Karguak eta lanbideak
Kazetaria, artxibozaina eta historialaria
Ibilbidea
Iruñeko jakintsu horren biografia, zalantzarik gabe, familiaren eraginaren zigiluarekin hasi zen. Bere aitak, Gervasio Etayok, herriko hainbat egunkaritan parte hartu zuen (Lau-Buru, El Eco de Navarra, El Tradicionalista eta El Aralar), eta Gamazadako gertaeren kronista gailenetako bat izan zen. 1909an, Nafarroako Artxiboaren eta Liburutegiaren ardura hartu zuen. Arturo Campionekin izan zuen harremana ere garrantzitsua izan zen semearen prestakuntzan. Historialari handiaren ikasle goiztiar bat zela esan daiteke, 1910ean Artxibo Modernoan laguntzaile gisa lehen lana lortu zuenetik. Jesus gaztea politikan ere nabarmendu zen eta, bere familiaren tradizio karlistari jarraituz, 1915ean Iruñeko Gazte Jaimisten Zuzendaritza Batzordeko kide hautatu zuten. Bertan liburuzain kargua bete zuen eta Akademia Tradizionalistako kide izendatu zuten. Garai hartan, Joshe Miguel, Akalarre eta El Duenderen kazetaritza-ekimen karlistetan ere parte hartu zuen.
Bere ibilbide profesionalean erabakigarria izan zen 1917an, hogeita hiru urterekin El Pensamiento Navarroko zuzendari izendatzea, hura baitzen bertako prentsan karlismoaren organo nagusia. Tribuna horretatik aktiboki parte hartu zuen Nafarroako bizitza politikoan, lehen aldarrikapen autonomikoetan murgilduta. Etayoren foruzaletasun euskaltzale irmoak «antitreintainuevisten» eremuan kokatu zuen argi eta garbi, «foruen berrezarpen osoaren» alde baitzeuden 1839ko urriaren 25eko legea indargabetu ondoren; ideia horretan bat zetozen karlisten eta euskal nazionalisten gehiengoa, eta, aldi berean, «koarentaiunisten» aurka, hauek 1816ko Lege Hitzartuaren alde, baitzeuden. Azken horiek beren tesiak 1918ko abenduaren 30eko Nafarroako Udalen Batzarrean inposatzea lortu zuten. Handik gutxira, ordea, zatiketa mellista piztu zen, bai erregegaiak bai Vazquez de Mellak mundu-gatazkaren aurrean, hala autonomiaren nola gizarte-auziaren inguruan zituzten jarrera desberdinengatik, eta zuzendari berriak markatutako ildo editoriala, Jaimeren aldekoa, noski, berriz ere nagusi izan zen kasu honetan.
1919ko urtarrilaren 31n Iruñeko Zirkulu Karlistan «La reintegración foral de Navarra» izenburupean egindako hitzaldi batean, Etayok onartu zuen, bi gertaerak bateratuta —erreklamazio autonomikoa eta bere alderdiaren barruko zisma—, «nahikoa zela gure kontzientzia asebetetzeko foru-birgizarteratzearen nahia baieztatzea eta gure desiraren norainokoa ongi zehaztea», baina egoera historiko berriek «Erresuma zahar honen zaharberritze-mugimendua» bultzatzen zutela, bere subiranotasun jasoa, «bere askatasuna», berreskuratzera. Ahalegin horretan, Etayoren arabera, Nafarroak kausa komuna zuen beste euskaldunekin, beren nortasunean lotuta baitzeuden, eta horregatik kritikatu zuen, mellistak aipatuta, haiek zatitzeko ahalegina, diskordia zaharrak argudiatuz: «nafartarrak gainerako euskaldunengandik materialki eta espiritualki banantzeko hori guztia gogoratzen dutenak, hain zuzen ere, benetako ekintza foruzale orotan, Espainiarengandiko separatismo-agerraldiak ikusten dituzte, Gaztelaren apostolu bihurtzen dira eta Nafarroa Aragoirekin elkartzea aldarrikatzen dute». Handik urtebetera, Miguel Esparzak ordezkatu zuen Etayo El Pensamiento Navarroren zuzendaritzan, izaera foruzale eta euskaltzale berekoa hau ere. Horregatik ez zion utzi garai hartako ekimen politiko eta kulturaletan zeregin nabarmena izateari, hala nola Nafarroako jaimisten eta euskal nazionalisten arteko Foru Aliantza (1921) sortzeari, edo Amaiurreko balentriaren mendeurrenaren inguruan (1921-1922) sorturiko kazetaritza eta historiografia polemikari.
Bere ibilbide profesionala areagotu egin zen hurrengo urteetan: 1922ko urtarrilean Nafarroako Foru Diputazioko artxibozain izendatu zuten, eta baita korporazioak aurretik sortutako Nafarroako Historiako katedraren arduradun ere; 1923ko otsailean Historiako Errege Akademiako kide izendatu zuten; eta urte horretako martxoan Iruñean argitaratu zen, La Voz de Navarra, euskal egunkari nazionalistaren erredakzioan parte hartu zuen. Bere ikerlarietako batek dioenez, «karlisten jarraitzaileen […] eta euskal nazionalismoaren arteko banalerroak oso ahulak ziren garai haietan, ezen ez baitziren arraroak Iruñeko intelektualen arloko joan-etorri ideologiko horiek». Esan liteke Etayoren kasuan —beti eutsi zion militantzia karlistari— koherentzia foruzaletasunetik zetorkiola, eta inoiz baino nabarmenagoa izango zen diktadura primorriberista estreinatu berriaren eraso zentralisten aurrean. Haren artikuluek, beti Nafarroako Historiaren ezagutza sakonetik sortuak, behin baino gehiagotan zentsuratuak, eztabaida gogorra piztu zuten 1927ko hitzarmen ekonomikoaren kupoaren igoeraren aurka, eta Calvo Sotelo Ogasuneko ministroak aurkako kritikak jaso zituen, baina baita Nafarroako Diputazioak ere, hitzarmen «maltzurraren» sinatzaileak, alegia; eta Diario de Navarraren aurka ere agertu zen «foruaren erredukzionismo-tesien bozeramailea» izatea eta diktadurarekin bat etortzea egozten baitzion azken honi. Agian, ez zen kasualitatea izan, 1927ko urte hartan, La Voz de Navarrako zuzendari izendatu zutenean, denbora gutxirako, Diputazioko Ogasun Bulegora eramatea, artxibozain kargua kenduta.
Kazetaritzan ere jardun zuen, Bilboko Euzkadi eta Donostiako El Día egunkarietan, eta Iruñeko egunkari nazionalistari lotuta jarraitu zuen, 1936an desagertu zen arte. Orduan, El Pensamiento Navarroren orrietara itzuli zen, eta lan horrekin batera El Diario Montañesen (Santander) eta El Faro de Vigon kolaborazio erregularrak egin zituen. Gure jakintsua urte gutxi batzuk geroago hil zen, 1951ko maiatzaren 13an.
Jesus Etayok bi bokazio nagusi bildu zituen bere biografian: Nafarroako historia eta kazetaritza. Lehena finkatzeko, erabakigarria izan zen Foru Diputazioko artxibozain karguan sartzea, eta, horri esker, Nafarroako eta Euskal Herriko iraganean iturri historikoetatik bertatik arakatu ahal izan zuen, bai eta beste ikertzaile ezagun batzuekin harreman intelektualak izan ere. Zalantzarik gabe, Arturo Campionen magisteriotik eta Euskara Elkartearen inguruan sortu zen belaunalditik abiatuta sortu zen haren historialari-izatea eta historiaren interpretazioa. Argi eta garbi geratu zen hori, 1521-1522ko eztabaida hartan izan zuen parte-hartze erudituan. Orduan diputatu tradizionalista Victor Praderak piztu zuen eztabaida, Nafarroaren independentziaren azken defendatzaileei, Amaiurko heroiei, monumentu bat zutitzea zentsuratzean. Campion, Altadill, Aranzadi, Baleztena, Azcona edo Rodeznoko kondea eta garaiko beste politikari eta intelektualekin batera, Etayok Nafarroako historiografiak konkistari buruz egiten duen interpretazio klasikoaren alde egin zuen irmo, «Amaiurko gazteluaren defendatzaileak nafar leial eta heroikoak izan zirela» esanez. Idatzi zuen, halaber, Agramontearren kausaren jarraipena karlistetan zegoela. Karlista haietatik zenbait iragaite (Praderaz ari zen) gertatu ziren, Nafarroako identitatearen etsaien interesak zerbitzatzeko. Egia esan, gizon horietako gehienek, besteak beste Etayok, ideia bera zuten Nafarroaren eta gainerako euskal lurraldeen euskal nortasunaren edo sustraiaren inguruan, Praderak gezurtitzat jotzen bazituen ere.
