Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARABAKO EGILEAK ETA OBRAK

EGAÑA DIAZ DEL CARPIO, Pedro (Gasteiz, 1803ko otsailak 21 – Zestoa, Gipuzkoa, 1885eko abuztuak 4).

Karguak eta lanbideak

 Politikaria, kazetaria, senataria eta ministroa

Ibilbidea

Bere familian asko dira XVIII. mendean legelari, probintzia patrizio eta Koroaren zerbitzari izandakoak. Coro Rubioren ustez, Pedro de Egaña «isabeldar erregealdian egondako euskal politikari garrantzitsuena izan zen, era- gin handiena izan zuen foruzalea, eskumen gehien zuen euskal probintzien ordezkaria Madrilen […], gortesau garrantzitsua, […] eta liberal moderatu ospetsua». Deskribapen egoki horretan bildutako elementu gehienak bere arbasoei zor dizkie, hein handi batean. Egia esan, bere familiaren oinordetza politiko eta intelektualak eragin handia izan zuten, bere bizitza guztian zehar, bizitza ulertzeko izan zuen moduan. El Señor Egaña y los diputados provinciales (1879) lanean adierazi zuen bezala, bere erreferente ideologikoak oinordetzan jasoak ziren. Dirudienez, bere aitona zen Domingo Ig- nacio de Egaña (Zestoa, 1727), Koroarentzako lanean aritu zen Ogasun ministerioan, eta badakigu Gaztelako Ganberan eta Ordena Kontseiluko idazkaritzan ere hala aritu zela denbora tarte batez. Ondoren, «Gipuzkoako Batzar Nagusiek behin betiko idazkari kargua betetzeko ohorea eskaini zioten», eta herrialdera itzuli zen. Monarkiaren egitura administratiboan eta Probintziako idazkaritzan lortutako eskarmentuak baliatuz, El guipuzcoano instruido (Donostia, 1780) idatzi zuen. Bernabe de Egañak (azkenaren se- mea eta, hortaz, Pedroren iloba) ordezkatu zuen probintziako behin betiko idazkari bezala, «herrialdearentzat interes handikoak ziren lan askoren ar- tean, […] Memoria sobre nuestras fábricas de anclas y palanquetas zabal bat» utziz (1788). Azkenik, bere aita, Casimiro de Egaña, Oñatiko Unibertsitateko filosofia katedraduna izan zen, eta bere bulegoa Gasteizen ezarri zuen XIX. mende hasieran. 1802an Higinia Diaz del Carpiorekin ezkondu zen, eta harreman onak egin zituen Gortean eragina zuten zirkuluetan.

Ondare politiko horri haurtzarotik inguruan izan zuen giro ilustratua gehitu behar zaio. Kontuan hartu beharra dago Arabako ahaldun nagusi izan zenean (1864-1866), besteren artean, Euskalerriko Adiskideen Elkartea birsortzeko helburua zuela. Badakigu, berak hala adierazi zuelako, «bere haurtzaroko lagunik gertukoena, eta gerora izan zituen joera politiko eta literarioak irakatsi zizkiona» Manuel Ciorraga izan zela, Bergarako Errege Apaizgaitegi Patriotikoan ikasia, Arabako hasierako liberalismoaren liderra eta Gasteizko merkatari handizkari baten semea. Bestalde, Egaña familia estuki lotua zegoen Alamedako Markes ilustratuarekin, Fausto de Otazurekin, Jose Joaquin Salazar Sanchez Samaniegorekin eta Diego Manuel de Arriolarekin.

Bere harreman sarea liberalismorantz aldatu zen Erregimen Zaharraren erorikoan. Napoleonen okupazio betean, 1810. urtetik hain zuzen, bere aita Alamedako Markesaren idazkaria izan zen, garai hartako Bizkaiko Gobernu Kontseiluaren sailburua. Frantziako tropak kanporatu ondoren, konstituzio sistemarekiko gertutasuna erakutsi zuen, bai prentsan eta baita Arabako Zentsura eta inprenta askatasunaren Batzordeko presidenteordetzan ere. 1814an absolutismoa berrezarri zenean, espetxeratu egin zuten. Hirurteko Konstituzionalak iraun bitartean, Gasteizko errejidore izan zen (1821), Fausto de Otazu alkate izan zen garaian. Denbora tarte horretan, Pedro de Egañaren lehengusu zen Jose Maria Egaña Urrizola Gipuzkoako Agintari Politikoaren idazkaria zen, Villafuertesko Kondearena, eta, sistema konstituzionalak porrot egin zuenean, espetxeratu, isuna jarri eta herri txiki batean konfinaturik utzi zuten. Hamar urte geroago, familia markaturik zegoen berriro, sistema konstituzionalari zion atxikimenduarengatik: Jose Maria eta Julian Egaña, Azkoitiko senideak, karlisten etsaien zerrendan sartu zituzten. Lehena, gainera, Getariko Hiri Milizian parte hartu zuen. Bestalde, Pedro Gasteizko ba- tailoian aritu zen boluntario 1834an, eta, urte bereko martxoaren 16an, karlisten aurka aritu zen hiria defendatzen.

Ikus daitekeenez, Pedro de Egañaren harreman sarea Erregimen Zaharraren krisiarekin batera sortutako gatazka politiko eta ideologikoetan ehundu zen. Bien bitartean, 1817an, Lege ikasketak hasi zituen Oñatiko Unibertsitatean, eta 1820ko ekainean batxiler gradua lortu zuen. Madrilera aldatu zen Francisco Perez de la Huerta senidearekin abokatu aritzeko, Gaztelako kontseiluaren fiskala baitzen (bere aitaren anaiaren koinatua). 1820-1823 artean, lehen liberalismoaren hedatzea gertutik bizi ahal izan zuen Madrilen, asal- datu deiturikoen erradikaltzea hauteman zuen, joera guztietako kazetarien inguruak ezagutu, Ramon Salas irakasle izan zuen, eta elkarte abertzaleren batean ere ibili zen.

Handik aurrera, ez dago haren inguruko informazio askorik. 1830. urtera arte ez zuen ibilbide aipagarririk izan, Joseba Agirreazkuenagak dioenaren arabera, elkarrekiko lotura zuten hainbat alderdi jorratu bazituen ere: politika, administrazioa eta kazetaritza. 1834ko irailean, Iñigo Ortes de Velascori Madrildik idatzitako isilpeko gutun batean argi hauteman daitezke bere ibilbidea markatuko zuen ideologiaren zantzuak. Orduko hartan, guda zibilak euskal probintzietan eragindako kalteen eraginez, arduraturik zegoen Madrilen «foruen auzia lo» zegoelako. Bestalde, bere ustez, «Ministro liberal baten ordez, ministro iraultzaile bat sartuko balitz, […] gure foruak gainerako guztiarekin batera ondoratuko lirateke». Zahartzarora arte bidelagun izan zuen joera moderatua zizelkatu zuten, batetik, foruzaletasun goiztiarrak, eta, bestetik, garai hartan gertatu zen liberal eta iraultzaile terminoen arteko bereizketa argiak. Liberalismoaren barne banaketaren historiaren isla zen; «aldaketa minez zeudenak, aspaldiko gehiegikeriekin nazkaturik, modu absolutua kendu eta modu ordezkagarria ezarri nahi zuten», frantsesen kanon iraultzailearen oinordekoak ziren. Bestalde, «iraganarekin maiteminduak, etorkizunaren beldur zirenez, aldaketari uzkur egiten zioten», eredu ingelesetik gertuagokoak ziren horiek. Bera azken horien alde zegoen (El moderantismo, 1879).

Hogeita hamarreko hamarkadan, ibilbide judizialean gora egiten hasi zen. Badirudi (Fausto de Otazuk jasotakoaren arabera), Granadako kapitaintza na- gusiko gerra auditore aritu zenean, bere lehendabiziko kargu garrantzitsua, Guda eta Marinako bulegoko idazkari Antonio Remon Zarco del Vallek emandako babesari esker izan zela. 1836an Ogasun militarraren epaitegiko aholkularitza haren esku utzi zuten. 1838an, Madrilgo Audientziako magistratu izendatu zuten, baina karguari uko egin zion, Gorteetan Granadako ordezkari izateko hautatu zutela argudiatuz. 1839an, Burgosko Audientziako fiskal izan zen, eta, 1840ko urtarrilean, bertako magistratu.

