Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

ESTECHA MARTINEZ, Jose Maria (Begoña, Bizkaia, 1863ko azaroak 15 – Bilbo, 1941eko martxoak 19).

Karguak eta lanbideak

Abokatua eta Bizkaiko Aldundiko idazkaria

Ibilbidea

Aita, Cipriano Estecha, eta ama, Sinforosa Martinez, Burgosko Pradoluengo herrikoak ziren jatorriz. 1863ko urtarrilaren 28an ezkondu ziren Bilboko San Antonio Abadearen elizan. Cipriano Begoñako Andre Mariaren basilikako organista zen garai hartan.

Jose Mariak batxiler gradua eskuratu zuen 1880ko ekainaren 23an Bilboko institutuan. 1881ean Valladolidera joan zen Zuzenbide ikasketekin jarraitzeko. 1886ko ekainean lizentziatu zen kalifikaziorik altuena jasota. 1892ko maiatzaren 6an Biviescan (Burgos) ezkondu zen, 1875eko urriaren 21ean herri hartan bertan jaioa zen Consuelo Garcia-Monteavarorekin. Bederatzi seme-alaba izan zituzten.

Bere ibilbide profesionala Biviescan eta Castro Urdialesen (Kantabria) hasi zuen, bertako udaletako idazkari. 1891. urtean Bizkaiko Aldundiko idazkaritza saileko arduradun plaza lortu zuen oposizio bidez. Probintziako funtzionario bezala, ekarpen nabarmenak egin zituen bete zituen postu askotan, eta 1907ko irailean idazkari kargua hartu zuen. Berak hala erabakita erretiratu zen 1934. urtean. Bere seme Jose Luis eta Ricardo Aldundiko funtzionario izan ziren, lehena Ogasuneko buru eta bigarrena Herri Lanetakoa.

Aldundiko idazkari bezala, hiru euskal probintzietako ordezkariek eta, batzuetan, baita Nafarroakoak ere, egin ohi zituzten «biltzar» horietatik hogeitan parte hartu zuen gutxienez, ororen interesekoak ziren gaiak lantzeko. Halako biltzar batean izan zuen azken parte hartzea 1932ko azaroaren 3koa izan zen.

Aldundiko betebeharrak Bilboko abokatu-langela prestigiotsu batean abokatu aritzearekin uztartzen zituen. Ez zuen ageriko ideologia politiko edo militanterik, baina 1876ko uztailaren 21eko Legea onartzeak eragindako krisialdiaren ondoren, Bizkaian eta gainerako euskal lurraldeetan ezarritako erregimen politiko bereziaren defendatzaile sutsuenetakoa bilakatu zen.

Bi liburu argitaratu zituen. Bat 1901ean, Régimen político y administrativo de las Provincias Vasco-Navarras izenburupean. Euskal Herriarekin lotutako lege, dekretu, errege ordena eta Administrazio Auzi-Epaitegiaren ebazpenen bilduma da. Sarrerako azalpenean aipatzen duenaren arabera, 1899an orduko Bizkaiko Aldundiko presidente zen Enrique Aresti liberal-dinastikoak eskatu ziolako idatzi zuen obra hori.

Kontzertu Ekonomikoa hirugarren aldiz berritu zen 1894an, eta testuinguru politiko horretan egin zion eskakizuna. 1878az geroztik behin-behineko erregimen iragankorra izandakoaren aurrean dimentsio politiko berri bat hautematen zen. Aurretik Gobernu nagusiak euskal aldundien konpetentziak argi eta zehatz jasoko zituzten arauak ezartzeko asmorik agertu ez bazuen ere, erakunde horien zehaztasuna onartzen hasi zen. Horretarako, aurrerantzean administrazio eta ekonomia arloan ordura arte egikaritzen zituzten eskudantzia guztiak inbestituko zituztela ezarri zuen.

Zehaztasunez ezarri beharko litzateke ordutik konpetentzia horiek izan zuten irismena, ez soilik Estatuaren botere nagusiarekiko harremanean, baizik eta baita udal administrazioari eta pertsona fisikoei zegokienez ere. Probintzia administrazioaren fase berri bat ireki zen horrela, eta, pixkanaka, zerbitzu berriak gehitu zitzaizkion. Hain zuzen ere, zehaztasun ezak eman zizkion Aldundiari erregimen orokorreko gainerako diputazioek ez zituzten funtzioak betetzeko ahalmena, bere gastu ahalmena zela eta. Hau da, Kontzertutik bertatik eratorritako eskumen ekonomiko-administratiboei jarraikiz, praktikan, euskal diputazioen atribuzioak handitu egin ziren.

Idatzitako araurik ez eta Bizkaian bi Zuzenbide iturri egoteak, forala eta konstituzionala, planteatzen zuen arazoaren aurrean, Aldundia konponbide historiko eta tekniko baten bila hasi zen, eta hura artxiboetan aurkitu zuen. Horretarako, Jose Maria de Estechari aldundien ekimen ekonomiko-administratiboa zehazteko baliagarria izango zen bilduma legislatiboa egiteko eskatu zion.

Estechak bere lanaren hitzaurrean azaldu zuen erregimen foralaren garapenari buruzko bere ikuspegia, hogeita hamargarren hamarkadatik XIX. mende bukaerara arte nazio konstituzioaren garapenaren baitan. Bere proposamena honakoa zen: hiru probintzientzat administrazio lege multzo amankomun bat sortzeko, foru erregimen bereziarekin lotutakoa hartzea, aurreko foru erakundeen erregimenetik ahalik eta gertuena. Euskal probintzien berezitasuna hirugarren Kontzertu Ekonomikoan aitortzeaz zen bezainbatean, honakoa esan zuen: «argi dago eta agerikoa da, Diputazio Baskongadoek Estatuarekin adostutako oinarriak betetzekotan, beharrezkoa dela eskuduntzak aitortzea eta ahalmen berezi, ezohiko eta zabalak eskaini behar zaizkiela, lege orokorrari lotutako diputazioek dituzten tresna arruntak oso mugatuak baitira».

Horregatik, hain zuzen ere, uste du «arau finko eta aldagaitzik gabe, eta abiapuntu izan daitezkeen oinarrizko printzipiorik ezean, ezinezkoa dela a priori Diputazio Baskongadoei esleitutako eskumen ekonomiko-administratiboak zerrendatzea eta, are gutxiago, beren hedadura eta irismena zehaztea. Hala, kasuistikara jotzea beste aukerarik ez dago, ezarritako jurisprudentziara, kasu partikularretatik abiatuta arau orokorra ezartzeko; hau da, Botere zentralaren aurrean honako edo halako gaia beren eskumenekotzat zutela justifikatzeko». Botere zentralak zerabilen formula horren anbiguotasuna kontuan izanik, azken batean, kontuan hartu beharreko aurrekariak izan ziren, gai berak edo antzekoak zirelako.

Bildumaren lehen zatian foru araudian eta Administrazio publikoan izandako aldaketak jaso zituen 1836tik 1876ko uztailaren 21eko Legera bitarte. Bigarren zatia 1900. urtera artekoa da, eta aldundien eskurantzak eta antolaketa aztertu zituen, administrazio publikoa geroz eta konplexuagoa zen garai batean. Hirugarrenean, Nafarroa erreferentetzat hartu zuen, 1841ean onartutako bere araudia «Probintzia Baskongadoen antzekoa zelako, laurek ahizpatasun lotura estua baitute eta Euskal Herria osatzen dutelako».

1876 aurreko erregimen foralaren eta indarrean zegoen erregimen politiko bereziaren arteko lotura edo jarraitutasuna sortu edo iradoki zezaketen lege eta dekretuak atxikitzean, tradizio berri bat sortu zen, kudeaketa eremu propio bat mantentzeko helburuarekin. Estecharen lana baliagarria izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean zegoen araudiari oinarri juridiko eta politikoa emateko.

Bizkaiko Aldundiko idazkariak argitaratu zuen bigarren liburuak honako izenburua dauka: Observaciones respecto de varios puntos, referentes a la organización y funcionamiento de la Diputación y Comisiones Provinciales según la Ley de 29 de agosto de 1882 y jurisprudencia dictada para su aplicación. Lan horrek ere lotura estua du bere jarduera profesionalarekin. 1913 eta 1915 artean Bizkaiko Aldundian ordezkaritza zuten indar politikoen orekak zenbait zalantza eragin zituen bere eraketan: dinastiko liberalak –«La Piña» bezala ezagunak eta gehiengoa zutenak–, errepublikano-sozialistak eta euskal abertzaleak. Hartara, probintziako korporazioa antolatzeko moduari buruzko Legearen eta existitzen zen jurisprudentziaren azterketa juridikoa egin zuen Estechak.

1917an Bizkaiko koiuntura politikoa aldatu zen berriro eta, lehen aldiz, gehiengoa euskal nazionalisten esku geratu zen. «Foruak berrezartzearen» aldeko aldarrikapen tradizionalaren birformulazioak mugimendu autonomistaren hasiera markatu zuen, dagoeneko egonkorturik zegoen kudeaketa ekonomiko-administratiboaren eremua zabaltzeko helburua zuena. 1906an, Kontzertu Ekonomikoa berritu zen eta zerbitzu berriak arautu, baina horiek ezartzeak hainbat gatazka sortu zituenez, zenbait erresoluzio ekarri zituen. Aitzitik, lege-esparruak bere horretan jarraitzen zuen. Aldundia eskuduntza guztien jabe zen oraindik, bai administrazioari eta baita ekonomiari zegokionez. Testuinguru horretan, probintzia-korporazio berriak Estecharen lege bilduma berrargitaratu eta zabaltzea erabaki zuen. Edizio berria 1918an argitaratu zen eta ondoren edukiak zabaldu zituzten bi eranskin berri gehituta. Lehena 1926an eta bigarrena 1935ean.

Jose Maria Estecharen obra baitezpadakoa da oraindik ere, euskal probintzien legediaren, jurisprudentzia doktrinaren eta administrazioaren garapena ezagutu nahi duen ororentzat. Oinarrizko iturria da Berrezarkuntza garaian eta Bigarren Errepublikan Kontzertu Ekonomikoa eta euskal autonomia administratiboa landu nahi dituen edozein autorerentzat.

Obrak

Régimen Político y Administrativo de las Provincias Vasco-Navarras, Bilbo: Imprenta Provincial, 1901. Online arg.: http://www.liburuklik.euskadi.eus/handle/10771/25196 (2023ko uztailak 18). Berrarg. Régimen Político y Administrativo de las Provincias Vasco Navarras, Bilbo: Imprenta Provincial, 1918; I. eranskina, Bilbo: Imprenta Provincial, 1926; II. eranskina, Bilbo: Imprenta Provincial, 1935.

Observaciones respecto de varios puntos referentes a la organización y funcionamiento de la Diputación y Comisiones Provinciales según la Ley de 29 de agosto de 1882 y jurisprudencia dictada para su aplicación, Bilbo: Imprenta Provincial, 1916.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, J., sarrera eta edizioa in Régimen Político y Administrativo de las Provincias Vasco-Navarras, José María de Estecha y Martínez, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia – Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua (Euskal Herriko Unibertsitatea), 1997 XV-XLIII. or.

ENDEMAÑO ARÓSTEGUI, J. M.ª, «Los derechos históricos en el régimen de conciertos económicos. Su proyección en el orden económico y administrativo de los municipios», Reala, Revista de Estudios de la Administración Local y Autonómica, 317 (2011ko iraila-abendua), 175-211. or.

MONREAL ZIA, G. eta JIMENO ARANGUREN, R., «El concierto económico, Génesis y evolución Histórica», Iura Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikorako Aldizkaria, 6 (2009), 647-708. or.

OLÁBARRI GORTÁZAR, I., eta ARANA PÉREZ, I., «Las atribuciones de las Diputaciones vascongadas y su fundamento jurídico durante la Restauración», in ZENBAITEN ARTEAN, Los derechos históricos vascos, Oñati: HAEE-IVAP, 1988, 111-133. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP