Karguak eta lanbideak
Historialaria, literatoa eta hispanista frantsesa
Ibilbidea
Theophile-Alphonse Desdevises du Dezert (1822-1891) izan zuen aita, Frantziako hainbat institututan irakasle ibilia, hala nola Bordele, Lorient, Angers edo Toursen; gero, berriz, Caengo Unibertsitatean hasi zen geografiako irakasle. Ondoren, Clermont-Ferrand Unibertsitateko Letren Fakultatera joan zen historia-irakasle izatera; bertan, 1868an hasi eta 1870 eta 1874 artean finkatu zen. Azken data horrez geroztik, Caengo Unibertsitateko geografia katedraren ardura hartu zuen. Normandiako geografia-elkarteko eta Tours, Paris eta Marseillako geografia-elkarteetako ohorezko kide izan zen, bai eta Ohorezko Legioko zaldun ere 1887an. Hainbat liburu argitaratu zituen, hala nola historia unibertsaleko programa bat (bi argitaraldi: 1857 eta 1860), bai eta Mazedoniako geografiari buruzkoa ere (1863), edo Erasmori buruzkoa (1863). Gainera, Luis XIV.aren peko administrazioa (1875) eta abertzaletasuna haren garaian (1880) aztertu zituen, eta Ekialde Urruneko mugimendu kolonialari eta Frantziari buruzko liburuxka batzuk argitaratu zituen.
Bada, Georges-Nicolas familia horretan jaio zen, jatorriz normandiarra eta letrekin lotura estukoa —aitona zuzenbidean aritu zen—. Haren aita Caenetik Clermontera joan zenean, hiri horretako institutuan egin zuen batxilergoa, bai eta bertan zuzenbidea eta historia ikasi ere. Ikasketak Parisko Faculté des Lettresen osatu zituen Ernest Lavisseren zuzendaritzapean, eta École Pratique des Hautes Étudesen diplomatu zen, literatura-ekoizpen zabala alde batera utzi gabe: horretan, batzuetan, Jean Lalouette izenaz sinatu zuen. Nahiz eta zuzenbidea Caenen praktikatzen hasi, oso laster utzi zuen, bere jarduera profesionala historiaren irakaskuntzara bideratuz, lehenik Lorient Lizeoan 1878an. Han zegoela, urte bereko abuztuaren 10ean ezkondu zen Cherburgoko Notre-Dame-du-Voeu elizan, Louise-Marie Boullardekin (1854-1941). Testuinguru katoliko batez inguratua, sinesmen espiritual lauso batera bideratu zen, doktrina-definizio argirik gabea, nahiz eta Frantziarentzat printzipio liberalak bere gain hartuko zituen katolizismoa defendatu. L’Église et l’État en France-ren lehen liburukian (1907-1908) idatzi zuenez, «erlijio-ideiarekiko begirune osoa» zuen, «katolizismoa ideia horren formarik nobleenetakotzat hartuz, baina ideia horrek izan zuen forma errespetagarri bakarra ikusi gabe; tolerantziatik eta karitatetik hurbilago zegoen dogmatismotik baino; tirania ororen arerio deliberatua zen, Estatutik edo Elizatik etorri». Jarrera horrek kritika gogorrak inguratu zizkion jada aitari L’Univers egunkariko orrialdeetatik, 1870eko gerraoste zurrunbilotsuan. Georgesek, ordea, bere jarrerari eutsi zion eta ahalik eta neutraltasun handiena bilatu zuen. Horrek, ordea, ez zuen eragotzi, adibidez, Henri Barbusse edo Marcel Proust bezalako idazleei kritika egitea, 1928an uste baitzuen haien eragina «higuingarria eta Frantziaren interesaren edo haren jenio nazionalaren guztiz aurkakoa» zela, baina zentzu nazionalean erlijiosoan baino gehiago. Gainera, etorkizunera bideratutako jarrera defendatzen zuen, bere L’Espagne de l’Ancien Regime-ren (1899) bigarren liburukiaren hitzaurrean zioen bezala: «Iraganak edertasun bitxi handiak ditu, haren azterketa xarmaz beteta dago, baina hilik dago, eta bizi nahi duten nazioek orainari erreparatu behar diote». Ez da harritzekoa, beraz, jesuitek haren lanari aldizkari batean egindako iruzkinek Desdevisesen azalpenaren leialtasuna nabarmentzea: «Behin baino gehiagotan ez gara ados egongo egilearen iritziarekin; baina kasu horietan aitortu egingo diogu bederen eskuzabaltasunez hornitu dizkigula hark ez bezala erabakitzeko bitartekoak». Desdevisesek sektore katolikoekin nolabaiteko distantzia agertu arren, horiexek haren jarrera eskertzen zuten, justizian eta errespetuan oinarritua eta kontzientzia indibidualaren askatasunaren aldezlea, kontzientzia horrez kanpoko edozein autoritateren aurrean.
Frantziako hainbat institututan ibili zen txandaka, hala nola Le Mans, Tours, Rennes eta berriro Caenen. Irakaskuntza hori ikerkuntzarekin bateratu zuen, eta bi diziplinatan doktoratu zen: lehenik, zuzenbidean eta, ondoren, letretan. Frantziako ohituraren arabera, bi tesi aurkeztu zituen, bi kasuetan Nafarroari buruzko ikerketekin, eta horrek Aragoiko Koroaren Artxiboa eta Nafarroako Artxibo Nagusia kontsultatzera eraman zuen 1881ean eta 1886an, Frantziako beka ofizialak lortuz. Bere lehen doktorego-ariketa Nafarroako Foruko emakume-izaerari eta ezkontza-erregimenari buruzkoa izan zen, latinez defendatua; bigarrena, berriz, Aragoiko Karlosi buruzkoa izan zen, Vianako printzea. Defentsa-ekitaldia Sorbonan egin zen 1889ko otsailaren 4an. Doktore zela, 1892an, Clermont-Ferrandeko Unibertsitatean sartu zen, eta bertan historia modernoa eta garaikidea eman zituen Faculté de Lettres-en 1924 arte.
Jatorri normandiarrekoa eta horretaz harro izan arren, sendo errotu zen Auvernian. Bertan, kultura-dinamizatzaile aktiboa izan zen, eta literatura-zirkuluetan oso pertsona estimatua. Hori dela eta, garrantzi handia eman zitzaion XX. mendearen hasierako eskualdeen berpizkundean. Izan ere, 1921ean, hauxe idatzi zuen bere adopzioko eskualdeaz: «Adinak etxe honi eutsiko gaitu, bertan bizitzako urterik onenak igaro eta gero». Literatura-zirkulu haietako kide batek, C. Gandilhon Gens-d ‘Armesek, poema bat eskaini zion («La maison du sage», L’Auvergne littéraire, 1921), «argiz betetako begien normandiar zaharra» goraipatuz. Urte horietan, 1914ko gerra piztu zen arte, Espainian igarotzen zituen oporrak, artxiboak eta liburutegiak arakatzen. Hartara, bere garaiko hispanista nagusietako bat bihurtu zen. Aipatu fakultateko dekanoa ere izan zen 1910az geroztik, eta ohorezko dekano gisa jarraitu zuen erretiroa hartu ondoren ere.
Gerra aurreko urteetan, interes handia agertu zuen bakezaletasunarekin: 1911n, Clermonten egin bakearen aldeko kongresu nazionala zuzendu eta haren buru izan zen eta, ondoren, Groupe de l’Association de la Paix par le Droit zuzendu zuen. Haatik, gerra piztean, buru-belarri aritu zen propagandan, batez ere Espainian, baina batez ere ongintzan eta asistentzian: hainbat erakunde jarri zituen abian, hala nola Bergougnan fabriketako sorospen-batzordea, edo L’École professionnelle de rééducation et d’ apprentissage des soldats aveugles de la guerre de Montferrand, itsu geratu ziren soldaduen sorospenaz arduratzen zena (1916ko maiatza). Latindar Batasuna bultzatu zuen taldeko kide ere izan zen, eta 1916an sortutako intelektual latinoen kongresua antolatzeko batzordea osatu zuen. Gainera, gatazkaren garaian eta, bereziki, gatazkaren ondoren, lan handia egin zuen borrokalariengandik jasotako testigantzak eta materialak biltzeko, gerrari buruzko informazio ugari osatuz. Gainera, emakumeek izan zuten rolari balioa ematen zioten hainbat elkartetan (Union des femmes de France) parte hartu zuen. 1918an, Alsazia eta Lorrena Frantziarako berreskuratzea babestu zuen, Estrasburgoko institutuko ikasle onenentzat sari bat ezarriz. Izan ere, joera nazionalista horrek gora egin zuen gerraostean, 1921eko L’histoire de la patrie liburuxkan ondo islatua, non Frantziak galiarrengandik bere garairaino jarraitu zuela baieztatzen baitzuen, edo 1923ko artikulu batean Italiako faxismoari egindako begirada atseginean.
1888an Normandiar Geografia Elkartean sartu zen. Chamalières herriko Société Literaire et Artistique du Puy-de-Dôme elkarteko lehendakari eta sustatzaile nagusia izan zen; Clermonteko L’Association des anciens élèves du Lycée Blaise-Pascal elkarteko buru ere izan zen. Ikasle-ohien elkarteen bilera nazional bat antolatu zuen (1904), gurasoek hezkuntza-kontseiluetan zuzenkiago esku hartzeko modua izan zezaten. Era berean, 1920tik aurrera, École de Limagne jarri zuen martxan eta bertako buru aritu zen, Felibrige mugimenduaren barruan. Lore-jokoen buru izan zen, antzerki- eta poesia-lanak idatzi zituen, prentsan artikulu ugari idatzi zituen, hitzaldiak eman zituen eta bere adopzioko eskualdearen ohitura eta elementu bereizgarriei buruz lan egin zuen. Gainera, marrazki nabarmenak egin zituen inguruko artearen historiari buruzko ikerketetan. 1926an, Congrès des Écrivains de France antolatu zuen. Horrek guztiak errekonozimendu orokorra ekarri zion, zati batean 1912an Ohorezko Legioko Zaldunaren gradua jasoz gauzatua.
Bere lan historiografikoa oso handia izan zen, hiru ikerketa-esparru nagusi azpimarratuz: alde batetik, eskualdeari buruzko ikerketak, Clermont-Ferrand-en inguruan, eta Auvernia ezagutzeari eman zion bultzada, batez ere Lehen Mundu Gerraren ondoren; bestetik, Frantziako historia; azkenik, eta batez ere, hispanismoa, zeinaren aitzindarietako bat izan baitzen arlo akademikotik eta unibertsitatetik. Horixe aitortu zuen Gabriel Monodek, fin-de-siècle joerako historiografia frantsesaren buru nabarmenak, 1900eko iraileko gutun batean; izan ere, Desdevises eta Boissonnade jotzen zituen hispanista frantses nagusietako bi. Azken arlo horretan, Espainiako artxiboetan ikertzeko enkargu ofiziala jaso zuen, eta hori bere esperientziak biltzen zituzten bi artikulutan jaso zuen («Cinq mois en Espagne», Revue des Pyrénées et de la France méridionale, 1891, urte horretan bertan La España Regional aldizkarian espainierara itzulia, eta «Mission en Espagne: les Archives des Indes à Seville et les Archives du Consulat à Cádiz», Nouvelles archives des missions scientifiques, 1895). Ordurako ohartu zen, Vianako Printzeari buruzko bere liburuaren hitzaurrean, «Espainiaren historia gutxi aztertuta dago[ela] Frantzian; gehiago egotea mereziko luke».
Aipatu artikulu horietako lehenengoan bere nahia agertu zuen: «Aspalditik lerratzen naiz Espainiara eta, herrialdea gehiago ezagutu ahala, are eta begikoagoa dut. Bada, pentsatu dut Karlos IV.aren herri lelotu hura gaurko nazio aktibo, liberal eta aurrerakoi bihurtu duen pizkundea aztertzea». Eta azterketa hori oinarritzeko, aurrekariei heldu zien lehendabizi: Antzinako Erregimena, Espainia garaikidearen jatorria. Bat etortzen zen, nabarmen, Hippolyte Tainek urte batzuk lehenago (1875-1883) Frantzian helburu berberaz landu liburuarekin, agerian utziz miresmen handia ziola. 1890eko bisitatik, Espainiak eragin zion irudipena ona nabarmendu zuen: «Espainia benetako promes-lurraldea zaio erudituari; liburutegi itzelak ditu, artxibo-gordailu oso aberatsak, dena erraz lor daiteke, eta ezer ez da esploratu, oihan birjina da, baina zaila da bertan lan egitea. Espainiak, bizitza zientifikora doi-doi berpizten denak, ez du nik laneko erosotasuna deituko nukeen ezer». Dokumentu-metaketa horri abiaburutzat hartuz, XVIII. mendean herrialdearen funtsezkoena ardaztu zuen elementu nagusi bat atzeman nahi zuen. Bada, ikerketaren hasierako une hartan, klerikalismoan ikusi zuen elementu hori: «Eliza zoragarri zaio espainiarrari, paradisuko txoko bat da eta, bertan, gogoko duen bezala bizi da: ametsetan». Herrialdearekin maiteminduta zebilen eta, 1893ko hitzaldi batean, hauxe baieztatu zuen: «Batez ere maite badituzue zeruertz zabalak, zeru urdinak, eguzki bikaina, monumentu bikainak eta jatorrizko ohiturak, etor zaitezte lur arrotzera. Hemen, munduko azken herri idealista honako hiru gauza hauetatik bizitzen tematzen da, beste leku batzuetan hain ahaztuak: fedea, ametsa eta maitasuna».
Abiapuntu horrexetatik sortu zen bere lanik ezagunena, hiru liburukitan: L’Espagne de l’ Ancien Régime, 1897-1904 (I. La société; II. Les Institutions; III. La richesse et la civilisation). Charles Tranchantek «ikerketa atsegin eta nekaezinetan xede izan duen herrialdeari egindako benetako monumentutzat» jo zuen.
Lehen liburukiaren hitzaurrean, herrialdea begiko zuela errepikatzen zuen: «Ohitura sinple eta adeitsuko herrialde hau maite dut; sarritan, gehiago sentitu naiz etxean neure aberrian baino. Maite dut herrialde hau, bere arima apur bat igarri diodala uste baitut». Eta horixe zuen helburu, bat etorriz artean ere nazio bakoitzaren berezitasuna, haren nortasun kolektibo propioa baieztatzeko borondateari eusten zitzaion garai historiko horrekin. Konparazio bat egin zuen bere bidaietan ikusi zuen XIX. mendean bizi izandako eraldaketaren irudipen orokor hori berberak aztertutako XVIII. mendekoarekin: «XIX. mendeko Espainiaren historia osoa honelaxe laburbilduko da: gutxiengo ilustratu eta liberala eta Erdi Arotik aldatu ez zen herri-masa funtsetik elkarren aurka». Hispaniar berezitasuna azalduko zuen azken esentziaren bila, 1911n irmoago baieztatuko zuen «fede katolikoarekiko leialtasuna dela, mendeetatik, espainiar arima nazionalaren marka bereizgarri eta bereizgarriena». Hala ere, arbuiatu egin zuen Elizan sektore erradikalek irautea, eta gogor kritikatzen zuen elizjendearen eta herritar gehienen intolerantzia eta azalkeria, karlistena eta, batez ere, integristena: «Desiratzekoa da sektario gorrotagarri horiek inoiz ez izatea boterea. Litekeena da inoiz gutxiengo txiki bat baino ez lortzea».
Lan hispanista horri esker, 1894tik aurrera, Lavisseren eta Rambauden Histoire générale laneko kolaboratzaile bihurtu zen, XIII. mendetik XIX. mendera bitarteko estatu iberiarrei buruzko guztian (III. liburukitik XII.era). Halaber, Revue Hispanique de Fouché-Delbosc aldizkarian ikerketa monografikoak agertu zituen 1900. urteaz geroztik, Espainia napoleonikoari edo Amerikako koloniei buruzkoak, adibidez. Ikerketak argitaratu zituen, halaber, Felipe IV.aren konfesoreari, frai Juan de Santo Tomasi, Luis Vivesi eta Kataluniako santutegiei buruz.
Bere metodoa guztiz kokatzen zen nagusi zen eskola metodikoaren positibismoan, eta uztartu egiten zituen, batetik, iturrien, artxiboen erabilera ugariaren bidezko jakituria eta, bestetik, literatura (adibidez, Galdosen Episodio Nacionales) eta musika, ohiturak eta tradizioak. Hartara, eraiki egiten zuen kritikari batek ikuspegi kolorista eta boteretsu baten puntillismoa deitu zuena: «Bizitza, horixe izango da helburua; horra hor ere non datzan zailtasuna», zioen Antzinako Erregimeneko Espainiari buruzko bere obran.
Aipatu bezala, Nafarroaren Behe Erdi Aroko historia aztertuz ekin zion bere lanari. Hala ere, ondorengo lanetan beste lurralde bati ere jarri zion arreta, Penintsularen iparraldekoa: Espainia foruzalea, bertan bilduz multzo osoko lau eremutik hiru, alegia, Nafarroako, Baskongadetako eta Aragoiko koroaren lurraldeak. Laugarrena, berriz, Gaztelako koroaren espazioa izango zen. Izan ere, hauxe zioen: «katalanek, nafarrek eta baskoek, Penintsulan besteak bezain espainiar ez direnek», Espainia berria gorpuzten zuten, gaztelar espirituaren aurkakoa. Nolanahi ere, Nafarroari arreta lehenetsia eman zion bere lehen idazlanetan: «herrialde foruzaleen artean, lehen postuan dagoen lurraldea». Horko biztanleen espiritu aristokratikoa nabarmendu zuen, haren arauen ontasuna eta eskuzabaltasuna, bereziki emakumeari erreparatuz gero, Penintsulako beste lurralde batzuetako eta Frantziako legerien aldean. Oro har, foruarekiko «leialtasun ukiezina» nabarmendu zuen, idazten zuen unera arte iraun zuena. Horregatik, beharbada, herriari erreparatzen zion, haren irudi idilikoa eskainiz: «Antzinako Greziako biztanlea bizi zen bezala bizi da pixka bat eta, hain artista ez izanik ere, hark bezain tinko eusten dio bere aisialdiari, hura bezainbeste harrotzen da bere askatasunaz, eta hura bezain prest dago hura defendatzeko». Penintsula iparraldeko lurraldeekin zuen interesak zirikatuta, galdetu zuen zer izango ote zen hura baldin eta Vianako Printzeak foruen Espainia bateratu izan balu (hori harrera egin zion Iruñeko talde euskaltzalearen eragintzat hartu izan da): «Halako errepublika baketsu eta langile bat, nekazaritzakoa eta merkataritzakoa, zeinaren oparotasuna eta antolaketa jakintsua estatu handiagoen eta itxuraz boteretsuagoen inbidia izango ziren». Edonola ere, lurralde horien independentzia azpimarratu zuen, botere arrotzetatik at edo haien etsai bederen, zeltetatik hasi eta erromatar, bisigodo eta arabiarretaraino, eta gutxienez XIII. mendera arte estatu euskaldun gisa eratu zirela, baina orduan, ia desagertu egin zela, «euskal hizkuntzako gizaki gehienak jada lurralde hartatik kanpo bizi zirelako». Hala ere, adierazi zuen euskara pixkanaka galtzen eta mendietara zokoratzen ari zela, eta ataka larria bizi zuela azken bi mendeetan. Izan ere, Espainiako XVIII. mendeko foru-erregimena aztertzean, haren aurkako etengabeko erasoak ikusi zituen, eta 1808ko gerrak bermatu omen ziola bizirautea. Fernando VII.aren berrezarpenarekin, «Espainia berriro esklabotzan erori zenez, euskal-nafarrak berez itzuli ziren beren antzinako legeetara eta, espainiar gisa aske izan ezin zirenez, basko eta nafar gisa izan ziren». Idealizazio hori Antzinako Erregimeneko Espainiari buruzko hiru liburukietan ere jaso zuen. Bertan, Probintzia Baskongadoetako eta Nafarroako lurraldeekin egin zituen alderaketak beti ziren haien aldekoak Espainiako gainerako lurraldeen aldean, azken horiek axolagabekeriaren eta utzikeriaren mende zeudelakoan.
Obrak
Lettres de Servat Loup, abbé de Ferrières, Paris: F. Vieweg, 1888.
De Conditione mulierum juxta forum Navarrensium, thesim Facultati litterarum Parisiensi proponebat G. Desdevises Du Dezert, Caen: H. Delesques, 1888.
Don Carlos d’Aragon, prince de Viane, Paris: A. Colin, 1889 (gaztelaniazko arg.: P. TAMBURRI, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1999).
Mon père, Alençon: Imp. de A. Herpin, 1892.
L’Espagne de l’ancien régime, Paris: Société française d’imprimerie et de librairie, 1897-1904 (gaztelaniazko arg. A. GONZÁLEZ ENCISO, Madrid: Fundación Universitaria Española, Seminario Cisneros, 1989).
Les Arts en Espagne au XVIIIè siècle, Le Havre: édition de «la Province», 1903.
BRÉHIER, L.-rekin, Le travail historique, Paris: Bloud, 1907.
L’Église et l’État en France, Paris: Société française d’imprimerie et de librairie, 1907-1908.
Questions d’enseignement, Paris: Éds. de «Foi et vie», 1909.
BRÉHIER, L.-rekin, Clermont-Ferrand, Royat et le Puy-de-Dôme, Paris: H. Laurens, 1910.
Barcelone et les grands sanctuaires catalans, Paris: Laurens, 1913 (2. arg., 1930).
Une race de proie: la famille des Hohenzollern, Clermont-Ferrand: Imp. de G. Mont-Louis, 1915.
Clermont, Clermont-Ferrand: Imp. G. Mont-Louis, 1923.
Jean Hochet, roman bas-normand, Paris: Libr. Bloud et Gay, 1925.
Clermont-Ferrand, Royat et le Puy-de-Dôme, Paris: Laurens, 1926 (2. arg.).
Mon vieux Lessay, Saint-Lô: Imp. R. Jacqueline, 1928.
Le Citoyen représentant du peuple, Coutances: Imp. J. Bellée, 1928.
Les Monts d’Auvergne et le peintre Maurice Busset illustré de nombreux croquis dans le texte et de cent héliogravures reproduisant l’oeuvre de l’artiste, Aurillac: Ed. USHA, 1931.
BRÉHIER, L.-rekin, Riom, Mozat, Volvic, Tournoel, Paris: H. Laurens, 1932.
Clermont-Ferrand, Auvergne, Clermont-Ferrand, Paris: Imp. de P. Vallier, 1938.
Bibliografia
BRÉHIER, L., «Nécrologie», Revue Historique, 193 (1942), 273-274. or.
— «Notice sur l’oeuvre historique et littéraire de Georges Desdevises du Dézert», Revue d’Auvergne, 4 (1943), 45-63. or.
KOERNER, F., «L’historien clermantois Georges Desdevises du Dézert et l’Espagne, au temps de la première guerre mondiale (d’après ses écrits et manuscrits)», Guerres Mondiales et conflits contemporaines, 185 (1997), 111-126. or.
PINEL, M., «Une figure normande en Auvergne: l’écrivain Georges Desdevises du Dézert (1854-1942), sa vie, son oeuvre historique et littéraire», Revue de la Manche, 112 (1986), 163-200. or.