Aldi berean, parlamentari bidea hasi zuen, eta lehendabiziko hamarkada konstituzionaletan arrakasta handia lortu zuen, euskal diputatu nabarmenena izatera iritsita. Granadako ordezko diputatu hautatu zuten 1837an, nahiz eta, soilik 1839ko urtarriletik aurrera aritu, Gorko dukearen ordez. 1839ko urriaren 25eko legeari bide eman zioten eztabaidetan parte hartu zuen, Foruen aldeko jarrera argia erakutsiz. Kargua Arabako probintziako ordezkariarenarekin uztartu zuen, laster «euskal interesen defendatzailerik aipagarriena» bihurtuz (Coro Rubio). Agintari patrizio arabarrak maiz aipatzen zuen haren jarduera bere gutunetan, jokoan zegoenarekiko interes handia baitzuen. Elkarlanean aritu zen Ilustrazioaren oinordeko izatetik, liberal foruzale moderatu izatera igaro ziren Valentin de Olano, Ascensio Ignacio de Altuna, Francisco de Hormaeche eta, nola ez, Fausto de Otazu eta Iñigo Ortes de Velascorekin.

Gorteetako diputatu izateko berrautatu zuten Araban eta Gipuzkoan 1840ko urtarrilean (lehena hartu zuen), eta, berriro ere 1841eko apirilekoetan, Araban; baina bigarren horretan uko egin zion. Bere konpromiso foruzaleak Octubrada deritzonaren antolaketan parte hartzera eraman zuen, Esparteroren agintearen aurkako altxamendua, bere adiskide Manuel de Ciorragarekin, Iñigo Ortes de Velascorekin eta beste moderatu batzuekin. Altxamenduak porrot egin zuenean, Frantzian erbesteratu behar izan zuen, Maria Kristina erreginarekin lotura sendoak sortuz. Erreginaren inguruan eskuratu zuen konfiantzak Koroaren eta euskal interesen arteko bitartekari lanetan aritzeko aproposa zela erakutsi zuen. Espainiara itzuli zenean, bere foruzaletasun militantea erakutsiz, Bartzelonako Audientziako fiskal izateari uko egin zion, eta berdin Gobernuak eskaintzen zion beste edozeinekin, Esparteroren garaian euskal lurraldean egindako aldaketak bere onera itzuli arte. Erreginarekin zuen harremana erabakigarria izan zen Foru Aldundiak berrezartzeko.

Parlamentuko jarduerari heldu zion berriro, 1844ko irailean, Gorteetako Arabako ordezkari izateko hautatu zutenean, eta berriro aritu zen 1846, 1850, 1853, 1857, 1858 eta 1863an. Alderdi moderatuaren sektore kontserbatzaileenean sartu zen (bilumista), Estatuaren egiturako gobernu postuetan sartuz. Espainiaren eta Vatikanoaren arteko harremanak berrezar zitezen lan egin zuen, hamarkada bat baino gehiago baitzeramatzaten etenik, eta baita elizjen- dearen ondasunen salmenta bertan behera uzteko. Denbora tarte laburrean aritu zen Barkamen eta Justizia ministro lanetan. 1846ko martxoan hasi zen, eta, urte berean, Narvaezen gobernu moderatuan Errege Etxeko eta Ondasunen Intendente izatera igaro zen, 1847ko martxora arte. Aurrerago, 1853an, Gobernazio ministro izendatu zuten.

Bere kargu politiko-administratiboek eskaintzen zizkioten influentziak kazetaritza mundutik lortutakoekin uztartu zituen. Correo Nacionalen idazten hasi zen, Donoso Cortesekin. Egunkari hori desagertu zenean, Madrilen La España (1848-1868) sortu zuen, ildo editorial monarkikoa eta liberal-kontserbatzailea zuena.

Foruzaletasuna osatzen zuten elementuak sintetizatu zituen, Bravo Murilloren agintaldian (1851-1852) proposaturiko foru aldaketa zela-eta. Arabako ordezkari izan zen Batzar Nagusietan, Blas López foruzale arabarrarekin batera (1781-1861) foruen defentsa antolatzeko. Breves Apuntes en defensa de las libertades vascongadas artikulu luzean eman zuen defentsa haren berri, baina ez zen 1870era arte argitaratu. 1852an, Gobernuak proposaturiko proiektua aho batez baztertu zuten euskal probintziek. Egañak Espainiar lurraldean oreka egon zedin bilatzen zuen Estatu politika baten baitan kokatu zuen. Ha- ren esanetan, Europan barrena hedatzen ari ziren hatsarre iraultzaileak bere egiteko asmoa zuen, hain espainiarra zen tradizio zuhurraren ordez («Ez gara iraultzaile izan, espainiarrak ginelako»). Foruzaleen ideiak osatzen zituzten topikoak azalduz (kantabrismoa, aspaldiko independentzia, borondatezko atxikitzea, itunen aldeko izatea), euskal auzia ad hoc lanketa behar zuen salbuespen antropologiko gisa aurkeztu zuen. Aparteko ongizatearen jatorria foru sistema zela erakutsi nahi zuen, probintzien koadro idilikoaren bitartez. Bestalde, beren postulatuaren oinarria zen (moderatuena berez) Estatuak ezin zuela tradizioa alde batera utzi gizartea asaldatu gabe. Politika osoki boluntarista baten ondorio ziren instituzioek, gizarte egiturekin eta komunitatea- ren axioma moralekin loturarik izan gabe, ezin dute benetako zoriontasuna eskaini. Ideia horri helduz defendatzen zuten Foruak izan zirela altxamendu karlistaren mobilizazio indar nagusia: «Foruen afera alde batera utzita ere, guda zibila berdin piztu zitekeen Euskal Herrian: baina […] inolaz ez litzateke mantendu zen bezala mantenduko, […] ez litzateke izan zen bezain luzea, setatsua eta latza izango, herriaren mamiak ematen zion bazka kementsu eta etengabea izan ez balu. Gure baserritarrak mugitu zituena ez zen jatorri dinastikoa izan, Foruak baizik». Eta bakea lortzekotan, ezinbestekoa zen haiek mantentzea.

Horren ondotik, Foruen eta konstituzioaren arteko bateragarritasuna defendatzeko, mahaigainean jarri zuten foruzaleen beste topiko bat: foru sistemak etengabe transmititutako gordailu aldaezina zuen, eta edozein sistema politikorekin uztargarria zen. Gaztelako koroarekin elkartu aurretik existitzen zen, eta Errege Katolikoekin, Austriekin eta Borboiekin ere hor jarraitu zuen. Nolanahi ere, ordena nazionalean egokitu ahal izateko aldaketaren bat egitekotan, 1839ko hitzarmena lortzeko erabilitako jarrera berberarekin egin behar zen: euskal probintziak beren eskubide guztien jabe zirela, eta urte hartako urriaren 25eko legeak halaxe berresten zuela onartuta, alegia.

1863an biziarteko senatari eta Estatuko aholkulari izendatu zuten. Senatuan, Manuel Sanchez Silva (1806-1881) andaluziarrarekin izandako eztabaida ezaguna izan zuen, euskal probintziak nazioaren sistema orokorrean sartzea proposatu zuenean. Urte luzez izandako liskar dialektikoaren mo- mentu gailena izan zen. Argudio historikoak baliatuz, Sanchez Silvak foru sistemaren zilegitasuna zalantzan jarri zuen, Espainiako nazio eraikuntzan akastzat baitzuen. Historiaren alorrean sartzeko asmorik gabe, Egañaren erantzunak borondatezkotasunaren argumentua izan zuen ardatz, gizarte maila guztietako euskal herritarrek aho batez beren sistema tradizionalari eusteko zuten desira jarri zuen mahaigainean, oligarkikoa eta zapaltzailea zela esaten zutenei kontra egiteko. Egiazki foruzaletasunaren berezko abertzaletasun eusko-espainiarra izendatzeko erabiltzen bazen ere, Egañak erabi- litako nazionalitate kontzeptuak polemika sortu zuen eztabaida horretan bertan, eta kalean ere oihartzuna izan zuen. Bide batez, esan beharra dago elite foruzaleentzat onuragarria izan zela, probintziarteko identitate berria eraikitzeko zuten proiektua indartu baitzuen.

Aipatu berri dugun eztabaidaren ondorioz, Arabako ahaldun nagusi izendatu zuten 1864an. Bere programa-hitzaldian adierazi zuen bezala, bere agintaldiak «erlijioa, Monarkia eta Foruak» izanen zituen ardatz. Memoria historikoarekin loturiko politika berritzaile bat sustatu zuen, hainbat ekintza barne biltzen zituena: Arriagako zin-baseliza konpontzea, Gernikakoaren antzeko monumentu eremu baten proiektuarekin batera; Gaztelako erregeek Arabako Foruekin zuten konpromisoa ospatzen zuen antzinako Zadorrari gutuna erromesaldia berreskuratzea (1867an berrezarri zuen, baina zentzu berriarekin); Euskal Herriaren historiari gorazarre egiten zion literaturari sariak ematea, edota aipaturiko Euskalerriko Adiskideen Elkartea birsortzea.

Bestalde, gaztetatik ezagutzen zuen pentsamendu ilustratuaren erakusgarri, abian jarri zuen probintziaren sustapen ekonomikoa bultzatzeko politika. Ramon Ortiz de Zaratek hasitakoa ardo industriaren berritzearekin jarraitu zuen, Madrilen eta Gortean zituen kontaktuak erabiliz, Medoc arabarra izenez ezagutuko zela zabaltzeko. Aurrekontu handia eskaini zion eredu-baserriari, hezkuntzari merezi zuen arreta eskaini zion, eta, azkenik, probintziaren diru kutxa onbideratu zuen.

Probintzia instituzioetan, bere aginteak iritzi desberdinak eragin zituen. 1867an berrautatua izan zenean, Ramon Ortiz de Zarate buru zuen sektore batek foruen kontrakotzat hartu zuen. Nagusiki, kultuaren eta kleroaren kontribuzioaren kudeaketarekin ados ez zeudenak ziren, eta baita Koroaren kon- tra zegoen oposizio katolikoa, italiar estatua onartu zuelako, Egaña azken horien gertukoa zen. Estatu kontseiluak ebatzi zuen auzia, eta berrautaketa legearen kontrakotzat jo zuen. Nazio politikara itzultzeko egin zuen ahalegina Seiurtekoaren koiunturak eten zuen, posizio zuhur batean kokatu baitzen orduko hartan emandako garapen politikoarekin zuen erabateko desadostasunagatik.

Alboratze hori geroz eta nabarmenagoa izan zen Bigarren Karlistaldiaren ondoren. Azken urte horietakoa da foruzaletasuna gainditzen duen El moderantismo. Carta dirigida al Sr. D. Juan Mañé y Flaquer, bera foruzaletasun horren erreferente nagusietakoa izan arren. Liberalismoaren eztabaidan sartu zen bete-betean, bere iritziz, funtsean autoritarioa eta iraultzaren kontrakoa izan behar baitzen. Azkenik, El Señor Egaña y los diputados provinciales (1879) idatzi zuen, Gorteetan emandako azken garai laburrean jasotako kritiken harira idatzia, foruzaletasun intransigenterantz egindako aldaketa burutuz.

Obrak


Moción presentada a las Juntas de Álava en el mes de noviembre, Gasteiz: Manteliren Semeen Moldiztegia, 1867.

Representación de los vascongados y navarros residentes en Madrid, pidiendo la conser- vación de los fueros de sus provincias, Madril: Konpainia Tipografikoaren Moldiztegia, 1839 (J. Agirreazkuenagak eta C. Rubiok Pedro de Egañari egotzia).

—  & LÓPEZ, B., Breves apuntes en defensa de las libertades vascongadas. Escrito leído a la llamada comisión de arreglo de los fueros nombrado por el Señor D. Juan Bravo Murillo, Bilbo: J. E. Delmas, 1870. Berred. in EGAÑA, P., Discursos y escritos, Rubio Pobes, C. (arg.), Bilbo: UPV/EHU, 2019, 79-173. orr.

Discusión sobre los fueros de las tres provincias vascongadas, habida en el Senado en las sesiones celebradas del 13 al 21 de junio, Gasteiz: Manteliren Semeen Moldiztegia, 1864. Berred. partziala in EGAÑA, P., Discursos y escritos, RUBIO POBES, C. (arg.), Bilbo: UPV/EHU, 2019, 175-234. orr.

Discurso que el Excelentísimo Señor … dirigió a S. M. la reina Doña Isabel II, Gasteiz: Manteliren Semeen Moldiztegia, 1865. Berred. in EGAÑA, P., Discursos y escritos, RUBIO POBES, C. (arg.), Bilbo: UPV/EHU, 2019, 235-263. orr.

Discurso leído por el Excmo. Señor … diputado general de la M.N. y M.L. Provincia de Álava, z.g., 1865.

Discurso pronunciado por el Excelentísimo Señor … maestre de campo, comisario y di- putado general de la M.N. y M.L. provincia de Álava, al inaugurar las sesiones ordinarias del mes de noviembre de 1866, z.g., 1866.

Discurso pronunciado por … al inaugurar las sesiones ordinarias del mes de noviembre de 1867 con el informe y acuerdo hechos en su virtud, z.g., 1867.

El Señor Egaña y los Diputados provinciales de real nombramiento en Guipúzcoa, Vizcaya y Álava, Bartzelona: Bartzelonako moldiztegia, 1879. Berred. in EGAÑA, P., Discursos y escritos, RUBIO POBES, C. (arg.), Bilbao: UPV/EHU, 2019, 287-320. orr.

El moderantismo. Carta dirigida al Sr. D. Juan Mañé y Flaquer, Bartzelona: Bartzelonako moldiztegia, 1879. Berred. in EGAÑA, P., Discursos y escritos, RUBIO POBES, C. (arg.), Bilbo: UPV/EHU, 2019, 265-285. orr.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J., «Egaña Díaz del Carpio, Pedro», URQUIJO, M. (dir.), Diccionario biográfico de los Diputados Generales, consultores y secretarios de gobierno de Álava (1800-1876), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2004, 184-194. orr.

AGIRREAZKUENAGA, J., «Egaña, Casimiro», URQUIJO, M. (dir.), Diccionario biográfico de los Diputados Generales, consultores y secretarios de gobierno de Álava (1800-1876), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2004, 181-183. orr.

AGIRREAZKUENAGA, J., «Egaña Díaz del Carpio, Pedro», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/6372/pedro-egana-diaz-de-carpio (2019ko irailaren 17an kontsultatua).

ANGULO, A., Del éxito en los negocios al fracaso del Consulado. La formación de la bur- guesía mercantil de Vitoria (1670-1840), Bilbo: UPV/EHU, 2000.

ARZAC, A., «Apuntes Necrológicos: Don Pedro de Egaña», Euskal-Erria: Revista Vascongada, 13 (1885), 261-262. orr.

AYERBE, R., «Los Egaña, una saga de guipuzcoanos foralistas (siglos XVIII-XIX)», Notitia Vasconiae, 1 (2002), 189-216. orr.

CAJAL VALERO, A., «Paz y Fueros». El Conde de Villafuertes. Guipúzcoa entre la «Constitución de Cádiz» y el Convenio de Vergara (1813-1839), Madril: Liburutegi berria, 2002.

MANTEROLA, J., «Apuntes Necrológicos: Don Manuel de Ciorraga Tomasa», Euskal Erria: Revista Vascongada, VII (1882), 261-262. orr.

RUBIO POBES, C., «Entre fuerismo y moderantismo. Pedro Egaña (1803-1805)», EGAÑA, P., Discursos y escritos, Bilbao: UPV/EHU, 2019, 11-75. orr.

VIDAL-ABARCA, J., VERÁSTEGUI, F. eta OTAZU, A., Fausto de Otazu a Íñigo Ortes de Velasco. Cartas 1834-1841, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2 libk.

ITURRIAK

GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA, CA 156, 13. Azkoitiako alkatetzak Gipuz- koako gerra diputazioari igorritako gobernuaren helburuen kontrakoen zerrenda.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP