Karguak eta lanbideak
Abokatua, politikari karlista, Gipuzkoako Diputazioko presidentea eta Eusko Ikaskuntzako presidentea
Ibilbidea
XIX. mendearen erdialdean, elortzatarrak Azpeitiko familiarik ospetsuenetako bat ziren eta eginkizun nabarmenak betetzen zituzten herrian. Julianen aitak, Juan Jose Elortza Aizpuruk, Zuzenbidea ikasi zuen Madrilen, Azpeitira itzuli eta abokatu-lanetan hasi zen. Azpeitiko zinegotzia izan zen, bai eta Gipuzkoako Diputazio Probintzialeko idazkaria ere. Gerora Diputazioko presidenteorde eta diputatu karlista izan zen 1897ra arte. Julianen ama Catalina Aizpuru Iriarte izan zen (1926an hila), Azpeitiko beste familia ospetsu bateko alaba. Senar-emazteek, gutxienez, bi seme eta alaba bat izan zituzten, guztiak ere erlijio-giro sakonean haziak.
Julian Urduñako jesuiten ikastetxean hezi zen, hau da, Probintzia Baskongadoetako ikastetxerik ospetsuenetako batean, batxilergo-titulua eskuratuta. Gero, aitaren bideari jarraikiz, Madrilgo Unibertsitate Zentralean Zuzenbide ikasketak egiten hasi (1895-1897) eta Oñatiko Unibertsitate berrireki berrian bukatu zituen. Graduatu ondoren, Azpeitira itzuli eta, Abokatu Elkargoaren lizentzia eskuraturik (1903), aita zenaren abokatu-bulegoa hartu zuen bere gain. Julian Elortza berandu samar ezkondu zen (1922). Emaztea, Visitacion Urizar, Berrizko familia burges bizkaitar dirudun baten ondorengoa zen, ildo liberalekoa politikan. Bikotea Azpeitian kokatu zen eta bi seme izan zituen, biak ere 1920ko hamarkadaren erdialdean jaioak: zaharrena, Julian Elortza Urizar, 13 urte zituela hil zen 1936an, inguruabar arraroetan. Gazteena, Jose Ignacio, abokatua eta enpresaburua izan zen, politikan aritu gabe.
Zenbait urtez abokatu-lanbidean jardun eta gero, XX. mendearen hasieran Julian Azpeitiko udal epaile izendatu zuten (1907). 1911n, ezohiko adinean, hots, 32 urte zituela, ibilbide politiko luzeari ekin zion, betiere Gipuzkoako Aldundiari lotua; horrela, diputatu probintziala izan zen 1911tik 1919ra, Gipuzkoako Aldundiko presidentea, 1919tik 1924ra eta, berriz ere, 1930-1931n. Elortzak Gipuzkoako autogobernuan emaniko lehen urteetan, Valde-Espinako II. markesaren itzalpean jardun zuen, hura probintziako buruzagi karlista eta, aldi berean, Diputazioko presidentea baitzen, gero jarrera aktiboagoa hartuta. 1916an, Madrilgo Gobernuarekiko negoziazioetan bete-betean aritu eta funtsezko eginkizuna bete zuen Kontzertu Ekonomikoa berritzeko eztabaidetan. 1919ko maiatzean, Valde- Espinako markes zenduari jarraiki zitzaion Diputazioko presidentzian.
Gipuzkoako Aldundiko presidentea izan zen bitartean, ez zuen erabateko jarrera politikoa agertu. Horrela, nahiz eta noizbehinka mitin tradizionalistetan parte hartzen zuen eta, Vazquez de Mellaren 1920ko zatiketaren karira, Don Jaime erregegaiaren aldeko gutun bat sinatu bazuen ere, inoiz ez zien men egin alderdi karlistaren irizpideei. Diputazioko presidente izan zen bitartean, beraz, ohiko zeregin administratiboetan jardun zuen, hala nola garraio-instalazioak mantendu eta garatzeko lanetan edo Urolako Trenbidea bururaino eramateko lanetan (1920).
1918an, karlismoa elkarren aurkako bi taldetan zatiturik zegoen garaian —Juan Vazquez de Mellak (1861-1928) eta Don Jaimek gidaturik—, Elortzak erregegaiaren alde egin eta alderdi hura mantentzen eta garatzen ere lagundu zuen. Karlista azpeitiarra bere alderdi politikoak izaniko gobernu-gizonik onena izan zen. Elortza, zentsu hertsian, ez zen intelektuala izan. Baina euskal kulturaren egiazko mezenas gisa jardun zuen; euskal kulturak, bestela, ezin izango zituzkeen gainditu Berrezarkuntzako zuzendaritza-hierarkien kontrako jarrerak. Elortzaren itzala euskaltzale ospetsuen arteko lotura izan zen.
1918an, postu garrantzitsua bete zuen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarrean, Oñatin, hura «foruzaletasun karlista zaharra»rekin lotuz. Hortik sortu ziren Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia bezalako erakunde garrantzitsuak. Hantxe erakutsi zuen Elortzak balio berezia zuela jendea elkarganatzeko eta behar bezalako trebezia arazoei ikuspegi zuzenaren arabera ekiteko, nazionalista moderatuen proposamenak babestuta. Orduz geroztik, Eusko Ikaskuntzako ekitaldi garrantzitsu guztietan parte hartu eta, urte sail luzean ere, erakundeko presidentea izan zen (1919-1936). Mugarrien artean, 1931koa nabarmendu behar da bereziki, Elortzari esker lortu baitzen Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra: Eusko Ikaskuntzaren aurreproiektua ongi bururatzea, 1931ko maiatzaren 31n bukatuta.
Eusko Ikaskuntzaren bi urtean behingo biltzarrak bultzatu eta haietan buru izan zen. Dena den, 1936ko gerraren ondorioz, ez zen Lizarrakoa egiterik izan, zazpigarrena, alegia. Hirugarrenean (Gernika, 1922), Elortzak hunkidura eragin zuen, Alfontso XIII.ari euskaraz zuzendu zitzaionean, erregea inaugurazio-ekitaldian egon baitzen. 1922an, Eusko Ikaskuntza etorkizuneko Autonomia-Estatutu bat lantzen hasi zenean, Elortza Estatutuaren batzordean sartu zen. Hori zela eta, monarkiko bizkaitarrek euskal separatismoa sustatzea leporatu zioten eta «egungo baskongadorik arriskutsuena» izatea ere bai. 1923ko bukaeran, Eusko Ikaskuntzak emaniko adierazpenean Primo de Rivera jeneralaren kolpea aitortu eta 1924rako aurreikusia zegoen 4. Biltzarra atzeratzea erabaki zuen. Biltzar hartan, aztergai bakarra zegoen, hots, autonomia. 1924ko bukaeran, dena den, diktadura militarrak Elortza Gipuzkoako presidentziatik kargugabetu zuen. 1924tik aurrera, Eusko Ikaskuntzaren garaiari «erdi hibernazio» deritzo. 1926an, Gipuzkoako Diputaziotik kargugabetu ondoren, Elortzak utzi egin zion Eusko Ikaskuntzako zuzendaritza batzordean Gipuzkoako probintzia ordezkatzeari. Erakundeko presidente karguari eutsi zion, baina gero eta nekatuagoa eta etsituagoa. Giro hartan, Elortzak dimisioa hainbat aldiz aurkeztu baina ez zitzaion onartu.
1927an, Elortzak bere lanik ezagunena argitaratu zuen (eta garrantzitsu bakarra), hots, Federico Zabalak ondutako El Concierto económico, ¿qué ha sido, qué es, qué debe ser? azterlanaren hitzaurrea. Jose Calvo Sotelo Ogasun ministroaren udal legedi berriarekiko kritiko agertu bazen ere, Elortzak halako adiskidetze-giroa mantendu zuen Primo de Riveraren erregimenaren aurrean.
Primo de Rivera 1930eko urtarrilean erori zenean, Elortzaren zoria aldatu zen. Urte hartan bertan, Eusko Ikaskuntzaren V. Biltzarraren prestaketak zuzendu zituen. Badirudi, une hartan, Elortzaren irudikoz, autonomia hein handian XIX. mendeko Foruetara itzultzea bezalakoa zela, agian federazio moldeko eusko-nafar harreman batzuen bidez hobetuak.
Lizarran 1931n egindako Euskal Udalen Batzarretik «Lizarrako Estatutua» esaten zaiona atera zen, funtsezko axioma bilakatu zena, bai etorkizunean izan zuen garrantziagatik, bai Baskoniaren nortasun katolikoari eusteagatik. Bada, batzarrean, Elortzak hitzaldi gogoangarria eman eta hauxe adierazi zuen, euskal udalei zuzenduta: «duela ordu batzuk onartu duzuen Estatutuaren indarrez, bere burua gobernatzeko nortasuna aitor dadila eskatzen du Euzkadik, eta bere patuaren gauzapena eragozten duten oztopoak eta zailtasunak desagertzea». Elortzak euskal espiritua mantentzera akuilatu zituen udalak, erlijiotasunean eta lege zaharretan oinarritua. 1931ko apirilean, agintari errepublikanoen erabakiz, Elortzak Gipuzkoako Aldundiko presidentea izateari utzi zion, korporazio osoa deseginez. Elortzak, orduan, euskal autonomiari buruzko lanak areagotu zituen Eusko Ikaskuntzaren baitan, probintzietako Foruak ardatz harturiko manifestu karlista bat sinatuz eta Estatutuaren zirriborro bat landuz, «Eusko Ikaskuntzaren Estatutua» izenekoa, 1931ko ekainean alkate eusko-nafarrek Lizarran egindako bilera handi batean onetsitako huraxe, hain zuzen ere. Madrilgo Gorteek «Lizarrako Estatutua» Konstituzioaren kontrakotzat jo zuten. Aldundiak deseginik, probintzietako batzorde kudeatzaileek beste autonomia-proiektu bat aurkeztu zuten 1932an. Elortzak haren alde egitea erabaki zuen, «Eusko Ikaskuntzaren Estatutu» jatorrizkoa bezainbeste gustatzen ez zitzaion arren. «Batzorde Kudeatzaileen Estatutu» berritu hura karlistek parte hartu gabe egin zen; 1933an, erreferendumean onetsi zen Gipuzkoan eta Bizkaian; ez, ordea, Araban. Egitasmoa berriro trabaturik gelditu zen.
1934an, Elortza Eusko Ikaskuntzaren 6. Biltzarreko burua izan zen Bilbon. Biltzar motel hura Natur Zientziei eskaini zitzaien. Une hartan, Eusko Ikaskuntzak ez zuen jarduera handirik eta Elortza bera bere konpromiso karlistengatik zen ezagunagoa. Izan ere, Gipuzkoako Batzorde Probintzial karlistako «kide atxiki» aukeratu zuten, hots, alderdi hartan bete zuen kargu ezagun bakarra. 1935ean, ezkerreko prentsak zenbait iseka egin zizkion.
Ez dago argi Elortza aldez edo moldez nahasirik ibili ote zen 1936ko hasierako konspirazio karlistan edota Mola jeneralak pentsatutako estatu-kolpearen berri ote zekien. Gerra zibila piztu zenean, Azpeitian zegoen, baina kontsultaturiko iturriek ez dute Elortzari buruzko inolako informaziorik ematen errepublikanoek herria kontrolatu zuten bi hilabete haietan. Irail erdialdean tropa karlistek Azpeitia hartu zuten. 1937ko urtarrilean falangistek labur atxilotu eta Donostiako espetxe batean giltzapetu zuten. Ez da jakina zer inguruabarretan utzi zuten aske. Zehaztu gabeko une batean, ezarri berriak ziren egitura frankistetan parte hartzeko eskatu zitzaion Elortzari, baina desenkusatu egin zen, «ez da nire unea» adieraziz.
1939 ondoren, euskaltzale gipuzkoarra bere etxera erretiratu zen, bere burua politikagintzatik bazterturik, haren ustez hura ez baitzen testuinguru egokia karlisten doktrinatik lan egiteko, frankismoak inposatutako batasun kulturala zela eta.
Laburbilduz, euskal erakunde autonomoen alde jardun zuelako da Julian Elortza nagusiki ezaguna, hots, Berrezarkuntzan, Primo de Riveraren diktaduran eta Bigarren Errepublikan sustaturikoak. Politikoki, militantzia karlista bazter utzi zuen eta harreman onak izan zituen gainerako talde politiko gehienekin. Ez da dudarik Elortzaren pentsamendu karlistaz; familia karlista batengan jaioa, leialtasuna azaldu zion Don Jaime erregegaiari 1920an; eta, bizitzaren bukaeran, karlismoarekiko begikotasuna agertu zuen. Karlismoaren baitan, dena den, beti izan zen bigarren mailako figura bat. Inoiz ere ez zuen kargu garrantzitsurik bete alderdiaren egituran, ez zen haren ordezkari izan herri hauteskundeetan, ez zuen prentsa karlistan idatzi eta nekez parte hartu zuen mitin tradizionalistetan. Karlistek intrantsigentziarantz eta fanatismorantz jotzen bazuten ere, Elortza konpromisoaren aldekoa zen.
Kultura ereduari dagokionez, euskal ondare tradizionalaren aldeko hautua egin zuen, etnia baserritar, fededun eta kontserbadorean finkatua. Euskal nazionalismo modernoarekiko harremanetan, ez gogo handiz baina Elortza prest zegoen eusko-nafar kontzeptu bateratua babesteko, hau da, euskal autonomia erregionala babesteko eta, beste nazionalista moderatu batzuk bezala (Luis Eleizalde, adibidez), etnian oinarritutako euskal nortasun kulturaletik naziotasunean oinarritutako politikara igarotzeko prest zegoen. Elortza, halaber, onartzeko prest zegoen beste ezein karlistak onartuko ez zuena, hala nola ikurrina. 1939 ondoren, bizitza pribatura erretiratu zen, erabateko porrotaren sentsazioa izan baitzuen indartzen ari zen frankismoaren aurrean.
Elortzaren gaineko memoria historikoa (oraindik ere ez du biografia onik) Eusko Ikaskuntzari edo Gipuzkoako Diputazioari eskainitako azterlanei ageri da gehienbat loturik. Haren memoria ez du estimatzen, ez liberalen historiografiak, ez euskal nazionalistenak, ez Vazquez de Mellaren karlistenak, nahiz eta garai hartako euskal intelektualen eta euskal gizartearen artean ospe handia izan zuen. Eusko Ikaskuntzako presidentea izan zen heinean, beti agertu da ezinbestean erakunde horri buruzko azterlanetan. Bai kargu hartan zegoela, bai Gipuzkoako Diputazioan ziharduela, ez zuen muturreko jarrerarik erakutsi, eta tradizionalista soil gisa eta euskararen aldeko ekimenen mezenas gisa agertu zen. Inork ez dio ukatzen goi-funtzionario azpeitiarrari administratzaile eraginkorra izatea, ezta zintzotasunez, neurritasunez eta elkarrizketarako zein negoziaziorako gaitasunez jantzia egotea ere. Bidezkoa da Elortzari aitortzea pentsamendu politiko euskaltzalearen lehen mailako «kudeatzaile praktikoa» izan zela.
Obrak
Artikuluak Euskalerriaren Alde eta Euskal-Esnalea aldizkarietan.
«Amestoy…: moción presentada a la Diputación de Guipúzcoa pidiendo que adopte el acuerdo de entronizar en los salones del Palacio el Sagrado Corazón de Jesús», Euskalerriaren Alde, VII (1917), 299. or.
«La administración municipal y sus funcionarios», Asamblea de Administración Municipal Vasca, San Sebastián, 1920, 405-411. or.
«Prólogo», in ZABALA Y ALLENDE, F., El Concierto económico. ¿Qué ha sido, qué es, qué debe ser?, Bilbo: Ed. Vizcaína, 1927 (2. arg., Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Ogasun eta Finantza Saila, 1999).
Bibliografia
AGIRRETXE MITXELENA, J. L., Euskara hizkuntza 5: Lehen Hezkuntza, hirugarren zikloa, San Sebastian: Elkar, 1994 (soinu-grabazioa).
AGUIRRE, J. A. de, Entre la libertad y la revolución, 1930-1935: la verdad de un lustro en el País Vasco, Bilbo: Verdes Achirica, 1935, 49, 62, 82, 255, 393 eta 394. or. (2. arg. Bilbo: GEU, 1976).
BURGO, J. I. del, La Epopeya de la Foralidad Vasca y Navarra. Principio y fin de la cuestión foral (1812-1982), Bilbo: Atxular Atea, 2016, 2 libk.
CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con Libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular Atea, Euskal Ikasketarako Fundazio Popularra, 2015, 589-593. or.
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., La Sociedad de Estudios Vascos. Aportación de Eusko Ikaskuntza a la Cultura Vasca (1918-1936), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1983.
— La construcción de una nacionalidad vasca. El autonomismo de Eusko-Ikaskuntza (1918-1931), Donostia: Eusko Ikaskuntza, Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía, 1990, 168-169. eta 180. or.
LOPETEGUI, L., «A la memoria de don Julián Elorza Aizpuru (1979-1964)», BRSBAP, 35/1 (1979), 229-250. or.
LÓPEZ ANTÓN, J. J., Escritores carlistas en la cultura vasca, Iruñea: Pamiela, 1999, 49-51. or.
MORALES ARCE, J. A., «Elorza Aizpuru, Julian», in AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, J. (zuz.)., Eusko Ikaskuntzaren Hiztegi biografikoa (1918-1998), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998, 100. or.





