Karguak eta lanbideak
Militarra eta historialaria
Ibilbidea
Baionan jaio bazen ere, sortzez Sohütakoa zen (Zuberoa), mediku familia batekoa. Aita Gillaume Prosper Derrecagaix eta ama Irène Rosalie Masounette izan zituen. Victor-Bernard 1868an ezkondu zen Helene Rosalie Peligot andrearekin.
Ikasketak Senpereko Apaizgaitegi Txikian hasi zituen; ondoren Parisko San Luis Lizeora igaro zen, eta 1852an Saint-Cyr Eskola Militarrean sartu zen.
Lanbidez militarra zen. 1871n kapitain gisa ageri da. 1888an Infanteriako 74. Erregimentuko koronel komandantea zen. 1890ean Brigadako Jenerala zen, Armadako Zerbitzu Kartografikoko zuzendaria eta Ohorezko Legioko Komandantea. 1887tik aitzina historiako, taktika orokorreko eta estrategia militarreko irakaslea izan zen Gerrako Goi Eskolan. Armadako Estatu Nagusiko buruorde ere izan zen. 1895ean Dibisioko Jeneral postua eskuratu zuen.
Garai hartako militar guztiek bezala, gerra kolonialetan aukera ezin hobea aurkitu zuen eskalan goiti azkar egiteko. Krimeako gerran parte hartu zuen, eta hamar urtez Aljeriako gerran, denbora gehiena Yusuf jeneralaren aginduetara. Kanpaina haietan hasi zen espezializatzen garai hartako militarrentzat oso ohikoa zen jarduera batean: kartografia, partikularki, eta geografia, oro har. 1867an Parisera pasatu zen, Estatu Nagusira. 1870an Prusiarekiko gerran parte hartu zuen, eta preso hartua izateak dakarren umiliazioa jasan zuen. 1876tik 1881era militar laguntzaile kargua bete zuen Bruselako legazio frantsesean. Gerrako Goi Eskolan irakasle tarte batez aritu ondoren, Baionara destinatu zuten, infanteriako 36. dibisioaren ardura bere gain har zezan. 1898an erreserbara igaro zen eta Angeluko etxera erretiratu zen.
Ipar Afrikako Batzorde arkeologikoko eta Comité des Travaux Historiques et Scientifiques delakoaren Geografia ataleko kide izan zen.
Baina, oroz gain, estrategia militarrari buruzko ospe handiko teorikoa izan zen. Haren La Guerre moderne lanaren ingelesezko, japonierazko eta turkierazko edizioak egin ziren argitaratu orduko, eta oihartzun handia lortu zuen nazioartean. Obra horren sorreraren arrazoiak ziren, alde batetik, berrikuntza militarraren beharra, Frantziak bizi izan zuena 1870eko gerran eskarmentu etsigarria hartu ondoren, eta bestetik, goi-hezkuntza militarraren eskakizuna.
Historialari militar gisa, frantses militar ospetsu anitzen biografiak idatzi zituen, besteak beste, Alexander Berthier (Napoleonen laguntzailea) eta Pelissier mariskalenak, Belliard konde eta teniente jeneralarena, Yusufena, haren aginduetara egon baitzen Aljerian, eta jakina, Harizpe euskal mariskalarena. Harizperi buruzko lana idazteko haren iloba txiki Albert Dutey-Harizperen laguntza izan zuen, familiaren artxiboko dokumentu asko eskuratu baitzizkion.
Bere lanetan landu zituen euskal gaiei buruz, berriz, Baionako plazaren balio militarraren gainbeherari buruzko saiakera bat eta Harizpe mariskalaren biografia alde batera utzita, euskaldunei buruzko geografia humanoko analisi bat argitaratu zuen. Hartan aztertu zituen euskaldunen jatorria eta etorkizuna, ikuspuntu hirukoitz batetik: hizkuntza, antropologia eta geografia. Jatorriari dagokionez, teoria iberiarren aldeko agertzen da, konbentzituta baitago euskaldunak ekialdetik, antzina-antzinako migrazio asiar batetik, heldu ginela, eta horregatik «euskaldunak dira, estoniarrekin eta Kaukasoko zenbait triburekin batera, Europako herririk zaharrenak». Etorkizunari dagokionez, haren aipamenik egin gabe, Elisée Reclusek 1867an idatzitako artikuluari erantzuten dio: «ikusteko dago ea haien patua desagertzea den, egile batzuek dioten bezala, eta haien hizkuntza galdu beharra den eta denbora labur barne hizkuntza hila bihurtu, gure hasierako garaien azken aztarna. (…) Euskaldunak badoaz, entzuten zaio bati baino gehiagori. Ez da hori gure iritzia». Garai berriek Euskal Herriarentzat ezinbestez aldaketa politikoak eta sozialak ekarriko zituztela onartuta ere, horrek ez luke berez ekarriko herri gisa desagertzea, Reclusek iragarri zuen bezala, eta horri aurka egiteko irizpide geografiko determinista bat erabiltzen zuen Derrecagaixek: mendietako herriek beren nortasunari eta independentziari eusteko joera izaten dutela, landa-eremuetako herriek ez bezala, haiek errazago galtzen baitituzte.
Obrak
Étude sur les états-majors des armées françaises et étrangères, suivie d’un projet de réorganisation de l’état-major français, Paris: Dumaine, 1869.
Une campagne des Russes en Asie centrale, Paris: Bureau de la revue militaire française, 1869.
Conférence sur l’insurrection de la Dalmatie, Paris: Bureau de la revue militaire française, 1870.
Histoire de la guerre de 1870, Paris: La direction du Spectateur, 1871.
Le Sud de la province d’Oran, Paris: Librairie de Ch. Delagrave et Cie, 1873.
«Notice sur les Basques», Bulletin de la Societé de Géographie, XI (1876), 401-438. or.
Exploration du Sahara, Les deux missions du lieutenant-colonel Flatters, Paris: Société de géographie, 1882.
La Guerre moderne, Paris: Baudoin, 1885.
Les cartes topographiques européennes, Paris: Bibliothèque des Annales économiques, 1891.
Le Déclassement de la place de Bayonne, Paris: R. Chapelot, 1900.
La Guerre et l’armée, Paris, Chapelot, 1901.
Le Service militaire de deux ans, Paris: Chapelot, 1902.
Le maréchal Berthier, prince de Wagram et de Neuchâtel, Paris: Chapelot, 1904-1905, 2 libk. [Berrarg. Paris: Editions Historiques Tessiedre, 2001].
Les Derniers jours du maréchal Berthier, Paris: R. Chapelot, 1905.
Récits d’Afrique. Yusuf, Paris: Librairie Chapelot, 1907.
Les États-majors de Napoléon. Le lieutenant-général comte Belliard, chef d’état-major de Murat, Paris: Chapelot, 1908.
Nos campagnes au Tyrol, 1797, 1799, 1805, 1809, Paris: L. Chapelot, 1910.
Le Maréchal Pélissier duc de Malakoff, Paris: Chapelot, 1911.
Le Général de division comte de Martimprey, Paris: Chapelot, 1913.
Le Maréchal de France comte Harispe, Paris: Chapelot, 1916.
Mes Souvenirs, Baiona: Imp. ss. A. Foltzer, 1921.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Derrecagaix, Victor Bernard», Auñamendi Eusko Entziklopedia. On-line edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/derrecagaix-victor-bernard/ar-44121/# (2020ko urriak 13).
DESCHAMPS, J., «La guerre moderne (1885). Une contribution à la culture stratégique des États-Majors français de la première guerre mondiale», Stratégique, 99 (2010/1), 115-131. or. https://www.cairn.info/revue-strategique-2010-1-page-115.htm (2020ko urriak 13).
ITURRIAK
«Procès-Verbal de réception d’un Commandeur de la Légion d’Honneur» (07/01/1888).http://www.culture.gouv.fr/LH/LH066/PG/FRDAFAN83_OL0740009V051.htm (2020ko urriak 13).
«Procès-Verbal de réception d’un Officier de la Légion d’Honneur» (16/01/1890). http://www.culture.gouv.fr/LH/LH016/PG/FRDAFAN83_OL0208055v007.htm (2020ko urriak 13).





