Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

DETROYAT, Pierre Marie Arnaud (Baiona, 1836ko irailak 18 – Baiona, 1911ko abuztuak 1).

Karguak eta lanbideak

 Bankaria, liburuzalea eta arkeologoa

Ibilbidea

Pierre Marie Arnaud Detroyaten birraitona, Pierre Detroyat (1739-1822), Baionan bizi izan zen 1774tik, baina jatorriz Dofinerriko (Isère departamentua, Frantzia) Chatte izeneko herrikoa zen. Pierre Marie Arnaud Detroyat Baionan jaio zen, Lapurdin (Pirinio Beheretako departamentua, gaur Pirinio Atlantikoak), 1836ko irailaren 18an. Aita Emile Detroyat zuen, artile-merkataria eta Baionako Merkataritza Ganberako buru izan zena (1863tik 1878ra eta 1884tik 1887ra), eta halaber, Ohorezko Legioko Zalduna, Baionako alkate izan zen garaian (1858); ama Catherine Henriette Guichenne (1813-1840) zuen.

1865eko martxoaren 28an Tolosan (Garona Garaia) ezkondu zen hiri hartako Françoise Eudoxie Adelaïde Gèze (1832-1898) andrearekin, eta bost seme-alaba izan zituzten: Marie Therese Catherine (1866-1944), Charles Emile Armand Pierre (1867-1952), Germaine (1869-1938), Louis François Marie Emile (1871-1935) eta Marie Arnaud Paul Andre (1873-1963).

Bankaria lanbidez, Pierre Marie Arnaud Detroyat, besteak beste, Baionako aurrezki kutxako (Caisse d’Épargne) administratzailea izan zen, eta horrez gain, Société d’Exploration des fonds sous-marins du Sud-Ouest de la France elkarteko diruzaina eta Barreko (Baiona-Biarritz) hipodromoko lasterketa-komisarioa. Halaber, politikaria, saiakera-egilea, liburuzalea eta arkeologoa izan zen.

Bankari lanbideari dagokionez, Christophe Lastecouères historialariaren iduriko, bankari ezgauzaren arketipoa da Detroyat. Kritika hori ez da funtsik gabea, izan ere, Arnaud Detroyatek bere osabaren lekua hartu zuenean, 1883an, —Arnaud Achille Detroyat (1800-1991) negozio-gizon eta bankaria zen, 1856an Ohorezko Legioaren domina jaso zuena Baionako Merkataritza Auzitegiko presidentea izan zen garaian—, haren bankua Comptoir National d’Escompte de Paris (BNP-Paribas bankuaren aitzindaria) erakundearen esku utzi behar izan zuen, 1906an. Detroyat bankuaren eskualdatze hori Baionako negozio-gizon bankarien «oligarkiaren amaieraren hasiera» izan omen zen (Lastecouères, 2006).

Arkeologiaren arloan, berriz, Pierre Marie Arnaud Detroyatek lurrazaleko hainbat aztarnategi induskatu, aztertu eta inbentariatu zituen, eta silex pieza landuak aurkitu zituen haietan. 1866an harkaitz arteko babesleku erdi erori bat induskatu zuen Errobi ibaiaren ondoko alubioi-terraza batean, Mousserollesko (Baiona) Belle-Fontainen berak zuen lur-eremu batean. Harrizko tresneria aurkitu zuen, Madeleine aldikoa, nukleoak, barrenak eta errasketak, besteak beste, eta Parisko 1867ko Erakusketa Unibertsalean jarri zituen ikusgai (Saint-Germain-en-Layeko Museo nazionaleko bilduma). 1872an Hiriburun M. Proisyk aurkitutako Basteko aztarnategia aztertu zuen. Azkenik, Micoteauko harrobia aztertu zuen eta Erdi Paleolitikoko tresneria aurkitu zuen han, baina estratigrafiarik ez zuen egin. «Bouheben» izenez ere ezaguna zen Belle-Fontaineko haitzuloari buruz eta 1878an aztertutako beste aztarnategiei buruz idatzitako lanak ere argitaratu zituen (1879).

Liburutegi izugarri handia biltzea lortu zuen Detroyatek.1911ko abuztuaren 1ean hil zen Baionan, eta Hiriburuko hilerrian ehortzi zuten.

Obrak

«Sur des silex taillés trouvés à Bouheben [Bayonne]», Bulletin de la Société Géologique de France, XXIII (1865-1866), 815-816. or.

«Le pére Loriquet à l’église Saint-Etienne d’Arribe-Labourd», BSSLAB, [I] (1875), 213-216. or.

«Notice sur les stations de l’âge de la pierre découvertes jusqu’à ce jour autour de Bayonne», 1878, 1879, 7. or., 61. or.

«Archéologie pyrénéenne: environs de Bayonne [St. Pierre d’Irube]», Bulletin de la Société Ramond, XV (1880), 27-28. or.

Fondation de Bayonne par Astyanax, Baiona: A. Lamaignère inpr., 1896, 10. or. (BSSLAB, XVII, (1896), 151-160. or.; Biarritz thermal, 48. (1897) eta 49. (1897) zk.

Bibliografia

Catalogue de livres modernes provenant de la bibliothèque de M. Arnaud Détroyat, Paris: Ministère de Me Maurice Delestre, 1906 (2. arg. Paris: Hachette/BNF, 2018, lehen zatia 68 or.; bigarren zatia 40 or.).

LASTECOUÈRES, Ch., Les feux de la banque. Oligarchie et pouvoir financier dans le. Sud-Ouest (1848-1941), Paris: CTHS, 2006, 667 or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP