Karguak eta lanbideak
Apaiza eta historialaria
Ibilbidea
Silvero Francisco de Echevarria presbitero izendatu zuen Gasteizko apezpiku Mariano Miguel Gomezek 1883an. Bere lehen egiteko pastorala Valde-Espinako Markesgoko kapilautza izan zen, garai hartan Jose Maria de Orbe y Gaytan politikari karlistaren esku zegoena. Urtebete geroago, bikario eta kapilau izendatu zuten Eibarko agustindar errekoletoen komentuan, eta horretan aritu zen hil arte.
Echevarria propagandista katoliko ezaguna izan zen eta, horregatik, Zaragozako Kongresu Katolikoan parte hartu zuen kide oso bezala (1891). 1880. urtean, aktiboki parte hartu zuen Begoñako santutegira egindako pelegrinazioan, Asiako sukar beltz izurriari aurre egiteko Ama Birjinaren irudia Bilbora jaitsi zenetik hogeita bost urte zirela ospatzeko. Bere lehen idatzia Crónica de la peregrinación a Nuestra Señora de Begoña: en setiembre de 1880 (1881) izan zen. Estanislao J. Labayru apaiz eta poligrafoak idatzi zuen laudorioz betetako hitzaurrea, eta ezin utzizko erreferentzia bilakatu zen atzetik heldu ziren historialarientzat eta garai hartako erlijio-argitalpenentzat.
Begoñako santutegiarekiko zuen interesa 1892. urtean geratu zen agerian Historia del Santuario e Imagen de Nuestra Señora de Begoña lanarekin. Edizioa Tolosako Eusebio Lopezen establezimendu tipografikoaren esku geratu zen, ordurako erlijio lanen funts editorialik handiena osatua baitzuen. Lan horrek Bizkaiko Elizaren historiaren barneko ibilbide eruditua eskaintzen du, Elorrioko apaizaren artxibo ikerketa xeheari eta Labayruk berak egindako informazio ekarpenari esker. Santutegia ezarri ondotik Ama Birjinak eskualde horretan egindako «mirari eta benefizioei» arreta berezia eskaintzen dio. Andres Eliseo de Mañaricuak Echevarriaren lana sinesgarri eta dokumentatuenetakoa zela esan zuen Santa María de Begoña en la historia espiritual de Vizcaya (1950) lanean. Izan ere, Echevarriaren lana Pio XII.ak berak aipatua izan zen 1953an irrati mezu batean, Begoñako Andre Maria Bizkaiko patroi izendatu zuteneko berrogeita hamargarren urteurrenean.
Heriotzaren momentua iritsi zitzaion urtean, Pedroren irudiari buruzko ikerketa lan mardul bat argitaratzear zuen (Cephas. Bosquejo histórico, 1898). Bukatzeko, argitaragabe geratu ziren bi lan aipatuko ditugu: Puerto Ricoko mesedetako apezpiku Juan de Cengotita Bengoaren biografia eta Eibarko errekoletoen komentuaren historia, bera bertan apaiz aritu baitzen.
Obrak
Crónica de la peregrinación a Nuestra Señora de Begoña: en setiembre de 1880, Gasteiz: Imp. de Cecilio Egaña, 1881.
Historia del Santuario e Imagen de Nuestra Señora de Begoña, Tolosa: Establecimiento Tip. de Eusebio López, 1892.
Cephas. Bosquejo histórico, Salamanca: Imp. de Calatrava, 1898.
Bibliografia
BENGOA, J. M., Las Agustinas Recoletas de Éibar y su convento (1603-1940), Madrid: Ed. Agustinus, 2002.
LOUZAO, J., Soldados de la fe o amantes del progreso. Catolicismo y modernidad en Vizcaya (1890-1923), Logroño: Genueve Ediciones, 2011.
MAÑARICÚA, A. E. de, Santa María de Begoña en la historia espiritual de Vizcaya, Bilbo: Editorial Vizcaína, 1950.





