Karguak eta lanbideak
Historialaria eta bibliografoa
Ibilbidea
Haurra zelarik galdu zuen bere aita, Antonio Martin Eguren y Zulueta, Gorteko negozio agentea, eta amaren zaintzapean geratu ziren bera eta bere hiru anaiak. Ama arduratu zen lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak egin zitzan, eta probetxu handiz bukatu zituen, baita Historia eta Arte Ederretan nabarmendu ere.
Bergarako hiribilduko Santa Marina parrokia-elizan sortutako kapilautza baten errentek emandako etekinei esker ikasi ahal izan zuen, ekonomiaz kezkatu beharrik gabe. 1853an, Pedro de Egañak, erresumako Gobernazio ministroak, bere Ministerioan laguntzaile aritzeko proposatu zuen, eta lana onartu bazuen ere, handik gutxira utzi zuen, benetan maite zuen horretan aritzeko: ikerketa historikoa.
Artxibozain eta Liburuzainen taldekoa izan ez arren, Egurenen obrarik ezagunena, Memoria descriptiva de los códices notables conservados en los archivos eclesiásticos de España, da ezbairik gabe. Horregatik Biblioteka Nazionalaren bibliografia saria jaso zuen 1859an. Bere obra heuristika ikerketen barruan aipatzen bada, kodize eta kartularioen aurkibideen alorrean aitzindaria izan zelako da. Hortik aurrera, Instrukzio Publikoaren arloko artxibo eta liburutegietako langileak aritu ziren horrelako lanetan, ia esklusiboki. Obrak bi zati ditu: lehena penintsulako Goi Erdi Aroko artxibo eta liburutegien historiari eta ohitura paleografikoei buruzkoa; eta bigarrena eliza instituzioetatik jaso eta Espainiako artxibo eta liburutegietan gordetako kodize aipagarrienei buruzkoa. Espainian gordetako eskuizkribu eta kodizeak deskribatzerakoan autore atzerritarrek zuten monopolioari aurre egin nahi zionez, lanak printzi- pio ideologiko eta zientifikoei jarraitzen die. Aditu espainiarren artean, nolabait, atzerriko errepertorioak erabiltzearen kontrako sentimendu bat zabaldu zen garai hartan, oro har, Espainiako liburutegien egoera gutxiesten zuten iritziak agertu ohi zituztelako. Egurenek Espainiako liburutegietan zeuden Elizaren kodizeen aberastasuna nabarmendu nahi izan zuen, baina bere lana oso mugatua da, distantziengatik eta oso zaila zelako oraindik Elizarenak ziren liburutegietan sartzea. Egiazki, Egurenen errepertorio hori aipatzea merezi badu, bi alderdirengatik da: Erdi Aroko eskuizkribu espainiarren corpusa osatzeko lehen ekarpena izan zelako eta alorreko kideen artean izan zuen eraginagatik. Bere lana eredugarritzat hartu zuten askok, eta haren eraginez, arreta gehiagoz osatu zen multzoak zaindutako artxiboetan gordetako kodize diplomatikoen katalogoa.
Garrantzi handikoa izan arren, Madozen Diccionario laneko atal monumentalean, «Madrid» artikulua idaztean izan zuen parte-hartzea ez da hain ezaguna.
Obrak
Loyola, Semanario Pintoresco Español (1842), 4-6. orr.
Memoria histórico-descriptiva del monasterio de Santo Domingo el Real de Madrid, Madril: D. G. Alhambraren moldiztegia, 1850.
Impugnación al folleto publicado por D. José Galofre sobre el estudio de las Nobles Artes en España, Madril: Montoya eta García jaunen moldiztegia, 1855.
Descripción del monumento erigido en Madrid para custodiar las cenizas de los Excmos. Sres. D. Agustín Argüelles, D. Juan Álvarez y Mendizábal y D. José M.ª Calatrava, Madril: Gabriel Alhambraren moldiztegia, 1857.
Noticia de la restauración del templo de las señoras Comendadoras de Calatrava, Madril: Eusebio Aguadoren moldiztegia, 1858.
Memoria descriptiva de los códices notables conservados en los archivos eclesiásticos de España, Madril: M. Rivadeneyraren moldiztegia, 1859.
Historia del Colegio Imperial de Madrid de la Compañía de Jesús, t. 1 (único publicado), Madril: Fermín Martínez Garcíaren moldiztegia, 1869.
Noticia histórica del origen y condado de Rivadeo, Revista Europea, 3 (1876), 213-222. orr.
La unidad religiosa y la historia, Madril: Diego Valeroren moldiztegia, 1876.
Palafox y los jesuitas, Madril: M. Minuesaren moldiztegia, 1878.
Bibliografia
AROCENA, F., «Eguren, José María de», Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Cuerpo A. Diccionario Enciclopédico Vasco, Donostia: Auñamendi, 1979, 10. libk., 176. orr.
DE LA CRIZ HERRANZ, L. M., «Eguren, José María de», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/6441/jose-maria-eguren-y-santiago (Kontsulta: 2019ko urriak 2).
DELGADO CASADO, J., Un siglo de bibliografía en España. Los concursos bibliográficos de la Biblioteca Nacional (1857-1953), Madril: Arco Liburuak, 2001, 1. libk., 362-365. orr.
FORADADA, J., «Biografía-bibliográfica de don José María de Eguren y Santiago», Boletín Histórico, 1 (1880), 69-73. orr.
MARTÍN MARTÍN, T., «Vida y obra de José María de Eguren y Santiago», Boletín de la Real Academia de la Historia, 211 libk., 2. koadernoa (2014), 401-428. orr.
SIMÓN DÍAZ, J., Semanario pintoresco español (Madrid, 1836-1857), Madril: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC), 1946.
TORREBLANCA LÓPEZ, A., El medievalismo español de la Restauración y el Cuerpo Facultativo de Archiveros (1875-1930), Madril: Complutense Unibertsitatea, Erdi Aroko Historia Departamendua, 2017. Doktorego Tesia, 158-169. orr. (https://eprints.ucm.es/42474/1/T38746.pdf (Kontsulta: 2019ko urriak 3).





