Karguak eta lanbideak
Testua gaztelaniaz
Es una compilación de noticias sobre al-Andalus anónima y redactada a comienzos del siglo XII.
Ibilbidea
Adituek, hasieran, egilea ipar-afrikarra izan zitekeela pentsatu izan zuten, baina gaur egun uste da andalustarra ere izan zitekeela, hasiera batean Sánchez Albornozek proposatutako moduan. Estimazioen arabera, 500./1106. urtea baino lehen idatzi zen, garaiko zer pertsonaia aipatzen dituen aintzat hartuta; besteak beste, Fededunen emirra, Yūsuf ibn Tāšufīn. Luis Molinaren iritzian, 495./1102. eta 503./1110. urteen artean idatzi zen, almorabideek Valentzia birkonkistatu zuten urtea baita idazketa abiatzeko mugarria. Azken datua, berriz, Zaragoza almorabideen esku erori zenekoa da.
Bi zati bereizten dira obran. Lehenean, konkistaren albisteak, emirren gobernua eta Abd ar Rahmanen agintaldia jasotzen dira; bigarrenean, berriz, Hišām I.aren agintalditik almorabideen sarrerara bitarteko berriak.
Emilio García Gómezen iritziz, obra hori, berez, Ibn Ḥayyānen Muqtabis lanaren laburpena zen, baita al-Gassānī enbaxadore marokoarraren Rihl obraren erreprodukzio fidela ere. Tesi horri kontra egin zion Luis Molinak, bi iturriak alderatuz eta hainbat pasarte aztertuz. Sánchez Albornozen iritziz, Aḥmad al-Rāzīrena da Fatḥ al-Andalus lanean jasotako informazio asko. Molina, berriz, egilea Muḥammad b. ‘Īs’a b. Muzayn izan daitekeelakoan dago, Silvesko taifa gobernatu zuen azken erregearen semeak emandako datuetan oinarrituta. Ustez, bera izan zen Ṣila al-Mugrib edo La continuación de Lo extraordinario lanaren egilea; xi. mendearen amaieran idatzi zen obra hori.
Baskoiei buruz, jakinarazten du Uqbā emirrak (116/732-123/739) Galiziako hainbat hiri konkistatu zituela, besteak beste Iruñea. Aurrerago, berriz, zehazten du Abd ar Rahman I.ak, 165./781-166./782. urtean Zaragoza mendean hartu ondoren, Iruñerriari egin ziola eraso, hainbat gotorleku eraitsi zituela, eta, ondoren, Baskoniako beste hainbat hiri ere suntsitu zituela. Baskoiek, ondorioz, «bahituak eman behar izan zizkien halabeharrez, gerra-zergaren ordain, eta, orobat, emirrari obedientzia agindu zioten; hark, onartu egin zuen, eta bahituak hartu zituen hitzartutakoa betetzeko».
Obrak
Eskbu. bat (7531. zk.) gordetzen da Rabaten, Dār al-Kutub al-Ḥasanīya, eta bigarren Eskbu. bat (1876 zk.) Aljerren, Dār al-Kutub al-Waṭaniya.
Fatḥ al-Andalus (La conquista de al-Andalus), Molina, L. (arg.), Madrid: CSIC, 1994; Penela, M. (itz.), Madrid: CSIC, 2002.
Historia de la conquista de España. Códice arábigo del siglo xii dado a la luz por primera vez,González, J. (itz. eta oharrak), Aljer, 1889.
Bibliografia
Castilla Brazales, J., «Fatḥ al-Andalus», in Lirola Delgado, J., eta Puerta Vílchez, J. M. (zuz. eta arg.), Biblioteca de al-Andalus, Almería: Fundación Ibn Tufayl, 1. libk., 2012, 339.-342. or.
Sánchez Albornoz, C., «Precisiones sobre Fath al-Andalus», in Revista del Instituto Egipcio de Estudios Islámicos, 9-10 (1961-1962), 1.-21. or.
Tahiri, A., Fatḥ al-Andalus y la incorporación de Occidente a Dar al-Islam. Mūsā ibn Nuṣayr Ṭāriq b. Ziyab, s. l.: Islam cercano, 2011.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “Fath al-Andalus”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 293-294.





