Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

DUFOUR, Auguste-Henri (Paris, 1798 – Paris, 1865).

Karguak eta lanbideak

Geografoa

Ibilbidea

Egile emankorra, Atlasen eta bestelako ekoizpen kartografiko ugariren autorea. Pierre Lapie kartografo militar ospetsuarekin ikasi zuen lanbidea, eta harekin elkarlanean Frantziako Itsas Armadako zerbitzu kartografikoaren mapak prestatu zituen. Ia 700 lanetan parte hartu zuen, horien artetik 171tan kartografo bezala, eta 441etan literatura autore bezala, Frantziako Biblioteka Nazionalak jasotakoaren arabera. Lan horietako asko beste kartografo, editore eta grabatzaile garaikideekin elkarlanean egindakoak dira, besteak beste, Charles Dyonnetekin. Bere kartografiaren zati handi bat Frantziako eta itsasoz haraindiko lurraldeen ingurukoa da (departamentuak, hiriak…), baina Europako beste alderdi askoren mapak ere egin zituen, batez ere Espainia eta Amerikakoak. Bere Atlasetan, kartografiaz gain, mapak egiteko erabilitako teknikaren ingu- ruko informazioa ematen du, eta baita landutako eremuari buruzko testuak eta bertako hainbat estatistika ere bai (koordenatuak, azalera, biztanleria, etab.).

Autore bakar bezala argitaratu zuen lehen lana Analyse géographique de la carte de Palestine izan zen, 1824an. Zenbait urte geroago, 1828an, argitara eman zuen Atlas élémentaire et universel de géographie ancienne et moderne klasikoa, XIX. mendean maiz berrargitaratu zena. 1856an Atlas universel physique, historique et politique de géographie ancienne et moderne argitaratu zuen. Bere lan gorena Atlas Universel physique, historique et politique de la France, ses départements et ses colonies izan zen, «Dufour Atlasa» bezala ere ezaguna, eta 106 mapa zituen.

1834 eta 1843 artean, Atlas nacional de España con las nuevas divisiones en provincias osatu zuen. Bertan, 1833an Javier de Burgosek aurrera eramandako erreformaren ondorioz sortutako probintziak agertzen dira, Espainiako lurralde administrazioa berritzeko asmoz eta Frantziako departamendu zatiketaren eredua jarraituz egin zuena. Dufourren argitalpenetan ohikoa den bezala, geografia, ekonomia eta historia arloko hainbat informazio ematen ditu. Obra horren baitan Mapa de Navarra y Provincias Vascongadas: con las nuevas divisiones osatu zuen, hori ere bi planorekin: bata Iruñea ingurukoa, eta bestea Donostiako hiria eta portua jasotzen zituena. Atlasean 4. zenbakia du mapa horrek. Hainbat edizio egin ziren, eta, guk erabilitakoa lehena da, 1838koa, Yale Unibertsitateko Liburutegian dagoena. Atlas horrek maila tekniko eta artistiko handia du. Teknikaren aldetik, azpimarragarria da maparen markoan eman zituela koordenatu geografikoak, latitudea eta longitudea, gradu osoz eta 5’-ka zatikaturik; era berean, meridianoen paraleloak lauki-sarean eman zituen, jatorri bezala Paris hartuta. Alderdi artistikoari dagokionez, kaligrafia orla ikustea besterik ez dago (autorea, izenburua eta argitaratze data jasotzen diren orrialdea), Lallemand grabatzailearen trebetasunaz jabetzeko. Lau eskala grafiko daude [ca. 1:570.000] lau neurri unitate erabiliz, ahalik eta zehaztasun, ulermen maila eta erabilerraztasun handiena eskaintzeko. Mendikate garrantzitsuenak normalez eta marraduraz marrazturik daude. Komunikazio sareak ere ageri dira eta herrien arteko distantzia ere ematen du legoatan; gainera, hiriguneak tamaina desberdineko borobilez irudikatu zituen, garrantziaren arabera. Zatiketa politiko administratiboa kolorez marraztu zuen, eta baita ibai nagusiak ere. Toponimia asko jaso zuen eta kosta marra finez nabarmendurik ageri da.

Aipatu beharra dago, Atlasean jasotako Pirinioetako beste eskualde espainiarretan egin bezalaxe, mugaren alde frantziarreko lurraldeak askoz xehekiago marrazturik eman zituela, nazio barruko mugakideak baino. Hori espero izatekoa zen, frantziar aldekoak xehetasun osoz irudikatu baitzituen bakoitza bere mapan. Maparen beheko aldean adierazi zuen probintziak Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostia zirela, baina izen horiek ezarri ordez, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mantendu zituen.

Atlasaren gainerako eskualde mapetan bezala, eskuineko aldean hainbat ohar aurki daitezke: kokapen astronomikoa; neurriak eta mugak; ingurune fisikoa (mendiak, ibaiak, meteorologia, zoologia, botanika, mineralogia); gizartea (etnografia, erlijioa, indarguneak, industria); estatistikak (hiri nagusiak eta haien ezaugarri sozioekonomiko eta demografiko nabarmenenak); eta, azkenik, laburpen historiko motz bat.

Nafarroa frantziar modura idatzirik ageri da beti, hots, La artikulua aurretik duela. Nafarroa Garaiko mapan, bost merindade historikoak ageri dira: Iruñea, Zangoza, Lizarra, Erriberri eta Tutera.

Gorago aipatutako oharretan jasotako informazioa nahiko orokorra izan ohi da, salbuespenak salbuespen. Hala dagokio, lehenago esan dugun bezala, halako perfekzio teknikoa duen irudikapen kartografikoa helburu duen do- kumentu bati. Adibidez, meteorologiaz ari denean, honakoa baino ez du aipatzen: «hotz handia egiten du mendietan, baina Ebrotik gertu dauden lautadetan eta ibar gehienetan tenperatura goxoa dago. Airea garbia da probintzia guztian».

Informazio nabarmenenak aztertuta, botanikaren atalean, laboreak zein ziren ezagutu daiteke. Lehenik, ia zereal guztiak aipatzen ditu, «kalitate oneko» ardoen aurretik. Jarraian, frutak datoz, batez ere, distritu batzuetan sagardoa egiteko erabiltzen ziren sagarrak, olioa, lihoa eta kalamua. Probintziaren hegoaldean zeuden erregaliz laborantza zaharrari erreferentzia egiten dio gero. Produktu hori sukaldean eta farmazian erabiltzen zen, eta Europako beste leku batzuetara esportatzen zen, batez ere Frantziara XVI. mendeaz geroztik.

Industriaz jardutean, hainbat datu jakingarri bildu zituen: «Badira oihalak, papera, xaboia, zapiak eta 500.000 arroa pattar ekoizten dituzten fabrikak. 67 larru-zurraketa fabrika daude, eta 30 batek burdina lantzen dute. Lurraldeko merkataritza eta industria aberastasuna 154.147.866 errealekoa da». Industria jarduerak, osoki endogenoak, mahastiaren laborantzaren eta abeltzaintzaren garrantziaren erakusgarri argiak dira, zuzenean horri buruz ezer aipatzen ez bada ere.

Estatistikaren atalean, interesgarrienetakoa da, zalantzarik gabe, Nafarroako biztanleriari buruzko datuak ematen direla, 230.925 biztanle, eta baita bertako lau hiri nagusietakoak. Hala, 15.000 biztanle dituen Iruñeari buruz, aipagarriena bere gotzain-egoitza eta kapitaintza direla esaten du, eta baita bere gotorleku izaera ere, ezker aldeko planoan ongi ikus daitekeen bezala. Tuterak, 8.150 biztanle, zeramika eta ehungintza industria dauzka eta apezpikutza. Tafalla, Lizarra eta Corellak 4.000 eta 5.000 biztanle artean dituzte eta bertako pattar fabrikak aipatzen ditu. Nafarroa hartan nekazaritzak eta merkataritzak zuten garrantzia agerikoa da, 5 hirietan feriak noiz ziren adierazten baitu.

Hiru euskal probintziei buruzko oharretan jasotako edukiak nahiko orokorrak dira, Nafarroaren kasuan esan den bezala. Hala ere, azkenarekin gertatu ez bezala, informazio kuantitatiboa urria da, salbu eta Estatistikaren atalekoa.

Erliebea deskribatzean, arreta handia eskaintzen dio kostaren ezaugarriak eta garrantzia azaltzeari: «[…] 20 legoa inguruko zabalera du, eta haitzek babesten dute. Haitz horien muturrek badia txikiak sortzen dituzte, eta horietan hamahiru portu daude: Donostia, Pasaia, Hondarribia, Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Bermeo, Plentzia, Mundaka, Orio, Lekeitio eta Portugalete. Lehendabiziko hirurak dira garrantzitsuenak». Azpiegitura horien kalitatea ikusirik, aise ulertzen da zergatik ziren bertakoak «Espainiako arrantzalerik onenak», bereziki sardinak, hegaluzeak, arraiak eta izokinak harrapatzeari zegokionez.

«[…] Txakolin deitzen duten ardo bat, fruta mota ugari, eta bereziki sagardoa egiteko erabiltzen dituzten sagarrak» besterik ez zituen aipatu botanikaren alorrean, nekazaritzak zuen garrantzia xumearen erakusgarri.

Azpimarratzekoak dira burdinolen garrantzia handia, batez ere, armadarentzako armak eta aingurak ekoizten zituztenak (kanoiak, bonbak, su- armak), eta hain garrantzitsuak ez ziren ehungintzakoak (zapiak, kapelak, etab.). 1850. urte ingurua zen, batez ere Nerbioi itsasadarrean gertatu zen jauzi industrialaren aurreko momentua.

Estatistikari eskainitako atalak informazio aberatsagoa eta xeheagoa zuen, batez ere kuantitatiboki, Nafarroan bezala. Hala, probintzia bakoitzeko herri garrantzitsuenen zerrenda egin zuen, bakoitzaren ezaugarri esanguratsuenak jasoz.

Gasteizek 12.000 biztanle zituen eta eraikin erlijioso ugari. Bere jarduera ekonomiko nagusiak larrua, egurra eta buztina lantzea ziren. Agurain ere ai- patzen da; 1.560 biztanle zituen eta larru fabrikak.

9.720 biztanledun Donostiak portua zuen, eta azoka gune garrantzitsua zen, behean ezker aldean dagoen planoak erakusten duenez, eta Hondarribiak ere ezaugarri berak ditu (2.035 biztanle).

4.000 eta 5.000 biztanle dituztenen artean, 3 hiri gipuzkoar daude. Tolosa dago buruan, bertan hainbat eraikin erlijiotsu eta «kapela finen», paperaren, ebanisteriaren, larruaren eta kobrezko objektuen industria dago, eta asteroko azoka. Oñati eta Bergara euren ikastetxeengatik dira ezagunak: Izpiritu Santuaren Unibertsitatea izeneko ikastetxea zuen lehenak, eta apaizgaitegia bigarrenak.

Bilbo, 15.000 biztanlerekin (Iruñeak bezain beste), «oso hiri merkataria» dela esaten du, eraikin erlijiotsu eta ikastetxe asko dituena. Horien artetik nabarmentzekoak dira marrazketa, hizkuntzak —frantsesa eta ingelesa— eta pilotajea ardatz zituztenak, Bizkaiko hiriburuaren izaera merkatariaren erakusle argia. Nolanahi ere den, jarduera nagusiak ontziolak eta ebanisteria dira, eta horiek izan ziren itsasadarraren hurrengo eklosioaren oinarri.

Jaurerriko hiriburutik at, Somorrostro aipatzen da batetik, «Triano Menditik gertu egoteagatik ezaguna delako; agortzen ez direla diruditen burdin meatzeak dituen mendia, eta metal hori lantzen duten hamaika fabrikaren hornitzailea». Burdina ezinbestekoa zen jarduera industrialarentzat, eta, aldi berean, bere sorburua. Bestetik, Urduña dakar, 3.400 biztanleko hiri merkataria.

Lurralde batzuk nabarmenki aldatu zituen iraultza industriala gertatu baino apur bat lehenago, Euskadik 287.525 biztanle zituen —Nafarroak baino 56.600 gehiago besterik ez—, eta Espainian jarduera ekonomiko berriaren gune nagusietako bat izan zen.

Obrak

Mapa de Navarra y Provincias Vascongadas: con las nuevas divisiones, 1838.

Bibliografia

VAPEREAU, G., Dictionnaire universel des contemporains, Paris: Ch. Lahure et Cie, 1858.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP