Karguak eta lanbideak
Monje agustindarra eta historialaria
Ibilbidea
1702ko uztailaren 21ean jaio zen, 1718ko urtarrilean Salamancako San Agustinen komentuan sartu zen, eta handik urtebetera profesatu zuen bertan. Handik Valladolideko agustindarren ikastetxera joan zen Filosofia ikasketak egitera, eta ondoren Salamancan Teologia ikasketak egin zituen. 1725ean Madrilera joan zen, eta gero Avilara, hango San Tomasen Unibertsitatean lortu zituela batxiler eta lizentziatu graduak, eta Alcalá de Henareskoan Teologiako doktoretza (1729). Haren prestakuntza intelektual handia aintzat harturik, Inkisizioak komentuetako liburutegietako ikuskatzaile eta bisitatzaile izendatu zuen 1740an. Interes handia piztu zion Historiak, eta berrogei urte bete zituenetik aurrera diziplina horretara erabat dedikatzea erabaki zuen, batez ere Elizaren Historiara, horretarako Alcalá de Henaresko Unibertsitateko katedrari uko egin behar izanik ere. Historia ez ezik, beste diziplina asko ere landu zituen, besteak beste, Teologia, Geografia, Paleografia, Arkeologia, Epigrafia, Numismatika, Genealogia, eta abar.
Batez ere Historiaren arloan lortu zuen ospea, lan mardul bat egin zuelako España Sagrada izenburupean, beste herrialde batzuetan egindako lanak inspirazio iturritzat hartuta, esaterako Denis de Sainte-Martheren Gallia christiana, edo Fernando Ughelliren Italia sacra. Hasiera batean aita santu, errege-erregin, santu eta kontzilioen bilduma egiteko asmoa bazuen ere, gero hura aberastea erabaki zuen, elizaren geografiako osagaiak erantsiz. Hor azaldu zituen elizbarrutien eremuak eta bilakaera, eta beste jakingai asko, tartean zirela numismatika, artea, iturri historikoak etab. Fernando VI.ak urteko 600 dukaten pentsioa eman zion, lana burutzeko modua izan zezan. España Sagrada lana 56 liburu osatzera iritsi zen, aita Flórezek haietatik lehenbiziko 29ak atondu zituela, 1747 eta 1775 bitartean. Ondorengoak haren ordenako erlijiosoek egin zituzten, eta azken bi liburuak 1957an argitaratu ziren. Gainera, diziplina anitzen inguruko liburu ugari idatzi zituen, haietako bat La Cantabria. Disertación sobre el sitio y extensión que tuvo en tiempos de los romanos la región de los cántabros, con noticia de las regiones confinantes y de varias poblaciones antiguas izenekoa. Lan hori, hasiera batean España Sagradaren XXIV. tomoaren apendize moduan prestatu bazuen ere, era independentean argitaratu zen lehenbiziko aldiz Madrilen, 1768an.
Lan horretan, antzinako Kantabriaren muga geografikoen inguruan Manuel Larramendi jesuitarekin dituen desadostasunak azaldu zituen monje agustindarrak. Antzinaroko geografo eta historialari greziar eta erromatar zenbaitek (Ptolomeo, Plinio, Pomponio Mela, Estrabón, etab.) emandako informazioan oinarrituta, aita Flórezek antzinako Kantabriatik kanpo uzten zituen Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeak. Aita Larramendik, berriz, barruan kokatzen zituen, beste hainbat egile modernorekin bat eginez, besteak beste Tuyko apezpiku Lucas Tuyko apezpikua, Florian Ocampo, Ambrosio Morales, Esteban Garibai eta Iruñeko apezpiku frai Prudencio Sandovalekin, Pedro Peraltak bere Historia de España vindicada lanean agertu zuen ildotik. Larramendik nafarrak ere kantabriarrak zirela defendatu zuen, Moret kronista nafarraren iritzia ezetsiz. Aita Flórezen arabera, antzinako Kantabriaren mugen deskribapenik zehatzena Ptolomeok egin zuen, Asturiasen eta autrigoien artean kokatuz. Hortaz, aipatu geografo greziarraren azalpena bere eginez, fraide agustindarrak defendatu zuen Kantabria hasten zela Asturiasko mugan, «siguiendo por S. Vicente de la Barquera, Santander, Santoña hasta cerca del rio que entra al mar al Oriente de Somorrostro, Muzquiz y Pobeña. De alli hacia Oriente estaban los Autrigones, Caristios, Várdulos y finalmente los Vascones, que hoy son los Navarros».
Aita Flórezen arreta piztu zuen beste eztabaidagai bat izan zen erromatarrek Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba konkistatu ote zituzten edo ez. Haren irudiko, aipatutako lurraldeetako zenbait eremutan euskarak irauteak ez zuen esan nahi erromatarrek konkistatu ez zituztenik. Horren frogak ziratekeen, alde batetik, Flaviobriga izeneko hiri erromatarraren existentzia, Bilbotik hurbil kokatzen duena eta aita Larramendik onartzen zuena, eta beste alde batetik, hainbat inskripzio latino aurkitu izana Bilbotik hurbil, Urbinan (Araba) eta Balmasedan, eta eskultura zoomorfo bat, «Mikeldiko idoloa» izenekoa, Durangon. Aita Flórezen arabera, eskultura hori Guisandoko zezenen eta Avilan nahiz Salamancan aurkitu diren beste eskultura batzuen antzekoa zen, eta egiaz elefanteak izanen ziren, Afrikako sinboloa, kartagotarrek erabilia, eta hortik ondorioztatu zuen ezen «donde llegó el Africano, mejor penetraría el Romano, que dominó toda España». Ondorioz, euskarak aipatutako hiru probintzietako mendietan iraun izanaren arrazoia izanen zatekeen latina hiriguneetan bakarrik erabiltzen zela, funtzionario publikoei eta merkatariei esker. Landa eremuetan, berriz, lehendik zegoen hizkuntzak iraun zuen, izan ere, «pues mientras sea menos el trato con la capital de la lengua forastera, sera mayor el uso de la materna, como sucede hoy en la Navarra, en Vizcaya, y en Cataluña, donde los pueblos que no tienen comunicacion con las Capitales en que residen los ministros públicos, desconocen la lengua Castellana […]. Resulta, pues, que el Vascuence actual no excluye la sugecion del terreno a los Romanos, probando unicamente la poca extension y permanencia que alli tuvo el idioma latino, por no codiciar los de este idioma meterse en sitio calificado del mas aspero y terrible de España, y sin ninguna utilidad».
Lehen esan dugunez, aita Larramendik Bizkaia antzinako Kantabriako lurraldetzat jotzen zuen, besteak beste, lurralde horietan hizkuntza bat eta bera, euskara alegia, mintzo zela argudiatuz. Bestelako iritzia zuen Flórezek, antzinako geografoek kantabriar hizkuntzako izenak haien hizkuntzara itzultzeko zailtasunak izan zituztela adierazi zutelako, hango hizkuntza latza eta ulergaitza zela esanez, eta horregatik, hizkuntza hori ezin zen euskara izan. Horren arrazoia izan zitekeen aita Larramendik berak Donostian 1745ean argitaratu zuen Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín lanaren I. liburukian adierazi zuena, alegia, «el Vascuence es lengua facil, y publica con Scaligero, que es lengua suavisima: y que por su general pronunciacion es muy dulce y graciosa». Beraz, aita Flórezen arabera, «no es pues esta la Cantabrica en que los Geografos hallaron tanta dificultad: pues la Vascongada no es dificil, sino facil: no es de nombres escabrosos, sino de pronunciacion muy dulce, deleitable por la variedad hermosa de sus dialectos, y eloquente […]. Es pues muy ineficaz el argumento, que por la lengua Vascongada intente persuadir haber sido Vizcaya de Cantabria».
Azkenik, azpimarragarria da lan horrek ematen duen informazio etnografikoa, batez ere Iberiar penintsulako iparraldeko antzinako herri guztiek, Galiziatik Pirinioetaraino, dituzten zenbait ohitura eta bizimodu komunak azaltzen zituelako, Estrabonen hitzak jasoz. Hona hemen erakusgarri bat: «Se alimentan en dos tiempos del año de bellota, secandola, moliendola, y haciendo pan de la harina. Forman bebida de cevada […]. Cenan sentados, dispuestos à este fin asientos en las paredes. La edad y la dignidad llevan los primeros lugares […]. En lugar de dinero commutan una cosa por otra, ò cortan algo de una lamina, ò plancha de plata. A los condenados à muerte, los precipitan desde una roca: y à los patricidas los cubren de piedras fuera de sus terminos […]. La rusticidad y fiereza de sus costumbres proviene no solo de las guerras, sino de vivir apartados de otras gentes: y faltando comunicacion, falta tambien sociedad y humanidad […]. Lávanse con orines, que dejan podrir en las cisternas: y hombres y mujeres se limpian con ellos los dientes […]. Las mujeres labran los campos, y quando paren, hacen acostar à los maridos, y ellas les sirven […]. Otras cosas usan no tan de fieras, como es, que el varon dota a la mujer: que instituyen herederas à las hijas, y estas casan à los hermanos: lo que no es muy civil, por incluir algún imperio de la mujer sobre el hombre».
Aita Francisco Méndezek, aita Flórezen laguntzailea izanik, haren biografia bat osatu zuen, 1780an argitaratu zena eta bi fraideek 1766an egindako bidaia bat jasotzen zuena: Viage desde Madrid a Bayona de Francia. Por Osma, Soria, Tarazona y Navarra. Volviendo por Calahorra, Logroño, Burgos, Carrión, etc., Nafarroan barna urte hartako ekainaren 18tik uztailaren 12ra ibili ziren, eta kontakizun bitxia utzi zuten, askotariko alderdien ingurukoa (demografia, komentuak eta parrokiak, landaredia, nekazaritza, ekonomia, artea eta monumentuak, historia, ohiturak etab,), ezagutu zituzten hiriak aipatuz: Cascante, Tutera, Erriberri, Tafalla, Iruñea, Orreaga, Lizarra, Lodosa, etab. Bereziki interesgarria da Iruñearen eta san Fermin festen inguruan egin zuten deskribapena.
Obrak
Totius Doctrinae de Generatione et Corruptione; de Coelo, et Mundo; et de Anima. Compendiosa tractatio, Lugduni, 1688, 4 libk.
Theologia Scholastica juxta principia Scholae Augustiniano-Thomisticae pro commodiori studentium usu praecipuis, Matriti, 1732-1738, 5 libk.
Clave Historial con que se abre la puerta a la Historia Eclesiástica, y Política, Madrid, 1743.
España Sagrada. Theatro Geographico Historico de la Iglesia de España. Origen, divisiones y limites de todas sus provincias. Antigüedad, Traslaciones, y Estado Antiguo y presente de sus Sillas, con varias Disertaciones criticas. Tomo I, Madrid:Antonio Marín, 1747.
Elogios del Santo Rey D. Fernando, puestos en el sepulcro de Sevilla en hebreo, y arábigo, Madrid, 1754.
Modo práctico de tener oración mental, Madrid, 1754 eta1760.
Medallas de las Colonias, Municipios y Pueblos antiguos de España, Madrid, I. atala, 1757; II. atala, 1758, III. atala, 1773.
Memorias de las Reynas Cathólicas. Historia Genealógica de la Casa Real de Castilla, y de León, Madrid, 1761, 2 libk.
La Cantabria. Disertación sobre el sitio, y extensión que tuvo en tiempos de los romanos la región de los cántabros, con noticia de las Regiones confinantes, y de varias Poblaciones antiguas,Madrid, 1768. Berrarg. Madrid: Lorenzo de San Martín, 1786.
De formando Theologiae studio libri IV collecti ac restituti per R. P. M. Fr. Laurentium a Villavicencio. Curante R. P. M. Fr. Henrico Flórez, ejusdem Ordinis, Matriti, 1768.
De Sacris Concionibus, seu de interpretatione Scripturarum populari libri III. Collecti per R. P. Fr. Laurentium a Villavicencio. Curante R. P. Henrico Flórez, frate ejusdem Ordinis, Matriti, 1768.
Clave Geográphica para aprender Geographía los que no tienen Maestro, Madrid, 1769.
Sancti Beati, Presbyteri Hispani Liebanensis, in Apocalypsin, ac plurimasutriusque foederis paginas commentaria. Opera et studio R. P. Doct. Henrici Flórez, Matriti, 1770.
Mapa de todos los sitios de batallas que tuvieron los Romanos en España, Madrid, 1774.
Utilidad de la Historia Natural, Madrid, 1780.
Viage desde Madrid a Bayona de Francia. Por Osma, Soria, Tarazona y Navarra. Volviendo por Calahorra, Logroño, Burgos, Carrión, etc., en el año de 1766, Aita Méndezen biografian, Madrid, 1780.
Bibliografia
Borreguero, C. (zuz.), El Padre Flórez, tres siglos después. Actas del Congreso Internacional, Burgos: Diputación Provincial, 2006.
Campos y Fernández de Sevilla, F. J., «Enrique Fernando Flórez de Setién Huidobro y Velasco», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/9713/enrique-fernando-florez-de-setien-huidobro-y-velasco (2018ko urriaren 22an egindako kontsulta).
Fernández-Guerra, A., «Cantabria», in Boletín de la Sociedad Geográfica de Madrid, 4 (1878), 93.-150. or.
Méndez, F., Noticias sobre la vida, escritos y viajes del Rmo. P. Mtro. Fr. Enrique Flórez, Madrid: Imprenta de Pedro Marín, 1780.
Peragón López, C. E., y Ureña Uceda, A., «Notas para el estudio del arte y la literatura en la España ilustrada. Baeza en los libros de viajes», in Cuadernos de Arte e Iconografía, 25 (2004), 215.-250. or.
Sempere y Guarinos, J., Ensayo de una biblioteca española de los mejores escritores del reinado de Carlos III, III. libk, Madrid: Imprenta Real, 1785-1789.
Aipamen bibliografikoa
Noain Irisarri, J.J., “Florez de Setien Huidobro y Velasco, Enrique Fernando”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 658-662.





