Karguak eta lanbideak
Historialaria eta Probintzia Baskongadoetako Kronikaria
Ibilbidea
Joaquin Etxegarai Etxeandia pasaiatarra (1830-1880) eta Josefa Korta Izagirre azpeitiarra (1833-1903) izan zituen guraso, biak gipuzkoarrak, alegia. Anaia txikia Bonifacio Etxegarai Korta jurista izan zen (1878-1956). 1897an bere iloba txiki Consuelo Etxegarai Abascalekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten.
Etxegaraitarrak Azpeitian bizi izan ziren 1876ra arte, urte hartan Zumaian (Gipuzkoa) kokatu baitziren, Carmeloren aitak herri hartako portu-administrazioan postu bat lortu zuelako, ontzi-kapitaina baitzen. Zoritxarrez, Joaquin Etxegarai 1880an hil zen; ondorioz, amak pobrezia-arriskuan zegoen familiaz arduratu behar izan zuen.
Carmelo lehensemea bi urtez egon zen Santanderren osaba baten babespean, hizkuntza modernoak eta ekonomia ikasten. Osaba, ordea, 1883an zendu eta, Carmelok Gipuzkoara itzuli behar izan zuen, hemezortzi urte doi zituela, bibliotekonomia eta artxibo arloko hainbat lan Probintziako Diputazioarentzat egiteko.
Gipuzkoako Diputazioan lanean aritu zen urteetan (1884tik 1896ra), Lore Jokoetan parte hartu zuen, lehiaketa haietan sari ugari jasota. Era berean, literatur lan franko argitaratu zituen Donostiako Euskal-Erria aldizkarian.
1892an, Diputazioaren enkarguz, Madrilera jo zuen Liburutegi Nazionala, Historiaren Errege Akademiako Liburutegia eta El Escorialeko Liburutegia ikertzeko, Euskal Herriari buruzko agirien bila. Ikerlanen ondorioz, munta handiko lehen lana ondu zuen, Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa (1893). Bada, gisa horretako lanei esker, Historiaren Errege Akademiako urgazle egin zuten.
1890etik aurrera hasitako gutun-harremanaren bidez, Marcelino Menendez Pelayoren laguntzaile hurbila izan zen eta, haren ikuspegi kulturalista eta katolikoak Etxegarairen historiografia ibilbidea nabarmen markatu zuen. Santanderreko poligrafoak bere testamentu-albazeetako bat izendatu zuen Carmelo, bere ondare intelektuala kudeatzeko. 1918an, izan ere, Menendez Pelayo Elkarteko lehen presidente izendatu zuten Etxegarai.
Lehenago, 1896ko otsailean, Carmelo Etxegarai, Euskal Herriko historialaririk oparoenetakoa izanik —unibertsitate mailako ikasketarik ez zuen arren— Probintzia Baskongadoetako Kronikari izendatu zuten, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Diputazioek halaxe erabakita. Hori zela eta, bera eta senitartekoak Gernikara bizitzera joan ziren.
Bizkaian kokaturik, Jaurerriko Kronikari Estanislao Labairurekin lankidetzan aritu eta pertsona batzuen liburutegiak antolatzeaz arduratu zen, hala nola Fidel Sagarminaga diputatu nagusiarenaz eta Luis Luziano Bonaparterenaz, biak Bizkaiko Diputazioak erosiak. Carmelok eginkizun garrantzitsua bete zuen Diputazio hartako Euskal Kulturaren Batzordean.
Etxegaraik, bestalde, Labairu bizkaitarrarekin, Arturo Campion nafarrarekin eta Serapio Muxika gipuzkoarrarekin batera, positibismo kritikoa sartu zuen behin betiko euskal historiografian, legendazko literaturarekin hautsita. Horri loturik, Las provincias vascongadas a fines de la Edad Media (1895) lana da nabarmentzekoa; bando-gerrak aztertu zituen, bai eta gerra haietatik babesteko eratu zen udal egitura ere, Augustin Thierry frantses historialariari zor zaion ikuspegi demokratikoarekin bidetik.
1911n sortu zenetik, Etxegarai Donostiako Euskalerriaren Alde aldizkariko zuzendaritza-kontseiluko kidea izan zen, Campionekin, Julio Urkixo filologoarekin eta Domingo Agirre apaizarekin batera. Carmelo Etxegarai zendu ondoren, Gregorio Muxikak zuzendutako euskal kulturari buruzko aldizkariak ale monografiko bat argitaratu zuen haren omenez 1925eko azaroan.
Pentsamoldez kontserbadorea eta foruzalea, Etxegarai eztabaida sutsuetan aritu zen prentsan Sabino Aranarekin, EAJren doktrina separatista zela eta. Denborarekin, dena den, alderdi politiko horren aurkako jarrera eztitu zen, jeltzaleek euskal erakunde publikoak moderazioz kudeatzeak eraginda.
Izan ere, Probintzia Baskongadoetako Kronikaria euskal Diputazioen eta probintzien arteko Konferentzien aholkulari eta ideologoa izan zen, batez ere Gobernu zentralarekin izandako negoziazioetan, Kontzertu Ekonomikoek beraiekin zekarten autonomia administratiboa eskubide historikoen ikuspuntutik defendituta. Carmeloren azken lanetako bat, Compendio de las Instituciones Forales de Guipúzcoa (1925), doktrina horren formulazioa dateke.
Lehen Mundu Gerraren garaian euskal autonomismo politikoak gora egin zuen hartan, Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzar jendetsua antolatu zen Oñatin (Gipuzkoa) 1918ko irailean eta bertan Etxegaraik protagonismo berezia izan zuen Historia eta Zuzenbidea arloetan. Etxegarai Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izan zen eta, gehienbat, artxibo publiko nazionalen eta nazioartekoen inbentarioa egiteaz arduratu zen, hala nola Belgikako Brugge hirikoez.
Eusko Ikaskuntzaren Biltzarraren berehalako ondorioen artean, aipatu behar da Euskaltzaindia 1919an sortu zela, egoitza Bilbon ezarrita. Etxegarai euskaltzain oso izendatu zuten 1923an, baina 1925era arte ez zuen bere sarrera-hitzaldia irakurri jaioterrian, Azpeitian, hau da, hil baino hilabete gutxi batzuk lehenagora arte.
Etxegaraik ezarritako ikerketa-programa konparatiboak, hots, artxibo eta liburutegien antolaketan, tokiko monografietan eta —euskal autogobernu politikoaren isla gisa— Ohiturazko Zuzenbidearen azterketan oinarritutako hark, hainbat historialariren obran izan zuen eragina, hala nola anaia Bonifacio Etxegarairenean, Ildefonso Gurrutxagarenean edo Fausto Arotzenarenean.
Haren lanaren eragina ederki ikus daiteke Gipuzkoako Diputazioaren eskariz Eusko Ikaskuntzak Carmelo Etxegarairen omenez antolatutako omenaldi-liburuan (1928), egile multzo nabarmena bildu baitzen: S. Muxika, eta J. C. Gerra; T. Arantzadi, E. Eguren eta J. M. Barandiaran historiaurrelariak; J. A. Lizarralde eta J. Ruiz de Larrinaga frantziskotarrak; F. Carreras Candi eta A. Rubio Lluch; V. Dubarat eta J. B. Daranatz tandema; L. M. Uriarte Lebario jurista; J. Altadill eta A. Campion; C. C. Uhlenbeck eta H. Gavel hizkuntzalariak; A. Farinelli italiarra; Menendez Pelayo Elkarteko kideak, hala nola M. Artigas eta A. Bonilla; O. Apraiz edo D. Areitio.
Etxegarairen lana, hala ere, eztabaidagai izan zen espainiar zein euskal nazionalismoarentzat. Izan ere, Primo de Riveraren eta Francoren aldeko egileek haren foruzaletasun instituzionala lausotu, eduki autonomista oro kendu eta erregionalismo hutsaren tankera eman nahi izan zioten. Bestalde, euskal nazionalismotik hurbil zeuden sektoreek Etxegarairen interpretazio historikoaren abertzaletasun bikoitza arbuiatu zuten, lehenago Sabino Aranak egin bezala.
Etxegarairen obra txosten ofizial anonimo ugaritan eta nazioarteko posta-truke epistolar aberatsean zegoen islatua. Bada obraren egiazko muntaren gaineko balantzeak kolpe latza pairatu zuen 1937ko apirilean, Gernikako bonbardaketa nazi-frankistaren ondorioz. Zoritxarrez, bonben ondorio lazgarrien artean, izan ere, Carmelo Etxegarairen artxibo eta liburutegi pertsonalak suntsiturik gelditu ziren.
Obrak
(Hautaketa).
Memoria presentada a la Diputación Provincial de Guipúzcoa sobre organización de archivos, Donostia: Imp. de la Provincia, 1891 (berrarg.: Bilbo: Bilbao: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1898).
Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa: memoria presentada a la Excma. Diputación Provincial de Guipúzcoa, Donostia: Probintziako inprimategia, 1893 (faks. berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1981; Etxebarri: Amigos del Libro Vasco, 1985).
Las provincias vascongadas a fines de la Edad Media: ensayo histórico, Donostia: F. Jorneten Tipografia establezimendua, 1895 (faks. berrarg.: Etxebarri: Amigos del Libro Vasco, 1985; Bilbo: Amigos del Libro Vasco, 1988).
«La biblioteca de Sagarmínaga», Euskal-Erria, XXXVI (1897), 481-487, 513-520. or. (berrarg.: Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1898; Bilbo: Junta de Cultura de Vizcaya, 1965; Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1979).
Archivos municipales de Guipúzcoa, orden en que han de ser arreglados y sistema definitivamente adoptado para la organización de los mismos, Donostia: Probintziako inprimategia, 1898 (berrarg.: Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1898).
Trabajos de un cronista, Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1898.
«Prólogo». POZA, A. de, De la antigua lengua, poblaciones y comarcas de las Españas: en que de paso se tocan algunas cosas de la Cantabria, Bilbo: Imp. y Enc. de Andrés P. Cardenal, 1901, V-XLVII. or. (berrarg.: Bilbo: Junta de Cultura de Vizcaya, 1965).
De mi país: miscelánea histórica y literaria, Donostia: Imp. y Enc. de F. Jornet, 1901 (faks. berrarg.: Mairena del Aljarafe: Extramuros, 2011).
«Apéndice». GOROSABEL, P., Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa, Tolosa: Imp., Libª. y Enc. de E. López, VI. libk., 1901 (berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1967; Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972).
Los archivos municipales como fuentes de la historia de Guipúzcoa: memoria presentada a la Excma. Diputación Provincial de Guipúzcoa, Donostia: Imp. de la Provincia, 1905.
Introducción del cristianismo en el País Vasco, Donostia: Imp. de la Provincia, 1905.
MUGICA, S.-rekin, Villafranca de Guipúzcoa: monografía histórica, Irun: Tipografía de la Viuda de B. Valverde, 1908 (faks. berrarg.: Ordizia: Ordiziako Udala, 1983).
Fuero de repoblación de San Sebastián concedido por D. Sancho el Sabio (Rey de Navarra), Donostia: Talleres de la Sociedad Española de Papelería, 1909 (faks. berrarg.: Valladolid: Maxtor, 2010).
De mi tierra vasca: miscelánea histórica y literaria: primera serie, Bilbo: Imp. de José Gros, 1917.
«¿Qué se leía en Bilbao a fines del siglo XVI? », Euskalerriaren Alde, 149-153 (1917), 117-125, 154-162, 191-196, 217-223, 250-258. or. (berrarg.: Donostia: Martín, Mena y Compañía, 1917; Bilbo: Junta de Cultura de Vizcaya, 1965; Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1974).
La tradición artística del pueblo vasco, Bilbo: Bilbaína de Artes Gráficas Juan J. Rochelt, 1919. (berrarg.: Bilbo: Junta de Cultura de Vizcaya, 1965).
Informe acerca de los documentos referentes a la historia vasca que se contienen en archivos públicos, Donostia: Editorial Vascongada, 1919.
«El concierto económico y los municipios guipuzcoanos», Euskalerriaren Alde, 215 (1921), 401-411. or. (faks. berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1974).
«Provincia de Vizcaya». CARRERAS CANDI, Fr. (zuz.), Geografía general del País Vasco-Navarro, Barcelona: Establecimiento Editorial de Alberto Martín, zenbatu gabeko libk., 1922 (faks. berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1980).
La Casa de Juntas de Guernica, Barcelona: Imp. y Fotograbado Viuda de Luis Tasso, 1922 (berrarg.: Bilbo: Imp. Provincial de Vizcaya, 1936).
Compendio de las Instituciones Forales de Guipúzcoa, Donostia: Imp. de la Diputación de Guipúzcoa, 1924 (berrarg.: Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1984; Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2009).
Epítome de las instituciones forales de Guipúzcoa, Donostia: Gipuzkoako Diputazioko inprimategia, 1925 (berrarg.: Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2009).
«Karmelo Etxegarai jaunak, Euskaltzaindian sartu zan egunean irakurritako lana», Euskera. Euskaltzaindia’ren lan eta agiriak, VII, 1 (1926),. 8-25. ed. (faks. berrarg.: Donostia: Sendoa, 1982).
Índice de los documentos referentes a la historia vasca que se contienen en los Archivos de Brujas, Donostia: Nueva Editorial, 1929.
Manuscritos procedentes de la Biblioteca del Príncipe Luis Luciano Bonaparte, Bilbo: Imp. Provincial, 1931.
Inventario del Archivo de Avellaneda: documentos impresos y manuscritos procedentes del antiguo Archivo de las M.N. Encartaciones, Bilbo: Imp. Provincial, 1931.
De mi tierra vasca: miscelánea histórica y literaria: segunda serie, Bilbo: Junta de Cultura de Vizcaya, 1965.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., «Etxegarai eta E. Labayru: diskurtsu historikoaren eraberritzea edo esaundetatik positibismo kritikoaren historiara», Bidebarrieta, 4 (1999), 117-124. or.
«D. Carmelo de Echegaray su correspondencia epistolar con Menéndez y Pelayo», Boletín de la Biblioteca de Menéndez Pelayo, 7 (1925), 305-378. or.
KINTANA GOIRIENA, J., «Carmelo Etxegarai Korta: historiatik zuzenbidera (1865-1925)», Notitia Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Aldizkaria, 1 (2002), 435-464. or.
SORIA SESE, L., «Del archivo a la historia foral: Carmelo de Echegaray (1865-1925) = Artxibotik foru historiara: Karmelo Etxegarai (1865-1925)». In ECHEGARAY, C., Compendio de las Instituciones Forales de Guipúzcoa; Epítome de las instituciones forales de Guipúzcoa, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa 2009, 7-18 = 19-30. or.
TELLECHEA IDÍGORAS, J. I. (arg.), Carmelo de Echegaray: cartas a D. Serapio Múgica (1899-1925), Donostia: Grupo Doctor Camino de Historia Donostiarra, 1987.





