Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

ELISSAMBURU INDART, Michel [ELIZANBURU INDART, Mixel] (Innocentius Anaia edo Frère Innocentius) (Heleta, Nafarroa Beherea, 1826 – Hazparne, Lapurdi, 1895).

Karguak eta lanbideak

 Fraile salletarra, historialaria, idazlea eta polemista politikoa

Ibilbidea

Haren aita Jean Elizanburu (1795-1860) aduanazaina zen. Baigorrin ezkondu zen, 1823an, Graziana Indartekin (1794-1848). Errekart etxean bizi ziren, eta horregatik, batzuetan, Graziana abizen horrekin agertzen da. Mixelen anai-arrebak Jean (1827), Jeanne (1830) eta Martin (1832) izan ziren. 1838an aita Hiruburura destinatu zuten, Baionatik oso hurbil, eta Mixel hiriburu hartako La Salle ikastetxean hasi zen ikasten. Ikastetxea, hain zuzen ere, Saint-Esprit auzo juduan kokatuta zegoen. 1841ean Tolosako (Okzitania) ikastetxean sartu zen abadegai, «Frère Innocentius» edo Innocentius Anaia izen erlijiosotzat hartuta. Apaizgoa hartu ondoren, irakasle aritu zen Saint Antonin hirian (Tarn-et-Garonne); ondoren, Hazparneko Eskola Kristauen ikastetxean, irakasle eta sukaldeko arduradun aritu zen, eta handik hurrena, ordena horrek Akizen zuen ikastetxera igorri zuten. Azkenik, 1848an, 22 urte zituela, zuzendari gisa itzuli zen Hazparneko ikastetxera, eta han geratu zen kargu horretan, 1892ra arte.

Beharbada, Elizanburu da ipar Euskal Herriko polemisten adierazle nagusia, «gorriak» (errepublikazaleak) eta «xuriak» (monarkikoak) elkarren aurka jarri zituen auzi gogorrean, XIX. mendeko azken hamarkadetan eta XX. mendearen hasieran. Lehenengoek estatu laikoa defendatzen zuten, eta irakaskuntza publikoa eta Elizaren botere politikoa eta soziala mugatzearen aldekoak ziren; bigarrenak, berriz, balore errepublikanoen aurkakoak ziren, eta su eta gar defendatzen zuten katolizismorik estuena. Euskal Herrian posizio horiek bide moderno batetik defendatu ziren: prentsaren bidetik, alegia. 1886ko abuztuaren 1ean Henry Berdolyk, senatari, suprefeta, eta Mauletik diputatua zenak, Le Réveil Basque egunkaria sortu zuen, ideia errepublikazaleak defendatzeko. 1887ko martxoaren 15ean Louis Etxeberrik Eskualduna aldizkaria sortu zuen, ideia klerikal eta monarkikoak defendatzeko eta Le Réveil Basqueren eraginari aurre egiteko. Elizanburu izan zen Eskualdunako ohiko laguntzaileetako bat. Beste alde batetik, Mixelek lehengusua zuen Joan Batista Elizanburu apaiz eta poeta bikaina. Interesgarria da, izan ere, bi lehengusuek, jatorriz gizarte berekoak izanik (bien aitak aduanazainak ziren), eta ikasketa erlijioso antzekoak izanik ere, jarrera politiko antagonikoak erakustea. Jean-Baptiste errepublikazalea zen, eta Mixel «xurien» arteko nabarmenetako bat.

Mixel Elizanbururen lana 1889 eta 1892 bitartean idatzi eta argitaratu zen, hain zuzen ere, ipar Euskal Herriko agintari eliztarren eta errepublikanoen arteko gatazka gogorren testuinguruan. 1889an Pirinio Beheretako Departamentuko prefetak Baionako gotzainari eskatu zion haren elizbarrutiko apaiz multzo handi bat handik lekutzeko, gatazkatsuak zirela-eta. Hauteskunde-urtea zen, eta apaiz horiek fededunen artean izanen zuten eraginaren beldur ziren errepublikazaleak. Gotzaingoa hutsik zegoen, eta Emanuel Intxauspe bikarioak erantzun zuen, tinkotasunez uko eginez lekualdatze horiei. Ondoren, François-Antoine Jauffret izendatu zuten gotzain, eta hark nolabait amore eman eta 19 apaiz lekualdatzea onartu zuen. Haietako bat Kanboko parroko Laurent Diharasarri zen. Hark ez zuen onartu bere lekualdatzea, eta Erromara errekurritu zuen, eta hura aski ez zela, 1894ko hauteskundeetara aurkeztu zen hautagai (ez zuen lortu hautetsia izatea), eta bere jarrerak aldarrikatzeko hainbat liburu argitaratu zuen, esaterako, Aphezen dretchoak eta eginbideac eletzionetan, 1890ean. Testuinguru horretan ulertu behar da Mixel Elizanbururen lana.

Haren lanak, beti euskaraz idatziak, ondoko hauek dira. Alde batetik, lan txiki bat du, Lehenagoco escualdunac zer ziran izenekoa (1889), osagai politiko argia duena. Euskaldunen antzinako ohituren eta bizimoduen ikuspegi guztiz idealizatua eskaintzen du, haien artean nabarmenduz, noski, haien erlijiozaletasuna eta monarkiarekiko atxikimendua; ohiturazko koadro moral-ezarle bat. Gainera, debozio-liburu txiki bat argitaratu zuen, erlijiosoa guztiz: Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia (1892). Haren gainerako argitalpenak historiografiaren arloan sartzen dira; alde batetik, biografia bat, Johannes Batista de la Salle beatoarena; horrez gain, Frantziako Bigarren eta Hirugarren Errepubliken historia bat, eta masoneriaren historia interesgarri eta bitxi bat.

Haren obrak ez zuen pretentsio historiografiko handirik, baina bai politikoak: herri xehea, bereziki nekazariak, «euskaldun» eta «fededun» izaten jarraitzea lortu nahi zuen, eta monarkiari fidelak. Iñaki Olabeagak Elizanbururi buruz ari zela hau zioen: «Gure anaiaren asmo osoa zan nekazari ta jende xehea kristau, euskal eta errege zaletasunean tinkatu eta sendotu» (Olabeaga, 1959). Populazio talde guztiz euskaldun hari zuzentzen zion bere lana, eta logikoa denez, euskaraz idatzi beharra zen.

Zer izan diren eta zer diren oraino Framazonak munduan, izeneko lana, lehenik, hainbat artikuluren bidez argitaratu zen Eskualduna aldizkarian, eta ondoren liburua argitaratu zen. Berehala atera zen haren bigarren argitaraldia, beste izenburu batez, askoz ere argiagoa, eta eduki osoago batez: Framazonak eta Frantziako hirur errepubliken ichtoria laburzki. Elizanbururen irudiko, mende hartako gaitz guztien errua, eta bereziki Frantziako Iraultzaren errua, masoneriarena eta juduena zen. Haren estiloa oldarkorra zen, ahoberoa eta etsaiak iraintzen zituena, polemista porrokatuaren estilo peto-petoa. Dirudienez, haren aldartea ere ez omen zen batere samurra: «Caractère energique, quelque peu rude » [Izaera bizkorra, gogor samarra]. Haren ideologia erabat manikeoa zen: juduak, masoiak eta «gorriak», oro har, sufre-kiratsa zuten eta haien patua zen su eternoan kontsumitzea; «xuriak», berriz, Tronuaren eta Aldarearen jarrera zuzenen isla eta defendatzaileak besterik ez ziren.

Jean-Baptiste lehengusuak bezala, poesia ere landu zuen, eta gutxienez hiru poema argitaratu zituen, 1891n; haietako bat Amerikarako emigrazioari eskainia («Ameriketara noa»), eta beste bat tabakoari («Tabako toxa»).

Obrak

Lehenagoko eskualdunak zer ziren, Baiona: L. Lasserre, 1889, VII + 157 or.

Zer izan diren eta zer diren oraino Framazonak munduan, Baiona: L. Lasserre, 1890, 62 or. Bigarren argitaraldiaren izenburua: Framazonak eta Frantziako hirur errepubliken ichtoria laburzki bai eta zonbait hitz bigarren Errepublikaz; nola oraiko hirurgarren huntaz, azken egun huntaraino, Baiona: L. Lasserre, 1890 (Donostia: Elkar, 1988, 152 or.).

Joannes Batista dohatsuaren bizia, Baiona: L. Lasserre, 1891, 193 or.

Frantziako bigarren eta hirugarren errepublikaren ichtorio bitchia, Baiona: [s.n.], 1891.

Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia, Baiona: L. Lasserre, 1892, VI + 256 or.

«Zinta zeta gorria» [poesia, 1891], Gure Herria, XLIII (1973), 80. or.

Bibliografia

ARBELBIDE, X., Heleta eta Elizanburu, Euskera, XL (1995), 719-744. or.

BIDADOR, J., «Elizanburutarrak: xuri eta gorrien arteko liskarren adibidea», Euskaldunon Egunkaria, 1995-9-1 eta 1995-9-8.

FRAILE, G., «Elissamburu, framazonak eta juduak», Euskera, XL (1995), 767-776. or.

LABAYEN, A. M., Elizanburu bere bizitza ta lanak. Su vida y obras, Donostia: Auñamendi, 1978, 221 or.

— «Elizanburu bere bizitza ta lanak», Egan, 1/2 (1995), 23-31. or.

LASA, M. J., 1995, «Mixel Elissambururen bizia eta lanak», Euskera, XL (1995), 745-766. or. www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/49838 pdf (2021eko martxoak 20).

HARITSCHELHAR, J., «Euskalduna zertarik ageri den», Federiko Krutwig-i omenaldia – Homenajea Federico Krutwig – Hommage `a Federico Krutwig, Euskaltzaindia – 1997, 133-145. or. https://core.ac.uk/download/pdf/62499492.pdf (2021eko martxoak 20).

H.V.B [Hermano Valentin Berriochoa = Nikolas ALZOLA GEREDIAGA], «Documentos de dos vascófilos lasalianos naturales de Helette (Frère Innocentius y Frère Juvenal-Martyr)», BRSBAP, XX (1964), 174-175. or.

— «Nota adicional a los documentos de los Hermanos Inocencio y Juvenal-Martyr», BRSBAP, XX (1964), 325-326. or.

— «Elissamburu el fraile», BRSBAP, XXIV (1968), 108-109. or.

«Michel Elissamburu». Geneanet. On-line edizioa: https://gw.geneanet.org/luis29?lang=en&pz=jean&nz=deus+marlaz&p=michel&n=elissamburu&oc=1 (2021eko martxoak 20).

OLABEAGA ALDANONDO, I., «Michel Elizanburu: Anai Inozenzio, Salletarra: bere bizitza eta lanak, Egan, XII (1959), 142-154. or.

ZALBIDE, M., «Iparraldeko euskalgintza XIX. mendearen bigarren erdian: Zaldubi eta bere garaia», Euskera, LII, 3 (2007), 877-1008. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP