Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Nafarroako egileak eta obrak

ECHEBERRIA GALDEANO [ETXEBERRIA GALDEANO], Isaac (BERNARDINO DE ESTELLA izen erlijiosoaz ezagutua) (Lizarra, Nafarroa, 1892ko ekainak 3 – Nueva Pompeya-Buenos Aires, Argentina, 1948ko maiatzak 4).

Karguak eta lanbideak

 Apaiza eta historialaria

Ibilbidea

Bernardino de Estella izen erlijiosoaz ezaguna, Isaac Echeverria Galdeano kaputxinoa izan zen. Lizarran jaioa, Evaristo Echeverria eta Candida Galdeanok osatutako familian, bere jaioterriko Rocamadorko Andre Mariaren eliza-komentuan kaputxinoen ordenarako erakarria izan ondoren, Zangozako komentuan sartu zen, behin-behinean, hamasei urte zituela, eta Iruñeko komentuan behin betiko, hogeita bat urte zituela, 1913ko azaroaren 30ean. 1915eko abenduaren 18an Nafarroako hiriburuan ordenatu ondoren, misioetara pasa zen, lehenbizi Txilen (1918) eta behin betiko Argentinan (1919).

Herrialde honetan, Buenos Aires probintzian betiere, apaiza eta irakaslea izan zen Nueva Pompeyako parrokian eta Llavalloleko «Euskal Echea» ikastetxean. Eskola hura euskaldunek edo haien ondorengoek sortu zuten, gehienak Buenos Aireseko Laurak Bat zentroko kideak, euren seme-alaba argentinarrak Euskal Herriko kultura eta tradizioei lotutako eskola erlijioso batean hezteko. Irakaskuntza eta honen kudeaketa Kaputxinoen ordenari lotuta egon zen hasieratik (1904), eta euskal enklabe bihurtu zen La Platako eskualdean. Han, irakasle aritu zen aita Bernardino, besteak beste, euskal historia irakasle. Horretarako, Apuntes de Historia Vasca (Llavallol, 1928) bezala argitaratu zituen materialak gorpuzten joan zen. Hauek izan ziren Historia Vasca liburuaren aurrekari zuzenak, 1931n Emeterio Verdes Achirica argitaletxeak Bilbon argitaratua, eta han bertan berrargitaratua 1977an.

Lan hau euskal historia eta kulturari buruzko eskuliburu aitzindaria izan zen, eta 1931ko edizioko hitzaurrearen arabera, ikastetxe hartan irakasle aritu zen urteetan zehar prestatu zuen, bere aztergaiaren iturri dokumentaletatik urrun egoteagatik sortutako zailtasunak gaindituz. Liburua, bigarren edizioan, goiburu bakar bat gehiago izan zuen azken irakurgaiaren barruan; oso sintomatikoa da goiburu berri hura Sabino Aranari eta euskal nazionalismoari buruzkoa izatea, biak ala biak oso positiboki aipatuak, are gehiago obra hau esanez itxi zuenean: «Euzkadiko euskalduntzean, errepublikanismoak eta sozialismoak ezer ez dute egin. Euskal errepublikar batzuen lan ohoretsuak ez ditu alderdi horiek errudun izatetik salbuesten; Jaimismoak eta integrismoak lan handiagoa egin dute; baina bi alderdiak aspaldidanik hilda daude Euskadin. Gaur (1931ko ekainaren 4a) posible izan bada Euskal Estatutua idaztea eta Euzkadiko alderdi guztiek beren atxikimendua ematea, hori Sabino Arana Goiriren ideien ekintzari zor zaio, Euskal Nazionalismoak 1892tik sostengatzen zituenak».

Planteamendu nabariki nazionalista hauetatik, Nación Vascan (1924ko Argentinako Euzko Abertzale Ekintza Organoa) eta ondoren Euzko Deyan, Eusko Jaurlaritzak Argentinan zuen ordezkaritzan, maiz idatzi zuen. Bere ordenaren historialari gisa, Reseña Histórica de Nuestros Conventos en las Repúblicas de Argentina y Chile lanaren egilekidea izan zen. Buenos Aireseko probintziako O’Higgins eta Villa Elisako teologia ikastetxeetako zuzendari gisa eman zituen bere egunak, eta bertan hil zen 1948ko maiatzaren 4an.

Obrak

Apuntes de Historia Vasca, Buenos Aires: Gráficas Tuduri, 1928.

Historia Vasca, Bilbo: Emeterio Verdes Atxirika inp., 1931. Bilbon berrarg.: Izaro ed., 1977.

Reseña Histórica de nuestros conventos en la República de Argentina y Chile, Buenos Aires, 1936.

Bibliografia

HERNÁNDEZ, D., Vida y Memoria de los Hermanos capuchinos en Argentina, Buenos Aires: Capuchinos, 1999, 463 or.

LASA URTASUN, J.A., Estadística de la Provincia capuchina de Navarra-Cantabria-Aragón. 1900-2006, Iruñea: Curia Provincial de Capuchinos de Navarra-Cantabria-Aragón, 2006, 416 or.

PÉREZ AGUIRRE, C., eta PÉREZ DE VILLARREAL, V., Escritores de la provincia capuchina de Navarra-Cantabria y Aragón, 1900-2000, Iruñea: Curia Provincial de Capuchinos de Navarra-Cantabria-Aragón, 2001, 771 or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP