Karguak eta lanbideak
Politikari eta militarra, Ministroen kontseiluko presidentea, Gorte Orokorretako presidentea
Ibilbidea
Pasai San Pedro auzoan jaio zen (Gipuzkoa). Juan Fernando Vicente de Ferrer Etxebarria izan zuen aita, armadako zenbatzailea, Pasaian sortua, eta Manuela de Cafranga Villabaso, ama, Mungian jaioa (Bizkaia). Beti bere azken izenak erabili zituen; batez ere bi anaiarengandik bereizteko, Juan Bautista eta Juan Manuel. Horrek nolabaiteko nahasmendua sortu zuen astronomian nabarmendutako anaia Jose Joaquinekin. Manuela Alvarez Coiñasekin ezkondu zen. Emaztea perutarra zen, Arequipan sortua, Antonio Álvarez Jiménez brigadierraren alaba. Goiak senar-emazteen erretratua egin zuen Parisen, 1824ko udan, pintoreak erregearen baimena lortu zuenean Bordeletik ateratzeko eta «Plombièresko urak hartzeko».
Ferrer jaunak hainbat kargu bete zituen Gipuzkoako eta Bizkaiko probintzietan, politika nazionalera jauzi egin aurretik. 1808an, Londresen zebilela, mandatari asturiastarrei lagundu zien, hara joanak baitziren frantsesei aurre egiteko laguntza eskatzeko. Handik gutxira, Cadiz eta Sevillara jo zuen eta, handik, Amerikara. 1811ko otsailaren 15ean, Peruko Konkordia espainiarreko Boluntario nabarmenduen Erregimentuko hirugarren batailoiko kapitain izendatu zuten, Abascal erregeordeak sortua. Urte haietan eta Espainiara itzuli arte (1811- 1815), dirua eman zuen altxatuen aurka borrokan ziharduten tropei ordain- tzeko. Berak eskaturik, lizentzia osoa 1817ko azaroaren 27an eskuratu zuen.
Hirurteko Liberalean, San Carlos Bankuko administrazio-batzordeko eta Filipinetako Konpainiako kidea izan zen eta, Gobernuak 1820an egindako jesapenaren negoziazioan parte hartu zuen. Gorteetako kide gisa, Cadizeraino joan zen Gorteei jarraikiz eta, arrazoi hori tarteko, erbestera joan behar izan zuen, erregearen lekualdaketa bozkatu zuten diputatuen kontrako auzian sar- tua zegoelako.
Tropa frantsesak sartu eta gero, hasieran Londres eta Jerseyrantz jo zuen. Aipatu aroko gertakari politikoetan buru-belarri parte hartu bazuen ere, gomendio-gutun bat lortu zuen, Bourmonteko kondeak sinatua, hau da, armada frantsesak Espainian zuen komandante buruak izenpetua, Ferrerren ekintzen bermatzailea zela adierazita. Horren ondorioz, Chateaubriand Frantziako Kanpo Ministerioko ministroak agindu zuen ez zedila haren egonaldia trabatu. Ondorioz, 1823ko abenduaren 25ean, Frantziara irisi zen.
Frantziako hiriburuan kokaturik, merkataritzan aritu zen batez ere, Parisko hainbat bankarirekin harremanak zituelako. Polizia frantsesaren informazioek erakusten dute haren erbestea erosoa izan zela diruaren ikuspuntutik eta harreman politiko gutxi izan zituela espainiar erbesteratuekin. Espainiatik kanpo zeuzkan ondasunek ongi bizitzeko bidea eman zioten, bai eta erbestean zeuden kide batzuei laguntzeko aukera ere. 1829ko maiatzaren 2an, Espainiara itzultzeko baimena eman zitzaion, baina uko egin zion. Azkenean, 1832ko amnistia jaso zuen.
Isabel II.aren adingabetasunak iraun artean, Ogasuneko ministroa izan zen, Calatravaren presidentziapean, 1836an, egun bakar batez, egoera bere- ziki nahasietan. Gero, diputatu hautaturik, Gorte Orokorretako presidentea izan zen 1836tik 1837ra. 1834an, Gipuzkoako alhadun nagusi izendatu zuten. Dimisioa eman zuen, ordea, Donostiako liberalen iritziaren aurkako proposamen bat onetsi zelako. Liberal haiek Errege Estatutua bere osoan onestea nahi zuten. Handik denbora gutxira, Baionara bidali zuten Lehen Karlistal- diaren amaiera lortzen saiatzeko. 1834ko urriaren erdialdean, Frantzia utzi eta bere jarlekua hartu zuen.
1836ko otsailean, monasterioak kontserbatzea edo eraistea aztertzeko batzordeko kide izendatu zuten. 1836ko abuztuaren 14an, La Granjako altxamenduaren ondoren sortutako Ogasun ministerioa hartzea proposatu zitzaion, Mendizabalen eraginez omen, baina uko egin zion hura onartzeari, osasunez makal zebilelako.
1837ko otsailaren 7an, mandatua eman zitzaion Mexikoko errepublikarekiko merkataritza-itunari buruzko txostena egin zezan eta, bi hilabete geroago (1837ko apirilaren 9a), Gorteek haren izendapena onartu eta itunaren eztabai- daz arduratzeko ministro ahalguztiduna izan zen. Eginkizun hori, gutxienez, Estatu Idazkaritzarako izendatu zuten arte luzatu zen (1840).
Baldomero Esparterori eta Alderdi Progresistari lotua, politikaren lehen lerrotik baztertu zuten, harik eta Esparterok erregeordetza hartu zuen arte (1840-1843). Madrilen, Maria Kristinaren Udalen Legearen aurkako altxamendua gertatu zenean, Ferrer Madrilgo alkatea zen eta hiriburuan 1840ko irailaren 1ean eratutako Batzordeko buru izendatu zuten. Gatazkatik ateratzen saiatze aldera, erreginordeak Ministerioko presidenteorde izendatu zuen, Estatuko Idazkaritza hartu bidenabar (1840ko urriaren 3tik 1841eko maiatza- ren 20ra), eta Ferrerrek egoera berean jarraitu zuen Maria Kristinak dimisioa ematean (1840ko urriaren 12a). Garai hartan, Ogasun ministerioa hartu zuen bere gain bitarte baterako, Agustín Fernández de Gamboa iritsi arte (1840ko urriaren 3tik 10era), haren dimisioaren ondotik (1841eko martxoaren 6tik 9ra), bai eta Ramon Maria Calatravaren dimisioaren ondotik ere (1841eko maiatzaren 10etik 21era). Eginkizunen artean, euskal probintzietako dipu- tazioekin aritu behar izan zuen negoziazioan foru sistema Espainiako errealitate politiko berrira egokitzeko. Estatu Idazkaritzako buru zenean, Nafarroako foru moldaketa sinatu zen.
Ministeriotik atera ondoren, 1842ko apirilaren 13an, gerra zibilean eragindako kalteen kalte-ordainen batzorde zentraleko presidente izendatu zuten, eta hamar urtez iraun zuen kargu hartan, 1852ko uztailaren 28ra arte. Gero, 1855eko abuztuaren 23an, Itsasoz bestaldeko batzorde aholku-emaileko kide izendatu zuten eta, ondoren, Estatuko atalera atxiki zuten, 1855eko abenduaren 12an. Batzordea ezabatzea, jarduera hori utzi zuen (1856ko azaroaren 11).
Politika uztean, batez ere Pasaian bizi izan zen, bertako portua hobetzen saiatuta. Liburutegi handia zuen, tartean obra asko frantsesez eta ingelesez, haren prestakuntza intelektualaren erakusgarri.
1822an mintzatu zen lehen aldiz parlamentuan, Gipuzkoako diputatu hautatu zutenean. Parlamentura itzuli zen, Gipuzkoako prokuadore gisa 1834an, 1836an eta 1836ko Gorte Eratzaileetan. 1837an, Kongresurako eta Senaturako hautatu zuten (Gipuzkoako ordezkari gisa). Ferrerrek Goi Ganbera hobetsi zuen. 1841ean, Nafarroako senatari izendatu zuten eta, 1847an, biziarteko senatari.
Honako kondekorazio hauek jaso zituen: Isabel Katolikoaren Amerikako Errege Ordenaren Zaldun Gurutzea (1816ko urriaren 10a); Karlos III.a Espainiako Errege Ordena Gailenaren Gurutze Supernumerarioa (1819ko urriaren 20a); Karlos II.aren Gurutze Handia (1841eko otsailaren 1a); bere Maiestatearen Ganberako Aitoren semea; Holandako Lehoiaren Ordenako zalduna eta Portugaleko Kristoren Ordenako zalduna (1841).
Hark ondutako historiografia-lanen artean, nabarmentzekoa da Historia de la Monja Alférez liburuaren edizioa, iruzkin kritikoak eginda. Katalina Erausoren kontakizun autobiografikoa da, moja, militar eta idazle horrek berak 1626an idatzia. Ferrerrek Historiako Errege Akademian zegoen eskuizkribu horren kopia bat argitaratu zuen 1829an, izenburu honekin, La historia de la Monja Alférez, escrita por ella misma, Julio Didot editore paristar ospetsuaren eskutik. Ferrerrek berak bere sarrerako azterlanean azaldu zuen zer ibilbide egin zuen jatorrizko testuak eta nola ezagutu zuen bere adiskide Felipe Bauza politikariaren bitartez.
Obrak
Historia de la Monja Alférez Doña Catalina de Erauso escrita por ella misma, e ilustrada con notas y documentos por D. Joaquín María Ferrer, Paris: Julio Didoten inprimategia, 1829.
Contestación al papel que circula impreso bajo el título de: Dictamen que dio el Excmo. Sr. D. Baldomero Espartero, Comandante general de las provincias Vascongadas, al Excmo. Señor General en jefe de los ejércitos de operaciones y de reserva, en cumpli- miento de la orden que le comunicó al efecto, sobre la causa instruida contra el bata- llón franco de Voluntarios de Guipúzcoa, con motivo de los robos, profanaciones de iglesias, sacrilegios, heridas y otros atentados en varios pueblos, por el exprocurador a Cortes de la provincia de Guipúzcoa, D. J. M. Ferrer, Madril: Tomás Jordan, 1836.
Cartas autógrafas que en cumplimiento de lo acordado por las Cortes en sesión de 2 de enero de 1837, ha dirigido su Presidente a la M. N. y M. L. e invicta villa de Bilbao, al Excmo. Señor D. Baldomero Espartero, y al muy honorable Lord John Hay, Madril: Gor-Mutuen Ikastetxeko inprimategia, 1837.
Reseña documentada de los principales negocios que se han ventilado por el Ministerio de Estado desde el mes de octubre de 1840 hasta la reunión de las Cortes de 1841, Ma- dril: Alegría y Charlain inrimategia, 1841.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993.
GIL NOVALES, A. (zuz.), Diccionario Biográfico del Trienio liberal, Madril: Ediciones El Museo Universal, 1991.
HERRERO MEDIAVILLA, V. (arg.), Archivo Biográfico de España, Portugal e Iberoamérica, München: K. G. Saur, 2002.
LÓPEZ ALÉN, F., Iconografía biográfica de Guipúzcoa. Galería de retratos de Guipuzcoa- nos distinguidos, Donostia: J. Baroja e Hijo inprimategia, 1898.
RULL SABATER, A., Diccionario sucinto de Ministros de Hacienda (siglos XIX y XX), Madril: Ekonomia eta Ogasun Ministerioa, 1991.
URQUIJO GOITIA, J. R., «Ferrer Cafranga, Juan Tomás Joaquín María», Diccionario Bio- gráfico Español, Madril: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/13505/juan-tomas-joaquin-maria-ferrer-cafranga (2019eko iraila- ren 25ean egindako kontsulta).
URRUTIA, E., «Galería biográfica de vascos ilustres. José Joaquín Ferrer», Euskalerria- ren Alde, 8 (1918), 71-73.or.
ITURRIAK
DIPUTATUEN KONGRESUKO ARTXIBOA, Credenciales, 10. paper-sorta, 19. esp. ARTXIBO HISTORIKO NAZIONALA, Estado, Expedientes de Carlos III, 1795. ZK.





