Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA FRANKO-KAROLINGIOAK

EGINHARDO (EGINARDO, EINHARDO, EINHARD) (s. l., ca. 775 – Seligenstad, Alemania, 840). Errege-gorte karolingioko kidea, maisua Akisgraneko jauregiko eskolan eta Vita Karoli Imperatoris lanaren egilea (ca. 829-836)

Karguak eta lanbideak

Testua gaztelaniaz

Miembro de la corte regia carolingia, maestro en la escuela palatina de Aquisgrán y autor de Vita Karoli Imperatoris 

Ibilbidea

Eginhardok berak Karlomagno enperadoreari buruz idatzitako lanaren aitzinsolasetik heldu da gure egileari buruzko biografia-bidea, eta era berean, handik urte batzuetara, beste eruditu eta monje batek ––Reichenauko Walafredo Estrabonek–– ix. mendearen bigarren herenean ondutako hartatik ere. Walafredok datu esanguratsuak biltzen ditu Eghinardoren jatorriaz, haren dohain intelektualez eta ibilbideaz, bai eta hark kulturgintzan, gortean eta politikan egindako bideaz ere. Ez dakigu ziur noiz jaio zen, baina Louis Halphen mediebalistak 775. urtearen alde egin zuen. Uste denez, Main ibaiaren ibar behereko (Frankonia) leinu noble batean dauka jatorria, eta haren hasierako hezkuntza, berriz, beneditarren Fuldako abadiarekin lotzen da, San Bonifazioaren bulkadaz sortutakoarekin, alegia. Gaitasun tekniko eta zientifikoetan ederki jantzia, gazte-gazterik sartu zen Akisgraneko jauregiko eskolan (ca. 791-792), Alkuino Yorkekoaren zuzendaritzapean, hain zuzen. Eskola hartan bertan garatu zuen bere alderdi nagusia erregetzaren zerbitzuan, nutritor izan baitzen, hau da, jauregiko funtzionarioen maisu eta haietako batzuen goi-heziketaren arduradun, bai eta enperadorearen familiako kide batzuena ere, hainbat gauza irakatsiz: arte liberalak, liburu santuak, patristika eta tradizio klasikoa. Errege-ingurune hartan ezagutu omen zuen Eghinardok bere emazte Emma, eta ezkontza hartatik, Vussinus izeneko seme bat jaio zen. Gure egilea buruz jantzia eta dohain ederren jabea zen, bere garaikideak miresteko idatzi zituen lanetan agerikoa denez. Hala ere, Alkuinok berak, edota hispaniar jatorriko apezpiku Teodulfo Orleanskoak, Eghinardo luzeraz txikia zela nabarmendu zuten. Gorputz-ezaugarri hori zela eta, jendeak nardulus esaten zion (Einhardus-en aferesia, alegia), hau da, nardo-lore edo akara txikia, halako joko alegoriko bat eginda lore txiki baina usain gozodun horren gainean. Arkitekturarako dohainak ere Karlomagnoren zerbitzuan jarri zituen, eta hortik heldu zaio, hain zuzen, Beseleel goitizena, Itun Kutxaren egileetako baten izena, alegia.

Monarkia franko-karolingioari emaniko zerbitzuek ederki erakusten dute zeinen konfiantza-giro handia eta hurbiltasuna izan zituen hala Karlomagnorekin nola haren seme eta oinordeko Luisekin. Harro dago, gainera, semearekin duen adiskidetza minaz. Badakigu Erromara 806an joandako enbaxadan parte hartu zuela, Karlomagnoren oinordetza-xedapenak eramateko. Xedapenak egin ziren,  enperadorearen hiru semeei (Luis, Karlos eta Pepin) proposamenen berri emateko. Handik zazpi urtera, badirudi berriz ere jarrera hartu zuela dinastia-afera haietan, betiere Ermoldus Nigellusek ondutako In honorem Hludowici (ca. 826) olerkiaren arabera. Izan ere, Luis semea tronurako oinordeko bakar izendatzeko eskaera egin zion Karlomagnori, Luisen anaiak zendu ondoren. Ludovikoren gortean, erregearen idazkari pertsonala izan zen, bai eta Lotario seme premuaren irakaslea ere (817). Hala ere, 830 aldean utzi zuen alde batera bizitza politikoa, behin leinuaren oinordetzari buruzko lehiak areagotutakoan, hau da, Luisen seme Karlosen jaiotzatik aurrera. Karlos, izan ere, Lotarioren anaiordea zen, Luisen eta Judith printzesa bavariarraren ezkontzatik sortua. Bestalde, Michelstadteko (Odenwaldeko oihana) eta Mülheimgo (Main) ondasunekin saritua, abade laikoa ere izan zen lau abadiotan, hots, Mont Blandingo San Pedron, Ganteko San Bavonen, Fontanellen eta San Serbasion (Maastricht). Emaztearekin batera, Mülheimera erretiratua, Seligensadteko abadia sortu zuen, non, San Martzelino eta San Pedro martirien erlikiak zaindu baitziren; martirioi, hain zuzen, hagiografia-lan bat eskaini zien (Translatio et miracula sanctorum Marcellini et Petri, ca. 830). 849ko martxoan hil zen, emaztea zendu eta lau urtera, eta aipatu basilikan ehortzi zuten. Fuldako abade Rabano Maurok idatzia da haren epitafioa, Eghinardok monasterio hartan eman baitzituen lehen pausoak.

Eginhardoren lan nagusi eta ezagunena Karlomagno enperadorearen biografia da, Seligensadtera erretiratu eta, antza, han bertan idatzi zuena, gainerako literatur lanak bezalaxe. Hirurogei epistola (Epistolae) baino gehixeago gorde dira, 823tik aurrera idatziak, guztiak ere Ganteko San Bavonen aurkituak. Besterik esan izan bada ere, ez zuen Annales regni Francorum (801-829) lana idatzi (Annales Eginhardi ere esan izan zaiona), ezta saxoiei buruzko trataturik ere, azken hamarkada hauetan frogatu izan den bezala.

Vita Karol, hein handian, Kaio Suetonioren Vidas de los doce césares lanaren eredu klasikoetan dago inspiratuta, eta Erdi Aroko biografia-generoaren testurik paradigmatikoen eta eragintsuenetako bat da. Enperadorearen heriotzatik hainbat urtetara ondua (829. eta 836. urteen artean, zehazki), kontakizunak ezaugarri bereziak ditu, hagiografiak nagusi ziren literatur esparruan agertu baitzen; gainera, estereotipo batzuk aldatu zituen. Bere-berea zuen eskuari esker, Eginhardok narrazio berritzailea eraiki zuen, errege Karlosen esker onean eraiki ere ––aitzinsolasean azaldu zuenez––, tratu hurbila izan baitzuen harekin eta justizia egin behar baitzion, haren gaineko oroitzapena bizirik mantenduz. Horrenbestez, lanaren egiturak Karlosen aintza militarrak, koroatzea edota testamentua biltzeaz landara, nabarmen azpimarratzen du haren irudi subirano eta bertutetsua, dohain pertsonal, diplomatiko eta erlijioso miresgarriz jantzia. Karolsen obra politikoa goresteko asmoz kontatuak daude narrazioaren hogeita hamahiru kapituluak. Eginhardoren originaltasuna, ordea, bestelakoa da eta errege-irudiaren atzean zegoen gizonaren erretratua biltzeko pasarteen aberastasunean datza, gortean urteetan bizi izan baitziren elkarrekin (18.-27. kap.). Errege familia-zalea agertzen zaigu, ama-hizkuntzaz kezkatua, gorpuzkeraz eta ahotsez berezia, ernea, ehiza-zalea, idazketan moldakaitza, eta janaria prestatu zalea, beste gauza batzuen artean. Azken buruan, irudi kostunbrista petoa da, bitxikeriez eta balentriez harata begiratzeko gai eta Karlomagnoren gizatasun, izaera eta familiara hurbiltzeko gauza den egilearen talentuaren erakusgarri.

Bederatzigarren kapituluak interes berezia dauka, Karlomagnok Zaragozara egindako kanpainaren berri ematen baitu, bai eta haren armadak Orreagako Pirinioetako pasabideetan pairatutako hondamenaren berri ere, 778ko udan atzera presaka itzultzen ari zela. Modu jakin batez deskribatuak daude bai segada, bai eta oste karolingioen porrota eragin zuten baskoien maltzurkeria ere, eta ez du zerikusirik biografiaren gainerakoari darion tonu triunfalistarekin. Hori dela eta, arlo horretako aditu askok ez dute froga eztabaidaezinik Eginhardok kontatutako gertakariaren asmoaz, ezta erasotzaileen nortasun seguruaz ere; gogoratu behar da, gainera, gure egilea ez zela gertakarien garaikide izan. Are gehiago, pentsatu ere izan da atal horretako pasarte batzuk ondotik erantsitako zatiak izan zitezkeela edota hasierako kontakizunari egindako ukituak; deigarria baita, adibidez, xehetasun osoz bildu izana borrokan hildako handiki frankoen izenak, hots, Egihardo seneskala, jauregiko konde Anselmo, eta Errolan Bretainiako markako prefektua; eta aldiz, ez da protagonisten izenik aipatzen Vita Karoliko beste gerra-gertakari batzuetan.

Robert Fawtier, Ramón d’Abadal, Ramón Menéndez Pidal, Paul Aebischer eta José María Lacarra adituek berariaz aztertu eta ikertu dute atal horren alderdi historikoa, eta aldi berean kontuan hartu, Orreagako Guduak Europako literatura epikoan izandako garrantzia, betiere La Chanson de Roland eta karolingioen aldiko beste kanta batzuk oinarri hartuta. Haien hipotesiak, izan ere, urte-liburu karolingioak eta testu arabiarrak xeheki alderatu eta aztertzearen ondorio dira, eta gertakariaren kontakizunaren konplexutasuna eta kontraesanak ekarri dituzte mahai gainera; izan ere, kontakizuna viii. mendearen bukaeran osatu zen, eta ix. mendean bertsionatu, era guztietako osagai historiko eta historiografikoen bidez. Karolingioen iturrietatik, adibidez, honakoak dira nabarmentzekoak:musulmanak Ebro ibarrean egotea; Karlomagnoren interesa bere mendeko lurraldeak Pirinioez hegoaldera zabaltzeko; Saxoniako konkista Europako zer testuingurutan kokatu zen; Gaskoiniaren zalantzazko fideltasuna edota lurralde hura Inperioan txertatzeko arazoa. Bigarrenetatik, berriz, hauek dira nabarmentzekoak: guduaren ondoko testuek molde jakin batez eraiki nahi izan zutela Karlosen irudia, hots, hark Kristautasunaren alde jardun zuela agertzeko eta Orreagakoa baskoi erasotzaile talde baten erasoaldi txiki bat izan zela erakusteko. Hortaz, kontua ez zen soilik gertatutakoa kontatzea, baizik eta gertatutakoa xede zehatz baterako berreraiki eta interpretatzea, erregearen irudia eta haren gobernu-eredu politikoa babesteko.

Ez diogu xehetasunez helduko egile horiek ––eta A. J. Martín Duquek–– luze eta zabal eztabaidatutako gaiari, baina argitzeko dago nor izan ote ziren etorkizuneko enperadorea azpiratu zuten baskoiak. Dena dela, Zaragoza musulmanaz jabetuko zelako usteak bultzaturik izan, edo beste arrazoi batek eraginda izan, argi dago Karlomagno lurralde hispaniarretan sartu zela 778ko apirilean, eta argi ere, hark zuzenean agindutako zutabeak Iruñea (Navarrorum oppidum) zeharkatu zuela. Hiria destakamendu militar baten agindupean zegoen, baina ez dakigu Karlomagno erakarri zuten indar musulman berberekin bat eginda edota buruzagi baskoiren batek gobernatuta. Ez zen bete, ordea, Ebro bazterreko hiriaz espero zuena. Horren ondorioz, atzera egin zuen Erresumara itzultzeko, eta itzulbidean, Iruñeko harresiak suntsitu zituen; harengan etsipena eragin zuenaren aliatua izango zelako, agian. Armada frankoaren atzeguardia abuztuaren 15ean iritsi zen Pirinioetako mendi-lepoetara; bada, Ibañeta eta Lepoeder artean zebilela, waskoi talde batek eraso egin eta atzeguardia txikitu zuen, oihan sarriek babestuta eta bazterrak hobeki ezagutzen zituztela baliatuta. Testuak wascones izendatzen ditu, eta horrek afera argitu du d’Abadal eta Aebischer adituen iritziz; izan ere, ix. mendeko kroniketarako, baskoiak Gaskoiniako bizilagunak ziren. Ez, ordea, Hispani wascones izendatutakoak, garai hartako iturriek azken izendapen hori erabiltzen baitzuten argi eta garbi Pirinioez hegoaldeko baskoiei esateko. Era berean, ez da kontuan hartu gabe utzi behar zer-nolako zailtasunak izanak zituzten frankoek aurretik Gaskoinia menperatzeko (769), lurraldea Lupo printzearen agindupean zegoela (Astronomoak adierazi bezalaxe), eta kontuan ere hartu behar da zer-nolako neurri gogorrak hartu ziren Gaskoiniaren kontra, Karlomagno itzuli eta berehalakoan, irail bukaeran, Akitaniako kondeak ––Bordelekoa eta Tolosakoa–– kargugabetu eta aldatu baitzituzten Martín Duquek ederki nabarmendu duen bezala. Menéndez Pidalek eta Lacarrak, hala ere, kontrakoa argudiatu dute, baskoi hispaniarrak jo baitituzte garaile, bai arrazoi politiko eta estrategikoei erreparatuta, bai eta terminoaren erabilerak ix. mendean izandako bilakaerari buruzko azalpenetan oinarrituta ere.

