Karguak eta lanbideak
Kazetaria, idazlea eta inprimatzailea
Ibilbidea
Bederatzi anai-arreben artean gazteena. Aditu batzuen arabera, bere familia Piamontetik Espainiara 1798. urtean iritsi zen, eta, beste batzuen arabera, 1809. urte aldera. Bere aita, Nicolas dal Mazzo (gazteleraz Delmas eman zuena), hasieran, Valladolidera joan zen liburu-saltzaile, bere ama, Teresa Garcia del Cid, Valdenebro de Riosecokoa (Valladolid) zelako, agian —egun, Valdenebro de los Valles—. Negozioak ez omen zuen etekin handirik ematen, 1809.az geroztik Bilbon ageri baita. 1816rako liburu-denda eta moldiztegia irekita zituen, eta hori izan zuten ogibide hiribilduko bizitza kultural eta po- litikoan hain errotua eta inplikatua egon zen familiako hiru belaunaldik. Mugarri izan ziren bai hiriko eta baita probintziako inprenta eta kazetaritzarendako.
Bilbon jaio zen eta Santiagoko parrokian bataiatu zuten, egun Bilboko katedrala den horretan. Juan Bautista Eustaquio izena eman zioten, hala dago jasota bataio liburuan, behintzat. Hala ere, zenbait argitalpenetan Juan Ernesto izenarekin ageri da.Abandoko Santiago ikastetxean ikasi zuen, baina, 1835eko ekainean, karlistek Bilbo lehen aldiz inguratu zutenean, Juan Bautistak boluntario bezala eman zuen izena Nazio Milizietan, helburu liberalak defendatzeko, artean hamabost urte besterik ez zituen arren. Hala egin zuen bere aitak ere, Nazio Zalditeriako Hiri Lantzarietan izen eman zuten boluntarioetan lehenetakoa izanik. Gatazka bukaturik, aitaren negozioak aurrera egin zuen liberalen garaipenak bultzaturik, besteak beste, editore izendatu zutelako Bizkaiko Jaurerriko Buletin Ofizialean, Batzar Nagusien akta liburuetan (Jaurerriko inprima- tzaile kargua bere semearentzat izan zen 1852an, eta horretan aritu zen 1884. urtean probintziako moldiztegia sortu zen arte) eta baita joera liberaleko El Compilador de Vizcaya izeneko egunkari politiko, militar, literario eta merkataritzakoan.
Urte horietako informazio gutxi dago Juan Eustaquiori buruz; familiaren moldiztegian artikuluren bat argitaratu zuen, hala nola, Historia de los dos úl- timos sitios de Bilbao (1837), baina, azkenean, Parisera joan zen Sorbonan zuzenbidea ikasteko. Zenbaitek diotenaren arabera, beranduago egin zuen, fa- milia arrazoiak zirela medio (1843an bere aita bigarren aldiz ezkondu zen bere zerbitzura egondako pertsona batekin) eta Madrilen egonaldi bat egin ondoren (1840ra arte gutxi gora behera). Horren arabera, bertan hasiko zituen zuzenbide ikasketak eta literato eta politikari ibilbideak. Ziurrenik, hiribildura eta gortera mugitzea, gutxienez ateratzeko orduan, arrazoi politikoen- gatik izan zen. Litekeena da politika liberalaren gorabeherekin loturik egotea, ordurako mugimendua alderdietan zatiturik baitzegoen (moderatuak eta pro- gresistak). Pentsamendu liberalaren zatiketa agerikoa zen Bilboko hiribilduko bi astekaritan: batetik, Manuel Urioste de la Herranek sortutako El Bilbaínok, eta, bestetik, Victor Luis Gamindek zuzendutako El Vizcaíno originariok, ideia kontserbadoreak eta aurrerakoiak defendatzen zituzten hurrenez hurren. 1840tik aurrera, beste bat aritu zen haiekin batera: jarrera moderatu foruzalea zuen El Vascongado, Juan Eustaquioren aitarena. Noizean behin Urioste de la Herranen ordez aritu izan zen haren egunkarian, baina, behin betiko bere gain hartzea eskaini ziotenean, ez zuen onartu.
El Eco del Comercio egunkari madrildarrarekin ere elkarlanean aritu zen, eta, garai hartako guztiak bezala, alde bateko ala besteko liberalen bozgorailu bihurtu zen; kasu honetan, Erresumako agintari zen Espartero jeneralaren aurkako kritikak jaurtitzen zituen. Garai nahasiak ziren, 1841ean, esaterako, porrot egin zuen altxamendu bat izan zen, Bilbon Manuel Urioste buru izan zuena. Agian, horrek eragina izan zuen Juan Eustaquiorengan, 1843an Parisera joan baitzen, eta bertan egon zen 1846ra arte.
Han, legeez gain, marrazkigintzaren inguruko jakin-mina piztu zitzaion Jules Cogneten bitartez, eta litografiaren ingurukoa Engelmannen eta Mr. Coquinen etxean. Baliteke, Bilbora itzuli zenean, aitarekin horregatik adiskidetu eta elkartu izana, bere heziketari eta esperientziari esker, eskaintzeko zer- bait zuelakoan. Ordutik, negozioak «Imprenta y Litografía de Delmas e Hijo» izena hartu zuen, eta aita hil zenean, «Imp. y Lit. Juan E. Delmas», nahiz eta, bere amaordeko Maria de Sagasti ere «Viuda de Delmas» izenpean editatzen hasi zen. Semearen eskua nabaritzen hasi zen El viaje pintoresco por las Provincias Vascongadas (1846) bezalako lanetan. Lan horretan, geografia, historia eta artea nahastu zituen, garai hartan modan jarri zen estiloa sortuz. Obra horretan, zenbait lamina litografiko egin zituen eta artikuluren bat ere idatzi zuen.
Edizioari eta literaturari buruz zuen eskarmentuari esker, eta itzali gabeko sinesmen politikoek bultzaturik, mendearen erdia igaro eta gutxira, Bilbon egunkari politiko bat sortzea erabaki zuen: Irurak bat. Joera liberal foruzalea zuen, progresista edo moderatua izan gabe, bere burua «ordenaren eta aurrerapenaren maitaletzat» zuen. Ordezkaritza-instituzioak defendatzen zituen, Euskal Herriko ohitura erlijioso eta monarkikoak eta, alderdi politiko batekoa izan gabe, guztientzako errespetua eskatzen zuen. Juan Eustaquio, nagusiki, giro liberal monarkikoan hezi zen, eta bere lehen erreferenteak Ma- nuel Urioste Herran, Francisco Hormaeche eta Alberto Lista izan ziren. Gainera, egunkari horretan Niceto de Zamacois, Ramon Ortiz de Zarate edo Jose Maria Ugarte bezalako pertsonaiek idatzi zuten. Euscalduna egunkari karlista izan zen bere antagonista. Sortutako egunkaria probintziako garrantzitsuene- takoa bihurtu zen, bere konposizioagatik, seriotasunagatik eta edukiengatik.
Inprentatik ere, eztabaida politiko sutsua jarraitzen zuen; han bertan inprimatu zituzten Bizkaiko Foruen azken edizioa (1865), Pedro Novia de Salcedoren, Pedro Fontecha y Salazarren edota Pedro de Egañaren hainbat idatzi eta baita Fidel de Sagarminagaren bi obra nagusiak.
Literaturari dagokionez, 1849 eta 1850 artean, Seminario Pintoresco Españolekin elkarlanean aritu zen, eta bertan argitaratu zuen Gentilzubi. Tradición Vizcaína ipuina. Egia esateko, bere lan literarioak oso desberdinak dira, eta horrek biziki zailtzen du bere obraren azterketa.
1864an agertu zen bere obra gailena: Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya. Berak sortutako lamina ilustratuak, mapa topografiko bat, historiari buruzko eduki aipagarrienak jasotzen zituzten testuak eta Bizkaiko monumentuen ondarea eta folklorea bildu zituen; gaur egungo turismo-giden antzeko zerbait eskaini zuen, apur bat lehenago, 1862an Gustavo Dorek eta 1775ean Bowles eskoziarrak egin bezala.
Guztiarekin ere, ez zen denbora asko igaro berriro artikulu politikoak idazteari edo Foruen gaiari buruzko eztabaidan sartzeari ekin zionerako. 1868an, Iraultza Loriatsua baino pixka bat lehenago, Bizkaiko Jaurerriaren independentziari buruzko eztabaida sutsua izan zuen Eduardo de Orodea e Ibarrarekin Irurak bat egunkariko orrietan, eta hortik etorri zen Refutación a los artículos que contra la independencia del Señorío de Vizcaya ha publicado en el Irurak bat el señor Don Eduardo de Orodea e Ibarra libeloaren argitalpena.
1872an, kazetaritza politikoan egiten zituen kolaborazioek gora egin zuten, egoerak hartzen ari zuen jitea zela-eta, karlistak altxatze militarretik oso gertu baitzeuden. Lehenik, El Correo Vascongadon aritu zen, eta, hura desa- gertzean, El Noticiario Bilbaíno eta La Unión Vasco-Navarran. Horretan arituagatik ere, ez zituen bere alderdi literarioa eta historialari lokalarena alde batera utzi, hainbat artikulu idatzi baitzituen Revista de las Provincias Euska- ras, Revista de Vizcaya edo Euskal-Erria aldizkarietan. Ildo historizista horretan, Bizkaiarekin loturiko gaiekin zerikusia zuten monografiak aipatzea merezi du, 1874 eta 1896 artean argitaratuak, eta, bereziki, 1880ko Colección de leyendas.
Bere heriotzaren orduan, 1892an, bukatu gabeko bi obra zituen mahai gainean: Lehena, Biografía universal de claros varones de Vizcaya, hilondoan Diccionario biográfico de claros varones de Vizcaya (1970) izenburuarekin argitaratu zena; eta bigarrena, Biografía de Antonio de Trueba. Horiekin batera, bukatu gabeko beste zenbait artikulu, batzuk Cosas de antaño. Capítulos histó- ricos (1896) lanean bildu zirenak.
Bere lanari eta erudizioari esker, Bizkaiko Monumentuen Batzordeko pre- sidenteorde, Bartzelonako Arkeologia Akademiako kide eta Espainiako Cervantes Akademiako zein Madrilgo Historia Akademiako urgazle izan zen.
Bere jarduera profesional eta historialariaz gain, Bilboko alkateorde bezala, hainbat ardura hartu zituen bere gain. Horien artetik, aipagarrieneta- koak dira Abandoko barrutia Bilboko hiribildura anexionatzerakoan izan zuen esku-hartzea edota, 1878an, orduko alkatea zen Pablo Alzolarekin, izandako eztabaida, San Anton zubi zaharraren eraisketa proiektua zela-eta.
Bilbon, eta Bizkaian, XIX. mendearen bigarren erdian gertatu ziren aldaketa ekonomiko eta sozialetatik gertu egon zen. Bere moldiztegitik atera ziren, besteak beste, Bizkaiko lehen instalazio siderurgiko modernoaren estatutuak, Boluetako Santa Ana, Bizkaiko Burdinbide Nagusiko memoria (1872), Bilboko Portuko Obren Batzarreko araudia edota Bilboko Zabalgunearen Proiektuko memoria (1878).
Horregatik guztiagatik, laster erdietsi zituen prestigioa eta esker ona. Hainbat goreslek bere memoria goraipatu dute «orduko Bilboko bizitza politiko eta kultural ororen ardatz» zela esanez, hiriko kultura egitasmo nagusiekin lotura izan zuelako: Bilbaina Elkartea, Bizkaiko Probintzia Institutua, Zientzia eta Literatura Ateneoa, Musika elkartea, etab. (Urquijo y Olano, Biografía universal de claros varones de Vizcayaren hitzaurrean).
Laudoriook merezitakoak diren ala ez alde batera utzita, egia da harreman estua izan zuela artearen, politikaren eta kulturaren munduko garai hartako pertsona esanguratsuekin, hala nola, Mariano Benlliure, Antoine d’Abbadie, Lucien Bonaparte, Aita Jose Antonio Uriarte, Valdespinako Markesa, Antonio Trueba, Louis Lhande, Alcala Galiano, etab.
Obrak
Historia de los dos últimos sitios de Bilbao, Bilbo: Nicolás Delmas jaunaren moldiztegia, 1837.
El viaje pintoresco por las Provincias Vascongadas, Bilbo: Nicolás Delmas jaunaren moldiztegia, 1846. Bilbo: 1984. Bilbao: S. Callejaren liburuko faksimilea, 2011.
«Gentil-zubi. Tradición vizcaína», Semanario Pintoresco Español, 47 (1849ko azaroak 23), 374-375. orr.
Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya, Bilbo: Juan E. Delma- sen moldiztegi eta litografia, 1864. Bilbo: J. Mª. de Areilzaren edizioa, 1944. Bilbo:
A. Rodríguez Herreroren edizioa, 1965. Bilbo: Gran Enciclopedia Vasca, 1980. Bilbo: 2008; Bilbo: S. Callejaren liburuko faksimilea, 2011.
Refutación a los artículos que contra la independencia del Señorío de Vizcaya ha publi- cado en el Irurak bat el señor Don Eduardo de Orodea e Ibarra, Bilbo: Juan E. Del- masen moldiztegi eta litografia, 1868.
La Guerra Civil de Urretavizcaya y el Sitio de Bilbao, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiz- tegi eta litografia, 1874.
Colección de leyendas, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiztegi eta litografia, 1880.
La iglesia de San Nicolás. Su pasado y su presente, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiztegi eta litografia, 1881.
Gastelugach, con su historia y tradiciones, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiztegi eta lito- grafia, 1888. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 2014.
El Castillo de Arteaga y la Emperatriz de los franceses, Bilbo: Juan E. Delmasen moldiz- tegi eta litografia, 1890.
Cosas de antaño. Capítulos históricos, Bilbo: Biblioteca Bascongadaren moldiztegia, 1896.
Diccionario biográfico de claros varones de Vizcaya, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J., «Lehen agerkariak eta komunikazio enpresak:
J. E. Delmas padre del periodismo bilbaíno (1820-1892)», Bidebarrieta, 16 (2005), 87-109. orr.
AMÉZAGA, E., Autores vascos. III, Bilbo: Pracor, s.f.
CALLEJA, S., El impresor Juan E. Delmas. Un suelo incendiado, Bilbo: Muelle de Uribi- tarte Editores, 2011.
CALLEJA, S., Viaje por el Bilbao de antaño, Bilbo: Muelle de Uribitarte Editores, 2011.
FERNÁNDEZ, J., «El despegue de la prensa en Bilbao, 1813-1914. Periodismo, política,
información y sociedad», Bilbo, arte eta historia. Bilbao, arte e historia, Bilbo: Biz- kaiko Foru Aldundia, 1990.
RODRÍGUEZ HERRERO, A., «Prólogo», Biografía universal de claros varones de Vizcaya,Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970, 1-18. orr.
URQUIJO Y OLANO, J. R., «Introducción», Biografía universal de claros varones de Viz- caya, Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970, I-XVI. orr.