Hala ere, Nafarroako nortasun historikoa, subiranotasuna eta askatasuna berrezartzearen aldeko irrika horiek, foruak erabat berrezartzeko formulan zehaztuak, prentsa-artikuluetan irauli zituen Etayok, bere garaiko jendearengan eragiteko biderik zuzenena hori baitzen. Horietan, diziplina historikoaren teknika metodologikoak ezin hobeki ezagutzen zituela erakutsi zuen, eta zehaztasun eta erudizio goraipagarriak zituela. Bere garaikide askok Nafarroako 1512tik 1841era bitarteko historia bat idazteko gaitasunik handiena berak zuela uste izan zuten, baina proiektu handi hura ez zen sekula gauzatu bere kazetaritza-lanaren eskakizunengatik, hain zuzen. Semeak 1923tik 1931ra bitarteko etapa emankorrean argitaratutako artikulu nagusien bilduma egin berri du, eta horrek erakusten du, erreinu zaharraren ibilbide historiko osoak irakurleen artean izan zuen proiekzio mediatiko nabarmena. Etayo historialari eta kazetariaren aburuz, unitarismoaren aurrean foraltasuna defendatzeak, gainera, etorkizunerako proposamen bat eskatzen zuen; «foru-esentziak gaur egungo errealitateetara» egokitzeaz hitz egin zuen, eta, zenbait unetan, Nafarroa foru-erakundea eta subiranoa «herrien konfederazio libre» gisa eratutako Espainian sartzearen alde egin zuen. Ezbairik gabe, haren irudia guregana iritsi da, aurreko mendeko Nafarroako elite kultural eta politikoetako sektore batek berezko duen euskal indarraren erreferente gisa, bai eta erresuma zaharraren ondare historikoaren defentsarekin konprometitutako kazetaritzaren adibide gisa ere.
Obrak
La reintegración foral de Navarra. Conferencia en el Círculo Carlista de Pamplona, dada el 31 de enero de 1919, Iruñea: Huarte ed., 1919.
Bibliografia
ETAYO ZALDUENDO, J., Navarra: una soberanía secuestrada. Historia y periodismo (1923-1931), Emilio Majuelo Gilen hitzaurrea, Tafalla: Txalaparta, 2004.
GARCÍA-SANZ MARCOTEGUI, A., Intransigencia, exaltación y populismo. La política navarra en tres semanarios criptocarlistas (1913-1915), Donostia: Txertoa, 1994.
LÓPEZ ANTÓN, J. J., Escritores carlistas en la cultura vasca. Sustrato lingüístico y etnografico en la vascología carlista, Iruñea: Pamiela, 1999.
OLÁBARRI, I., eta SÁNCHEZ-PRIETO, J. M., «Un ejemplo de Richtungskampf en la historiografía navarra contemporánea. La polémica en torno a Amayur (1921-1031)», Symbolae Ludovico Mitxelena septuagenario oblatae, Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea, Antzinatasuneko Zientzien Institutua, 2. libk., (1985), 1309-1328. or.
OSÉS LARUMBE, E., «La Voz de Navarra, un periódico vasquista. Sus primeras campañas, 1923-1931», PV, 184 (1988), 515-435. or.





