Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

DIAZ DE MENDIVIL VICINAY, Anacleto (Anacleto Diaz de Mendibil Bizinai) (Otxandio, Bizkaia, 1805eko ekainaren 12an bataiatua – 1857ko urriak 11).

Karguak eta lanbideak

Apaiza

Ibilbidea

Elizgizona, bere familia Otxandioko burdindegi industriari loturik zegoen. Bizkai gehienean ez bezala, konstituzioaren aldeko joera antzeman zitekeen herri horretan; Anacleto Diaz Mendivilen ustez, euskal manufakturak nazionalizatzeak zekarzkion onurek hartaraturik. Bere senide batzuek goiz bat egin zuten liberalismoaren helburuekin. 1836ko karlisten Zaingo Publikoko Supe- rintendentziako txostenek jasotzen zutenaren arabera, bere aitak eragin han- dia izan zuen bertako liberalismoaren antolaketan, eta, bere etxean egiten zi- ren bileretan, abesti konstituzionalak abesten ziren. Txosten horietan ere, Anacleto gizaseme ‘zitala’ eta nabarmenki liberala zela aipatzen da. Otxandioko soldadu-taldeko kapilaua izan zen, karlistekin hitzarmena sinatu zen arte. Orduan, Bilboko parrokia elkartuen eliz benefizioa jaso zuen, dekretu batek apaiz karlisten benefizioak jabegabe utzi zituelako. 1836an, Argantzungo soldadu-talde konstituzionalaren kapilaua zen.

Liberalen Iraultzaren hasieran, foruen aurkako Bizkaiko aurrerakoien zerrendan ageri da, Sotero Goicoechea, Victor Luis Gaminde edo Pedro de Lemonauria bezalako pertsonaia ospetsuekin batera. Linterna Mágica, o sea revista a los partidos políticos de Bilbao (1841) eskuorrian, altxamendu karlistan eragina izan zuten aldagaien analisi laburra egin zuen, Foruen eragina ukatuz. Idazkiaren zatirik aipagarriena, baina, Bizkaiko «Revista biográfica (…) de los prohombres influyentes» aldizkaria da. Bertan, berak irmoki defendatzen zuen Esparteroren agintearen aurka egin zen matxinada (1841eko urria) herrialdeko agintari foruzaleek bultzatua izan zela aipatzen du. Aristokrazia foruzale hori karlismoaren eta moderantismoaren artean zegoen ideologikoki, eta sistema foralaren baliabideak erabiltzen zituen gizartea menpean izateko. Diaz de Mendivilek kritikatzen zituen buruzagien artean, honakoak zeuden: Manuel Urioste de la Herran, aurrerakoi izatetik moderatu foruzale izatera igaro zen kamaleoi politikoa; Manuel Aldecoa eta Francisco de Hormaeche Gorteetako diputatuak, euren kastaren nagusitasuna kaltetzen ez zen artean, korronte ideologiko batetik bestera aldatzeko gaitasun handia zutenak; Bonifacio Vildosola, «iritzi politikoez den bezainbatean, aldakortasuna ongi ikus- ten duena»; edota Maximo de Aguirre.

Diaz de Mendivilek 1839ko urriaren 25eko legearen zehaztapenak betetzera deitzen zuen: aduanak kostaldera eraman, lehen instantziako epaitegiak ezarri eta udalerriak Konstituzioaren arabera berrantolatu. Bizkaiko adminis- trazio bereziaren eraginkortasuna onartzen zuen, eta, beste aurrerakoi askok bezala (Victor Luis de Gaminde, esaterako), hura babesteaz gain, nazio guztira zabaldu behar zela uste zuen. Bere gizarte-analisiak, ordea, herrialdean agitzen zutenak sistema foralak babesten zuen handiki kasta bat zirela erakusten zuen, eta horiek ziren erreforma liberalak blokeatzen zituztenak. Talde horrek lotura zuen Espainia guztiko elite moderatuekin, «jovellanistak», eta, bereziki, Gortekoekin.

Handik gutxira, Diaz de Mendivilek inprentara eraman zuen bere ¡No nos dormimos! eskuorria. Bertan, Ministerioaren baldarkeria salatzen zuen, bere ustez, Bizkaian sortzen ari ziren Esparteroren agintearen kontrako mugimendu konspiratzaileez informatzen ari zelakoan. Idatzi hartan, errotik azal- tzen zituen moderatu jovellanistak eta euskal lurraldeetako foruzaleak elkartzen zituen botere sarearen nondik norakoak. Handiki foruzaleek herritarren iritzia manipulatzen zuten, tokian tokiko boterea eta Batzar Nagusietan zu- tena baliatuz. Sare sendoa zen, maila askotan Gorte eta ministerioak probin- tzia eta herriekin lotzen zituena, eta, sendotasun hori zela-eta, aurrerakoiek adi egon beharra zuten, beharrezkoa zenean, iraultza liberalari traba egiten zion oro salatzeko.

Obrak

Linterna Mágica, o sea revista a los partidos políticos de Bilbao, Madril: Pitaren moldiztegia, 1841.


¡No nos dormimos! Así lo han dicho los ministros. Por Don A. D. de M. autor de la Lin- terna Mágica o revista de Vizcaya, Madril: Pitaren moldiztegia, 1841eko azaroaren 14an.

Bibliografia

AUÑAMENDI, «Anacleto Díaz de Mendívil», Auñamendi Euskal Entziklope- dia, online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/diaz-de-mendivil-ana- cleto/ar-44585/ (2019ko uztailaren 24an kontsultatua).


FERNÁNDEZ SEBASTIÁN, J., La génesis del fuerismo. Prensa e ideas políticas en la crisis del Antiguo Régimen (País Vasco, 1750-1840), Madril: Siglo XXI, 1991.


RUBIO POBES, C., Revolución y tradición. El País Vasco ante la Revolución liberal y la construcción del Estado español, 1808-1868, Madril: Siglo XXI, 1996.


YRÍZAR, J., «Don Anacleto Díaz de Mendívil – “Cura díscolo y bebedor”», Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, 6. liburukia, 3. zk. (1950), 354-358. orr.


ITURRIAK


BIZKAIKO ELIZAREN HISTORIA ARTXIBOA, Otxandio, Bataioak, sig. 2845-2-1; Hil- dakoak, sig. 2847-2-0 (Sakramentu erregistroen datu basean kontsultatua https://dokuklik.euskadi.eus; signatura digitala ez dago eskuragarri).


BIZKAIKO FORU AGIRITEGIA, Administrazioa, Segurtasun Publikoa eta Gudak, AQ1393/225. Bere ardurapeko distrituan, karlisten helburuen kontrakotzat hartu- takoei buruz, Otxandioko Zaintza Publikoko komisarioak idatzitako txostena.


BIZKAIKO FORU AGIRITEGIA, Administrazioa, Segurtasun Publikoa eta Gudak, AQ1365/17. Bere ardurapeko distrituko apaizen jarrera politikoaz, Otxandioko Zaintza Pu- blikoko komisarioak idatzitako txostena.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP