Karguak eta lanbideak
Politikaria, hazendista, funtzionarioa, arkeologoa eta euskararen apologista
Ibilbidea
Aita pedagogo ospetsua izan zen, Iruñean eta Bergarako Errege Mintegian irakaslea aritua. Arrazoi hori tarteko, Juan Bautista Errok lehen prestakuntza azken erakunde horretan jaso zuen. Labur bada ere, Guardia de Corpseko kide izan zen. Maria del Carmen Constantinekin ezkondu zen 1795ean eta bi seme izan zituzten: Mateo eta Juan Evangelista.
Haren bizitzak bi ardatz izan zituen: batetik, ikasketa, ikerketa eta kultura eta, bestetik, politika eta administrazio publikoa. Horrela, hainbat akademiatan izan zen partaide: Almadengo lurpeko Meatzaritza eta Geometriakoan (1791), Bartzelonako Letra Onak izenekoan (1820), Historiakoan (1820) eta Bartzelonako Natur Zientzia eta Arteetakoan (1820). Sorian bizi izan zen garaian, Numantzian arkeologia-indusketak egin zituen. Horrez gain, hiru liburu argitaratu eta ezin konta ahala eskuizkribu idatzi zituen. Baina, aldi berean, politikari eta funtzionario jardun zuen heinean, deneta- riko karguak bete zituen: Soriako (1798) eta Mantxako (1807) errenten, propioen eta arielen zenbatzaile nagusia; Almadengo Meategietako Intendente Nagusia (1802); Andaluziako eta Mantxako Defentsa Batzordeko idazkaria eta Mantxako Batzordeko burua (1809); Gorteetako diputatua (1810); Soriako eta Madrilgo intendentea (1814); Kataluniako Armadako intendentea (1817); Andoaingo ohorezko alkatea (1818); Madrilgo eta Bartzelonako in- tendentea (1820); Estatuko eta Ogasun Bulegoko idazkaria (1823) eta Estatu-kontseilaria. Don Karlos erregegaiak bere gobernuko ministro unibertsala izendatu zuen, 1836an. Kargu horren betekizunean, era askotako kontuak izan zituen langai, hala nola administratiboak, diplomatikoak, elizakoak, irakaskuntzakoak eta operazio militarrak garatzekoak. Azken arlo horretan datza Erroren porrotik handiena, Bilbo hartzeko temaren erantzulea izan baitzen, 1836ko urrian. Setioa, izan ere, erabateko porrota izan zen eta, ondorioz, Errok dimisioa eman behar izan zuen.
Erabateko jarrera absolutista izan zuen politikan; erregezalea, 1820ko hamarkadan, eta karlista, 30eko urteetan. Horrek desterruak eta erbesteak eragin zizkion bata bestearen atzetik. Izan ere, Riegoren altxamenduarekin (1820), Frantziara ihesi joan eta 1823ra arte egon zen. Fernando VII.ak, or- duan, Ogasun ministerioaren ardura eman zion. 1825ean, ordea, Valladolidera desterratu zuten eta, 1830ean, Sevillara. Gero, Sanlucar de Barramedera eta, geroago, Cartagenara. Handik, 1835ean, Gibraltarrera ihes egin eta, handik, Londresen erbesteratu zen. 1839an, gerra zibilaren eta Bergarako Hi- tzarmenaren ondotik, Frantzia erbesteratu eta, lehenik, Bourgesen bizi izan zen eta, gero, Montpellierren. Azkenik, Baionara joan eta hantxe hil zen. Haren jarrerari dagokionez, liberalen aurkako zapalketa gogorrenaren aldekoa zen. Honatx gertakari bat horren erakusgarri: 1824ko urtarrilean, behin Fernando VII.a botere absolutura itzulita, Hirurteko Liberalaren ondotik, garai- tuei amnistia eman edo aritu ziren eztabaidan. Erregea ez zen ematearen oso aldekoa, baina nazioarteak —Frantziak, batez ere— presioa egiten zion adiskidetze-neurri hura hartzeko. Are, liberala izateaz batere susmagarria ez zen Alejandro tsarrak berak ere gutuna bidali zion Fernando VII.ari amnistia berehalakoan eman zezan. Erregeak Estatu Kontseilua bildu eta lau ministro «moderatu» bakarrik agertu ziren amnistiaren alde. Gehienek, ordea, ezetz esan zuten. Bada, Erro, jakina, azken horien artean zegoen eta, gainera, amnistia ematearen ordez zapalketa areagotzea proposatu zuen.
Euskarari dagokionez, hizkuntza aztertu eta XVIII. mendearen bukaerako eta XIX.aren hasierako euskaltzaleen belaunaldiarekin egon zen oso lotuta. Horregatik, haietako biren artxiboak hartu zituen oinordetzan: Pablo Pedro de Astarloarena 1806an eta Juan Antonio de Zamacolarena, 1826an. Alde as- kotatik begira, Erroren obra lehenbizikoaren zorduna da. Errok bere lehen liburua 1806an argitaratutakoan, Jose Antonio Condek gogor egin zion eraso, hala bere izenarekin nola «el cura de Mantuenga» izengoitiaren atzean ezkutaturik. Condek Hizkuntzaren eta Historiaren Akademietako kidea gisa ospe handia bazuen ere, Erro ez zen kikildu eta beste bi libururen bidez erantzun zuen: Observaciones filosóficas… eta El mundo primitivo… Polemika hartan, biek jarrera muturrera eraman zuten, Astarloak mutur batetik, eta Errok, bestetik, zentzugabekeria franko argudiatuta. Hori ez da oso harritzekoa, Erro ez baitzen berez filologoa eta Condek, berriz, ez zekien euskaraz. Horrela, Errok esaten zuen euskara Tubalen garaikoa zela, bai eta Adam eta Ebaren garaikoa ere. Condek, berriz, esaten zuen euskara erromatarren etorreraren oso ondotik osatu zela. Hala eta guztiz ere, Erroren obrak eta Conderekiko pole- mikak nola-halako oihartzuna izan zuten nazioartean eta, horrela, Erroren Al- fabeto… lana ingelesera itzuli eta George William Erving-ek argitaratu zuen (Boston: I. R. Butts, 1829). Eloi Johanneau-k, berriz, Erroren Alfabeto… lana frantsesez plazaratu zuen (Paris, 1808), Conderen kritikarekin batera. Erro, jakina, basko-iberista zen eta, haren esanetan, euskara «Espainian uniber- tsalki loratu zen, atzerriko nazioak etorri baino lehen».
Juan Bautista Erroren iloba, hots, Fernanda de Erro Ferrer, San Miguel de Groxeko zortzigarren markesarekin ezkondu zen —markesgo hori Torokoa da jatorriz (Zamora)—, eta aitonaren artxiboa hara eraman zuten, Errok berak idatzitako testu argitaragabeen eskuizkribuak eta familiaren gainerako paperak barne, bai eta Astarloarengandik eta Zamakolarengandik jasotakoak ere. Gaur egun, agiriak Zamorako Artxibo Historiko Probintzialean daude gordeak.
Obrak
Alfabeto de la lengua primitiva de España y explicación de sus más antiguos mo- numentos de inscripciones y medallas, por Don —, Contador principal por S. M. de Rentas Reales, propios y arbitrios de la ciudad de Soria, Madril: Repullés, 1806.
Observaciones filosóficas en favor del alfabeto primitivo o Respuesta apologética a la Censura crítica del Cura de Montuenga. Por D. J. B. E., Iruñea: Longás, 1807.
El mundo primitivo o Exámen filosófico de la antigüedad y cultura de la nación Bascon- gada, por don Juan Bautista de Erro, Madril: Fuentenebro, 1815.
Bibliografia
AROCENA ARREGUI, F., Juan Bautista de Erro y Azpíroz (1773-1854), Do- nostia: Diputazio Probintziala, 1954.
CASQUERO FERNÁNDEZ, J. A. eta JARAMILLO GUERREIRA, M. Á., «Nuevas aportaciones do- cumentales para la biografía de Juan Bautista Erro: El archivo del Marquesado del Grox», Sancho el sabio: Euskal kultura eta ikerketa aldizkaria, 5 (1995), 339-358. orr. ESTEBAN OCHOA DE ERIBE, J., «Erro Azpíroz, Juan Bautista», Basques. http://basques.linhd.es/items/show/839. (2019ko ekainaren 9an egindako kontsulta).
MADARIAGA ORBEA, J., Anthology of Apologists and Detractors of the Basque Language, Reno: University of Nevada, 2006, 522-534. orr. [gaztelaniazko edizioa (2008), 504-515. orr.].
PÉREZ GOYENA, A., Ensayo de Bibliografía Navarra, desde la creación de la imprenta en Pamplona hasta el año 1910, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, Vianako Prin- tzea, 1945-1964, VI. liburukia.