Erasotzaileak batzuk zein besteak izan, oroitzapen heroiko bat eraikitzen joan zen, guduari buruzko kondairak eta bertsio kantatuak sortuta, begirada eskualdeko buruzagi haietako batean pausatuta ––Errolanengan, alegia–– (Chanson de Roland), eta baskoi horien gaizkinahia nabarmenduta, bai eta Inperioaren mendeko lurretatik kanpokoak zirela ere.

Obrak

Dutton, P. E. (arg. eta itzul.), Charlemagne’s Courtier: The Complete Einhard, Peterborough: Borad view Press.

Halphen, L., Einhard, Vie de Charlemagne, in Paris: Les Belles Letres, 1967 (4. argit.). Hampe, K., Monumenta Germaniae Historica. Epistolarum tomus V. Epistolae Karolini aevi.Tomus III, Berlin: Weidmann, 1899, 105.-149.

Jaffé, P. H, «Einhardi Vita Karoli Magni», in Bibliotheca Rerum Germanicarum, IV, Monumenta Carolina, Berlin: Weidmann, 1867, 487.-541. or.

Pertz, G. H., Waitz, G. (recensuit) eta Holder-Egger, O. (curavit), «Einhardi Vita Karoli Magni», in Monumenta Germaniae Historica. Scriptores rerum Germanicarum in usum scholarum separatim editi XXV,Hannover: Impensis Bibliopolii Hahniani, Editio sexta, 1965.

Riquer, A. de (itz. eta sarrera), Eginhardo. Vida de Carlomagno, Gredos: Madrid, 1999.

Bibliografia

Brunhölzl, F.,Histoire de la littérature latine du Moyen Age. 1,2, De Cassiodore à la fin de la Renaissance Carolingienne: L’époque carolingienne, Turhout: Brepols, 1991, 77.-82. or. eta 280.-281. or. (egileari buruzko bibliografia bildua dago, bai eta haren lanen edizioa eta azterlan nagusiak ere).

Halphen, L., Carlomagno y el imperio carolingio, México: Unión Tipográfica Editorial Hispano Americana, 1955.

Lacarra, J. M.ª, La Expedición de Carlomagno a Zaragoza y su derrota en Roncesvalles: Discurso leído por el Excmo. Sr. D. José M.ª Lacarra y de Miguel en el acto de su recepción académica del día 3 de diciembre de 1980 y contestación al mismo por el Excmo. Sr. Miguel Sancho Izquierdo, Zaragoza: Real Academia de Nobles y Bellas Artes de San Luis, 1980.

Martín Duque, A. J., «El reino de Pamplona», Historia de España Ramón Menéndez Pidal. La España cristiana de los siglos viii al xi. Los núcleos prepirenaicos (718-1035). Navarra, Aragón, Cataluña, in Madrid: Espasa-Calpe, 1999, VII-2. libk., 92.-95. or.

Aipamen bibliografikoa

Pavón Benito, J., “Eginhardo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 188-192.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP