Karguak eta lanbideak
Liburuzain-artxibozaina eta historialaria
Ibilbidea
Edouard Dulaurens 1804an jaio zen Baionan. Haren ibilbide gehiena Baionako Udal Liburutegiari atxikia izan zen. Han ari zen lanean, 1854ko abenduaren 5ean Baionako alkate Jules Labatek sinatutako dekretu baten bidez Edouard Dulaurens, letretan batxilerra, Baionako liburuzain-artxibozain izendatu zuenean, 1.200 liberako soldatarekin. Liburutegiaren aretoa udaletxean berean zegoen, Bernède kalera begira. Dulaurensek hiru jarduera eraman zituen aitzina, aldi berean eta jarraitasunez: liburutegiaren kudeaketa, Jules Balasqueren lanarekiko lankidetza, eta hiriko artxiboen sailkapena eta inbentarioa. Alde horretatik, Euskal Herri kontinentaleko historiaren merkatuko lehen profesionaletako bat izan zen, eta elementurik garrantzitsuenetako bat, Manex Goienetxek XIX. mendeko «eklosio historiografikoa» deitu zuen prozesuan.
Baionako udal-liburutegiak 1851ko martxoaren 1ean zabaldu zituen ateak, eta kontrako ahotsik ere entzun behar izan zen une hartan. Agustin Chaho ez zen irekiera hartatik aparte, izan ere, 1848an, L’Ariel aldizkarian argitaratu zituen artikuluetako batean salatzen baitzituen Genestet de Chayracek irakurketa-areto bat zuzentzeko zituen arazo handiak. Chahok salatzen zuenez, hiru kidez osatutako batzorde baten iritziz, (zalantzarik gabe Baionako Udalekoak izanen ziren) Baionan liburutegi bat izateak ez zuen inongo baliagarritasunik. Baina Udal Liburutegiaren ideiak aitzina egin zuen, pausuz pausu. Hasiera batean, Udalaren ideia zen hura mantentzea arlo horretan prestakuntza berezirik ez zuen langile baten laguntzarekin. Genestet de Chayracek, ordea, eskutitz bat idatzi zion udal-kontseiluari, 1851ko otsailaren 23an, eta hartan aldezten zuen beharrezkoa zela liburutegian bildutako liburuak eta dokumentuak sailkatzea. Udalak Genesteti lansari bat ordaintzea erabaki zuen, baina aldi baterako bakarrik. Liburutegia 1851n mustu zen, hamalau urtez luzamendutan egon ondoren. Izan ere, irekiera 1837an erabaki baitzen, Instrukzio Publikoko ministro Buchon jaunak harridura erakutsi zuelako, jakin zuenean Baionak ez zuela Udal Liburutegirik. Liburutegia inauguratu eta gutxira, Genestet de Chayrac gaixotu eta hil egin zen, Donibane Lohizunen. Haren ordezko izan zen Edouard Dulaurens.
Beharbada, komenigarria da testuinguru orokorra kokatzea, ondorioak izan baitzituen ipar Euskal Herriko historiografiarentzat, azpiegituren hornikuntzarekin, besteak beste, Balasquek eta Dulaurensek sortutako liburutegiez eta lan-tresnez. Badakigu 1832tik aitzina, Frantziako Instrukzio Publikoko ministroa Guizot zela, ahalegina egiten ari zela artxiboak sailkatu eta katalogatzeko. Baionan, ikaskuntzen sozietateak, batez ere Société des Lettres et Arts elkartea, baina, neurri txikiagoan bazen ere, 1851n sortutako Société d’Emulation eta 1865ean sortutako Société Philarmonique elkarteak ere, epe luzerako proiektu horien alde agertu ziren. Handik hurrena, 1873an, Société Savante des Sciences, Lettres et Arts elkartea sortu zen, Folin markesaren bultzadaz.
Egoera hura mesedegarriagoa zen historiografiarentzat, eta Edouard Dulaurensek gaitasun handia erakutsi zuen une horretan. Ez zen euskalduna, baina garrantzi handia eman zion liburutegian euskararen inguruko antzinako lanak nahiz lan garaikideak sartzeari, barne zirela Louis Lucien Bonapartek egindakoak, eta Baionako inprimategi gehienen aldetik nolabaiteko lege-gordailu ofizioso bat lortu zuen, bere argitalpenentzat. Bere administrazioaren garaian, liburutegiko lanen kopurua hasieran halako bost handitu zen, 1845 eta 1880 bitartean. Laudorioak jaso zituen, halaber, Liburutegiko funtsak kontsultatu behar zituzten ikertzaile edo ikastun guztiei laguntzeko erakutsi zuen prestasunagatik, esaterako Hippolyte Taineri, 1855ean diskrezioz hartu baitzuen Dulaurensek, eta hiriarentzat interes handikoak ziren lanak erakutsi zizkion, oso probetxugarriak izan zirenak Tainerentzat.
Dulaurensek jakinarazi zuen zailtasunak zituela dokumentuak egoerarik egokienean kontserbatzeko behar adina funts eta baliabide ekonomiko lortzeko. Bera bezala profesionala zen Paul Labrouchekin bat egiten zuen, Dulaurensek ere beldur handia baitzion sute baten arriskuari. Jakina, dokumenturik preziatuenak argitaratzea ere dokumentuak galtzeko arriskuari aurre egiteko beste konponbide bat zen, eta horri ekin zion. Artxiboak eta antzoki bat elkarren ondoan izatea anitzetan salatua izan zen, gauza jakina baitzen «antzokien patua sua zela»; teilatu prekarioak, gainera, ez zuen geriza handirik eskaintzen uraren aurka. Dulaurens 1880an hil zen, baina, zoritxarrez, ez zuen hutsik egin bere iragarpenetan, izan ere, 1889ko abenduaren 31ko sute itzelak kalte itzulezinak eragin zituelako Baionan.
Dulaurens historialariaren lehenengo lan garrantzitsua Jules Balasquerekin egindako lankidetza izan zen. Balasqueren lumari esker argitaratu zen Etudes historiques sur la ville de Bayonne, 1862an lehenengo liburukia, hiriaren sorreratik 1216ra arte; eta 1869an 2. liburukia, 1216tik 1303ra arteko aldia jasotzen duena. Baina Jules Balasque 1872an hil zen. Berriro esan behar dugu enpatia intelektual handia izan zela Balasque eta Dulaurensen artean. Izan ere, Dulaurensen esku-hartzea 1875ean argitaratutako 3. liburukiaren hasieran agertu zen. Lanaren egile gisa, ordea, Balasqueren izena geratu da. Balasqueren asmoa zen lanari jarraipena ematea, Guyena izeneko Akitaniako lurraldean ingelesen nagusitasuna bukatu zen arte, hau da, 1451era arte, urte hartan Baiona frantsesek hartu baitzuten. Balasquek lanaren erdia bakarrik idatzi zuen, baina ohar anitz jaso zituen, eta gainerakoa osatzeko dokumentu ugari bildu zituen. Balasque hil ondoren, Dulaurensek, apalki, esan zuen bere lagunen gogoari amore emanik erabaki zuela lan horri berriro heltzea. Balasquek idatzitako sei kapituluak argitaratu zituen, eta haiei erantsi zizkien interesgarriak iruditu zitzaizkion beste hainbat dokumentu, XIV. eta XV. mendeei buruzkoak, 1356tik aitzina. Dulaurensek bihozberatasuna eskatu zien irakurleei lana irakurtzen zutenean, ez baitzuen bere burua gai ikusten, behar bezalako zehaztasunez kontatzeko halako garai gorabeheratsu bat. Baina, hala ere, lana kalitate handikoa dela egiaztatzen ahal dugu. Haren azalpenen arabera, 1356ko datuetatik abiatuta egin zuen lana. Akatsik tartean egon ezean, ustez Balasquek idatzitako sei kapituluez gain, badira beste bost kapitulu Dulaurensek eginak, hain zuzen ere, 31, 32, 33, 34 eta 35 kapituluak, haien osagarri gisa bildutako beste 25 dokumentu kontatu gabe, alegia, guztira 214 orrialde. Dulaurensek idatzitako 31. kapituluak 1356 eta 1377 bitarteko aldia jaso zuen. Aurreko kapituluetan bezala, jasotako gertakarien laburpena egiten du, orrialde-zenbakirik gabe. Beraz, badirudi Dulaurensek Balasqueren erara lan egin zuela, gutxi gorabehera, lehen ere esan dugunez, fideltasun handia baitzion. 32. kapituluak 1377 eta 1399 bitarteko aldia aztertzen du, eta 33. kapituluak 1399tik 1413 artekoa. Aztertutako gai historikoetatik aipagarriak dira, besteak beste, euskaldunen sarrera Baionan 1.400ean, Lahet buru zutela, errege ingelesen agintea berrezartzeko, edo Baionako burgesen eta Lapurdiko euskaldunen arteko etsaigoak eta gatazkak, 1413 eta 1422 bitartekoak. Lan horretatik ateratako adibide bat ekarri nahian, hona hemen 31. kapituluaren hasierako bost dokumentuen zerrenda: Peis dou Putz et Guilhem-Arnaud deu Vielar maires – Sentence définitive rendue par le prince de Galles dans le procès de Bayonne et des Labourdins – Double mairie de Per-Ramon de Luc – Guilhem-Br. deu Pin évêque de Bayonne – Johan de Cheversdon sénéchal de Guyenne.
Lana ez da, hain zuzen ere, irakurtzeko erraza; oso trinkoa da, ez du ez maparik, ez taularik eskaintzen; aipamenak maiz testuinguru eskasian ageri dira; lexikoko terminoak batzuetan ilunak dira, eta haien zentzua adierazten duen glosariorik ez da. Baina informazio-meatze joria da. Izan ere, hala adierazi baitzuten Ducerek lehenik, ondoren Pierre Hourmatek, eta berrikiago Josette Pontetek: Balasqueren eta Dulaurensen obrak duen kalitatea ez da aurkitzen garai haietan Euskal Herriaren historiari eskainitako lan gehienetan. Ducereren irudiko «gure Frantzaiako hego-mendebalde honetako erudizio historikoaren monumentu handienetakoa da». Balasque eta Dulaurens, zalantzarik gabe, erudituak dira, eta ongi ezagutzen dituzte artxiboak. Ez dira kronikan sartzen, ez eta azterlan deskriptiboetan ere, eta hurbiletik erakusten dute Erdi Aroko historia, bereziki erlijiosoa eta instituzionala.
Edouard Dulaurensek era independentean lan egin zuen Baionako artxiboei buruz egin zuen obra bikainean. Haren izenburua hau da: Inventaire-sommaire des archives communales antérieures à 1790, rédigé par Edouard Dulaurens, bibliothécaire archiviste, Ville de Bayonne. Publiée par ordre de son Excellence la Comte de Persigny, Ministre de l’Intérieur. Basses-Pyrénées. Ville de Bayonne. Tome 1er, series AA, BB, CC, DD, EE. Hari erantsi behar zaio 2. liburukia, gainerako serieak jasotzen dituena: FF, GG, HH, II.
Haren artxibozain lanak jarraipena eman zion Jules Balasquek eta Daguerre Ospitalek hasitako lanari, haiek markatutako ildo beretik, artxiboak sailkatzen hasiak baitziren, eta Genestet de Chayrac horretan aritu baitzen. Dulaurens 25 urtez aritu zen lan hori aitzina eramaten, 1854tik 1880ra arte. Baina Dulaurensek metodologia berri bat ezarri zuen, zorrotzagoa, 1857an ministeriotik jasotako arauak aintzat hartuta. Gomendatutako plana nahitaez errespetatu behar zuen Dulaurensek, eta horrenbestez, AA serieko inbentario-orriekin hasi zen, alegia, udalaren eratze-egintzak eta politika arlokoak. Lehenengo sailkapenak Departamentuko artxibozain Paul Raymondi bidali zitzaizkion. Gizon hura ezaguna izanen zen handik gutxira, argitara eman baitzuen Dictionnaire topographique du département den Basses-Pyrénées lana, 1863an. Paul Raymondek bere oharrak eta zuzenketak erantsi zizkion Dulaurensen lanari, eta horrek moteldu zuen lanaren aitzinamendua. 1861ean BB seriean ari zen lanean Dulaurens: udal-administrazioa. AA seriea 1864an inprimatu zen, baina ordurako Dulaurens lanean ari zen CC seriean: zergak eta komunitateak.
AA serie inprimatuak 51 artikulu ditu, alegia, 24 erregistro eta 27 paper-sorta. BB serieak, berriz, 95 erregistro eta 27 paper-sorta zituen. Erregistroen kopuruak goiti egin zuen hurrengo serieetan (783 artikulu CC seriean). Inbentarioak Parisen inprimatu ziren. Bere sailkapen lanari esker, prefetari bidali ahal izan zizkion, 1856an, Liburutegiko obren lehenengo katalogo bat, Dupont inprimategiak editatua, Barneko Aferen Ministerioaren zaintzapean. 400 ale inprimatu ziren, eta haietatik 200 trukeak egiteko gorde ziren. Baionako Udalak 30 liberako hiru emakida bozkatu eta onartu zituen, orri haiek inprimatzeko. Inbentarioaren beraren lehenengo atala, hasierako bost serieak jasotzen zituena, 1869an publikatu zen. Bigarren zatia bukatuta zegoen, Dulaurens 1880ko otsailaren 8an hil zenean. Haren ordezkoa udal-artxiboan Leon Hiriart izan zen, eta Dulaurensen lanari jarraipena eman zion azken serieetan.
Jakina, sailkapen-mota hori egiteko, ezinbestekoa zen aitzinetik dokumentua arreta handiz irakurtzea. Artxiboen irakurketari esker, Dulaurensek Baionako historiaren gaineko ezagutza bikaina lortu zuen, eta beraz, Euskal Herriko historiaren gainekoa ere bai. Behar zituen ezagutzak eskuratzeko modua lortzen ere jakin zuen, esaterako, ikasi behar izan zuen Gaskoiniako okzitanieraz moldatzen, eta halaber, antzinako dokumentuak eta haien era askotariko idazkerak, gotikoa, etzana nahiz bestelakoak, menperatzen ikasi behar izan zuen. Baionako dokumentazioari buruzko informazioa eskatzen zioten hainbat ikastunekin sare intelektuala eratu zuen, besteak beste, Paul Raymondekin.
Obra Frantziako Estatu mailako plan global baten parte bat zen, hain zuzen ere, Barne Aferetako ministro Persigny kondearen «agindu» baten bidez emandakoa. Dulaurensen obraren hasieran Persignyren 1862ko txosten bat jasotzen da. Hartan gogorarazten du Baiona bezalako departamentu-hiriburuetako artxiboek biltzen dituztela intendentzietako agiriak, kontu-auzitegi eta epaitegietako agiriak, gotzaindegietako eta monasterio eta gazteluetako agiriak, eta azpimarratzen du artxibo horiek historia orokor nahiz partikularrerako duten garrantzia. Jarraitutako plana Persignyk berak 1853an, inbentario-aurkibidea izenarekin, emandakoa da.
Barne Aferetako Ministerioko beste buru batek, La Valettek, sinatutako beste txosten bat erantsi zitzaion Persignyren planari, Dulaurensen lanen hasieran, eta hark ere artxibo haietako dokumentuen balio handia berretsi zuen. Txosten hura bere Maiestate Enperadore jaunari zuzentzen zitzaion, eta Lavalettek inbentarioa erraztu zuten hainbat hiri aipatzen zituen, eta azpimarratzen zituen inbentario horiei esker modu antolatuan ezagutzen ahal ziren informazio mota desberdinak: errege-erreginen edo bestelako agintarien arteko eskutitzak, beren garaian ospe handia lortu zuten pertsona anitzei buruzko informazioa, aberastasunari buruzko informazioa, noblezia-estatutuak, jurisprudentzia, arteak eta arkitektura zibila nahiz erlijiosoa. La Valetteren hitzetan, lan horrek «ikuspegi sendoa eta berria ezartzen du botere zentralaren eta probintzietako gobernu nahiz komunetako administrazioen arteko harremanei buruz, hirien arteko harremanei buruz eta haietako kasta bakoitzaren egoerari buruz, eta begien aurrean jartzen digu, eskritura publikoen bitartez, gure herrialdearen garapen handi eta lantsua». Artxiboak ordenan jartzeko programa hari hasiera ematen zioten testu hauetan, argi ikusten da Estatuaren gogoa zela ezagutza eta boterea sendotzeko tresna bat eratzea, historiografian zuen presentzia finkatzeko era estuagoan, eta memoria eta iragana hobeki kontrolatzeko.
I. tomoak 256 orrialde ditu. Baionako Liburutegian gordetzen den alean erreferentziak gorriz ezabatuta daude, eta 1889ko hondamendian galdu ziren dokumentuak aipatzen dituzte. Harekin batera doaz hainbat azalpen-orri, non adierazten diren antzinako artxiboetako galerak. Adierazten da HH serie osoa galdu zela, eta orobat II seriea, salbuespenen batekin. Irakurleak ikusiko du HH seriean salbatu zela 1. dokumentua, 104 orriz osatua eta bertan jasotzen zuena Baionako bihitegien egoera 1569an, irinaren neurketa eta pago-zurez egindako upen langintza; baina 2. dokumentua erre egin zen, eta Dulaurensen bidez jakin dugu Luis XI.aren eta Luis XIIIaren errege-patenteak jasotzen zituela, eta halaber, hegaztien eta ehizaren prezioei buruzko aginduak, barne zirela oilagorra, kurriloak eta lertsunak.
Hona hemen beste adibide bat, ez hain etsigarria, AA serieko lehenengo dokumentutik ateratako lagin baten bidez emana. Hartatik aukeratu ditugun gaiak hauek dira: Gaskoiniako okzitanieraren erabilera, ingelesen presentzia Baionan, herri kantauriarrekiko gatazkak eta Baionaren eta Lapurdiren arteko borrokak. Hona nola dauden idatzita ohar horiek: 1170-1625: Baionaren pribilegioak eta frankiziak (gaskoiez) – Ingalaterrako Rikardo I.a erregearen agindua, naufragio-eskubideari buruzkoa – Bake hitzarmena Baionaren eta Biarritzen artean, alde batetik eta bestetik, Kastro Urdiales, Santander eta Laredoren artean – Galesko printze Eduardoren epaia, Baionaren eta Lapurdiko herrialdearen arteko auziari buruz.
Gogora dezagun serieak era honetan antolatuta daudela: AA seriea (udalaren eratze-egintzak eta arlo politikokoak). BB (udal-administrazioa). CC (zergak eta kontabilitatea). DD (eraikin publikoak). EE (gai militarrak eta itsas armada). Eta 1987ko bigarren bolumenean: FF seriea (justizia, prozedurak, polizia, Baionako Almiralgoaren dokumentuak barne, hiriak auzitara eramandako epaiketak; sedizioak, errepresioa eta exekuzioa. GG seriea (kultua, hezkuntza eta arreta publikoa). HH seriea (nekazaritza, industria eta merkataritza) ia osorik erre zen.
Horrenbestez, ondorioztatzen ahal da Edouard Dulaurensen obra lan-tresna ezinbestekoa dela historialarientzat.
Obrak
Jules BALASQUE-rekin, Etudes historiques sur la ville de Bayonne, Baiona: E. Lasserre, 1862-1875, 3 libk., hirugarren libk., 1875, VI + 642 or.
Inventaire-sommaire des archives communales antérieures à 1790, rédigé par Edouard Dulaurens, bibliothécaire-archiviste, Ville de Bayonne, tome 1er, series AA, BB, CC, DD, EE, Baiona: Lamaignère inpr., 1894- 1897, 246. or. bigarren libk., FF, GG, HH, II, serieak, 343 or.
Bibliografia
BARBE, F., Essai d’une bibliographie de Bayonne et de ses environs, 1530-1920: à l’exclusion des textes basques et des ouvrages traitant spécialement de la langue et de la littérature basques, accompagné de quelques extraits, Baiona: Arts Graphiques, 1935, VIII + 349 or.
BERNADOU, Ch., «M. Dulaurens et les Archives de Bayonne», BSSLAB, (1880), 3-38. or.
GOYHENETCHE, J., Les Basques et leur histoire. Mythes et réalités, Donostia-Baiona: Elkar, 1992.
HOURMAT, P., «La bibliothèque de la ville de Bayonne des origines à nos jours, [2], les années d’Edouard Dulaurens, bibliothécaire archiviste de la ville, 1854-1880, Guillaume Léon Hiriart, conservateur du Museum d’histoire naturelle, bibliothécaire archiviste de la ville de Bayonne 1880-1889», BSSLAB, (2003), 259-293. or.
JEANPIERRE, H., «La bibliothèque de la ville de Bayonne de 1851 à 1951», BSSLAB, (1952), 65. or.
PONTET, J., «Les historiens de Bayonne, XIXe début XXe siècle», BSSLAB, (2019), 35-50.





