Karguak eta lanbideak
Egile ezezaguneko kronika, VII. mendeko zenbait egilek idatzia
Ibilbidea
Historiografiak xvi. mendetik Fredegarioren kronika deituriko lana lau liburuz osatuta dago, eta, gutxienez, hiru egile ezezagunek idatzi zuten. Lehenbiziko egileak beste egile batzuen —Hipolito Erromakoa, Jeronimo, Orosio, Hidazio, Gregorio Toursekoa eta Isidoro Sevillakoa— kronikak eta historia-lanak hiru liburutan bildu zituen. Laugarren liburuaren hasieran, egile horrek Gregorio Toursekoaren Historiaeak jarraitzeko asmoa adierazi zuen, historia horiek amaitu ziren unetik aurrera. Bigarren kronistak «Fredegario» ezizena erabili zuen, eta aurreko kronistaren lana jarraitu zuen, azkeneko liburuaren 21. kapitulutik aurrera —602. urteko gertaerak jasotzen dira hor—, eta 642. urteko gertaeretara arte jarraitu zuen. Azkenik, 660. urte aldera, hirugarren egileak, ezezaguna hura ere, Chronica berrikusteaz eta argitaratzeaz arduratu zen.
Lehen egileak baskoiei buruz egindako lehen aipamena sarrerako kapituluetan dago; izan ere, hor, mundu ezaguneko eskualdeetan bizi ziren herriak jaso zituen. Hispaniari buruzko informazioa Orosioren eta Isidoro Sevillakoaren lanetatik hartu zuen, eta kronikan adierazten da Penintsulan zenbait komunitate bizi zirela, eta baskoiak galiziarren eta autrigoien artean kokatuta zeudela: Tyranni et Turrenorum, qui et Terraconensis, Lysitani, Baetici, Autriconi, Vascones, Gallici, qui et Astures (Chron. Fred. 1.8). Geroago, Hidazioren aipamen bat erreproduzitzen du, Rekiario errege sueboak 449an Baskoniaren aurka egindako erasoari buruzkoa (Chron. 2.51), bai eta Bladastesek 581ean eskualde horren kontra gidatutako kanpaina ere (Hist. 3.87), Gregorio Toursekoaren lanean ageri dena.
Kronikaren bigarren egileak informazio berria ematen du, eta baskoiak — wascones— frankoen erresumako periferian kokatutako gentes externae zirela dio, eta errege merovingioak haiek mendean hartzen saiatzen zirela. 602an adierazten da Austrasiako Teudeberto II.a eta Burgundiako Teodoriko II.a erregeek baterako espedizio bat egin zutela baskoien aurka, tributua ordainarazi zietela, eta Genial izeneko dux baten agintepean bizitzera behartu zituztela (Chron. Fred. 4.21). Dirudienez, hurrengo urteetan, merovingioek Cantabria izeneko Hispaniako eskualdea mendean hartzea lortu zuten; izan ere, 607. urte aldera, aipatzen da Sisebuto errege bisigodoak ordura arte Francio izeneko dux franko batek kudeatutako provincia berreskuratu zuela. Dux horrek tributua kobratzen zien biztanleei (Chron. Fred. 4.33). Zenbait ikertzaileren ustez, Antzinate Berantiarreko iturrietan ageri den Cantabria horrek -lurralde-eremu handi bat hartuko zuen, Kantabria klasikotik hego-ekialderantz jarraituko zuena, Toloño mendilerrora arte. Baskoiek arazoak sortu zituzten berriz handik gutxira; izan ere, 626. urtean, Elosako(Eauze, Gers) apezpiku Sidocus eta haren aita Palladius erbesteratu egin zituzten, Aighynane duxak baskoien matxinada batean parte hartu izanaz akusatu ondoren (4.54). Errege franko Klotario II.a hil eta hiru urte geroago, haren seme Dagoberto I.ak Loira ibaiaren hegoaldetik Pirinioetarainoko lurraldea laga zion Karibertori —Dagobertoren anaia zen, aitaren aldetik—, goberna zezan, zegokion errege-ondarearen zatia ez erreklamatzeko baldintzapean. Karibertok Tolosan ezarri zuen erresumako hiriburua, handik gobernatu zuen eta bere jabetzak handitu zituen, Wasconiaren zati bat mendean hartu ondoren. Eremu hori Baronto duxaren agintepean jarri zuen. Nolanahi ere, Kariberto eta haren semea hiltzean (632), Dagobertok Karibertoren erresuma osoa bereganatu zuen, eta Baronto dukea bere kargua uztera behartu zuen (4.67). Lau urte geroago, baskoiek frankoen lurraldean egiten zituzten erasoei erantzuteko, Dagobertok erasoaldi handi bat egin zuen haien aurka, dux askoren tropak bidalita. Baskoiak erasoaldi horri aurre egiten saiatu ziren, baina laster sakabanatu ziren eta mendi aldera ihes egin zuten. Jazarpenean, frankoek baskoi asko hil zituzten, gatibuak hartu zituzten, etxeak erre zituzten eta lurraldea arpilatu zuten, eta wascoiek bakea eta errukia eskatu behar izan zuten, eta Dagobertoren aurrean aurkeztuko zirela hitzeman zuten, haren esanetara jartzeko eta harekiko leialtasunaren zina egiteko. Frankoen garaipena erabatekoa izango zen, honako hau gertatu ez balitz: arduragabekeria baten ondorioz, baskoiek Arnebertus dukea eta haren agintepeko tropak sarraskitu egin zituzten Subolako haranean (agian, Soule / Zuberoa, Euskal Herria). Hitzemandakoa betez, hurrengo urtean, seniores terrae baskoi guztiak, Aiginaneduxarekin batera, Clichy hirira joan ziren, Dagobertoren gortera, baina kronikan azaltzen ez den gertaera baten ondorioz, eliza batean babesa hartu behar izan zuten, erregearen haserrearen beldur. Erregeak bizitza barkatu zien, eta baskoiek, haien ohituren legez, leialtasunaren zina egin zioten erregeari, bai eta haren semeei eta frankoen erresumari ere, eta, hala, Wasconiara itzuli ahal izan ziren (Chron. Fred. 4.78).
Fredegarioren kronika deiturikoa, Gregorio Toursekoaren lanekin batera, ezinbesteko iturria da merovingioen garaiaren eta dinastia horretakoek Pirinioen iparraldeko baskoiekin izandako harremanen berri jakiteko. Bigarren kronikariak baskoiei buruz egiten dituen aipamenak, ikus daitekeenez, garaipenezko kutsua dute, eta, aipatu dugun azken pasartean, egileak jakitera ematen du frankoek baskoien lurraldea behin betiko mendean hartu zutela, baina ez zuten inoiz lortu nagusitasun hori iraunkorra izatea. Izan ere, mende horren amaieran eta viii. eta ix. mendeetan, liskarrak piztu ziren berriz ere. Kronikaren egileek xehetasun handiko informazio zehatza dute erresuma merovingioei eta Wasconiako iparraldeari buruz. Nolanahi ere, 4.33 pasartearen interpretazio historikoa zaila da, akats kronologiko eta geografiko asko dituelako (Sisebuto ez zuten errege egin 612. urtera arte; lanaren une batean aipatzen da bizantziarrek —parte imperiae— Kantabria bereganatu zutela, etab.), eta horrek agerian jartzen du bigarren egileak ez zekiela Hispaniako errealitatearen berri. viii. mendearen amaieran, jada karolingioak agintean zeudela, continuationes batzuk gehitu zizkioten kronikari, 768. urtera arteko gertaerekin osatzeko.
Obrak
Collins, R.: Die Fredegar-Chroniken, Monumenta Germaniae Historica, Studien und Texte, 44, Hannover: Hahnsche Buchhandlung, 2007.
Krusch, B.: Fredegarii et aliorum chronica. Vitae sanctorum, Monumenta Historiae Germanica, Scriptorum rerum Merovingicarum, Tomus II, Hannoverae: Impensis bibliopolii Harniani, 1888.
Bibliografia
Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.
Lanz, J.: Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.), doktorego-tesia, Gasteiz: EHU-UPV, 2017.
Larrañaga, K.: «El pasaje del pseudo-fredegario sobre el dux Francio de Cantabria y otros indicios de naturaleza textual y onomástica sobre presencia franca tardoantigua al sur de los Pirineos» in Archivo Español de Arqueología, 167-168 (1993), 177.- 206. or.
Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.
Rouche, M.: L’Aquitaine des Wisigoths aux Arabes, 418-781: naissance d’une région, Paris: Ecole des Hautes Études en Sciences Sociales; Éditions Jean Touzot, 1979.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J. “Fredegarioren kronika dellakoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 135-137.





