Karguak eta lanbideak
Idazle eta historialaria
Ibilbidea
Berez Fustiñanakoa, 1876an bigarren hezkuntzako ikasketak hasi zituen, lehenik Tuterako Castel Ruiz akademian, eta batxilergoa amaitu arte, Iruñeko institutuan, Huarte Hermanos ikastetxean. Ondoren, Zuzenbide Zibila eta Kanonikoa ikasi zituen Zaragozako unibertsitatean eta, 1885eko ekainaren 17an lizentziatu ondoren, doktorego-irakasgaiak egin zituen unibertsitate Zentralean.
Esteban Chavarriaz idazle gisa dugun lehen berria Reseña histórica de Fustiñana lanarekin iritsi zaigu. Lan hori hamahiru urte zituela idatzi zuen, eta Fustiñanako Udalak 1881ean argitaratu zuen Tuterako Domingo Castilla inprimategian. Azpimarratu behar da inprimatzearen kostua Udalaren aurrekontuaren kontura izan zela, idazkia tokiko onura publikokotzat jo baitzen. Ondoren, lehen lan hori datu gehiagoz osaturik, Fustiñanako El ideal de Fustiñana herriko aldizkarian argitaratu zen hainbat liburuxkatan, Fustiñana en la historia izenburupean. 1928an, Memorias Históricas de Fustiñana izeneko argitalpen bakarrean berrinprimatzea onartu zuen bertako Udalak. 1930ean inprimatu zen Zaragozako Akademian, eta Nafarroako idazlearen lanik hedatuena da.
Abokatu gisa egindako lanarekin batera, hainbat gairi buruzko lanak argitaratu zituen. 1887an El carlismo en Navarra eman zuen argitara, eta Estebanek Fustiñanan argitaratutako lehen liburutzat jo zuen. 1893an Iruñean Esbozos y moralejas o colección de fruslerías, nimiedades y bagatelas de grueso espesor ipuin eta kontakizun laburren bilduma argitaratu zuen. Gamazadaren testuinguruan, espiritu foruzaleari buruzko hainbat lan idatzi zituen. Horien artean, Vis unita fortior: forma de organizarse los basco-navarros para alcanzar la reintegración de sus derechos constituyéndose agrupación común, nabarmendu zen eta Donostian, hiriko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta 1894an egindako lore-jokoen zilarrezko domina irabazi zuen. Gainera, Bilboko Euskalerria elkartearen aldizkariak saritu eta argitaratu zuen lan hori. Urtebete geroago, 1895ean, Paz y Fueros lana argitaratu zuen Iruñean. Fostinnanako Juan Periz de Mamblas, Obanosko infantzoia du protagonista. Argumentu historikotzat Garesko eta Iruñeko 1328ko gorteak hartu zituen, non argi geratu baitzen nafarrek Felipe de Valois erregegaiarekiko izan zuten kontrako jarrera, Nafarroako tronua lege salikoan babestuz erreklamatzen baitzuen, erreinuko legeetatik kanpo zegoen legea, hain zuzen. Liburua, 94 orrialdekoa, El Liberal Navarroren orrietan argitaratu zen, liburuxka moduan. Gainera, gertaera historiko horretaz baliatu zen Esteban beste artikulu baterako, «La sombra del coloso» izenekoa, Euskalerriaren Alde elkarteak saritua eta 1924ko izen bereko aldizkarian argitaratua.
Esteban idazle gisa nabarmendu zen aldizkako zenbait argitalpenetan ere. 1883ko udan hasi zen lan horretan, La Concordia astekaria sortu zuenean, udako egunkari pedagogikoa. Gero, Tutera, Iruñea, Zaragoza eta Madrileko egunkarietan aritu zen, eta horien artean El Eco de Navarran parte hartu zuen, XIX. mendeko Nafarroako egunkari garrantzitsuenetako batean, besteak beste, Campion, Cancio Mena, Cayuela anaiak eta Iturralde Suit idazle nafarrekin batera. Dirudienez, 1886ko apirilaren 1ean sorturiko El Liberal Navarro arratsaldeko egunkariaren lehen zuzendaria ere izan zen 1887 arte, Manuel Jimeno Egurbideren ordez. Hala ere, argi utzi behar da gai horri buruzko azterlan batzuek ez dutela Esteban egunkariaren lehen zuzendari izendatzen, Javier Arvizu Gorriz tuterarra baizik.
