Karguak eta lanbideak
Diputatua, sindikoa eta Nafarroako Errege Kontseiluko kontseilaria. Kontuen Ganberako epailea
Ibilbidea
Gurasoak Francisco Elizondo eta Josefa Albizu zituen, eta Iruñean jaio zen 1660 inguruan. Haren aitak, Errege Auzitegietako abokatua izanik, semearentzat berea bezalako heziketa antolatu zuen, bere urratsei jarraituko zitzaielakoan. Huescako Unibertsitatean bost urtez Zuzenbidea ikasi ondoren, Legeetako batxilergoa jaso zuen eta Iruñera itzuli zen, 1685ean. Lehenbiziko hiru urteetan praktikak egiten eman zituen Nafarroako Errege Auzitegietako abokatu Diego Yarnozekin, eta bere prestakuntza osatu zuen aita Francisco Elizondorentzat laguntzaile-eginkizunetan. Gainditu beharreko odol-garbitasunaren froga egin ondoren, Nafarroako Kontseiluan sartzeko azterketa egin zion Miguel Ilarregik, eta Errege Auzitegietako abokatu-kargua eskuratu zuen. Aitaren ordez hartu zuen behartsuen abokatu-postua 1692an. Iruñeko San Fermin kaperaren lehen harria jartzeko ekitaldiaren lekukotasunari esker, badakigu hiriko errejidorea zela 1695ean. Erresumako Diputazioak sindiko-kargua eman zion 1703an, eta ia hamar urtez aritu zen horretan. Bien bitartean, diputatu ere izendatu zuten 1709an. 1713an Kontuen Ganberako epaile izendatu zutenez, diputatu- eta sindiko-karguak utzi zituen; eta 1726an Errege Kontseiluko epaile izatera iritsi zen, eta kargu horretan aritu zen hamarren bat urtez, 1736an hil zen arte.
Joaquin Elizondo Novíssima Recopilación de las leyes del reino de Navarra hechas en sus Cortes generales desde el año de 1512 hasta el de 1716 inclusive izeneko lanaren egilea izan zen. 1735ean argitaratu zen, eta izen hori eman zitzaion lehenago Chavierrek egin zuen Recopilación lana ordezkatzeko asmoz egina zegoelako. Proiektua azkenean Joaquin Elizondok burutu bazuen ere, hasieran beste bat izan zen egilea. Corellan batzartutako Gorteek 1695eko abenduaren 24an legeen bilduma berri bat egin behar zela erabaki zuten, eta hura egiteko agindua Miguel Ilarregi sindikoari eman zioten. Ilarregi 1716an hil zen, ordurako bildumaren lehen erdia aski aurreratua zuela, alegia, I. Liburukia osorik, Amparo Zubirik ezagutzera eman zuenez. Lanari jarraipena eman zion Joaquin Elizondok, 1716-1717ko Gorteek II., III., IV. eta V. Liburuak prestatzeko agindu baitzioten, alegia, obra osoaren bigarren tomoa osatzeko. Elizondoren ardura izan zen, halaber, I. Liburukia argitaratzeko prozesua, Ilarregik prestatutako materialetatik abiatuta, Novíssima berriari forma aldetik irizpide-batasun bat emateko. Jurista ospetsu haren lana hurbiletik zaindu zuen erresumako Diputazioak. Elizondo zen halako proiektu handi bat arrakastaz burutzeko pertsonarik egokiena, sindikoa zelako eta hori baino lehen diputatua izan zelako. 1724ko abuztuan, prestatutako lana aurkeztu zuen Gorteetan, une hartan, bildumaren arduraz gain, Kontuen Ganberako epaile togaduna zela. Batzarrak Baltasar Lezauni eman zion testuaren ardura. Urtebete zain egon ondoren, Hiru Estatuek erabaki zuten, 1725eko abuztuaren 21ean, Novíssima lanean ez sartzea aurreko urteko Gorteetako legeak, argitalpena gehiago ez atzeratzeko. Hurrengo egunean, hau da, abuztuaren 22an, Gorteek behin betiko onespena eman zioten lanari. Edizioaren lana oraindik kostata burutuko zen. Lehen inprimaketa, inprimategiko froga moduan, Joaquin Elizondok berak zuzendu zuen. Inprimategiko zuzenketak ere berak egin zituen, eta bi liburuki mardulak azkenean 1735ean argitaratu ziren, Jose Joaquin Martinez iruindarraren inprimategian.
Novíssima lana, neurri handi batean Sada eta Murillo sindikoen bilduma ofizialetik abiatuta, Gorteetako legeak bakarrik bildu zituen, eta haiekin batera jaso zituen erresumaren eskabidea eta dagokion errege-dekretua. Guztira 1.838 lege bildu zituen, 124 titulutan eta bost liburukitan bilduta, honako eduki hauek dituztela:
I. Liburua: Zuzenbide publikoa. Erregea eta erresuma, Foruak eta Legeak, zerbitzu militarra eta erregimen eklesiastikoa, nafar izaera jatorrizkoa eta eskuratua, antolamendu judiziala eta erregimen finantzarioa, herritartasuna, udalaren ondarea eta herri-erabilerak, udal foruen kontserbazioa eta betearazpena, etab.
II. Liburua: Epaileak, notarioak, abokatuak eta idazkariak, protomedikatoa eta prozedura judiziala.
III. Liburua: Kontratuak eta azken borondateak: errentamenduak, itzulketa in integrum, erroldak, dohaintzak eta xedapenak mortis causa, maiorazkoak, jantzien pragmatikoak eta armak.
IV. Liburua: Delituak eta prozeduraren gaineko laidoak, erbesteratze legeak, ijitoak eta eskaleak, lapurrak, etab.
V. Liburua: Askotarikoa (ongintza eta ospitaleak, bide eta zubien erregimena, moneta, ehiza eta arrantza, gremioak, noblezia eta elizari buruzko xedapenak, etab.).
Obraren indizea ez zuen Elizondok berak egin, Errege Kontseiluko epaile izendatu zutelako, eta beste bi kontseilarik egin zuten aurrerago.
Novíssima Recopilación lanak berebiziko garrantzia izan zuen, lehenago Chavierrek egindako bilduma eskasa gainditu zuelako. Ofizialtasuna erdietsi zuenez, aurrerantzean aintzat hartu zen hura zela Nafarroako Gorteek 1512 eta 1716 bitartean emandako legeak biltzen zituen indarreko Zuzenbidearen bilduma, eta beraz, Nafarroako erresumako testu juridiko ofizial nagusia izan zen Aro Modernoan.
Obrak
Novísima Recopilación de las Leyes del Reino de Navarra hechas en sus Cortes generales desde el año de 1512 hasta el de 1716 inclusive, Iruñea: Joseph Joachín Martínez Inprimategia, 1735. Berrarg. Novíssima Recopilación de las leyes del Reino de Navarra hechas en sus Cortes Generales desde el año 1512 hasta el de 1716 inclusive: edición realizada conforme a la obra de D. Joaquín de Elizondo, año 1735, Foru Zuzenbideko Liburutegia Bil., 2. zk., Iruñea: Aranzadi: Nafarroako Foru Diputazioa, 1964, 3 libk. Novíssima Recopilación de las Leyes del Reino de Navarra hechas en sus Cortes Generales desde el año de 1512 hasta el de 1716 inclusive, Pamplona, 1735, Zubiri Jaurrieta, A. (arg.), Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2009. 2 libk. [Egilerik gabe], Índice auxiliar alfabético de Fuero General, Novíssima Recopilación y Cuadernos de las Cortes de Navarra, Iruñea: Aranzadi, 1971 (1735eko laneko urtekarien jatorrizko indize analistikoa du, 1964ko argitaraldian erantsi ez zena).
Bibliografia
Huici Goñi, M.ª P., «La Recopilación de leyes de Navarra de Joaquín de Elizondo», in Príncipe de Viana, 42. libk., 163. zk (1981), 479.-493. or.
Martínez Arce, M.ª D., Recopiladores del Derecho Navarro. Trayectorias personales y profesionales de los recopiladores de fueros y leyes de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1998.
Pérez Martín, A., eta Scholz, J. M., Legislación y jurisprudencia en la España del Antiguo Régimen, Valencia: Universidad de Valencia, 1978 (Nafarroari dagokion zatia 159.-188. or.).
Sesé Alegre, J. M.ª, El Consejo Real de Navarra en el siglo xviii, Iruñea: Eunsa, 1994.
— «Joaquín Elizondo Alvizu», in Diccionario Biográfico Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/39145/joaquin-elizondo-alvizu (2018ko irailaren 20an egindako kontsulta).
Zubiri Jaurrieta, A., eta Tamayo Salaberria, V. E., «Introducción», in Elizondo, J. (biltz.), Novísima Recopilación de las Leyes del Reino de Navarra hechas en sus Cortes Generales desde el año de 1512 hasta el de 1716 inclusive, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2009, 1. libk., 15.-26. or.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Elizondo Albizu, Joaquin de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp.560-562.





