abertzalea eta independentista izan zen. Ehun eta laurogeita hamabi astez argitaratu zen, 1932 eta 1936 artean, tartean hainbat eten izan bazituzten ere, bertako artikulu idazleek jasan behar izan zuten gobernuaren errepresioagatik edo EAJren eskuhartzeagatik. Gudarik idatzitakoaren arabera, 1930eko bat egitearen ondoren berriro EAJ pozoitzen ari zen giro moldakor eta oportunistari erantzuteko tresna zen astekaria. Jagik, aldiz, herria hezi, gazteria gidatu eta Aranaren nazionalismoaren zentzu osoa berreskuratu nahi zuen.
Bizi zuen garaia kontuan izanik, Jagi kopuru esanguratsua argitaratzera iritsi zen: astero 20.000 ale inguru. Bertan, Gallastegik ez ezik, Manu Sotak, Pedro de Basalduak, Lauaxetak, Jesus Larrañagak edo Etartek idatzi ohi zuten. Horiei guztiei esker, Jagik garai hartako giro politikoa jasotzea lortu zuen eta Gudarik herria gidatzeko erabili nahi zuen argia bilakatu zen. Bere bizialdi labur eta gorabeheratsuan (1932-1936) aldizkari mendigoxaleak garaiko intentsitate soziala eta politikoa bildu zuen. Gudarik eta Etartek Euskal Fronte Nazionala aldarrikatzeko idatzi zuten edota desberdintasun biolentoak eta desparekotasun sozial eta ekonomikoak eragiten zituen kapitalismoa kritikatzeko. Abertzaletasunaren helburua askatasun bikoitza zela aldarrikatzen zuten: soziala eta nazionala.
Bilbo erori eta gero, Eli Gallastegik erbestera ihes egin behar izan zuen eta 1974ra arte ez zen Euskal Herrira itzuli. Haren seme-alaba eta bilobek bere irakaspenen muina gorde dute. Bere eredua, bere ekimenak eta bere idatziak belaunaldi askorentzat erreferente izan dira, euskal independentismo kontsekuentea bezalaxe, oraindik askatasun bikoitzaren bila aritzeko.
Obrak
Bere obra politikoa hainbat hedabide abertzaletan argitaratutako hamarnaka artikulutan jasorik dago: Euzkadi, Aberri, Jagi-Jagi, Patria Vasca, etab.; Por la libertad vasca, Bilbo: Ed. Verdes, 1933 liburuan jaso ziren (berrarg. Tafalla: Txalaparta, 1993). Hona bere artikulu eta esku-orrien aukeraketa bat:
«Fiesta de sangre», Aberri, 1923ko abuztuak 24.
«La comunión, el obispo y “las Noticias”», Aberri, 1923ko irailak 2, 3. or.
«Humanidad. De hombre a hombre», Aberri, 1923ko irailak 8, 1. or.
Dad Luz y el pueblo encontrará su camino, Torreón, México: [s.n.], [d.g.], 6 or.
ASKAZIBAR’TAR P., El problema capital de nuestra cultura, [Buenos Aires]: [Pagano Hnos.], 1928.
«Del comité pro-independencia Vasca: queremos ser libres», Patria vasca: revista nacionalista, 1 (1928), 12-14. or.
«República vasca», Patria vasca: revista nacionalista, 2 (1928), 5-6. or.
«La ley de 21 de julio de 1876: contribución de sangre y dinero», Patria vasca: revista
nacionalista, 4 (1928), 13. or.
«Paz y guerra», Patria vasca: revista nacionalista, 3 (1928), 1-2. or.
«Los vascos libertadores», Patria vasca: revista nacionalista, 3 (1928), 9-12. or.
«Hacia la independencia», Patria vasca: revista nacionalista, 3 (1928), 25-26. or.
«Americanos descendientes de vascos», Patria vasca: revista nacionalista, 3 (1928), 37- 39. or.
«Palabras del maestro» (antología de pensamientos de sabino arana), Patria vasca: revista nacionalista, 4 (1928), 13-16. or.
«Muertes heroicas: pensamientos luminosos», Patria vasca: revista nacionalista, 4 (1928), 1-2. or.
«La más fuerte opinión de euzkadi, el nacionalismo», Patria vasca: revista nacionalista, 4 (1928), 23-24. or.
«Orientaciones hacia la creación de un presente de intensa vitalidad», Patria vasca: revista nacionalista, 5 (1930), 6-8. or.
«Del comité pro-independencia a la sociedad de Naciones», Patria vasca: revista nacionalista, 5 (1930), 13-14. or.
Cárcel de Larrínaga, 16 de septiembre de 1931: A nuestros compatriotas, agur (manifiesto de A. de Altuna, Elías de Gallastegui, J. de Izarzelaya, M. de Garai, P. de Maidagan, A. Aginaga, R. de Aguirre, L. Ortiz de Zárate, S. Jordán Zárate, J. Barrutia, L. Bilbao, M. de Maidagan, G. S. de Azkona eta E. F. de Zabala, gose greba deklaratuz), [Bilbo]: [Álvarez], [1931].
«Humanismo», Patria vasca: revista nacionalista, 6 (1932), 23-24. or.
«Fuerzas económico-político-religioso-sociales que actúan sobre euzkadi», Patria vasca: revista nacionalista, 6 (1932), 25-30. or.
«Azul: el obrero de la fábrica y del taller», Patria vasca: revista nacionalista, 6 (1932), 37-39. or.
«Emakume Abertzale Batza», Patria vasca: revista nacionalista, 6 (1932), 44. or.
«¡Guerra a la guerra! Ante el fracaso del pacifismo», Jagi-Jagi, 1, 1932ko irailak 17, 3. or.
«Hacia una nueva formación», Jagi-Jagi, 4, 1932ko urriak 8, 3. or.
«La rebelión del pensamiento», Jagi-Jagi, 8, 1932ko azaroak 5, 3. or.
«Gritos de libertad», Jagi-Jagi, 9, 1932ko azaroak 12, 3. or.
«Al cautivo de catorce años J. Y. M. Nosotros los ilusos», Jagi-Jagi, 10, 1932ko azaroak 19, 3. or.
«Anti-imperialismo socialista», Jagi-Jagi, 6, 1933ko urtarrilak 7, 5. or.
«Perfil de una madre. Embargo de mujeres», Jagi-Jagi, 17, 1933ko urtarrilak 14, 4. or.
«Una trinchera más», Jagi-Jagi, 18, 1933ko urtarrilak 11, 5. or.
«Perfil de emakumes. Rompo-hielos», Jagi-Jagi, 19, 1933ko urtarrilak 28, 3. or.
«Programas y conductas», Jagi-Jagi, 20, 1933ko otsailak 4, 3. or.
«Nacionalismo y cuestión social», Jagi-Jagi, 24, 1933ko martxoak 11, 3. or.
«Entre dos fuegos», Jagi-Jagi, 30, 1933ko apirilak 22, 6. or.
«Cruzada de antivasquismo», Jagi-Jagi, 31, 1933ko apirilak 29, 6. or.
«De Euzkadi a Norte-américa», Jagi-Jagi, 33, 1933ko maiatzak 20, 6. or.
«¡Libertad!», Jagi-Jagi, 34, 1933ko maiatzak 27, 5. or.
«Al hermano labrador de Gipuzkoa. Ricos y pobres», Jagi-Jagi, 37, 1933ko ekainak 24, 4. or.
«De la vida del pueblo. ¿Humanidad?», Jagi-Jagi, 38, 1933ko uztailak 1, 4. or.
«Cauces nacionales. Como un pueblo en marcha», Jagi-Jagi, 41, 1933ko uztailak 22, 4. or.
«Canalización nacional. el primer eslabón a forjar», Jagi-Jagi, 43, 1933ko abuztuak 5, 4. or.
«El eje de la vida. ¡Más que la falta de pan!», Jagi-Jagi, 46, 1933ko abuztuak 26, 3. or.
«Lo social y lo nacional. Hombres y pueblos asalariados», Jagi-Jagi, 47, 1933ko irailak, 4. or.
«Pueblos libres», Jagi-Jagi, 48, 1933ko irailak 9, 5. or.
«Trilla de ideas. Como el trigo en las eras», Jagi-Jagi, 52, 1933ko urriak 14, 4. or.
«Dramas íntimos. ¡De los pobres nadie se acuerda!», Jagi-Jagi, 53, 1933ko urriak 21, 4. or.
«¡Y un día nos fusilarán!…», Jagi-Jagi, 59, 1934ko urtarrilak 2, 4. or.
«Procedimiento imperialista», Jagi-Jagi, 61, 1934ko urtarrilak 13, 8. or.
«Sobre las asambleas de Abando-Bilbao», Jagi-Jagi, 62, 1934ko urtarrilak 27, 4-5. or.
«Pacifismo y desarme. Vuelo sobre Ifni», Jagi-Jagi, 63, 1934ko maiatzak 5, 4. or.
«Antecedentes penales», Jagi-Jagi, 64, 1934ko maiatzak 10, 4. or.
«Qué es eso de la canalización nacional», Jagi-Jagi, 77, 1934ko abuztuak 18, 5. or.
«¡En España no hay justicia!», Jagi-Jagi, 78, 1934ko abuztuak 25, 3. or.
«Canalicemos la discusión», Jagi-Jagi, 79, 1934ko irailak 1, 3-4. or.
«Presos políticos y sociales», Jagi-Jagi, 79, 1934ko irailak 1, 6. or.
«Terminemos la discusión», Jagi-Jagi, 81, 1934ko irailak 15, 4-5. or.
He aquí a Euzkadi, patria natural del Vasco, [Paris]: [s.n.], [1959], 5 or.
Bibliografia
ELORZA, A., Ideologías del Nacionalismo vasco 1876-1936. De los euskaros a Jagi-Jagi, Donostia: Haranburu, 1978.
LORENZO ESPINOSA, J., Gudari. Una pasión útil. Vida y obra de Eli Gallastegi (1892-1974), Tafalla: Txalaparta, 1992, 294. or.
RENOBALES, E., Jagi-Jagi, historia del independentismo vasco, Algorta (Getxo), Bizkaia: Ahaztuak 1936-1977, 2010, 350. or.
AZURMENDI ZABALETA, N., Gudari. Eli Gallastegiren lorratza. Tafalla: Txalaparta, 2024.





