Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

EL TORDO VIZCAÍNO. Egile ezezaguna (Gabriel Henao?) (ca. 1639)

Ibilbidea

Inprimatutako lan hau hurbiletik ezagutu dutenek diotenez, 1638aren amaieran edo 1639aren hasieran amaituko zen, horren post quem datatzat hartzen bada bertan aipatzen den Hondarribiaren setioa eta laguntza. Noiz egin zen esatea zaila izanik, are zailagoa da egilea nor zen jakitea. Lan honen ikerle nagusi Andres E. Mañarikuak testuaren nahiz testuinguruaren askotariko alderdiak hartu zituen kontuan, eta baztertu zituen garai hartako zenbait historialariren teoriak, Esteban Garibai jotzen zutenak egiletzat, hura ezinezkoa baitzen, ikuspegi kronologikotik. Mañarikuak azkenean ondorioztatu zuen egilea Gabriel Henao zela, orduan Bilbon bizi zen jesuita bat, argitara eman berria zuena Vizcaya illustranda lana(ikus sarrera Hiztegi honetan).

El Tordo Vizcaíno erreakzio gisa sortu zen, Historia del búho gallego, con las demás aves de España lanari erantzuna emateko. Hontzaren historia hori 1620 aldera egin zuen Lemos kondeak, ustez, eta helburua zuen Galiziako Erresumaren eta hango biztanleen jarrera agertzea eta lurralde iberiarren batzarrean esertzeko zuten eskubidea aldarrikatzea, garai hartan erresuma hartako instituzioek boto-eskubidea lortu nahi zutelako Gaztelako Gortean. Funtsean panfleto polemista zen, eta Espainiako hegaztien fantasiazko batzar batean irudikatzen zituen erresuma eta lurralde nagusien ordezkaritzak. Han, hontz galiziarrak beste hegaztien aurka ekiten zion, batzarretik kanpora utzi nahi zutelako. Hegaztiek Bizkaiko ordezkari Juantxo Garibai aukeratu zuten prokuradore, eta hontzak harengana zuzendu zituen bere kritikak. Hontzak egindako irainei erantzuteko sortu zen Zozo Bizkaitarra, baina hamabost urte beranduago idatzi zen. Hala ere, izaeraz desberdina zen. Hontza lanakGaliziaren eta galiziarren laudorioa eta, aldi berean, polemika eragin nahi zuen, kritika landu bat aurkeztu gabe. Horren aurrean, Zozoak erantzun mamitsua eta landua ematen zuen, batzuetan korapilatsuegia, egile eta aipamenez josia. Egileak zozoa defendatu nahi zuen, eta beraz bizkaitarrak ere, Hontzak egindako irainetatik. Horretarako, aurreko mendeko historiografia bizkaitarrean erabilitako mitoak jasotzen zituen, tartean tubalismoa edo eusko-kantabrismoa. Hontzaren literaturaren parean, Zozoaren egileak erudizio handia erakusten du, eta iturriak erabiltzeko gaitasuna. Horregatik, gehiegizko erantzuntzat jo izan da, Hontzarena bezalako testu baterako.

Obrak

El tordo vizcayno, s.l. [Bilbo?], d.g. [1638-1639?]. Bi aldiz berrargitaratua xvii. mendean, azkena 1682aren ondoren. Erreproduzitua, aldaketa askorekin, Valladaresen Semanario Erudito lanean, XXII. libk., Madrid, 1789, 110.-210. or. Halaber, Euscalduna egunkarian ere, ondoren editatu eta koadernatua 1870ean. Azken edizioa, elBúho gallego eta el Pavo andaluz, testuekin batera, Mañaricúa y Nuere A. E. de (arg.), Polémica sobre Vizcaya en el siglo xvii. El búho gallego y el tordo vizcaíno, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1976.

Bibliografia

Fernández Albaladejo, P., «Entre godos y montañeses. Reflexiones sobre una primera identidad española», Fernández Albaladejo, P., in Materia de España. Cultura política e identidad en la España moderna, Madrid: Marcial Pons, 2007, 287.-321. or.

Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxea, 1973, 2. arg. Berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.

Monreal Zia, G., «Pensamiento político tradicional vasco en el siglo xvi», in Anuario de Historia del Derecho español, 50 (1980), 971.-1004. or.

Aipamen bibliografikoa

Merino Malillos, I., “El Tordo vizcaíno”, Jimeno Aranguren, R., (dir),Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 391-392.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP