Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

ELIZONDO, Pablo Miguel (Iruñea, 1670 – Valladolid, 1728).

Karguak eta lanbideak

Jesuita, predikatzailea, historialaria eta Nafarroako erresumaren hirugarren kronista

Ibilbidea

Iruñean jaio zen 1670eko maiatzaren 20an; Arteetako batxilergoa lortu zuen Salamancako Unibertsitatean, eta ondoren Teologia ikasketak egin zituen. Salamancan sartu zen Jesusen Konpainian, 1689ko martxoaren 30ean. Nobiziotza Villagarcía de Campos (Valladolid) hirian iragan ondoren, Valladolideko Unibertsitatera itzuli zen, Teologia ikasketak osatzera. Ondoren, Filosofia irakatsi zuen Ávilan, (1696) eta Teologia Palentzian (1700) eta Segovian (1705). Bitartean, profesio nagusia egin zuen 1703ko abenduaren 8an. Haren doktrina teologikoa De angelis izeneko tratatuan jaso zuen, Salamancako Unibertsitateak gordetzen duen eskuizkribuan, hain zuzen ere, hala nola De merito eta De perfectionibus Christi testu argitaragabeetan.

Nafarroara itzulirik, predikatzaile ospetsua izan zen. Haren bi sermoi argitaratu ziren: Oraciones panegíricas, san Ferminen irudiaren lekualdatzeari buruz (1717), eta El descubrimiento del cuerpo del gran patriarca S. Juan de Matha (1722) gertakariari eskaini ziona.

Nafarroako erresumaren hirugarren kronista izan zen, 1715eko abenduaren 15ean izendatua, Francisco Alesonen heriotzatik bi hilabetera. Gorteek adierazi ziotenez, haren eginkizuna ez zen Moret eta Alesonen Anales lanari jarraipena ematea, lan hura laburbiltzea baizik, erabilerrazagoa izan zedin. Erresumako Diputazioak haren lana zentsuratu eta zenbait eragozpen jarri zizkion, eta horiek zuzendu egin zituen. Hala sortu zen Compendio de los cinco tomos de los Annales de Navarra izeneko lana. Egileak ez zuen ezagutu lana inprimatuta, 1732ra arte ez zelako argitaratu, alegia, Elizondo bera hil eta lau urtera, hura Valladoliden hil baitzen 1728ko otsailaren 28an. Liburu hark garrantzi handia izan zuen, xviii. mendean Nafarroari buruz egin zen ekarpen historiografiko bakarra izan zelako. Testuari erantsia indize orokor exhaustibo bat dakar.

Obrak

Oración panegírica a la celebridad plausible de la traslación de la imagen de San Fermín patrón de Navarra, de su antigua capilla al nuevo trono y capilla, Iruñea, 1717.

Oración panegírica a la solemne pompa al descubrimiento del cuerpo del gran patriarca San Juan de Matha, Iruñea, 1722.

Compendio de los cinco tomos de los Annales de Navarra. Compuesto por el Padre Pablo Miguel de Elizondo, de la Compañía de Jesvs, y Chronista del mismo Reyno, Iruñea: Pedro Joseph Ezquerro, 1732.

Bibliografia

Castro Álava, J. R., «La Historiografía Navarra antes del P. Moret», in Annales del Reyno de Navarra, por José de Moret y Francisco de Alesón, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1969, V. libk., 59. or.

Floristán Imízcoz, A., «Examen de la conquista castellana. La introspección de los cronistas navarros (siglos xvi–xviii)», in Príncipe de Viana, 41 (2000), 129.-130. or.

Miranda García, F. eta Ramírez Vaquero, E., «De la cronística finimedieval a los “Anales del reino”», in Martín Duque, A. J. (zuz.), Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa,1. libk., 1996, 58. or.

Pérez Goyena, A., «El centenario de la muerte del tercer cronista de Navarra», in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Riev, 19 (1928), 8.-25. or.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Elizondo, Pablo Miguel”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 562-563.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP