Karguak eta lanbideak
Apaiza eta idazlea
Ibilbidea
Eulogio Kordobakoa bere epistolen bidez ezagutzen dugu, bai eta bere adiskide Albaro Kordobakoak 860an idatzitako Vita vel passio Divi Eulogii biografia-lanaren bidez ere. Omeiatarren menpeko Kordoban jaio zen, ix. mendearen hasieran, leinu nobleko familia kristau baten baitan. Kordoban bertan eliza-prestakuntza jaso, apeztu, eta pastoralgintzari lotu zitzaion, aldi berean kontenplaziozko bizitza eginda Kordoba inguruko monasterioetan. 848. urtean, Frantziara abiatu zen. Ez zuen, ordea, Marka Hispaniarra gurutzatzerik izan, Gilen Septimaniakoak Karlos Burusoilaren aurka antolatutako matxinadak eragotzita. Akitaniara, hortaz, Iruñean barna joatea erabaki zuen. Baskonian, ordea, Gartzea Enekoezen altxamendua gertatua zenez, Iruñeko apezpiku Wiliesindok babespean hartu behar izan zuen. Egonaldi hartan, Pirinioetako eta Pirinioaurreko hainbat monasterio ezagutu zituen, hala nola San Zakariaskoa, Mendebalde osoan ezaguna, Eulogioren arabera. Badakigu, gainera, Igariko eta Urdaspaleko monasterioak ere ezagutu zituela, Ximeno eta Dadilano abade zirela, hurrenez hurren. Leireko San Salbatoren, berriz, bertako abade Fortuñok hartu zuen. Leiren, Mahomaren bizitza bat aurkitu zuen, eztabaida teologiko kristauez ere mintzo zena. Gero, Aragoiko bi monasterio bisitatu zituen: batetik, Cillaskoa, abade Otiliok gobernatua, eta bestetik, Siresako San Pedro, abade Odoariok zuzendua. Azken horretan, Eulogio harrituta gelditu zen, zenbat monje bizi ziren ikusita eta liburutegi aberatsari erreparatuta, tradizio greko-latindarreko obra anitzez osatuta baitzegoen. Obren artean, adibidez, aipatzekoak dira Virgilioren Eneida, Avianoren alegiak, Juvenalen satirak, Kinto Horazio Flakoren olerkiak eta Porfirioren poesia figuratuak; era berean, San Agustinen De Civitate Dei lana eta Aldhelmo Malmesburykoa monje anglosaxoiaren literatura. 845 aldean itzuli zen Kordobara, betiere Zaragoza, Calatayud, Alcalá de Henares eta Toledo zeharkatuta, eta hiri horietako kristau erkidegoak ezagututa. Idazle greko-latindarren lan ugari eraman zituen atzera itzuleran, bai eta San Agustinen Jainkoaren Hiria ere, lan haietako asko ez baitzeuden Al Andalusen. Handik aurrera, ordea, latina eta literatura latindarra irakasteko erabili ziren Kordoban, Eulogiok berak ikasketei bultzada berria emanda.
Eulogio martiri boluntarioen matxinada mozarabiarraren eragileetako bat izan zen, Kordoban ix. mendearen berrogeita hamarreko hamarkadan gertatu zena. Lehen kristau ortodoxoak 850etik 852ra bitarte zendu ondoren, ‘Abd al-Raḥman II.ak kontzilio bat deitu zuen eta, hartan, Sevillako apezpiku Rekafredo izan zen buru. Besteak beste, Eulogiok eta Kordobako apezpiku Saulok parte hartu eta biek ere martirien kausaren alde egin zuten. Biak atxilotu zituzten, mugimendu hartako beste buru batzuekin batera. Espetxean zegoela, hainbat lan idatzi zituen, hala nola Memoriale sanctorum (Santuen Memoriala), Documentum martyriale (Martirien agiria) —Flora eta Maria martiriei eskainita—, eta Iruñeko apezpikuari zuzendutako gutun luze bat. 851ko azaroaren 29an askatu zuten.
Omeiatarrek, 852an, mozarabiarrekiko politika gogortu zuten. Handik aurrera, ia ez dugu Eulogioren berri, ez bada Memoriale sanctorum lana bukatu eta Apologeticus martyrum idatzi zuela. Azken lan hori Rodrigoren eta Salomonen apologia da, biak ere 857an hildako martiri mozarabiarrak. Mahomaren biografia labur bat ere sartu zuen, arestian aipatu duguna, lehenago lerrootara ekarri dugun Leireko monasterio nafarretik Eulogiok berak kopiatua. Behin Toledoko apezpiku Wistremiro zendutakoan, Eulogio izendatu zuten apezpikutegi hartako prelatu (858); ez zuen, ordea, dignitate hori betetzerik izan.
Izan ere, Leokrizia emakume kristautua etxean ezkutatu izanak eragin zuen Eulogioren heriotza, emakumea guraso musulmanen alaba baitzen (Leokadia ere esaten zitzaion). Hori zela eta, 859. urtearen hasieran atxilotu eta epaitu zuten. Epaiketan, kristautasunaren alde egin izanak heriotza-kondena erakarri zion, eta lepoa moztu zioten. Exekuzioa 859ko martxoaren 11n egin zen, eta gorpua Kordobako San Zoilo basilikan hilobiratu zuten. Alfontso III.ak, hala ere, Oviedora eraman zituen haren erlikiak, 883. urtean, bai eta Santa Leokadiarenak ere.
Eulogioren obran, Wiliesindo Iruñeko apezpikuari zuzendutako gutuna nabarmenduko dugu. Kordoban idatzia, hiri hartan bertan eman zion Galindo Enekoez (dumnus Galindo Enniconis) jaunari, 851ko azaroaren 15ean eman ere, apezpikuari helaraz ziezaion. Gutunean kontatzen du zer arrazoik bultzatuta joan zen Iruñeko lurra bisitatzera; era berean, abegi ona eskaini izana eskertu zion Wiliesindo apezpikuari. Jasoa dago, halaber, zer tokitan ibili zen eta zer irudipen eragin zizkion toki haietako bakoitzak. Bukaeran, goraintziak eman zizkion bai Leireko monasterioko abade Fortuñori nahiz bertako ikastetxe guztiari, bai Cillasko monasterioko abade Otiliori nahiz bertako ikastetxe guztiari, bai Siresako monasterioko abade Odoariori nahiz bertako monje-armada guztiari, bai Igariko monasterioko abade Ximenori nahiz bertako ikastetxe guztiari, eta goraintziak ere, azkenik, Urdaspaleko monasterioko abade Dadilanori nahiz bertako ikastetxe guztiari, eta horiei guztiei ez ezik, «gure ibileran, babesle eta kontsolatzaile izan genituen gainerako aita guztiei, eta Jainko Jaunaren eskola guztiari, musu santua barne».
Obrak
Documentum Martyriale, s. l., 851.
Memoriale Sanctorum, s. l., 851.-856.
Epistulae (Epistula prima ad Alvarum, Epistula secunda ad Baldegthonem, Epístola tertia ad Wiliesindum), s. l., 851.
Apologeticus martyrum, 852. ond.
Argitalpenak eta itzulpenak: Ruiz, A. S. (arg. eta itz.), Obras completas de San Eulogio, Córdoba: Imprenta provincial, 1959. Aldana García, M. J. (itz.), Obras completas de san Eulogio. Introducción, traducción y notas, Córdoba: Universidad de Córdoba, 1998. Herrera Roldán, P. (arg. eta itz.), «San Eulogio de Córdoba», in Obras completas, Madrid: Akal, 2005.
Bibliografia
Colbert, E. P., The martyrs of Córdoba. A study of the sources. A dissertation (850-859), Washington: The Catholic University of America Press, 1962.
Fortún, L. J., Leire, un señorío monástico en Navarra (siglos ix-xix), Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1993.
Molina Piñedo, R., San Eulogio de Córdoba, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1976.
Pérez de Laborda, A., Guía para la historia del País Vasco hasta el siglo ix. Fuentes, textos, glosas, índices, Donostia: Txertoa, 1996, 234.-241. or.
Pérez de Urbel, J., San Eulogio de Córdoba, Madrid: Voluntad, 1928.
Sainz Magaña, E., «Eulogio de Córdoba, San», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/9134/san-eulogio-de-cordoba (2018ko irailaren 30ean egindako kontsulta).
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Eulogio Cordobako”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 181-183.