Era berean, Kixoteren argitalpenaren hirugarren mendeurrenarekin bat etorriz, Iruñeko Udalak literatur lehiaketa bat antolatu zuen, Estebanek 1907an La Avalancha aldizkarian argitaratutako «Don Quijote en la Ribera Navarra» izeneko lanarekin irabazi zuena. Aurretik, gai berari buruzko bi lankidetza argitaratu zituen El Eco de Navarran, 1904ko apirilaren 24an eta maiatzaren 3an, Cervantes, Navarra, Tudela izenburupean. La Avalancha aldizkariarekin izandako lankidetza 1904tik 1921era arte luzatu zen, hainbat gairi buruzko artikuluekin, besteak beste, «Rasgos de la patria: San Ignacio herido o el españolismo triunfante y el navarrismo glorificado», 1921eko maiatzaren 12an argitaratua, San Ignazio Iruñean zauritu zuteneko laugarren mendeurrena zela-eta aldizkariak atera zuen zenbaki berezian. 1927an, «Utrinque Roditur» izeneko artikulua argitaratu zuen Euskalerriaren Alde aldizkarian, Aragoi Nafarroaren konkistan bertan egoteari buruzkoa, eta 1930ean, Aragón por Navarra: defensa de Navarra por Aragón con motivo del peligro que le amenazó en la guerra de 1638 contra Francia; Aragoiko soldaduak Hondarribiako setioan egoteari buruzko azterketa, 1638an. Boletín de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarra, aldizkariari ere lagundu zion, besteak beste, 1921ean Antso Abarkaren gazteluari buruzko artikulu batekin, 1924ko beste batekin batera. Artikulu horretan, Antso VII.a Azkarra erregeak Tuterari 1214an emandako pribilegio baten berri eman zuen, ordura arte argitaratu gabea.
Esteban Chavarria ideologikoki kokatzea ez da lan erraza izango. La Avalancha aldizkariaren 388. zk.an, 1911. urtean argitaratutako biografia batean, honela aipatzen dira: «Alderdi politiko orotatik independentea da, Nafarroaren soldadu leiala da, erregionalista eta erabat katolikoa […] Izen duina du Iturralde Suit, Campion, Oloriz eta beste aberri zale batzuen ondoan». Bestalde, Joxemiel Bidadorrek, bere artikuluan, Príncipe de Viana aldizkariko 264. zenbakian, Esteban Chavarria politikoki definitzeko orduan, honako hau nabarmentzen du: «bere sentimendu katoliko sakona, nafartasun foralismo nabarmena, eta espainiar izaera bizia; hiru elementu horiek elkarri lotuta daude, eta bere ideologia osatzen dute».
Obrak
Reseña histórica de Fustiñana, Tutera: Domingo Castilla, 1881.
El carlismo en Navarra, Fustiñana: Concordia inp., 1887.
Esbozos y moralejas o colección de fruslerías, nimiedades y bagatelas de grueso espesor, Iruñea, 1893.
Paz y Fueros, Iruñea: «El liberal navarro» inp., 1895.
Memorias Históricas de Fustiñana, Zaragoza: Académica, 1930.
Bibliografia
BIDADOR, J., «Obra histórico-literaria de Juan Pascual Esteban Chavarría», PV, 264 (2016), 429-452. or.
ITURRIAK
«D. Juan P. Esteban y Chavarría», La Avalancha, 388 (1911), 99. or.





